Gizartea -
Astungo istripua
Canal Royako teleaulkia salbu, zabalik da atzera Astun, Guardia Zibila istripuaren arrazoiak ikertzen ari dela
Larrien zauritutako bi neskak zainketa intentsiboetan daude oraindik. Dagoeneko hainbat ikerketa abian dira Canal Royako erremonte horretan zerk huts egin zuen argitzeko. Eski-estazioak ziurtatu duenez, instalazioak indarrean zituen baimenak, eta azterketa guztiak eginda.
Agentziak | EITB Media
Astungo eski-estazioak ateak ireki ditu berriro igande honetan, larunbatean Canal Roya teleaulkian istripua izan ondoren. Istripu horretan, hamar pertsona zauritu ziren; larrienak, Aragoiko 18 urteko bi neska, helikopteroz eraman zituzten Zaragozara. Biharamunean, eski-estazioa normaltasunez ari da lanean, istripua izan zuen teleaulkia izan ezik, itxita baitago. Guardia Zibila istripuaren arrazoiak ikertzen ari da dagoeneko.
Larrien zauritutako bi pertsonei dagokienez, horietako bat zainketa intentsiboetan dago Miguel Servet ospitalean, pronostiko erreserbatuarekin, eta bestea behaketan dago Ospitale Klinikoko zainketa intentsiboen unitatean.
Gainera, arriskutik kanpo dagoen adin txikiko neskato bat Zaragozako Haur Ospitalean dago, eta Madrilgo 67 urteko emakume bat, behaketan, Huescako San Jorge Ospitalean.
Astungo eski-estazioak bere webgunean argitaratutako ohar baten bidez jakinarazi zuenez, istripua 11:30 aldera gertatu zen Canal Roya teleaulkian, oraindik argitzeke dauden arrazoiengatik.
Antza denez, teleaulkiaren kableak tentsioa galdu zuen, eta, ondorioz, aulki batzuk behera erori ziren eta beste batzuk kulunkatzen hasi ziren.
Astungo estazioko zuzendaritzak ziurtatu duenez, instalazioak beharrezko baimen guztiak zituen, eta azterketa guztiak eginda. Hala berretsi zuen Jorge Azcon Aragoiko Gobernuko presidenteak berak, larunbatean bertan, Pirinioetako estazio horretan bertan.
Ikerketak martxan tokian bertan
Eski-estazioa normaltasunez ari da lanean, istripua izan duen teleaulkia izan ezik. Itxita dago, eta Jakako Guardia Zibilaren Komandantziako Polizia Judizialak ekin dio dagoeneko ikerketari, Andres Pita Astungo zuzendari komertzialak Aragoi Irratian azaldu duenez.
Horren hitzetan, aldian-aldian egiten dituzten berrikuspenez gain, instalazioak 2021ean pasatu zuen azken ezohiko azterketa. "Esan daiteke azterketa hori dela ia teleaulkia lurrera bota, desmuntatu, berriro muntatu eta kontrol guztiak instalazio berri bat balitz bezala pasatzea bezala", argitu du.
Ikerketa horren paraleloan beste batzuk ere egingo dira, hala nola Aragoiko Gobernuko Garraio Zuzendaritza Nagusiak egingo duena, bai eta eski-estazioak beren teknikariekin egingo duena, edota aseguru-konpainiako eta fabrikatzailearen perituek egingo dituztenak ere.
Astungo estazioaren komunikatuaren arabera, zaurituak erreskatatzeko eta eramateko protokoloek behar bezala funtzionatu zuten, eta erremontearen erabiltzaile guztiak bi ordu eta erdian ebakuatu zituzten.
Astungo zuzendaritzak lehenbailehen sendatzea opa die zaurituei, eta egoerari aurre egiteko lanean aritu ziren baliabide guztiei emandako laguntza eskertu die, baita erakundeen babesa ere.
Erakundeen babesaz gain, Aragoin, Gurutze Gorria, Nafarroako Foru Erkidegoa, Quiron Taldea eta Zaragozako Defentsako Ospitalean lan egiten duten osasun-garraio enpresak aritu ziren laguntzen. Horiek denek baliabideak eta azpiegiturak jarri zituzten Aragoiko Gobernuaren eskura. Halaber, larunbat honetan eski-pistetan aisialdiaz gozatzen ari ziren osasun-langileek ere laguntza eskaini zuten. Aragoiko Gobernuak laguntza keinu horiek guztiak eskertu ditu.