Edukira joan

Trikuharri

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Dolmen» orritik birbideratua)

Artikulu hau megalitoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Trikuharri (argipena)».
"Jentilarri" artikulu honetara birzuzentzen du, izen hori duen Aralarko trikuharria gaitzat duena beste artikulu hau da: Jentilarri (Aralarko trikuharria).
Sorginaren Txabola trikuharria Bilar udalerrian (Araba).
Euskal Herrian kokatutako trikuharriei buruzko informazioa irudietan.
Txomin Egiluz

Dolmen edo trikuharriak gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak dira. Trikuharriak edo horien aztarnak, beste monumentu megalitikoekin batera, Mendebaldeko Europa osoan daude: Eskandinaviatik Iberiar Penintsulara, Mediterraneo aldean, Kaukasoko mendebaldean, eta baita Euskal Herrian ere. Indiar azpikontinenteko hegoaldean[1] ere badaude. Europako trikuharri zaharrenak Neolitiko eta Kalkolitiko aroetan eraiki eta erabili ziren gehienbat, K. a. 4.500 urtearen inguruan hasita eta K.a. 2500 urtera arte, gutxi gorabehera, orduan iritsi baitzen Europako fenomeno megalitikoaren bukaera.[2]

Lurrean zutik finkatutako harlauza batzuek eta horien gainean horizontalean jarritako beste harlauza batek, arkeologian ortostato deitzen direnek, osatzen dute dolmena. Hilobiok lurrez nahiz harriz eraikitako muinoen gainean, tumulu izenekoetan, jartzen ziren maiz eta horren mugak batzuetan harriz osaturiko zirkuluez inguratzen ziren, harrespil edo cromlech izenekoak. Dolmenetan tipologia zabala dago: dolmen sinpleak (hilobi kamara soila duten hilobiak), korridore-dolmenak eta galeria-dolmenak. Horrez gain, tokiko aldaera anitz badago. Bestalde, dolmenak edo trikuharriak hilobi megalitiko deitzen den kategoria zabalago batean daude, non zistak, maiz harrespilen barruan, eta tumulu luzeak ere biltzen diren, besteak beste.

Hitzaren jatorria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dolmen bretainieraz osaturiko hitza da eta harrizko mahaia esan nahi du. Lehen aldiz Theophile Corret de la Tour d’Auvergnek erabili zuen arkeologikoki, “dolmin” idatzita. Harrizko hormadun eraikuntza megalitiko bat da posizio bertikalean zein teilatu eran antolatua. Denek batera, ganbara bat osatzen dute eta gehienetan, horma bertikalak lurrez edo harri txikiz heldurik egiten dira, eta horrela muino artifizial bat sortzen dute. Ehorztetxe monumentuak izaten dira.

Euskal Herrian trikuharri izenez ere ezagutzen dira.

Dolmenen ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dolmen baten barrualdearen errekonstrukzioa, 2019an Donostian egindako erakusketa batetik.

Gehienetan hilobi kolektiboak izaten dira: han, inguruko herrietako hildakoak egoten dira, hileta baten ostean lurperatuta.

Estruktura horiek neolitiko eta kalkotiko garaian eraiki zituzten Mendebaldeko Europan. Haiei emaniko funtzioa hilobi izatea den arren, beste sinismen batek lurralde baten erreklamazio puntu direla ere esaten du, Brontze Aroko herri neolitikoen adierazgarri gisa.

Trikuharri ohikoenek bi harri bertikal eta horren gainean jarritako horizontal bat izaten dituzte. Normalean, haien inguruko dimentsio handietan harri txikiak ere aurki daitezke.

Trikuharriari kanpoan dagoenarekin lotzeko bide txiki bat eransten zaionean, korridorearen hilobia deritzo, hileta-prozesioa desfilatzeko bide gisan. Giza trebetasunaren adierazgarritzat har daiteke, egitura zutik mantentzearren. Milaka pertsonaren lan gogor eta denbora luzearen ikur gisa ikus daiteke. Harri bakoitzak 100 tonatik gorako pisua du inoiz. Kasu batzuetan, amildegi batetik hartuak izaten ziren eta oso leku urrunetatik. Adibidez, Sotoko Dolmenaren (Huelva, Espainia) harriek 40 tona dituzte eta 35 kilometro urrunago zegoen amildegi batetik hartu zituzten.[3]

Dolmenak munduan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduan zehar hainbat lekutan daude dolmenak, hala nola Afrika, Asia eta Europan.

Dolmen ezagunenak Koreako penintsulan daude. 35.000 dolmenetik gora daude herrialdean, batez beste munduko ia % 40.

Indiako Karnataka estatuan, aldiz, 50 dolmenetik gora agertu dira Pandavara Bettako goialdean Somwarpetetik 7 kilometro ingurura, Mendikeri auzoan.

Eurasiaren kasuan, 3.000 dolmen eta beste hainbat egitura megalitiko ikusgai dira Kaukasoko ipar-mendebaldean, Errusian. Han dolmen berriak urtero aurkitzen dituzte, Maykop kulturarekin estuki lotuak. Segurtasun kutxa modura eraiki zituzten, objektuak, bitxiak eta Persia, Asiria, Egipto eta Kretako komertziotik zetozen bestelako altxorrak ezkutatzeko.

Israel, Siria, Iran eta Jordanian ere badaude. Haietako asko Israelgo parke nazionalean, Galman, daude eta beste batzuk Meshkin Shahren, Shahr Yerin edo Pirazimian.

Alde batetik, Afrikako golkoan, Somalia iparraldea garai bateko hainbat egitura zaharrez inguratuta dago, hala nola trikuharri, tumulu, menhir eta estelaz. Bestalde, Afrikako iparraldean, Tunisian, Dougga izeneko gune arkeologikoan nekropoli bat dago.

Erresuma Batuan, Lanyot Quoit izeneko dolmen bat dago. Haren goialdeko harriak 2,1 metroko altuera du, 2,7 metroko zabalera eta 5,3 metroko luzera. 13,5 tona pisatzen ditu. Irlanda mendebaldean, Brownshill-ekoa dago, Europako handiena: haren gainaldeko harriak 150 tona ditu. Halaber, Frantzia, Italia zein Iberiar penintsulan ere aurkitu dira, Portugal, Galizia, Euskal Herria, Aragoi, Andaluzia eta Extremaduran batez ere.

Munduan zehar zabalduta dauden dolmenen artean, honako bost motak bereiz daitezke:

Sorginaren txabola
Sorginaren txabola, Bilar udalerrian

Trikuharri sinplearen prototipoari “bloque cist” deritzo, albo guztietatik itxia eta zoruan induskatua. Ez du inolako sarrerarik eta behin itxia izaten denean, gaitua ez den erabiltzaileek zaila dute zabaltzea. Hortaz, erabilera bakarrera zuzenduta zegoen.

Trikuharri handiak bi azpimotatan sailka daitezke: ganbara aurrea dutenak edo portxea dutenak. Garai hartan erabiltzen zen materiala dela eta, zabalera mugatua izaten zuten dolmenek, horren ondorioz, ganbaren tamaina handitzea izan zen euren luzatze diseinuaren helburua. Dolmen handiak, 14 metro karratuko barnealdea izatera ailegatzen dira eta 5 pilare ere izaten dituzte 8-12 harri euskarriren gainean.

Dolmen poligonala bisualki erakargarria den eraikuntza arkitektonikoa da, horregatik, batzuetan dolmen arketipiko gisa aurkezten da. Bost eta bederatzi harri bitartean erabiltzen zituzten forma emateko. Kapa bakarrak estaltzen ditu, maiz bereziki handia izaten dena. Kanpotik eraikitako pasarte gehienak desagertuta daude gaur egun, baina bere garaian beharrezkoak ziren sarrera moduan erabiltzeko.

Errektangularra, zabaldua edo luzatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Trikuharri sinplea

Dolmen errektangularrak, orokorrean 2 metro baino luzeagoak izaten dira, baita 3 metro baino luzeagoak ere, eta 0,9 eta 1,5 metro bitarteko zabalera izaten dute. Hauek, ganbararen barnea handitzearen ohiturarekin jarraitu zuten, trikuharri sinpleetan ikusi den ohitura.

Pasarte larria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Trikuharri poligonala

Pasarte larria harri handi eta lupetzaz edo harriz estalitako ehorzketa ganbara batean edo gehiagotan datza. Ganbara bat baino gehiago dutenek bigarren mailako ganbara gehiago eduki ditzakete, lehen mailako hiletaren ganbaratik ateratzen direnak. Ohikoa izaten da mota honetako dolmenek gurutze forma izatea. Noizbehinka, mugarriz estalita ere egoten dira, bereziki osteko garaikoak. Mugarri motako pasarte hilobiek, sarritan, mendel formako sabaiak izaten dituzte, lauzazkoak beharrean. Pasarteak, berez, kasu askotan lineazio berezi bat dauka, urteko data zehatzekin zerikusia duena, esate baterako egunsentian (neguko solstizioan) edo ilunabarrean (ekinozioan).

Trikuharri pasartea

Trikuharrien toponimia Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herriko megalitoen zonaldeak.[4]

Euskal Herriko trikuharriek kokatuta dauden tokiko toponimoa hartzen dute batzuetan. Batzuetan, toponimo horri mendi atzizkia eransten zaio, trikuharriak inguratzen duen tumuluari erreferentzia eginez. Izenak bakan batzuetan soilik egiten dio erreferentzia mitologiari edo elezaharrari; hain zuzen, trikuharri gehienak XIX. mendearen erdialdetik aurrera identifikatu ziren.

Euskal Herriko trikuharri esanguratsuenen kokapena

Trikuharriak kulturan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trikuharrien inguruko sinesmen eta elezaharrak Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriko trikuharri gehienak XIX. mendetik identifikatu dira. Hala ere, batzuk antzinatik ezagunak ziren. Azken horiei interpretazioa emateko hainbat sinesmen eta elezaharren leku izan ziren, sorgin, jentil, mairu eta altxor ezkutuen inguruan.[5] Hain zuzen, trikuharriari jentil-harri ere deitu izan zaio. Batzuetan elezahar horiek trikuharriaren izenean bertan ere islatzen dira: Sorginaren Txabola (Bilar), Sorginetxe (Arrizabalaga), Kapelamendi eta Eskalmendi[6] (Arratzua), Tartaloetxeta[7] (Zegaman), Urrezuloko Armura[8] (Ataunen), Bi Ahizpen Sepultura[9] (Aritzen), Mairietxe, Xuberazain-harri eta Malluxeko-harri (Mairuetxeko harri) (Mendiben), Xantxote-harria (Urepelen), Diruzulo, Jentillarri trikuharria (Aralarren), Urrezulko Armureako trikuharria (Idiazabalen).

Oso zabalduta egon da Euskal Herrian, bai eta Pirinio guztian ere, trikuharrietan urrea eta beste altxorrak lurperatuta zeudela.[10] Hori dela eta, historian maiz induskatu dira megalito horiek, eta horren ondorioz hainbat hondatu ere egin dituzte.[erreferentzia behar] Iberiar Penintsulako beste hainbat dolmenen inguruetan ere, trikuharriak mairuen etxe, kobazulo eta haien altxorren ezkutalekuak izan zirelako kondairak zabaldu dira.[11][12]

Batzuetan ehiztari eta artzainen arteko borroka-tokiekin eta nekazaritzaren eta kristautasunaren etorrerarekin lotuak izan dira. Hilobiak izan zirelako kondaira ere zabaldua dago, Berueteko Bi Ahizpen Sepultura izeneko trikuharrian bezala. Deigarria da, dena den, artzain eta baserritarren artean megalito horiek jendearen hilobiak zirelako ezaguera gaur egun arte heldu izana, kontuan harturik dirudienez badirela milaka edo ehunka urte ez direla horretarako erabili. Hala ere, hori ez dago gaur egun oso argi ere, zenbait aurkikuntzak erakusten dutenez hainbat lurperatze oso berriak baitira. Fenomeno berbera ikusi ahal izan da Asturiasko zenbait trikuharritan.[erreferentzia behar] Horrek argitu lezake zergatik heldu den gaur egun arte ezaguera hori: artzainen kulturak Erdi Aro arte behintzat hilobitzat erabili dituelako zenbait trikuharri, nahiz eta gutxi izan.[erreferentzia behar]


Stonehenge-ren kondaira

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Stonehenge eraikuntzarekin zerikusia duten mito eta kondaira asko daude. Hori dela eta, zenbait iritzi galdu egin dira denboran zehar, eta britainiar uhartetan (erromatarrak, feniziarrak, daniarrak... besteak beste) zapaldutako hainbat herriri eman zaie monumentu multzo hau, historikoki kontrastatu ezin izan bada ere. [13]

Izena ezaguna duten hainbat pertsonaren testigantza idatzita badaude, esate baterako Geoggrey Monmouth, San Aspah-eko apezpikua (1100-1154). Hark bere kroniketan aipatzen du jendearen usteak zioela monumentu multzoak harri bihurtutako erraldoien biribila adierazten duela. Horren eraginez “Erraldoien Dantza” izenaz ezagutzen zen antzina, baina gaur egun ezizena nekez erabiltzen da.

Galesko apaiz horri egozten zaio sinesmen bat jendarteratu izana, denbora batez indarrezko sinesmena izan zena eta monumentu megalitikoa Merlin magoarekin (Artur erregearen lagun eta babeslea) lotzen duena. Horrek ez du ezer arrarorik, Merlinen profeziak (1135 baino lehenago idatzia) eta Merlinen bizitza (1149 eta 1151 bitartean idatzia) liburuen idazlea baita. Liburu horiek magoaren bizitza eta gertaera fantastikoak kontatzen dituzte, non Stonehenge harriak Irlandatik Wiltshire-ko lautadetara eraman zirela baieztatzen den. Dirudienez, tramankulu batzuez lagunduta, bretoien hileta masiboaren oroitzapena egiteko asmoz eraiki zuten. Sinesmen hori, sarritan gertatzen denez, denborarekin deuseztatuz joan da, XIII. mendean guztiz ahaztuta geratu zen arte. Garai hartako eta ondorengo erreferentzia idatziak irakurtzeari esker, badago gaur egun horren iraunkortasuna.[14]


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Menon, Srikumar M.; Vahia, Mayank N.. (2011). Megalithic astronomy in South India. .
  2. (Ingelesez) Pozzi, Alberto. (2014). Megalithism: Sacred and Pagan Architecture in Prehistory. , 100 or..
  3. (Ingelesez) Holcombe, Charles. (2011). A History of East Asia: From the Origins of Civilization to the Twenty-First Century. Cambridge University Press ISBN 9780521515955. (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  4. Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).
  5. (Gaztelaniaz) Vegas Aramburu, José Ignacio. (1991). Atribución mágica de los dólmenes vascos y su posible explicación. .
  6. (Gaztelaniaz) «El dolmen hallado en Eskalmendi puede ser el mayor de Euskadi. Noticias de Alava» Noticias de Álava (Noiz kontsultatua: 2019-03-26).
  7. https://web.archive.org/web/20190326143816/http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/munibe/karta1990/040.pdf
  8. «URREZULOKO-ARMURA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2019-03-26).
  9. (Ingelesez) Berria.eus. «'Bi ahizpen sepultura'» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-03-26).
  10. (Gaztelaniaz) Gorostiaga, Juan. Dólmenes y sarcófagos misteriosos. .
  11. (Gaztelaniaz) Extremadura: Moros en la Costa (Dulce). 2012-05-23.
  12. (Gaztelaniaz) La piedra del tesoro. 2012-06-09.
  13. (Gaztelaniaz) «Traslado y elevación» www.nationalgeographic.com.es 2015-01-29 (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).
  14. «Mitos y Leyendas «Stonehenge, entre el mito y la realidad» por Ana Granados Venegas» www.gibralfaro.uma.es (Noiz kontsultatua: 2019-03-01).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]