Edukira joan

Giuseppe Verdi

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
InternetArchiveBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:44, 20 abendua 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)

Giuseppe Verdi

Italiako Erresumako senataria

1874ko azaroaren 15a - 1876ko urriaren 3a
Hautetsia: 12th Legislature of the Kingdom of Italy (en) Itzuli
Italiako Erresumako diputatua

1861eko otsailaren 3a - 1865eko irailaren 7a
Hautetsia: 8th Legislature of the Kingdom of Italy (en) Itzuli
Bizitza
JaiotzaLe Roncole (en) Itzuli eta Italia1813ko urriaren 10a
Herrialdea Parmako Dukerria
 Italiako Erresuma  (1861eko martxoaren 17a -  1901eko urtarrilaren 27a)
HeriotzaMilan1901eko urtarrilaren 27a (87 urte)
Hobiratze lekuaCasa di Riposo per Musicisti (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: istripu zerebrobaskularra
Familia
Ezkontidea(k)Margherita Barezzi  (1836ko maiatzaren 4a -  1840ko ekainaren 19a)
Giuseppina Strepponi  (1859ko abuztuaren 29a -  1897ko azaroaren 14a)
Hezkuntza
Hizkuntzakitaliera
Irakaslea(k)Vincenzo Lavigna
Ferdinando Provesi
Jarduerak
Jarduerakmusikagilea, orkestra zuzendaria, idazlea eta politikaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
KidetzaRoyal Swedish Academy of Music (en) Itzuli
Arte Ederren Akademia (Frantzia)
Mugimenduaerromantizismoa
Genero artistikoamusika klasikoa
opera
Musika instrumentuapianoa
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaerromatar katolikoa
Alderdi politikoaEskuma Historikoa

verdi.san.beniculturali.it eta giuseppeverdi.it
IMDB: nm0006333 Allocine: 36965 Allmovie: p115320 IBDB: 11207
Spotify: 1JOQXgYdQV2yfrhewqx96o iTunes: 693604 Last fm: Giuseppe+Verdi Musicbrainz: f1bedf1f-4445-4651-9c35-f4a3f3860a13 Songkick: 97970 Discogs: 192327 IMSLP: Category:Verdi,_Giuseppe Allmusic: mn0000252723 Find a Grave: 41632406 Edit the value on Wikidata

Giuseppe Fortunino Francesco Verdi (Le Roncole, Parma, Frantziako Lehen Inperioa, gaur egun Italia, 1813ko urriaren 10aMilan, Italiako Erresuma, 1901eko urtarrilaren 27a) musikagile erromantikoa izan zen, Erromantizismoaren garaikoa. Opera landu zuen, batik bat, garai guztietako garrantzitsuenetako bat. Haren obrak Rossini, Bellini eta Donizettiren «Bel canto», eta «Verismo» korrontearen eta Pucciniren arteko zubi lana egiten du.

Bere lehen operetan, Italiaren batasuna bilatzen zuen Risorgimento mugimenduarekiko sinpatia erakutsi zuen. Laburki bada ere, politikari hautatu gisa ere parte hartu zuen. Bere hirugarren operaren, Nabuccoren (1842), «Va, pensiero» korua —eta antzeko koruak geroagoko operetan—, batasun-mugimenduaren izpirituan oso sartuta zeuden, eta konpositorea bera ideal horien ordezkaritzat hartu izan zen. Hala ere, Verdi, oso pertsona isila, ez zen herri mugimenduekin adiskidetzen saiatu, eta, arrakasta profesionala hartzen zuen heinean, bere opera-lanaren zama arindu, eta bere jaioterrian lur-jabe gisa ezartzen saiatu zen. Musika mundua harritu zuen Aida operarekin (1871) izan zuen arrakastaren ondoren, hiru maisu-lan berantiarrekin itzultzean: Requiem (1874) eta Otelo (1887) eta Falstaff (1893) operak.

Lan ugariren egilea izan zen, haien artean: Aida, Rigoletto, Il trovatore edo La traviata gisako opera ospetsuak. Horrezaz gain, Macbeth eta Otelo, William Shakespearek idatzitako lanak, musikatu zituen.

Politikoki, Risorgimento, Italiaren batasunaren eta askatasunaren alde jardun zuen higikundearen pertsona enblematikoa izan zen. Ezaguna da «Viva VERDI» goiburua, Vittorio Emanuele Re D'Italia erregearen alde egiteko erabiltzen zutena.

Sant'Agata, Verdiren etxea
VERDI akronimoa erabiltzen zuten, Italiaren batasunaren alde egiten zutenek («Vittorio Emmanuele Re D'Italia»
Giuseppina Strepponi, Verdiren emaztea
Verdiren hiletak, 1901ean

Haurtzaroa eta heziketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giuseppe Fortunino Francesco Verdi Le Roncolen jaio zen 1813an. Aita Carlo Verdi zen; ama, berriz, Luigia Uttini, eta Parmako Dukerrian bizi ziren.

Bussetotik gertuko herria (Parmako dukerria, Italia)[Oh 1].​ Carlo Giuseppe Verdi (1785-1867) eta Luigia Uttiniren (1787-1851) lehen semea izan zen. 1813ko urriaren 11ko bataio erregistroak Carlo eta Luigia, «ostalari» eta «irule» gisa aipatzen ditu haren gurasoak, hurrenez hurren. Gainera, Verdi «atzo jaioa» gisa aipatzen du, baina, sarri, egunak ilunabarrean hasten zirela uste izaten zenez, urriaren 9a edo 10a izan zitekeen[1].​ Bere amak bezala, Verdik urriaren 9an ospatu zuen beti bere urtebetetzea, bere jaioteguna zena, bere ustez[2].

Ahizpa gazteago bat zuen, Giuseppa, 1833an 17 urterekin hil zena[2].​ Haurtzaroan bere lagunik onena izan zela diote[3]. Lau urte zituenetik, latin eta italierazko eskola pribatuak jaso zituen herriko eskola-maisuarekin, Baistrocchirekin, eta seietan herriko eskolara joan zen. Organoa jotzen ikasi ondoren, hain zen handia musikarekiko erakutsitako interesa, ezen gurasoek espineta bat eman baitzioten azkenean[4].​ Musikarako zuen dohaina dagoeneko nabarmena zen 1820-1821ean, herriko elizarekin elkartzen hasi zenean, koruan zerbitzatuz; meza laguntzaile gisa aritu zen aldi batez, eta organo-lezioak jaso zituen. Baistrocchiren heriotzaren ondoren, Verdi, zortzi urterekin, organista ofizial bihurtu zen, ordainsaridun gisa[5].

Verdiren gurasoak, Roger Parker musikaren historialariak adierazi duenez: «lur-jabe txikien eta merkatarien familietakoak ziren; izan ere, ez ziren nekazari analfabetoak, Verdiri, geroago, bere burua aurkeztea gustatu zitzaion gisa, sortua... Carlo Verdi gogorra zen semearen heziketan... Verdik gero ezkutatzen saiatu zen zerbait... Gazte goiztiartasun batetik sortzen da irudia, anbizio handiko aita batek sutsuki elikatua eta hezkuntza formal iraunkor, sofistikatu eta landuaz»[6].

Antonio Barezzi, mezenas eta Giuseppe Verdiren aitaginarreba

1823an, hamar urte zituela, gurasoek haurra Bussetoko eskolara joatea erabaki zuten, eta Ginnasio batean (haurrentzako goi-mailako eskola) inskribatu zuten, Pietro Selettik zuzendua, bitartean, Le Roncolen zeukaten ostatua zuzentzen jarraitu zuten. Verdi Le Roncolera itzuli zen igandeetan organoa jotzera, oinez kilometro batzuk eginez[7].​ Hamaika urterekin, italiera, latina, humanitateak eta erretorika ikasi zituen. Hamabi urte zituela, eskolak hasi zituen Ferdinando Provesirekin, Bussetoko San Bartolomeo Apostolo Kolegiatako kapera-maisua, udal musika eskolako zuzendaria eta Tokiko Società Filarmonicako zuzendarikidearekin. Geroago, Verdik esan zuen: «hamahiru urtetik hemezortzira, era askotako piezak idatzi nituen: bandarentzako martxak ehunka; agian, elizan, antzokian eta kontzertuetan erabiltzen ziren sinfonia txiki asko; bospasei kontzertu eta pianorako bariazio-multzoak nik neuk jo nituenak kontzertuetan, serenata asko, kantatak (ariak, duetoak, hirukote asko) eta elizako hainbat musika pieza, zeinetatik Stabat Mater[1] bat besterik ez dudan gogoan».​ Informazio hori Verdik, Giulio Ricordi editoreari bere bizitzaren amaieran, 1879an, diktatu zion autobiografiatik dator, eta bere bizitzako eta karrerako lehen urteen iturri nagusia izaten jarraitzen du[8].​ Ez da beti fidagarria, batez ere, haurtzaroko gaiak baino polemikoagoak direnean[9][10].

Società Filarmonicako beste zuzendaria Antonio Barezzi zen, merkatari eta destilatzailea, garaikide batek musikaren «diletante kitzikatu» gisa deskribatu zuena. Verdi gaztea ez zen berehala sartu Filarmonikoan. 1827ko ekainerako, «Ginnasio»n ohorez graduatu zen, eta Provesiren musikan bakarrik kontzentratu ahal izan zuen. Kasualitatez, hamahiru urte zituela, musikari bat ordezkatzeko eskatu zitzaion, bere jaioterrian egin zuen lehen ekitaldi publikoan. Berehalako arrakasta izan zen, batez ere, askoren sorpresarako, bere musika jo zuelako, eta ospe handia lortu zuen herrian[11].

1829-1830erako, Filarmonikaren buru bihurtu zen: «gutako inork ezin zuen harekin lehiatu», erakundeko idazkariak, Giuseppe Demaldèk adierazi zuenez. Hamabost urte zituela, zortzi mugimenduko kantata bat idatzi zuen, I deliri di Saul, Vittorio Alfieriren drama batean oinarrituta, eta Bergamon aritu zen. Demaldèk eta Barezzik txalotu, eta adierazi zuten: «Irudimen bizia, ikuspegi filosofikoa eta irizmen ona erakusten du musika-tresnen aldeen jarreran»[12].​ 1829aren amaieran, ikasketak bukatu zituen Provesirekin, zeinak ez zuela gehiago erakustekorik adierazi zuen[13].​ Une horretan, Verdi Barezziren alabari, Margheritari, kantu eta piano eskolak ematen ibilia zen, eta, 1831n, estraofizialki konprometituta zeuden[1].

Milanen finkatu zen, Italiako iparraldeko hiriburu kulturala, non kontserbatorioan ikasteko eskaera egin zuen arrakastarik gabe[1].​ Barezzik Vincenzo Lavignaren ikasle pribatu bilakatzeko akordioa lortu zuen, maisu kontzertista izana La Scalan eta Verdiren konposizioak «oso esperantzagarri» gisa deskribatu zituena[14].​ Lavignak La Scalara harpidetzera bultzatu zuen, non Maria Malibran entzun zuen Gioachino Rossini eta Vincenzo Belliniren operetan[15].​ Verdi harremanetan sartu zen Milango musikaren munduan, eta horrek leku bat egiten lagundu zion. Harreman horien artean, Lavignak talde koral afizionatu baterako sarrera eman zion, Società Filarmonica, Pietro Massinik zuzendua[16].​ 1834an, maiz joaten zen Società-ra eta laster aurkitu zuen lana entsegu zuzendari —Rossiniren La Cenerentola, ossia la bonta in triunfo (Errauskine) obrarako— eta baxu jarraituko interprete gisa. Massinik bere lehen opera idaztera bultzatu zuen, hasieran, Rocester izenburupean, Antonio Piazza kazetariaren libretoarekin[1].

Margherita Barezzi, Verdiren lehen emaztea

1834ko erdialdera, Verdik Provesiren antzinako postua lortu nahi izan zuen Busseton, baina arrakastarik gabe. Barezziren laguntzarekin, maestro di musica postu sekularra lortu zuen. Irakatsi, irakaspenak eman eta Filarmonika zuzendu zuen hainbat hilabetez, 1835. urtearen hasieran Milanera itzuli aurretik[6].​ Hurrengo uztailerako, ziurtagiria lortu zuen Lavignan[17].​ Azkenik, 1835ean, Bussetoko eskolako zuzendari bihurtu zen hiru urteko kontratuarekin. 1836ko maiatzean ezkondu zen Margheritarekin, eta 1837ko martxoaren 26an bere lehen alaba jaio zen, Virginia Maria Luigia, eta, ondoren, Icilio Romano, 1838ko uztailaren 11n. Biak gazterik hil ziren: Virginia 1838ko abuztuaren 12an eta Icilio 1839ko urriaren 22an[1].

1837an, konpositore gazteak laguntza eskatu zion Massiniri bere opera Milanen antolatzeko[18].​ La Scalako enpresa-gizona, Bartolomeo Merelli, adostu zuen Oberto antzeztea —opera berreginaren izen berria, Temistocle Solera-k berridatzitako liburuxkarekin[19]—​ 1839ko azaroan. Beste hamahiru emanaldi lortu zituen. Ondoren, Merellik beste hiru lanentzako kontratua eskaini zion[20].

Verdi bere bigarren operan lanean ari zen bitartean, Un giorno di regno, Margherita entzefalitis batek jota hil zen, hogeita sei urte zituela. Verdik emaztea eta seme-alabak biziki maite zituen, eta haien heriotzek lur jota utzi zuten. Un giorno di regno komedia hilabete batzuk geroago estreinatu zen. Porrota izan zen, eta emanaldi bakarra egin zen[20].​ Porrotaren ondoren, Verdik ez zuela berriz inoiz konposatuko agindu zuela diote[10],​ baina bere autobiografian kontatzen du nola Merellik konbentzitu zuen opera berri bat idatz zezan.

Verdik esan zuen pixkanaka Nabucco obraren musika lantzen hasi zela (zeinaren libretoa, aurretik, Carl Otto Nicolai[21] musikagileak errefusatua zuen):​ «bertso hau gaur, bihar hori, nota bat hemen, hor esaldi oso bat eta apurka-apurka opera idatzi zen» gogoratuko zuen geroago[22].​ 1841eko udazkenerako amaitua zuen, hasieran Nabukodonosor izenburupean. Ondo hartua izan zen 1842ko martxoaren 9an estreinatu zenean, eta Verdiren arrakasta eutsi zuen antzokitik erretiratu zen arte, hogeita bederatzi opera beranduago —bertsio berrikusi eta eguneratu batzuk barne—[10].​ 1842ko udazkeneko denboraldirako La Scalara itzultzean, 57 emanaldi jaso zituen guztira, aurrekaririk gabekoa eta gero berdindu gabea. Hiru urtean iritsi zen: Vienara, Lisboara, Bartzelonara, Berlinera, Parisera eta Hanburgora, besteak beste. 1848an, New Yorken entzun zen eta, 1850ean, Buenos Airesen. Porterrek dio: «antzeko zifrak eman daitezke... Verdiren beste opera arrakastatsu guztiak zein zabal eta azkar hedatu ziren erakusteko»[23].

«Espetxe» edo erretiro urteak (1842-1849)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alzira, La battaglia di Legnano eta Luisa Miller operen libretoak Salvatore Cammaranok idatzi zituen

Verdirentzat, lan gogorreko aldia, hurrengo hamasei urteak izan ziren, hogei opera sortuz —berrikuspenak eta itzulpenak kontuan izan gabe—, eta Un ballo in maschera operarekin amaitu zen. Konpositore gaztearentzat, garaia frustrazioaz eta eragozpenez betea izan zen, eta maiz hartu zuen etsipenak. 1845eko apirilean, I due Foscari obra dela eta, idatzi zuen: «zoriontsu nago, ez dio axola zer harrera dudan, eta ez naiz ezertaz arduratzen. Ezin dut itxaron hurrengo hiru urteak igaro arte. Sei opera idatzi behar ditut, gero "addio" denari»[24].​ 1858an, kexatu zen: «Nabucco idatziz geroztik, esan daiteke sekula ez dudala bake ordu bat bera ere izan. Hamasei urte "espetxean"»[25].

1842an, Nabucco operarekin lehen arrakasta lortu zuen, eta Italiako musikagile gazte nagusienetakoa bihurtu zen. Opera estreinatu zuenean, Garibaldi, Viktor Emanuel II.a Savoiakoa eta haien jarraitzaileak Italia batzeko ahaleginetan ari ziren, eta Verdik, nahi gabe, austriarren aurkako borroka horri, soinu banda jarri zion Nabuccori esker; Va, pensiero, sull'ali dorate italiar Risorgimentoaren ereserkia bilakatu zen. Kaleak «Viva Verdi!» oihuz eta pintaketaz bete ziren, baina leloak ez zuen soilik konpositorearekiko zaletasuna adierazten, austriarren zentsura saihesteko akronimoa ere baitzen. Benetan, «Viva Vittorio Emanuelle Re d'Italia» esan nahi zuen[26]. Italia austriarren mendetik askatzeko higikundearen alde agertu zenez gero, Verdiren libretoei zentsura ezarri zitzaien zenbaitetan.

Londresen eta Parisen bizi ondoren, 1849an, Bussetora itzuli, eta han bizi izan zen bere bigarren emazte Giuseppina Strepponi kantariarekin. 1860an, politikan parte hartu zuen, eta Italiako lehen legebiltzarreko diputatu izan zen. Garai hartan, Verdi izan zen Europako operetan gehien antzezten zen egilea. Verdik garrantzia eman zion ahotsari, baita libretoari ere. Operak sortzen zituen arazoak konpontzen eta dramaren eta musikaren arteko batasuna lortzen ahalegindu zen. 26 bat opera idatzi zituen, eta baita eliza musika, kamera musika eta kantuak ere.

Trilogia herrikoia (1849-1853)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Francesco Maria Piave Verdiren libretoegile izan zen Rigoletto eta La traviatan

Verdi Giovanni Ricordi editoreari hitz eman zion Triesterako opera batean, Stiffelion bihurtu zena 1850eko udaberrian. Geroago, Veneziako Fenice-rekin izandako harremanak direla eta, Piavek libreto bat idatzi zuen Victor Hugoren Le roi s'amuse (Erregea dibertitzen da) obra oinarri hartuta, eta konpositoreak, musika, Rigolettorentzat idatzi zuen, 1851ko martxoan. Trilogia herrikoia deituriko hiru operetako lehenengoa izan zen —gero, Il Trovatore eta La traviata etorriko ziren—, operako maisutzat zuen ospea sendotuko zutenak[27].

Stiffelioren porrota —garaiko zentsoreei ere egozteko modukoa, elizgizon baten emaztearen ustezko adulterioaren gai tabuagatik mindu eta testuarekin eta pertsonaiekin jardun baitzuten— Verdi bultzatu zuen hura berriro lantzen saiatzera, nahiz Aroldoren (1857) bertsio erabat birziklatuak ere ez zion laketu[28].​ Rigoletto, erregetzaren ustezko hilketarekin eta haren ezaugarri likitsekin, zentsorek mindu ere zuen. Verdik ez zuen amore emango:

« Zer axola dio poliziari? Kezkatuta al daude sortuko duen efektuarekin?...Nik baino hobeto dakitela uste al dute?... Ikusten dut, heroia ez dela jada itsusi eta konkorduna! Zergatik? Konkordun bat kantari... Zergatik ez? Uste dut bikaina dela pertsonaia hori kanpotik itxuragabetua eta barregarria dela erakustea, baina barrutik grinatsu eta maitasunez betea. Nolakotasun horiexengatik aukeratu nuen gaia... ezabatuz gero, ezin dut musikan jarri[29]. »


Erregearen ordez duke bat jarri zuen, eta erantzun publikoak eta Italia eta Europa osoan operak izan zuen arrakastak erabat ospatu zuten konpositorea[30].​ Jakinik La donna è mobile dukearen kantuaren doinua arrakasta herrikoi bilakatuko zela, Verdik kendu egin zuen operarako orkestra entseguetatik, eta tenorearekin entseatu zuen, bereizirik[31][Oh 2].​

Finkatzea eta politika (1853-1860)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Verdi eta Napoliko zentsorea Un ballo in maschera prestatzen ari zela, Melchiorre Delficoren karikatura

La traviata konposatu arte igaro ziren hamaika urteetan, Verdik hamasei opera idatzi zituen. Hurrengo hemezortzi urteetan —Aidaraino—, eszena-tokirako sei lan berri baino ez zituen idatzi[32].​ Pozik zegoen Sant'Agatara itzuli zelako eta 1856ko otsailean, «Musika erabat uzten zuela, pixka bat irakurri, eta nekazaritzaz eta zaldiez beste pixka bat arduratu, hori da dena esan zuen». Pare bat hilabete geroago, Ildo beretik idatzi zion Maffei kondesari: «Ez naiz ezer egiten ari; ez dut irakurtzen; ez dut idazten; zelaietan barrena nabil goizetik arratsera neure onera etorri nahian, orain arte arrakastarik gabe Siziliako bezperek urdail-arazoak eragin zizkidatelako. Opera madarikatuak!»[33].​ Strepponik, 1858an, Léon Escudier editoreari idatzitako gutun batean, konpositorea gero eta gehiago erakartzen zuen bizimodua deskribatzen du: «Herrialdearekiko maitasuna mania, eromena, amorrua eta haserrea bihurtu zaio. Gustatzen zaion edozer gauza gehiegizkoa da. Ia egunsentian jaikitzen da, garia, artoa, mahatsondoak, eta abar aztertzeko. Zorionez, bizimodu horrekiko ditugun gustuak bat datoz, eguzkiaren irteerari dagokionez izan ezik, jantzi eta ikustea gustatzen baitzaio, niri, berriz, neure ohetik»[34].

Hala ere, maiatzaren 15ean, Verdik hurrengo udaberrirako opera baterako kontratua sinatu zuen La Fenicerekin. Simon Boccanegra izango zen. Bikotea Parisen geratu zen 1857ko urtarrilera arte, proposamen horiei eta Il trovatore-ren itzulitako bertsioa «grand opéra» gisa aurkezteko eskaintzari heltzeko. Verdi eta Strepponi Veneziara joan ziren martxoan Simon Boccanegraren estreinaldirako, baina «ustel» bat izan zen —Verdik esan zuenez, nahiz bigarren eta hirugarren gauetan, harrera nabarmen hobetu zen—[35].

La forza del destinotik Otelora (1860-1887)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Giuseppe Verdi Errusian, 1861-1862

Un ballo in maschera taularatu ondorengo hilabeteetan, hainbat opera-konpainia hurbildu zitzaizkion lan berri baten bila edo lehendik zegoen bat aurkezteko eskaintzak eginez, baina denak errefusatu zituen[36].​ Hala ere, 1860ko abenduan San Petersburgoko Antzoki Inperialak 60.000 liberako gehi gastu guztiak eskaintza egin zuenean, pizgarri handia izan zen, zalantzarik gabe. Verdiri bururatu zitzaion 1835eko Rivaseko dukearen Don Alvaro o la fuerza del sino obra espainiarra moldatzeko ideia, eta berak La forza del destino bihurtu zuen, Piaveren libretoarekin. Verditarrak, estreinaldirako, 1861eko abenduan iritsi ziren San Petersburgora, baina, aktoreen zerrendaren arazoengatik, atzeratu egin behar izan zen[37].

Errusiatik itzultzean, Parisetik igarota, 1862ko otsailaren 24an, Verdik Italiako bi idazle gazterekin egin zuen topo: Arrigo Boito eta Franco Faccio, hogei urtekoak. 1862ko Londresko Erakusketa Unibertsalerako[38], musika-pieza bat idaztera gonbidatu zuten konpositorea, eta Boitori testu bat idazteko eskatu zion. Nazioen ereserki bihurtu zen testu hori, eta Italiako, Frantziako eta Erresuma Batuko ereserkien doinuak biltzen ditu. Boito, Giacomo Meyerbeer-en «grand opéra»ren aldeko eta berezko opera-egile gisa, geroago, 1860ko hamarkadan, kritiko izan zen Verdiren mendekotasunean, formulan forman baino gehiago, eta horrek konpositorearen haserrea piztu zuen. Hala ere, konpositorearen gertuko kolaboratzaile bihurtu zen bere azken operetan[39].​ La forza del destino 1862ko irailean estreinatu zen San Petersburgon, eta Verdik San Estanislaoren Ordena jaso zuen[40].

Eliza musika eta opera ez dena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Requiem (1873-1874)
  • Stabat Mater (1895-1897)
  • Te Deum (1895-1897)
  • Messa per Rossini (1869) (1988an estreinatua Stuttgarten) (beste konpositore batzuekin konposatua)
  • Inno delle Nazioni (Nazioen ereserkia) (1862)
  • Quattro Pezzi Sacri (lehenengo entzunaldia 1898ko apirilaren 7an)
  • Mi Menorreko Soken Kuartetoa (1873)
  • Te Deum koroarentzat eta orkestrarentzat
  • Suoni la tromba (1848), Giuseppe Mameliren aberriaren himnoa letrarekin
  • Ave Maria (1880)

Abestiak:

  • Sei Romanze (1838)
    • Non t'accostar all'urna (Jacopo Vittorelli)
    • More, Elisa, lo stanco poeta (Tommaso Bianchi)
    • In solitaria stanza (Jacopo Vittorelli)
    • Nell'orror di note oscura (Carlo Angiolini)
    • Perduta ho la pace
    • Deh, pietoso, o addolorata (Luigi Balestra)
  • L'esule (1839) (Temistocle Solera)
  • La seduzione (1839) (Luigi Balestra)
  • Guarda che bianca luna: notturno (1839) (Jacopo Vittorelli)
  • Album di Sei Romanze (1845)
    • Il tramonto (Andrea Maffei)
    • La zingara (S. Manfredo Maggioni)
    • Ad una stella (Maffei)
    • Lo Spazzacamino (Felice Romani)
    • Il Mistero (Felice Romani)
    • Brindisi (Maffei)
  • Il poveretto (1847) (Maggioni)
  • L'Abandonée (1849) (Escudier)
  • Stornello (1869) (anonimoa)
  • Pietà Signor (1894) (Verdi eta Boito)

Obra galduak Verdik Bussetoko orkestrazale batentzat hainbat obra idatzi zuen, baina ez dira gorde, Verdik berak hautsi baitzituen, hain zuzen ere.

1982ko urriaren 27an, asteroide bat aurkitu eta 3975 Verdi izena jarri zioten.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f Parker n.d., §2.
  2. a b Rosselli 2000, 12 orr. .
  3. Phillips-Matz 2004, 4 orr. .
  4. Rosselli 2000, 14 orr. .
  5. Phillips-Matz 1993, 17-21 orr. .
  6. a b Parker 1998, 933 orr. .
  7. Phillips-Matz 1993, 20-21 orr. .
  8. Kimbell 1981, 92 orr. .
  9. Parker 2007, 2-3 orr. .
  10. a b c Parker n.d., §3.
  11. Phillips-Matz 1993, 27-30 orr. .
  12. Phillips-Matz 1993, 32 orr. .
  13. Phillips-Matz 1993, 35 orr. .
  14. Phillips-Matz 1993, 46 orr. .
  15. Parker 2007, 1 orr. .
  16. Werfel & Stefan 1973, 80-93 orr. .
  17. Phillips-Matz 1993, 67 orr. .
  18. Phillips-Matz 1993, 79-80 orr. .
  19. Kimbell 1981, 92, 96 orr. .
  20. a b Budden 1993, 71 orr. .
  21. Budden 1993, 16 orr. .
  22. Werfel & Stefan 1973, 87-92 orr. .
  23. Porter 1980, 638-639 orr. .
  24. Phillips-Matz 1993, 181 orr. .
  25. Phillips-Matz 1993, 379 orr. .
  26. Nagore IRAZUSTABARRENA: Viva V.E.R.D.I. Argia.com. Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported (CC BY-SA 3.0) lizentziaz argitaratua
  27. Newark 2004, 198 orr. .
  28. Rosselli 2000, 90-91 orr. .
  29. Rosselli 2000, 92-93 orr. .
  30. Rosselli 2000, 101 orr. .
  31. Taruskin 2010, 585 orr. .
  32. Parker n.d., §5.
  33. Walker 1962, 218 orr. .
  34. Walker 1962, 219 orr. .
  35. Phillips-Matz 1993, 355 orr. .
  36. Phillips-Matz 1993, 439-446 orr. .
  37. Rosselli 2000, 124 orr. .
  38. Phillips-Matz 1993, 446-449 orr. .
  39. Parker 2007, 3-4 orr. .
  40. Budden 1993, 88 orr. .
  1. Une horretan, Parmako dukerria Frantziako Lehen Inperiokoa zen, 1808an anexionatu ondoren.
  2. Taruskinek dio: «haren balizko arrakasta ia “handiegia” izan zen, Askok operari edo Verdiri ere egozten diote abestiaren alaitasun hutsala, konturatu gabe haren lotsagabekeria ironia lamina kalkulatua zela».Taruskin, 2010, or. 586


Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Giuseppe Verdi Aldatu lotura Wikidatan