Alokairu greba
Alokairu greba lur-jabe handien aurka erabili ohi izan den protesta metodo bat da. Alokairu greban, maizterren talde bat biltzen da eta alokairua ordaintzeari uko egiten dio lurjabeek euren eskakizunak onartzen dituzten arte. Lur-jabe intransigenteen aurkako baliabide erabilgarria izan daiteke baina kaleratzeak ekar ditzake[1].
Alokairu grebaren adibideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historian zehar, hainbat alokairu greba egin izan dira.
Glasgow, 1915: emakumeen garaipena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehen Mundu Gerra bete betean zegoela eta herriko gizon gehienak trintxeretan borrokan ari zirela baliatuta, emakumeei alokairua igotzeko mehatxua zabaldu zuten Glasgowko hainbat etxebizitzen jabeek. Biztanleria asko hasi zen Eskoziako hiriak garai hartan, gerraren ondorioz hiriko fabriketara lanera joaten ziren beharginen kopuruak gora egin baitzuen, eta etxebizitzen eskaria eskaintza baino handiagoa zen. Egoerari aurre egiteko Women's Housing Association sortu zuten. Mary Barbour, Mary Laird eta Helen Cawfurd ziren elkartearen buruak eta aitzindariak bilakatu ziren alokairuen auzian: etengabeko protestak egin zituzten etxebizitzen prezioen gorakada salatzeko, kaleratzeak gelditu zituzten, babesa eman zieten bide juridikoan zenbiltzan herritarrei, etab.
1915ko azaroan 20.000 lagun kalera irten ziren euren etxebizitzak defendatzeko aldarriarekin. Sindikatuek babesa erakutsi zieten Women´s Housing Association elkarteko kideei eta Erresuma Batuko hainbat tokitara zabaldu zen aldarrikapena. Azkenean, historian lehen aldiz, gobernua alokairu pribatuen auzian sartu zen.
Bartzelona, 1930: langile borrokaren berpiztea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Behin Primo de Riveraren erregimena iraulita, sindikatuak berriro hasi ziren antolatzen. Bartzelonan CNTk indar handia lortu zuen eta aldarrikapen nagusiak etxebizitza eskubidearen baitan kokatu zituzten: esaterako, alokairuak %40an jaistea eskatu zuten. Baita langabetuek alokairurik ez ordaintzea ere. Eskaerak onartu ezean, greba mugagabea deitzeko prest zeuden. El Saltok argitaratutakoaren arabera, 1930ko uztailean 45.000 lagunek utzi zioten alokairua ordaintzeari; abuztuan 100.000 izatea lortu zuten. Poliziaren errepresioa handia izan zen eta atxilotuak nonnahi izan ziren. Lege aldetik ez zituzten eskubide asko lortu baina denbora gutxian oihartzun handia izan zuten. Hala ere, kasu askotan etxeen jabeek errentariarekin negoziatu behar izan zituzten etxebizitzaren baldintzak eta familia askok etxea berreskuratu zuten.
Sussexeko unibertsitatea, 1970: ikasleek planto egin zutenekoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sussexeko unibertsitatea Brightonen dago, Ingalaterran. 1971ko lehen lauhilekoan ikasleak antolatu egin ziren unibertsitateko etxebizitzen baldintza makurrak salatzeko. Erabaki batzordeetan egongo zen ikasle ordezkaritza eskatu zioten Unibertsitateari; baita kuotak jaistea ere. Alokairuen arazoak herrialde osoko herritarrei eragiten ziela argudiatuta, langileei ere protestetara batzeko deia zabaldu zieten. Lauhileko hartan ikasleen %77k ez zuen alokairua ordaindu. Unibertsitateak amore emateko erabakigarria izan zen: alokairuen igoera %6,5etik %3,5era murriztu zuten eta protestak Erresuma Batuko 44 campusetara zabaldu ziren.
Cut the Rent, 2015: txikitik handira doan aldarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alokairuen gehiegikeriengatik eta bizi baldintza makurrengatik, University College Londoneko ikasleek Cut the Rent (Moztu Alokairua) kanpaina jarri zuten martxan. 150 ikasle jarri ziren greban. Zazpi hilabete beranduago, informazioa jendeari zabaltzen joan ahala, 1.000 ikasle izatera iritsi zirela kalkulatzen da. Manifestazio ugari egin ziren campusean zehar eta aldarrikapenek indarra hartu zuten. 2016ko ekainean erresidentzietako arduradunekin lehen bilerak egin zituzten: 850.000 libera ostatu hartzeko laguntzetara bideratzea lortu zuten. Hau da, behar gehien zuten ikasleei zuzendutako bekak bermatu zituzten. Urtebete geroago, beste greba bat egin zuten eta lehen aipatutako laguntza 1,2 milioi libratakoa izatea adostu zuten. 2018]an mugimenduak martxan jarraitzen zuen eta Erresuma Batuko campus askotara zabaldu zen.
Parkdale, 2017: auzoa auzokideena da
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Parkdale Torontoko langile auzo bat da, Kanadan. Alokairuko etxebizitzen kopurua handia da eta horietatik gehienak enpresa baten esku daude. 2014an bizilagunak antolatzen hasi ziren eta orduan, jada, garaipen txiki-handiak lortu zituzten: espazio komun gehiago izatea eta auzoan umeentzako txokoak eraikitzea, besteak beste.
2017an berriro ekin zieten protestei: etxebizitzen mantenu kaxkarra eta alokairuen gorakada zirela medio, manifestazio jendetsu bat antolatu zuten. Oro har, 300 bizilagun batu ziren greba protestara. Ekintza nabarmen bat bada borroka honetan: epaitegia itxi zuten, alokairuen igoera onartuko lukeen neurria bertan behera utziz. Garaipen garrantzitsua izan zen. Etxeen enpresaburuak aldarrikapenak entzun zituen eta azkenean, mantentzen lanak egingo zituztela hitz eman zien errentariei. Alokairuak ere bere horretan uzteko akordioa adostu zuten.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Osa Galdona, Miren. (2018ko otsailaren 13a). «Alokairu grebak: etxebizitzen gehiegizko prezioei aurre egin dieten bost adibide» Argia CC-BY-SA lizentzia.