Arabazozo beltz
Arabazozo beltz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Sturnidae |
Generoa | Sturnus |
Espeziea | Sturnus unicolor Temminck, 1820
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 7,7 g arra: 95,4 g emea: 85,8 g |
Kumaldiaren tamaina | 3,2 |
Errute denbora | 11 egun |
Arabazozo beltza (Sturnus unicolor) sturnidae familiako hegazti paseriformea da, Iberiar penintsulan, ipar-mendebaldeko Afrikan, Sizilian, Sardinian eta Korsikan bizi dena[1].
Europa aldean nagusi den arabazozo pikartarengandik bereizten duen ezaugarri nagusia bere kolore beltza da. Neguan pinporta argiago batzuk izaten ditu baina udan desagertzen zaizkio. 21-23 zentimetrotako luzera du eta 70-100 gramotako pisua. Hanka arroxak ditu eta mokoa horixka da.
Hegazti-saldo handiak eratzen ditu eta oso zaratatsua da. Orojalea da, animalia ornogabeak eta fruituak jaten ditu.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabazozo pikartaren ia berdina. Ez da erraza haiek bereiztea. Gertutik ikusita ere, zenbaitetan zalantzak izaten dira identifikazio zuzenari buruz.
Autore batzuek ez dute espezie ezberdintzat hartzen, espeziearen arraza geografiko soiltzat baizik. Gure lurraldean, biak hedatzen, badirudi haien eremuak gainjartzen hasi direla, eta bi espezie hauen hibridazio litekeenak are gehiago zailtzen du haien identifikazioa.
Arabazozo beltzaren ugaltze-lumajea beltz distiratsua da, isla gorrixkekin eta hegal beltz mateak ditu. Moko horia eta haragi koloreko hankak. Uda amaierako muda ondoren neguko itxura hartzen dute beltz ez hain distiratsuarekin eta puntu zuri zikinez fin-fin zipriztindua, pikartarenak baino gutxiago markatuak; mokoa eta hankak ilundu egiten zaie, kolore beltzaxka hartzen dute. Gazteak ia pikartaren berdinak dira, arrexkak, apur bat ilunagoak agian.
Tamaina, itxura eta jarrerak pikartaren parekoak, bai hegaldian, bai pausatuta dagoenean eta oinez ibiltzean.[2]
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Biologia eta ohiturak ere antzekoak dira bi espezieetan. Desberdintasun bat antzeman daiteke, oso nabarmena dena, habia egiteko lekua aukeratzerakoan. Pikartak zuhaitzen barrunbeak aukeratzen ditu batez ere eta beltzak eraikinak okupatzen ditu lehenik: teilatuak, harresietako zuloak, dorreak, baserriak, kortak etab. Herri eta hirietan zehar ibiltzeko joera handiagoa ere badu. Asko ikusten da leku haietan, puntu gailen baten kokatuta, hala nola tximistorratzetan, antenetan eta tximinietan. Zalantzarik gabe, hiritarragoa da. Beharbada mediterraneoko jatorria duelako da, orokorrean Europa epelean baino zuhaitz gutxiagoko eremua, Europa epeletik heldu baitzen pikarta, eta horrek arabazozo beltza eraikinetako zuloetan ugaltzera behartuko zuen.
Nolanahi ere, joera horiek ezin dira bi arabazozoak bereizteko irizpide nahikotzat hartu. Beltza batzuetan zuhaitzetan ugaltzen delako eta, pikarta ugaria den lekuetan hiriak ere inbaditzen dituelako.
Martxoa eta ekaina bitartean ugaltzen da, kolonia txikietan. Belar, lasto eta lumazko habia, non 4-5 arrautza orbanik gabeko urdin zurbil koloreko jartzen ditun. Bi sexuek inkubatzen dituzte 12-14 egun inguruan. Eklosioaren ondoren normalean txitek, 20-22 egunetara egiten dute hegan.
Sedentarioa da, eta pikarta bezain gregarioa. Ugalketa amaitu bezain laster, talde handietan biltzen dira eta horietan, muda arte, kumeak garbi bereizten dira beren tonu arrexkagoagatik. Neguan maiz pikarta taldeekin nahasten dira.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere ugaltze-eremua Afrikako iparraldera, Marokotik Tunisiara, Iberiar penintsulara eta Europan, Korsika, Sardinia eta Sizilia uharteetara murrizten da.
Bere agerraldia Euskal Herrian berria da. Badirudi hirurogeita hamarreko hamarkadaren lehen erdi aldera iritsiko zela Arabako Errioxara. Gaur egun Araba osoa okupatzen du jada, isurialdearen mendilerroen magaleko herrietaraino (Larrea. Arana, Egino), 1985an oraindik Gipuzkoara pasatu gabe zegoen, baina bai Bizkaia mendebaldera.
Gure lurraldean ia esklusiboki hiriguneak, okupatzen ditu, txiki edo handietan edo eraikin isolatuetan. Badirudi laborantza eremu zabal eta argiak nahiago dituela haran estuak baino. Normalean eremu baxuetan ikusten bada ere, 1000 metrotik gorako altuerak ere okupatzen ditu. Entziako goi-ordokiko laborantza eremuetan ikusten da, Iturrieta baserrian, esaterako.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ BirdLife International (2004). Sturnus unicolor. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomi Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A. ISBN:, 298 or. ISBN 84-7542-639-5..
Kanpo estekak
Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |