Edukira joan

Nikolas Makiavelo

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Makiavelo» orritik birbideratua)

Nikolas Makiavelo

Bizitza
JaiotzaFlorentzia1469ko maiatzaren 3a
Herrialdea Florentziako Errepublika
HeriotzaSant'Andrea in Percussina (en) Itzuli eta Florentzia1527ko ekainaren 21a (58 urte)
Hobiratze lekuaSanta Croce
Tomb of Niccolò Machiavelli (en) Itzuli
Heriotza modua: Peritonitisa
Familia
AitaBernardo di Niccolò Machiavelli
AmaBartolomea di Stefano Nelli
Ezkontidea(k)Thomas Fontaine (en) Itzuli
Seme-alabak
Haurrideak
Familia
Hezkuntza
HeziketaFlorentziako Unibertsitatea
Hizkuntzakitaliera
toskanera
Jarduerak
Jarduerakidazlea, politikaria, historialaria, filosofoa, Politikari teorikoa, teorialari militarra, itzultzailea, poeta, diplomazialaria eta antzerkigilea
Lantokia(k)Italia
Lan nabarmenak
MugimenduaGoi Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioakatolizismoa

IMDB: nm0532608 Musicbrainz: 1c62911a-1a92-48fd-a44b-b8fa58aaf2d8 Discogs: 2765082 Find a Grave: 1897 Edit the value on Wikidata

Nikolas Makiavelo[1][2] —jatorrizko izena: Niccolò di Bernardo dei Machiavelli— (Florentzia, 1469ko maiatzaren 3a - Florentzia, 1527ko ekainaren 21a) Italiako politikaria, filosofoa, musikalaria, olerkaria eta idazlea izan zen, Pizkundeko pentsalari handienetakoa.

Batik bat teoria politikoengatik ezaguna da: boterea kudeatzean, errealismoa eta pragmatismo hotza nabarmendu zituen, gizakiaren ikuspegi ezkor batean oinarrituz. Errepublika ezin hobea lortzeko modua gogoetagai izan zuen. Printzea izeneko tratatuan —egun ere aipatua eta eztabaidatua da— bere ikuspegia ondu zuen. Haren idatziek hurrengo mendeetako politikari eta estatu-gizonetan aztarna utzi zuten: hari zor zaio 'makiavelismo' hitz eta ikuspegi politiko-filosofikoa.

Nikolas Makiavelo San Casciano in Val di Pesa herrixkan jaio zen, Florentziatik 15 kilometrora, 1469ko maiatzaren 3an. Gurasoak Bernardo dei Machiavelli eta Bartolomea di Stefano Nelli zituen: biak ere familia aberatsetan jaioak izan arren, aitaren zorrengatik, pobrezian bizi ziren.

1494 eta 1512 artean, bulego publiko baten arduradun izan zen. 1512an denbora labur batez preso izan zen Florentzian 22 egunez, baita gogor torturatua ere (ikus behean), eta gero erbesteratuta izan zen Sant Andreara. 1527an hil zen, Florentzian.

Nikolas Makiaveloren estatua, Uffizi galerian.

Haren gaztaroan, Florentzia bi kontrako joera politikoko hiria zen: batak Girolamo Savonarola zuen buruzagi, eta besteak, Lorentzo. Savonarolak Florentziaren aberastasunean botere handia izan zuen arren, Makiavelo eszeptikoa izan zen hari buruz, eta Printzean zoritxarreko profetatzat jotzen du. Bere eskolako idazlerik hoberentzat hartu zuten.

Zerbitzu zibila

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Makiavelo Florentziako zerbitzu militar askean zerbitzatu zuen. Lau urtez, bulego publiko batean izan zen idazkaria. Geroago, kantziler izendatu zuten. Errepublikaren zereginetako rol garrantzitsua hartu zuen: haren dekretuek eta bere erregistroek iraun egin dute. Lehen misioa 1499an izan zuen, Caterina Sforzarentzat, «Forliko nire damarentzat». Printzearako, Makiavelok irakaspen hau atera zuen: «jendearen konfiantza irabaztea indarrarekin fidatzea baino hobe da». Oso kontzeptu garrantzitsua izan zen harentzat, eta adierazi zuen boterea eraman nahi dutenentzat biziki garrantzitsua dela. 1500ean, Frantziara bidali zuten, Luis XII.a Pisaren kontrako guda haientzat onuragarria zela konbentzitzeko.

Alejandro VI.a aita santuak eta bere seme Cesare Borgiak, Valentino dukeak, Makiaveloren bizitza publikoa markatu zuten. Bi pertsonaiek leku handia dute Printzean. Makiavelo miretsita zegoen Cesare Borgiaren aginteraren eraginkortasunaz eta gupidagabekeriaz, Rimirro de Orco haren menpeko buruzagietako bat hiltzeko aginduz erakutsi zuen bezala, Borgiari iruditzen baitzitzaion Rimirro de Orcoren ankerkeria zentzugabea bere agintea arriskuan jartzen ari zela.[3] Horregatik, kritikari batzuen ustez, Printzea idazlaneko heroia Cesare da. Hala eta guztiz ere, dukea Printzean besteen dirutzaz aberasten eta modu berean erortzen den gizon bat dela agertzen da. Cesare Borgia humanista handia izan zen halaber, eta Leonardo da Vinci kontratatu zuen margolan batzuk egiteko. Hainbatetan, Makiavelok Leonardorekin bat egin zuen, eta berarekin luzeak solastatu.

Alejandro VI.aren heriotzan, 1503an, Makiavelo hurrengo aita santua nola hautatzen zuten ikustera bidali zuten. Hor konturatu zen Giuliano delle Rovere (Julio II.a) aita santu hautatzeko Cesare Borgiak egindako maniobraz, dukeak kardinal horri beldur handia baitzion. Makiavelori hautu horrek komentario bat merezi izan zion; izan ere, aita santu hori Borgiaren etsai amorratu bihurtu zen harrezkero. 1507an, Makiavelo Alemaniara diplomatiko bidali zuten, Maximiliano I.arekin horrek hartu nahi zituen hedakuntzarako neurriei buruz solas egiteko. Maximiliano Makiaveloren adimen eta elokuentziaz harritu zen. Alemaniarrei buruz hau esan zuen Makiavelok: “Alemaniak beti izango du indar militar handia, baina oso ahula izango da politikan”.

Maximiliano enperadorea garai hartako gizon interesgarrienetariko bat izan zen, eta haren izaera zenbaitek itxuratu zuten, baina Makiavelok deskribatu zuenez, ez zuen behar besteko izaera gogortasunik, ezta bere planak burutzeko edota bere nahiak betearazteko gaitasunik ere. Beste pertsonaia batzuk ere aztertu zituen; adibidez, Fernando II.a Trastamarakoa: erlijioaren aitzakian konkista handiak lortu zituen gizontzat jotzen zuen, eta harekiko beldurra ere agertu zuen.

Makiaveloren azken urteak zerbitzu publikoan Cambraiko Ligaren inguruko ekintzetan pasatu zituen, hau da, Europako hiru potentzia garrantzitsuenekin. Liga hori Aita Santuarekin batera sortu zen 1508an, Veneziako errepublika suntsitzeko. Agnadelloko guduaren ondoren, Veneziak egun batean galdu zuen zortziehun urtean lortu zuena. Gudu horren ondorioz, Aita Santuaren eta Frantziaren arteko liskarra sortu zen, eta Florentzia babesik gabe utzi, Aita Santuaren menpe. Elizak Medici familiaren itzulera inposatu zuen 1512ko irailean. Horren ondorioz, errepublika gainbehera joan zen eta, horrekin batera, Makiavelo zerbitzu publikoetatik kaleratu zuten, eta haren ofizial ibilbidea bukatu.

Medicien itzuleran, Makiavelok lanpostua mantentzeko esperantza zuen, Florentziako agintari berriekin. Makiavelok Lorentzo Mediciren agintea miresten zuen; hainbeste, non Printzea Lorentzo Mediciri eskaini zion. Aldiz, 1512ko azaroaren 7an kaleratu, atxilotu eta torturatu egin zuten, 22 egunez, Medici jauntxoen kontrako matxinada batean parte hartu zuelakoan, faltsuki bada ere.[4] Harekin batera, bere lagun Giovanni Battaini eta beste hogei pertsona gehiago ere atxilotu zituzten. Atxiloaldiak ondorio gogorrak utzi zizkion.

Aita santu berri Leon X.a Makiavelo askatzeko negoziazioetan aritu zen. Amnistia baten bitartez aske geratuta, familiaren Sant Andreako etxaldera erretiratu zen, Florentziatik hamaika kilometrora.[4] Hor bizi izan zen bere jabetzako basoetako zuhaitzak mozteko kontratatutako langile batzuekin, haien nekazaritza eta abeltzaintzako lana gainbegiratzen, eta haiekin solasean, baita poesia idazten ere. Hiriko lagunek bizkarra ematen zioten. Gauero, langile arropak eranzten zituen, eta gorteko arropa dotoreak janzten, berberak idatzita utzi zuenez.[5]

Makiaveloren pentsamenduari buruzko ikuskerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oro har, hiru ikuskera agertu dira Makiaveloren pentsamenduaren gainean:

Zinikoa, antrikristoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leo Straussen iritziz, Makiavelo gaizkiaren maisu bat da, batez ere moral kristauaren deuseztatzea bilatzen duena. Haren obrak, balioei balio berriak ematearen erakusgarri, irakaskuntza normatiboa, kristaua, beste batek ordezkatzen du: makiavelikoak. Horrela, erlijioa eta etika instrumentu bat gehiago baino ez dira, ordena eta segurtasuna bermatzeko interes oligarkikoei obeditzen dien tresna besterik ez, boterea mantendu eta handitzeko bidean inolako agindu moralen aurrean belaunikatzen ez dena, tiranikoa. Nietzschek Makiavelo goraipatu egin zuen, eta bere gustutik gertuen dagoen pentsalari gisa dakusa.

Risorgimentoan sorturiko ikuskera baten arabera, pentsaera makiavelikoa Italiaren batasuna bilatzeko borrokaren adierazpide goiztiar bat da. Bere arima baino maiteago omen zuen bere aberria (Florentzia, ez Italia), Vettoriri 1527an idatzitako eskutitzean zionez. Arriskuen aurrean ez omen da era moral eta justuan aritu behar, ustez nork bere bizia salbatu eta askatasuna bermatuko duen bidea hartu behar da, edozein dela ere. Hala ere, ikuspegi hori zalantzagarria da, gorago azaldu direnen mende baitago.

Zientzialari politikaria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pasioetan, sentimenduetan jartzen du oinarria. Arrazoimen hotza, sentimenduen, bulkaden menpeko gisa (Fleisherren ikuskera), nahiz eta helburu batzuk lortzeko ezinbestekoa den sentimenduak menperatzea, hondamendira eraman ez gaitzaten. Argi dago arrazoiak aldartean errotutaegon behar duela, moraltasunaz haraindiko bertutean. Horrela, bulkada oinarrizkoena, sentimendu eta borondatez osatuta egongo da, baina beharrezko arrazoimenaz horien erabilera zuzena egiteko.

  • Discorso fatto al magistrato de' Dieci sopra le cose di Pisa (1499)
  • Parole da dirle sopra la provvisione del danaio (1503)
  • Descrizione del modo tenuto dal Duca Valentino nello ammazzare Vitellozzo Vitelli, Oliverotto da Fermo, il Signor Pagolo e il duca di Gravina Orsini (1503)
  • De natura Gallorum (1510)
  • Ritratto delle cose di Francia (1510)
  • Ritratto delle cose della Magna (1512)
  • Il Principe (1513)
  • Discorsi sopra la prima deca di Tito Livio (1513-1519)
  • Dell'arte della guerra (1519-1520)
  • La vita di Castruccio Castracani da Lucca (1520)
  • Istorie fiorentine (1520-1525)
  • Venezia (1546)
  • Discorso o dialogo intorno alla nostra lingua (1730)
  • Decennali
  • La mandragola (1518)
  • Belfagor arcidiavolo (1518-1527)
  • Epistolario (1497-1527)
  • L'asino (1517)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (PDF) 185. arauaː Errenazimentuko pertsona-izenak. .
  2. EIMA: Eskola-liburuetako onomastikaren, gertaera historikoen eta artelanen izenak. Zerrendak.
  3. Curry, P. Azkarate, O. (2013), 34-35. or.
  4. a b Curry, P. Azkarate, O. (2013), 44. or.
  5. Curry, P. Azkarate, O. (2013), 45-47. or.

(Ingelesez) Curry, Patrick; Azkarate, Oscar. (2013). Machiavelli; A Graphic Guide. Icon Book UK ISBN 978-184831-175-6..

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Nikolas Makiavelo
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Nikolas Makiavelo Aldatu lotura Wikidatan