Ugalketa
Ugalketa prozesu biologiko bat da, non organismo batetik banako bizi berriak sortzen diren. Biziaren oinarrizko prozesua da, organismo oro ugalketaren emaitza baita[1]. Ugalketa-metodo ezagunak bi taldetan banatzen dira: sexualak eta asexualak.[2]
Ugalketa asexualean, banakoak bakarrik ugal daitezke espezie bereko beste banakorik gabe. Adibidez, bakterioak zatitu egiten dira ugalketa asexualaren bidez. Baina ugalketa asexuala ez da bizidun zelulabakarretara mugatzen, landare gehienek asexualki ugaltzeko aukera ere baitute.
Ugalketa sexualak sexu desberdineko bi banakoren edo gametoren arteko harremana behar du.
Ugalketa asexuala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sakontzeko, irakurri: «Ugalketa asexuala»
Banako berriak guraso bakar batetik sortzen dira banaketa mitotikoaren bidez[2]. Ez da banaketa meiotikorik gertatzen, eta ondorioz, ez da gametorik sortzen. Gurasoen informazio genetiko berdina daukate ugalketa asexualetik sortzen diren izaki berriak. Bi modutara egin daiteke: zatiketa edo gemazioa.
- Zatiketa: gurasoaren atal bat edo gorputz osoa bi zati edo gehiagotan banatzen da. Horrela, zati bakoitzak banako oso bat sortzeko gaitasuna du, bai gurasoak, bai ondorengoak informazio genetiko bera edukita. Horren ondorioz, banako guztien artean ez dago inongo desberdintasunik, mutazioek eragindakoak izan ezik. Adibide modura, bakterioak eta beste bizidun prokariotikoak aipa daitezke. Animalia erreinuan ere zatiketa bidezko ugalketa ageri da, adibidez, Planaria generoko banakoetan.
- Gemazioa: gemak eratzean datza. Ugalketa mota honetan, banaketa mitotikoa era asimetrikoan gertatzen da eta, horren ondorioz, sortzen diren bi zeluletatik, bata bestea baino handiagoa da. Sortutako zelula txiki horri gema deritzo. Adibide modura Saccharomyces cerevisiae legamia aipa daiteke.
Ugalketa sexuala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa sexuala ohikoena da animalien artean. Bi izaki bizidun behar dira norbanako berria sortzeko. Zelula sexual espezializatuen edo gametoen bitartez egiten da[3]. Gametoak banaketa meiotikoaren bidez sortzen dira, eta horiek elkartzen direnean, zigotoa eratzen da. Gametoak haploideak dira eta zigotoa, berriz, diploidea.
Gameto bakoitza guraso bakarretik dator, eta horrela, bi guraso behar dira ugalketa sexuala aurrera eramateko, sexu ezberdinekoak edo sexu berekoak izanik. Azken horri hermafroditismo deritzo.
Animalien artean hiru talde bereiz daitezke:
- Bibiparoak: ugalketa barne-ernalketaren bidez egiten dute, eta enbrioia amaren barruan garatzen da jaio arte. Modu horretan, amak mantenugaiak ematen dizkio enbrioiari jaio aurretik. Ugaztun gehienak bibiparoak dira, gizakiak besteak beste.
- Obobibiparoak: ugalketa barne-ernalketaren bidez egiten dute, eta enbrioia arrautza baten barruan babesten da amaren gorputzaren barruan, amarekin substantziarik trukatu gabe. Enbrioia, beraz, amaren sabelean dagoen arrautza baten barruan garatzen da, eta norbanako berria erabat garatuta dagoenean, arrautzatik ateratzen da. Irteera amaren sabelean edo arrautza amatik atera ondoren gerta daiteke. Animalia erreinuan marrazoek eta sugeek erabiltzen dute ugalketa sexual mota hau.
- Obiparoak: ugalketa barne-ernalketaren edo kanpo-ernalketaren bidez egiten dute, baina bi kasuetan enbrioia arrautza baten barruan garatzen da. Kasu honetan ere, ez dago inolako substantzia-trukerik amaren eta enbrioiaren artean; baina enbrioia ez da amaren sabelean garatzen, kanpoan baizik. Anfibio, arrain eta hegaztietan ageri da ugalketa mota hau.
Giza ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zigoto deritzon obuluaren edo arrautzaren ernalketaren ostean, hainbat banaketa mitotiko gertatzen dira, enbrioia garatzen laguntzen dutenak. Enbrioiak 3 hazi-geruza ditu: ektodermoa, endodermoa eta mesodermoa. 3 orri enbrionario horietatik gorputzaren organoak sortzen hasiko dira.
Ikus gainera: Ugal-aparatua
Estrategiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa-estrategia ugari daude naturan. Zenbait animaliak, gizakiak eta zanga hegaztiak, adibidez, sexu-heldutasuna lortzeko urte ugari pasa behar dituzte, ugal-aparatuak guztiz garatu arte. Beste batzuek, ordea, oso azkar lortzen dute ugaltzeko heldutasuna, baina oso ondorengo gutxik lortzen dituzte, gehienak hil egiten baitira sexu-heldutasuna lortu aurretik. Adibidez, untxi batek (8 hilabetera lortzen du heldutasuna) 10-30 ondorengo eduki ditzake urtebetean, eta ozpin-euliak (10-14 egunera heltzen da) 900 ondorengo eduki ditzake urte bat pasa ondoren. Bi estrategia horiei K estrategia (ondorengo gutxi) eta r estrategia (ondorengo ugari) deritze, hurrenenez urren. Eboluzioak finkatzen du zein den bizidun bakoitzaren estrategia egokiena. Ondorengo gutxi dituzten animaliek (K estrategia dutenek) guraso baten edo bien zaintza osoa eskaintzen diete ondorengoei, horiek heldutasuna lortu arte, horrela biziraupen arrakastatsua lor dezaten. Ondorengo asko dituzten animalietan (r estrategia dutenetan), berriz, gurasoek ez diete hainbesteko zaintza ematen ondorengoei, heldutasun-adinera azkar heltzen direlako; baina horren ondorioz, ondorengo ugari hiltzen dira haurtzaroan. Ez dago estrategia bat bestea baino hobea denik; bata ala bestea egokia izango da animaliaren beharren arabera.
Beste mota batzuetako estrategiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Organismo poliziklikoak haien bizitzan zehar aldizka ugaltzen dira.
- Organismo semelparoak haien bizitzan zehar behin bakarrik ugaltzen dira. Adibide bezala landare urterokoak, izokinak edo hainbat armiarma-espezie daude. Normalean, r selekzio-estrategia jarraitzen dute.
- Organismo iteroparoak haien bizitzan zehar segidako zikloetan ondorengotza bermatzen dute. Horren adibide dira landare bizikorrak, urtaro jakin batzuetan ugaltzen direnak. Normalean, organismo hauek K selekzio-estrategia jarraitzen dute.
Sexu bereko ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, garapenerako biologoei esker, sexu bereko ugalketa nabarmen erraztu da.
2004an, gene ezberdin batzuen funtzioa aldatuz, japoniar zientzialariek arratoi biren obuluak elkartu zituzten arratoi alaba lortzeko[4]. Horretaz aparte, 2018. urtean txinatar zientzialariek ere bi arratoi-obulutatik 29 sagu alaba lortu zituzten. Ikerketa horretan, bi arratoi eme artean arrakasta lortu zen, baina arren kasuan ez zen ondorengorik lortu[5][6].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Cabrera Calero, Antonio María; Sanz Esteban, Miguel; Rodríguez, Jesús (2011). «La organización del cuerpo humano». Biología y Geología 1. San Fernando de Henares: Oxford University Press. p. 5. ISBN 9788467364446.
- ↑ a b Biologia para el acceso a ciclos formativos de grado superior. Prueba libre para la obtencion del título de bachiller ebook.[1] MAD-Eduforma. ISBN 9788466536189. Consultado el 7 de febrero de 2018.
- ↑ Sadava, David. (2009). Vida: la ciencia de la biologia.. ISBN 9789500682695..
- ↑ (Ingelesez) «"Japanese scientists produce mice without using sperm"» Washington Post apirilak 4, 2004 (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
- ↑ «"No father necessary as mice are created with two mothers"» The Times Urriak 12, 2018 (Noiz kontsultatua: 2019-12-05).
- ↑ (Ingelesez) Zhi-Kun, Li, et al. (2018). [doi:10.1016/j.stem.2018.09.004 Generation of Bimaternal and Bipaternal Mice from Hypomethylated Haploid ESCs with Imprinting Region Deletions. ] Cell Stem Cell, 665-676 or. ISSN 1934-5909..