Gilbert du Motier de La Fayette
Gilbert du Motier, La Fayetteko markesa, «La Fayette» izengoitiz deitua Frantzian eta izen bakarrarekin, "Lafayette", ezagunagoa oro har (Saint-Georges-d'Aurac, 1757ko irailaren 6a - Paris, 1834ko maiatzaren 20a) militar eta politikari frantsesa izan zen. Frantsesez ez baina gainerako hizkuntza gehienetan Lafayette izena, hitz bakarrekoa, ematen zaio pertsonaiari. Euskaraz ere, Euskal Herritik pasa zeneko oroigarrian, Lafayette Markesa esaten zaio.
Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran parte hartu zuen independentisten alde. Frantziako Iraultzan, nahiz eta noble izan, Hirugarren Estatuaren alde egin zuen.
Estatu Batuetako Independentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lafayette lehen mailako pertsonaia politikoa eta militarra izan zen Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Gerran.
1776. urtean, Ameriketako kolonia ingelesen burujabetzaren aldeko ordezkaritza bat Parisen zen jada Frantziaren aldekotasuna bilatuz Ingalaterraren aurka. Lafayetteri negoziazio horietatik gertu egotea egokitu zitzaion, eta Silas Deane ordezkari amerikarra ezagutu zuen. 19 urte besterik ez zituen Lafayettek orduan, baina dagoeneko militar graduatua zen, ezkondua eta aita zen, eta aitaren partetik umezurtz zelarik, dagoeneko familiaren ondasun eta aberastasun handien kontrola zeukan. Agente amerikarrak dagoeneko frantses militarrak ari ziren erreklutatzen Ameriketarako, eta Lafayettek haiekin joan nahi zuela esan zion Deaneri. Deanek, kargu militar bat eskaini zion 1776ko abenduan[1].
Lafayetteren interesa idealista zen, Amerikako independentisten kausan sinesten zuen, eta gainera ekintza armatua zuzenean ezagutzeko grina zuen. Ez zuen interes mertzenariorik, eta dirua irabazi beharrean, bere aberastasunetatik dirutza handiak inbestitu zituen bere abentura amerikarrean.
Lehen bidaia, Euskal Herritik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1777ko udaberrian, itsasontzi bat erosi zuen Lafayettek Bordelen, eta eskifaia militarrarekin hornitu zuen Ameriketara joateko. Hala ere, lehen geldialdia Euskal Herrian egin zuen, Pasaian. Untzia Pasaian utzira, Frantziara itzuli zen Lafayette bere bidaiaren egoera legala lotu asmoz, ez baitzegoen argi Frantziako Erresumari interesatzen ote zitzaion une horretan Ingalaterraren kontrako ekimen militar batean sartzea. Frantziako agintariek ez zioten baimen hori eman, eta Espainiako agintarien bidez untzia Pasaian geldiarazteko ahaleginak egin zioten. Lafayettek, amore ematen zuelako imintzio eginez, ihes egin zuen mozorrotuta Bordeletik, eta klandestinoki igaro zuen Frantzia eta Espainiaren arteko muga[2]. Pasaian atseden labur bat hartu ondoren, apirilaren 26an itsasoratu zen Ameriketara Lafayette.
Pedro Manuel Soraluce historialariaren arabera, Pasaian bertan aldatu zion untziari izena Lafayettek. La Victorie jarri zion (garaipena), Juan Sebastian Elkanoren Nao Victoria untziaren omenez[2].
Pasaiako Villaviciosa Jauregian plaka batek gogoratzen du Lafayette bertatik abiatu zela Ameriketara Estatu Batuen independentziaren alde borrokatzeko[3].
Independentzia Gerrako lehen fasea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]La Victoire untzia 1777ko ekainean lurreratu zen Hego Carolinan, eta handik gutxira Filadelfiara zuzendu zen, non Kongresu Kontinentalak jeneral izendatu zuen. Benjamin Franklin eta George Washington ezagutu zituen udan, eta Washingtonek berehala ekintza militarretarako ofizial laguntzailetzat hartu zuen.
Ondorengo hilabeteetan, zenbait gudutan parte hartu zuen Lafayettek: Brandywine, Gloucester, Quebec-eko inbasio saio bat (ez zen burutu, Lafayettek erabaki baitzuen tropa txikiegia zuela), Barren Hill, Monmouth...
1778an Frantziako ofizialki ezagutu zuen Ameriketako Estatu Batuen independentzia, eta Lafayettek planak egin zituen britainiarren kontrako gerra beste eskenategi batzuetara eroateko, baita Europara ere. Baina plan horiek ez zizkioten onartu, eta baimena eskaturik, Frantziara itzuli zen 1779an[4].
Bigarren bidaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantziara itzultzean zigortu egin zuten lehen bidaia baimenik gabe egiteagatik, baina zortzi eguneko atxiloaldi sinboliko bat baizik ez zen izan[5]. Izatez, heroi famatu bat zen Lafayette garai hartan Frantzian[4]. 1780ko martxoan, beste untzi batean (Hermione) Rochefortetik abiaturik Ameriketara itzuli zen[1].
1781ean, Virginia estatuan zehar zenbait kanpainatan ibili ondoren, amerikarrek britainiarren indar nagusia eta Cornwallis jenerala setiatu zituzten Yorktown-en, eta bertako batailan parte-hartze zuzena izan zuen Lafayettek, George Washington eta Alexander Hamiltonekin batera. Cornwallis errenditu zenean, britainiarrek azken bataila garrantzitsua galdu zuten, eta AEBen independentzia ia ziurtatua geratu zen. Hala ere, Frantziaren babesa oraindik funtsezkoa izango zelakoan, bereziki itsasoan, Washingtonek eskatuta Frantziara itzuli zen Lafayette, egiteko diplomatikoekin batik bat[1].
1782ko hasieran iritsi zen Frantziara, eta hurrengo urtean AEBen independentzia eta gerraren amaiera ziurtatu zituen Parisko Itunaren negoziazioetan parte hartu zuen[1].
Frantziako Iraultza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1787an, krisi fiskalari aurre egiteko, Frantziako Erregeak Estatu Orokorrak deitu zituen. Hiru estatutan antolatuta zeuden: elizgizonak, nobleak, eta gainerakoak; eta Lafayette, eskubide aristokratikoz, nobleen estatukoa zen. Organu honen bozketa modua estatuka zen eta, hortaz, elizgizon eta nobleak gailendu ohi ziren bi botorekin politika tradizionalenak aurrera ateratzeko.
Estatuak 1789an elkartu aurretik, “Hogeita hamar laguneko batzordea” osatu zen, Parisko liberalen talde bat, eta haietako bat izan zen Lafayette[6]. Komiteak boto pertsonala eskatu zuen, zeinak emaitza "herrikoiagoak" edo demokratikoagoak eman zitzakeen. Noble gehienek ez zuten bat egin ideiarekin, baina azkenean, nukleo honetatik bultzatutakoa gailendu zen eta Estatu Orokorrak bilakatu ziren Frantziako Nazio Biltzarra.
Nazio Biltzarraren lehen emaitzetako bat Gizonaren eta Herritarraren Eskubideen Adierazpena izan zen, zeinaren lehen zirriborroetako bat Lafayettek idatzi zuen[7]. Era berean, gorputz armatu bat ere sortu zuten iraultzaileek, Guardia Nazionala, eta haren komandante izendatu zuten Lafayette[8]. Programa iraultzaile eta demokratikoekin bat egin arren, monarkiaren jarraipenaren auzian ez zen argi geratu Lafayetteren papera, eta 1791ko urrian utzi egin zuen Goardia Nazionala[1].
1792an, errege-erreginak atxiloatzearekin batera, Lafayette ere atxilotzeko arriskuan egon zen, baina ihes egin zuen Austriar Herbeheretara (gaurko Belgikara)[4]. Austriar agintariek atxilotu egin zuten, eta era bateko edo besteko espetxealdian igaro zituen zenbait urte 1797an AEBen eraginez askatu zuten arte[5].
Bonapartismoa eta ondorengo urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Napoleon Bonapartek eta Lafayettek harreman deseroso bat izan zuten. Napoleonek Lafayetteren izena bere alde erabili nahi izan zuen, Frantzian zein atzerrian: senatuan posizioa eskainiz, Ohorezko Legiorako izendatuz, edo AEBetara enbaxadore izendatuz. Baina Lafayettek uko egin zien eskaintza horiei, ez baitzuen gogoko Napoleonen absolutismoa[1]. Bonapartismoak iraun zuen bitartean, La Grange etxaldean bizi izan zen, Paristik gertu (Courpalayn), protagonismo publiko gutxirekin.
Borboien berrezarkuntzaren garaian, zenbait ekimen askatzaile edo anti-absolutistatan parte hartu zuen, baina ez lehen mailako protagonismoz.
1824. eta 1825. urteetan Estatu Batuetara bidaia egin zuen, herrialdearen independentziaren 50. urteurrena ospatzeko. Heroi mitiko baten gisara hartu zuten, eta jendetza izugarriak pilatu izan ziren bisitatu zuen hiri bakoitzean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f 1931-, Unger, Harlow G.,. (2002). Lafayette. John Wiley & Sons ISBN 0471394327. PMC 49775469..
- ↑ a b Soraluce, Pedro Manuel. (1901). «El Embarque de La Fayette en Pasajes» Euskal-Erria (Donostia) XLIV (Noiz kontsultatua: 2018-05-02).
- ↑ «Villaviciosa Jauregia, XVI. mendeko etxe errenazentista - Oarsoaldea Turismo» www.oarsoaldeaturismoa.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-03).
- ↑ a b c 1945-, Leepson, Marc,. (2011). Lafayette : lessons in leadership from the idealist general. (1st ed. argitaraldia) Palgrave Macmillan ISBN 9780230105041. PMC 651011968..
- ↑ a b Sabra., Holbrook,. (1977). Lafayette, man in the middle. (1st ed. argitaraldia) Atheneum ISBN 0689305850. PMC 2818709..
- ↑ 1942-, Doyle, William,. ((1992 printing)). The Oxford history of the French Revolution. Oxford University Press ISBN 0192852213. PMC 20994562..
- ↑ 1914-1988., Gerson, Noel B. (Noel Bertram),. (1976). Statue in search of a pedestal : a biography of the Marquis de Lafayette. Dodd, Mead ISBN 0396073417. PMC 2284076..
- ↑ Terry., Crowdy,. (2004). French revolutionary infantry, 1789-1802. Osprey ISBN 9781780969763. PMC 803583683..
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1757ko jaiotzak
- 1834ko heriotzak
- Frantziako Iraultzako biografiak
- Frantziako jeneralak
- Frantziako politikariak
- Frantziako abolizionistak
- Frantziako katolikoak
- Ameriketako Estatu Batuen independentziaren aldeko protagonistak
- Frantziako hargin beltzak
- Borboien berrezarkuntza Frantzian
- Parisko Unibertsitateko ikasleak
- Parisen hildakoak