Rodrigo Rato
Rodrigo Rato Figaredo (Madril, 1949 -) espainiar politikaria eta legelaria da. Zuzenbide-ikasketak egin zituen Madrilen (1971), eta enpresa-administraziokoak Berkeleyko Unibertsitatean. Espainiara itzuli zen, eta zenbait enpresa pribatutan aritu ondoren, Alianza Popular alderdian sartu zen. 1980an alderdiko Zuzendaritza batzordeko kide hautatu zuten, eta urtebete geroago, Ekonomia eta Merkataritza batzordeko idazkari. 1982-1986 bitartean, legebiltzarkidea izan zen, eta alderdiko legebiltzarkideen idazkari nagusi. 1989ko urtarrilean, alderdiaren IX. kongresuan alderdiak Partido Popular (PP) izena hartu zuen. Rato idazkari nagusiaren laguntzaile izendatu zuten, Zuzendaritza-batzordearen barruan. 1989an idazkari nagusiaren laguntzaile kargua utzi zuen, Legebiltzarreko koordinazio-lanetan, Diputazio Iraunkorrean eta Araudi-batzordean aritzeko. 1990etik aurrera alderdiko burua Aznarren laguntzaile estuenetako bat izan zen. Ekonomia-gaietan aditua den aldetik, Legebiltzarreko ekonomia-eztabaiden ardura hartu zuen, alderdiaren izenean. 1993an legebiltzarkide hautatu zuten berriro, Madrilen. 1996an, alderdiaren XII. kongresuan, alderdiko Zuzendaritza-batzordeko lehendakariorde izendatu zuten. PPk hauteskunde orokorrak irabazi zituenean, gobernu berriko bigarren lehendakariorde izendatu zuten, eta Ekonomia- eta Finantza-ministro. Ministro gisa, inoiz egindako enpresa publikoen salmenta handiena egin zuen: Argentaria, Tabacalera, Telefónica, Endesa, Repsol, etab.
2003. urtean, bere izena José María Aznarren ondorengoa izateko kontuan hartua izan zen, baina Aznarrek Mariano Rajoy hautatu zuen. Rajoyk gobernua utzi zuenean hauteskundeak prestatzeko, Rato Gobernuko Lehen Lehendakariorde izateko aukeratua izan zen. Urte horretan bertan, Ekonomia politikoan doktoratu zen.
2004ko hauteskundeetan diputatu-kargua lortu zuen, baina gerora, kargu honi uko egin zion Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria izateko. 2008an nazioarteko kontseilari gisa hasi zen Banco Santanderren, eta gaur egun, Caja Madrideko (2010eko urtarriletik) eta Bankiako (2011ko urtarriletik) lehendakaria da.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rodrigo Rato |
- Biografia (Gaztelaniaz)