Amerikar bisoi
Amerikar bisoi | |
---|---|
Pleistozeno Ertaina-gaur egun Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea
Adierazpen errorea: Ustekabeko < eragilea | |
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Carnivora |
Familia | Mustelidae |
Generoa | Neovison |
Espeziea | Neovison vison |
Azpibanaketa | |
| |
Banaketa mapa | |
eta | |
Datu orokorrak | |
Ernaldia | 55 egun |
Genomaren kokapena | ensembl.org… |
Amerikar bisoia (Neovison vison) Amerikan bizi den bisoi espeziea da. Euskal Herrian ere aurki daiteke bere larruaz baliatzeko ekarri baitzen duela 50 urte. Haztegietatik ihes egin eta ibaien inguruan eta aintziretan ezarri zen. Jatun amorratua da eta lehian jartzen da bertako bisoiarekin (iraungitze arriskuan jartzen) eta igarabarekin. Euskal Herriko Espezie Exotiko Inbaditzaileen Katalogoan (EEI) jasota dago. Jatorriz Ipar Ameriketakoa izanik, bere gogortasun eta malgutasun ekologikoak espeziearen hedapena ahalbidetu du; Asia, Europa eta Zelanda Berriko hainbat eremutan espezie inbaditzaile gogorrenetariko bat bilakatuz. Espeziea aloktonoa den ekosistemetan kalte ugari eragiten ari da. Nabarmenena, Bisoi Europarrari eragiten ari dion lehia interespezifikoa da, espezie autoktonoa bere banaketa eremu naturaletik kanporatuz.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tamaina ertaineko mustelidoa da, kolore marroi ilunekoa, ia beltza. Bere gorputza luzanga eta argala da, hanka labur eta mardulekin. Beheko ezpainean orban zuri bat du eta sabelalde zein izterrondoetan orban bat baino gehiago ere ager daitezke. Burua txiki samarra da eta belarri txiki eta biribilak ditu.
Ezpezie honek dimorfismo sexuala aurkezten du, tamaina eta pisuari dagokionez (Tamaina: emeak 300-370mm, arrak 330-450mm. Pisua: emeak 500-900g, arrak 800-1800g).
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bisoi Amerikarra, jatorriz, Ipar Amerikako espezie bat da; bere banaketa-area naturala Estatu Batuetako hegoaldetik Kanadaraino hedatzen delarik.
Halere, gaur egun, espeziea Europa, Asia ekialdea, Hego Amerika eta Zelanda Berriko eremu zabal batean finkatu da. Izan ere, XX. menedetik aurrera bisoi amerikarraren larruaren salmentarako, haztegi ugari zabaldu ziren atzerriko lurralde askotan. Ordundik aurrera, zenbait banakok haztegietatik ihes egin eta populazio basatiak garatu zituzten beren jatorrizko bizilekuetatik kanpo.
Europan etengabe hedatzen ari da espezie honen populazioa eta jadanik ia kontinente osoan zehar zabaldu da.
Penintsula Iberikoan hiru gune nagusitan bizi da: Galizia, erdialdea eta katalunia. Alabaina, guztira hamabi Autonomia Erkidegotan aurki daiteke (Kantabria, Euskal Herria, Nafarroa, Aragoi, Errioxa, Katalunia, Galizia, Gaztela eta Leon, Madril, Gaztela Mantxa, Extremadura eta Balentzia).
Euskal Herrian Bizkaia eta Araban ageri da. Bizkaian ia ibai guztietan dago ekialdeko herenean izan ezik. Araban Zadorra eta Baia ibai inguruetan bizi da. Gipuzkoan, berriz, ez da populazio egonkorrik aurkitu.
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ur-masa mota desberdinei lotutako espeziea izanik; ibai zein erreka, laku, urtegi, aintzira edo paduretan bizi daiteke. Halaber, Kostaldean ere egeri ohi da. Orokorrean, landare estaldura oparoko eremuak gustoko ditu baina baita eremu arrokatsuak ere; bi kasuetan, gordelekuak aurkitzeko aukera zabalagoa baita. Gordelekuak ur masetatik oso hurbil kokatzen dira, ertzeetan batez ere. Hala ere, esan beharra dago, gehienak beste animaliengandik prestatu eta atondutako gordelekuak direla, bisoi amerikarrak lurrean zuloak egiteko gaitasunik ez baitu.
Populazio egonkorrenak 1500m-tatik gora aurkitu dira.
Kasu batzuetan hiri inguruetan eta eremu artifizializatuetan ere aurkitu izan da, ur-masetatik hurbil.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bisoi Amerikarra harrapari oportunista da eta denetatik jaten du. Bere dieta ornogabe ugari (intsektuak, krustazeoak, moluskuak), arrain, narrasti, hegazti eta ugaztunez (mikrougaztunak, logomorfoak) osatuta dago. Noizean behin fruituak jaten ditu eta sarraskiari ere ez dio muzin egiten.
Ugalketa eta ontogenia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamar hilabeterekin iristen dira helduarora. Ugalketa garaia martxoan hasten da eta lau bat aste iraun dezake. Erditzeak apirilaren amaiera eta maiatza bitartean gertatzen dira eta, batez beste, umealdi bakoitzeko bost edo sei kume jaiotzen dira.
Bisoi Amerikarrak, obulua uteroan ezartzeko prozesua baldintza egokienak izan arte atzeratzeko mekanismoa du. Behin obulua uteroan ezarrita, ernaldiak 39 egun irauten ditu.
Bizimodua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bisoi amerikarra egunez begiztatzea ez da gauza arraroa baina batez ere ilunabarrez eta gauez aritzen da. Animalia bakartia da. Ibaien luzapena jarraituz, arrek, 1-6 km-ko eremuak babesten dituzte. Sexu berekoak lurrarengaitik borrokatzen dira; eme eta arren artean, ordea, malgutasun handiagoa antzematen da lurraldea partekatzerako orduan. Lurraldekoitasuna guruin-jariakin eta gorotzen bidez adierazten dute.
Bizi-itxaropena gatibutasunean 10 urtekoa da eta askatasunean 6 urte inguru.
Espezieen arteko elkarrekintzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere harrapari nagusien artean hainbat ugaztun eta hegazti daude, azeri gorria (Vulpes vulpes), igaraba (Lutra lutra) eta hontz handia (Bubo bubo) besteak beste. Alabaina, harrapari hauek ez dute eragin nabarmenik espezie honen populazioengan.
Bisoi Amerikarra espezie aloktonoa izanik, hainbat aldaketa eta efektu kaltegarri eragiten ari da jatorriz bereak ez diren ekosistemetan. Izatez, espezie inbaditzaile garrantzitsu eta kexkagarrienetariko bat da.
Harrapari exotiko gisa, lokalki zenbait espezieren populazioak murrizten ari da, desagarterazteko arriskua handituz. Harrapakin hauetako asko espezie babestuak dira, Ibai-karramarroa (Austropotamobius pallipes) eta Desman iberikoa (Galemys pyrenaicus) adibidez.
Honetaz gain, bere antzeko espezie harrapari erdi-urtar autoktonoekin lehian dago. Lehia honen ondorioz, eta batez ere, Bisoi amerikarra eramailea den Aleutiana gaixotasuna dela eta, espezie autoktonoen populazioak kaltetuak ikusi dira. Ipurtats, Igaraba eta Bisoi Europearrak, bisoi amerikarrak ez bezala, ez dute Aleuteriarekiko erresistentziarik garatu, ez baitira gaixotasun amerikar horrekin inoiz kontaktuan egon.
Bereziki aipagarria da, XX. mendetik europar bisoiaren (Mustela lutreola) populazioen egoeran izan duen eragina. Izan ere, Bisoi Amerikarra espezie autoktonoaren jaitsieraren kausa nagusietariko bat bilakatu da. Bi espezieek zoko-ekologiko bera erabiltzen dute eta lehia horretan, bisoi amerikarrak europearra bere habitatetik kanpo uzten du. Bere tamaina, agresibitate, malgutasun ekologiko eta ugaltzeko gaitasun handiagoa dela eta, Bisoi Amerikarrak espezie autoktonoari aise hartu dio aurre.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat EuskalNatura.eus webgunetik hartu da, copyrightaren jabeak onartu baitu hango testu-edukiak Euskarazko Wikipedian CC BY-SA 3.0 ES Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratzea, baldin eta iturria aipatzen bada (ikusi eztabaida orria).