Donostiako Udal Liburutegien Sarea
Donostiako Udal Liburutegien Sarea | ||
---|---|---|
| ||
Datuak | ||
Kokapena | Donostia | |
Sortze-data | 1874 | |
Zuzendaria | Arantza Urkia | |
Webgunea | donostiakultura.com |
Donostiako Udal Liburutegien Sarea Donostiako Udaleko hamazazpi liburutegi publikoek osatzen duten sarea da, udaleko Donostia Kultura sailak sustatu eta kudeatzen duena. Sare horretan Donostiako Liburutegi Nagusia da aintzindari. Horretaz gain, kultur etxeetako liburutegiak, Musika eta Dantza Eskola, Cristina Enea Fundazioa eta San Telmo Museoko liburutegi berezituak eta Martuteneko Amundarain mediateka ere biltzen dira udal liburutegien sarean. Hiriko hainbat auzoetan dauden kultur etxeetako liburutegiei esker bereziki, udal liburutegien zerbitzuak hiritar guztiengana iristen dira.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostiako Liburutegi Nagusiaren jatorrizko izendapena Udal Liburutegia izan zen eta aurrekari historikoak XIX. mendean daude. Sebastián de Miñano (1779 - 1845) idazlea, kazetaria, geografoa, historialaria eta politikari liberala izan zen udal liburutegiaren lehen bultzatzaile nagusia. Hainbat urtetan Donostian bizitzeko aukera izan zuen eta 1844an udalari bere liburu bildumaren dohaintza proposatu zion baina asmoa bete baino lehenago hil zen. Azkenik, Udal Liburutegia irakaskuntza Institutoaren eraikinean inauguratu zen 1874 urtean, Andia eta Garibai kaleetako kantoian, Jose Goikoa arkitektoak egin zuen eraikuntzan eta gerora Kutxa egongo zen lekuan.
Lehenengo zuzendaria Jose Lopez Aizpuru izan zen (1874-1876) eta hasierako bilduma hainbat dohaintzei esker osatu zuten, besteak beste, Fernando Brunetek, Pedro N. Sagredok, Rocaverde markesak eta Antonio Peña Goñik. Lopez Aizpururen ondorengoa Jose Manterola Beldarrain (1849-1884) izan zen, euskal idazle, argitaratzaile, institutuko irakasle eta XIX. mendearen bukaeran Donostian sortu zen kultur mugimenduaren sustatzaile nagusietakoa. Euskal-Erria aldizkaria (1880-1918) sortu zuen eta liburutegiari dagokionez, bultzada handia eman zion eta etorkizuneko oinarriak finkatu zituen. 1876an zuzendari izendatu zuten, berehala lortu zuen liburu bilduma handitzea eta ondorioz liburuen sailkapen sistematiko bat egin zuen. Berari zor zaio Sección especial bascongada izeneko bilduma sortu izana, euskal gaiak bilduko zituen sail bereizia. Gazte hil zen, 35 urterekin eta ondorengo zuzendaria Ricardo Baroja Zornoza (Donostia, 1855-1885) izan zen. Zuzendari izendatu eta hurrengo urtean hil zen; El Urumea egunkariaren zuzendaria ere izan zen, Konstituzio plazan zegoen Imprenta Baroja delakoan argitaratzen zena. Barojaren ondorengoa Antonio Arzak (1855-1904) izan zen, 1885etik 1904ra egon zen zuzendaritzan, aldi berean Euskal-Erria aldizkaria zuzendu eta Donostiako Orfeoia sortu zuen 1897 urtean.
Arzaken ondorengoa, Frantzisko Lopez Alen (1866-1910) izan zen, Lopez Aizpuru lehenengo zuzendariaren semea zen eta aurretik liburutegiko laguntzaile izana Antonio Arzakekin. Karguaren jarraipena Práxedes Diego Altunak hartu zuen, 1910etik 1931ra izan zen liburutegiko zuzendari. Haren garaian liburutegiak Fermín Lasala Collado (Donostia, 1832-1918), Mandasko dukearen dohaintza jaso zuen. Lasala liburuzale amorratua zen, bere etxean 10.000 liburu inguruko liburutegia zuen, politikan eta historian berezitua. Aldizkarien bilduma ere oso esanguratsua zen, besteak beste Gazette Nationale edo Moniteur Universel delakoaren bilduma zuen.
1931n Rufino Mendiola Querejeta izendatu zuten zuzendari. Mendiola liburutegiko laguntzaile izana zen 1923tik aurrera. Zuzendari izendatu eta hurrengo urtean Mendiolak Udal Liburutegia San Telmo Museora eraman zuen. Zuzendaritza garaian (1931-1962) aldizkaritegia sortu zuen, Udal Liburutegian urteetan zehar osatu zen Donostia bertako egunkari eta aldizkarien bildumarekin. Besteak beste aipagarriak dira Diario de San Sebastián (1878-1887), El Urumea (1879-1885), El Eco de San Sebastián (1883-1888), El Guipuzcoano (1888-1892), El Fuerista (1888-1898), La Libertad (1889-1893), La Unión Vascongada (1891-1903), La Voz de Guipúzcoa (1885-1936), La Constancia (1897-1936), El Pueblo Vasco (1903-1936), El País Vasco (1923-1936), El Día (1930-1936) eta Frente Popular (1936).
Donostiako bilduma horiekin guztiekin eta Donostiatik kanpoko beste hainbat bildumarekin osatu zuen Mendiolak aldizkaritegia, liburutegiko sail berri moduan. 1951n, liburutegia San Telmo Museotik Konstituzio plazako Udaletxe Zaharrera eraman zen, aurretik udaletxe izan zen eraikinera. Mendiolaren ondorengoa 1966tik 1972ra Juan Bautista Olaetxea Labaien (Areso, Nafarroa, 1925) izan zen. 1970ean haurrentzako sail bereizia sortu zuen, liburutegiaren hirugarren solairuan, Concha Chaos liburuzainaren ardurapean. Olaetxearen hurrengoa Eulalia San Agustín (Madril, 1930 - Donostia, 2009), zuzendaritzan 1972tik 1995era egon zen. Eulalia San Agustinen garaian, 1986. urtean liburuen mailegu zerbitzua zabaldu zen. Handik urte batzuetara, 1994an Haur Saila Konstituzio plazako eraikinetik Fermin Kalbeton kaleko 25 zenbakira lekualdetu zen espazio zabalago batera, bertan bi zerbitzu sortu ziren Haur Liburutegi Nagusia eta Haur Liburuaren Dokumentaziogunea. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Irargiren ekimen baten ondorioz, 1936 aurretik argitaratu ziren egunkarien mikrofilmazioa egin zen. Azkenik, Udal Liburutegiko aldizkarien katalogoa argitaratu zen. Eulalia San Agustinen ondorengoa Susana Soto (1995-2006) izan zen eta 2006tik aurrera Arantza Urkia. Azken hamarkadan Donostian 1936 arte argitaratutako egunkarien digitalizazioari ekin zaie eta gaur egun Liburutegi Digitalean kontsulta daitezke, beste zenbait argitalpenekin batera.
1999an helduentzako zerbitzuak Konstituzio plazatik Alderdi Ederrera eraman ziren, Udaletxeko azpira espazio zabalago batera. 1999ko apirilaren 23an zabaldu zen zerbitzua eta bertan jarraitzen du. Gaur egun Donostiako Udal Liburutegiaren izendapen ofiziala Liburutegi Nagusia da eta hiru egoitzetan banatua dago: Konstituzio plazako erakinean funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak daude; Alderdi Ederren berriz, helduentzako zerbitzua, eta azkenik Fermin Kalbeton kalean Haur Liburutegia. Egun, Liburutegi Nagusia Donostiako Udaleko Donostia Kulturan integratua dago, Udal Liburutegien Sareko beste liburutegiekin batera.
Zerbitzuak eta bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Donostiako Udal Liburutegien Sareak hiritar guztiengana zabaltzen ditu bere zerbitzuak. Kontsulta zerbitzuaz gain, liburu, partitura, filma, CD, DVDen doako mailegu zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren eLiburutegia eta Internet eta wifi konexioak eskaintzen ditu. Liburutegien sarbide publikoko online katalogoa kontsulta daiteke liburutegien sarearen webgunetik. Kultura jarduerak ere antolatzen dira, haur nahiz helduentzat, irakurketaren sustapena eta liburutegien erabilpena zabaltzeko. Haur liburutegietan ipuinaren orduak, irakurketa-klubak eta irakurri baino lehen irakurtzen saioak antolatzen dira. Helduen liburutegietan, besteak beste, literatur solasaldiak, liburu aurkezpenak eta literatur ibilbideak. Urteroko programazioan jarraipena duten hainbat ekitaldi antolatzen dira: Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna, Liburuaren Nazioarteko Eguna, Liburutegiaren Eguna, Poesia eta Pentsamendua, Poesia Orduak eta Literaktum jaialdia. Zenbait zerbitzu erabiltzeko, hala nola mailegurako, beharrezkoa da Donostia Kulturaren bazkide-txartela indarrean edukitzea. Txartela doakoa da eta sareko liburutegi guztietan erabil daiteke; abantailak eta deskontuak eskura daitezke horrekin Donostia Kulturak antolatzen dituen zenbait ekitalditan.
Sareko zenbait liburutegik bilduma bereziak dituzte:
- Haur Liburuaren Dokumentaziogunea, haurrentzako liburugintzaren inguruan;
- Udal Musika eta Dantza Eskolako liburutegia, musikari buruz;
- San Telmo Museoko liburutegia, museo-gaietan dago espezializatua (artea, historia, etnografia, museologia, didaktika, kontserbazioa eta zaharberritzea);
- Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxeko liburutegia, ingurumenari buruz.
Aipagarria da, bestalde, sareko liburutegi guztietan dagoen Donostia Bilduma izeneko saila, hiriari buruzko gaurkotasuna duten liburuak osatzen duten saila.
Gainera, Liburutegi Nagusian, Konstituzio plazako Udal Liburutegi Zaharrean gordetako funts historikoak kontsulta daitezke. Halaber, aipamen berezia merezi du Fermín Lasala Collado Mandasko Dukeak dohaintzan emandako bildumak, politika orokorrean, diplomazian eta historia unibertsalean espezializatutako 10.000 ale inguru baititu.
Donostiako udal liburutegien egoitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Liburutegi Nagusia , hiru egoitza dituena,
- Donostiako udaletxe azpian, Alderdi Ederren helduentzako zerbitzua kokatzen da,
- Fermin Kalbeton kalean Haur Liburutegia eta Haur Liburuaren Dokumentaziogunea,
- Udaletxe Zaharra, Konstituzio plazan, funts historikoak, unitate teknikoa, jardueren aretoa eta zuzendaritzaren bulegoak;
- Aiete Kultur Etxeko liburutegia
- Casares-Tomasene Kultur Etxeko liburutegia, Altzan
- Egia Kultur Etxeko liburutegia
- Ernest Lluch Kultur Etxeko liburutegia, Amaran
- Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegia
- Larratxo liburutegia
- Larrotxene Kultur Etxeko liburutegia
- Loiola Kultur Etxeko liburutegia
- Lugaritz Kultur Etxeko liburutegia, Antiguan
- Okendo Kultur Etxeko liburutegia, Grosen
- Amundarain Mediateka, Martutenen
- Ingurumen Baliabideen Etxea, Cristina Enean
- San Telmo Museoko liburutegia
- Udal Musika eta Dantza Eskolako liburutegia
- Urgulleko liburutegia
- Eguzkiteka, Kontxa hondartzako liburutegia
Datu estatistikoak: 2019
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2019 datu estatistikoen laburpena:[1]
- Maileguak: 456.787
- Bisitak guztira: 834.477
- Bazkideak: 88.938
- Eskuratutako dokumentuak guztira: 33.932
- Xahutuak: 24.863
- Berritze tasa: %5,92
- Bildumako aleak: 573.561
- Liburuak: 458.575
- Entzuteko dokumentuak: 35.826
- Ikus-entzunezko dokumentuak: 60.727
- Partiturak: 8.841
- Hizkuntzak: 108.568 euskarazkoak, 409.047 gaztelaniazkoak, 55.946 beste batzuetakoak.
- Bilduma historikoa: 98.014
2019. urtean 1.697 jarduera antolatu ziren liburutegi sarean 34.166 parte hartzaileekin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Antonio Arzac: Ricardo Baroja. Euskal Erria aldizkaria, 1. sehilabetea 1885, 12 liburukia, 573. orrialdea
- Arantxa Arzamendi: Catálogo de publicaciones periódicas donostiarras: 1800-1936. - Revista Internacional de Estudios Vascos, 38 urtea, XXV liburukia, 1. zenbakia, 1990eko urtarrila-ekaina
- Arantxa Arzamendi: La Hemeroteca Municipal de Donostia-San Sebastián. - Non: De re bibliographica / Instituto Bibliográphico Manuel de Larramendi. Segundo Congreso Vasco de Bibliografía. - nº 15-16 (abril-junio 2013). - 101-117 orrialdeak.
- Biblioteca Municipal de Donostia-San Sebastián: catálogo de publicaciones periódicas; dirección Eulalia San Agustín; coordinación Arantxa Arzamendi ; realización Arantxa Arzamendi y Eki Servicios Bibliotecarios. - Donostia: Asociación de Bibliotecarios de Gipuzkoa, 1992
- Donostiako Udal Artxibategia: Sección B, Negociado 4, Serie I, Libro I, Expediente 1
- El Servicio de microfilmación 1986-1991. - Irargi, 1991. - (Ikerlanak ; 2)
- Liburutegiak: Donostiako Udal Liburutegien Sarea. Bibliotecas: Red de Bibliotecas Municipales de San Sebastián. Donostia Kultura, Liburutegi Zerbitzua. Liburuska.
- 2016. Donostiako Udal Liburutegi Sarea. Memoria = 2016 Red de bibliotecas de Donostia / San Sebastián. Memoria. Donostia Kultura. Liburutegi Zerbitzua. Folletoa