Edukira joan

Mugimendu modernoa

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Arrazionalismo (arkitektura)» orritik birbideratua)

Donostiako Klub Nautikoa, Jose Manuel Aizpurua eta Labaien arkitektoena
Bauhaus Dessau eskola, Walter Gropius arkitektoarena.

Mugimendu modernoa Europan Lehen Mundu Gerraren ostean sortu zen arkitektura mugimendua da. Nazioarteko estiloa ere deitu izan zaio, batez ere herrialde anglosaxoietan, edo Arrazionalismoa edo arkitektura arrazionalista, batez ere Espainian. 1920 ondoko hamarraldian, Alemanian sortu zen pentsamolde- eta ikerketa-joera izendatzen du, Europa osora lehenik eta mundura ondoren hedatu zena.

Weimarren, Bauhaus eskola (1919) sortu zen garaian, arkitektura-proiektuaren eta produkzio industrialaren arteko harremanak azpimarratzen zituen Walter Gropiusek, artea ez baitzen jadanik ulertzen balio historikoen metaketa gisa. Mende-hasierako arkitekto eraginkorrenak, Gropius, Mies van der Rohe eta Le Corbusier, bat zetozen arrazionalismoaren oinarrizko ideietan, alegia, industrializazioak, modu arrazionalez erabiliz gero, gizarte-injustiziatik askatuko zituela herriak. Arrazionalismoaren ideologia optimista hori –azken finean, kapitalismoaren garatzeko beharra interpretatzen zuena–, laster identifikatu zen arkitektura modernoarekin.

Arrazionalismoa oso azkar zabaldu zen Europa osoan, erakusketa eta lehiaketa bitartez, besteak beste; eta laster bihurtu zen kapitalismoaren bilakaeraren arkitektura-hizkuntza. Eta, kapitalismoa nazio gaineko egituretan zabaltzen hasi zen bezala, era berean arrazionalismoak ere nazioarteko zabalkundea eta itxura hartu zituen. Espainian, Fernando García Mercadal arkitekto zaragozarra, Frankfurteko (1929) eta Bruselako biltzarretan (1930) parte hartu zuena, izan zen mugimendu honen aitzindaria, Martín Domínguez donostiar arkitektoaren laguntzarekin; izan ere, Le Corbusierrekin ikasia zen Domínguez.

Europa osora zabaldu ondoren, baita Sobietar Batasunera ere, Bigarren Mundu Gerra baino lehentxeago, Estatu Batuetara heldu zen arrazionalismoa, faxismoak eta nazismoak Europatik erbestera joandako arkitektoek eramanda. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, ordea, eta proposamen eta hizkuntza berria zen heinean, ahitu egin zen arrazionalismoa: estilo huts bihurtu zen, errepikatzen zen formula besterik ez, eta orduantxe lortu zuen mundu osora zabaltzea.

Printzipio intelektualak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazionalismoaren printzipio intelektualak, arkitektura zaharreko teorian oinarritzen dira. Vitruviok jada adierazia zuen bere De Architectura lanean, arkitektura zientzia bat dela, eta arrazionalki uler daitekeela. Planteamendu hori Pizkundeko tratatuetan jaso eta sakondu egin zen. XVIII. mendeko teoriek aurre egin zioten Barrokoko edertasunkeriari, egia eta arrazoiaren edertasun klasikoaz.

XX. mendeko arrazionalismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendeko arrazionalismoa ez da horrenbeste lan teoriko bateratu baten eratorria. Beste uste batetik eratortzen da, ordea: mundu errealeko arazo askotarikoak arrazoiaz ebatz daitezkeelako sinesmenetik. Alde horretatik, historizismoaren aurkako erreakzio bat da, eta Art Nouveau eta espresionismoarekiko kontraste handia da.

Arkitektura arrazionalista Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1930 ondoko hamarraldian aurreko garaietako apaingarrien oparotasunaren kontrako erreakzio bat gertatu zen euskal arkitekturan, joera modernoak, arrazionalismoa bereziki, beretu zituzten arkitektoen bultzadaz. Eraikuntza berriek irudi garbia, soila, erakusten zuten; haien edertasuna bolumenen definizio soil eta gardenean zegoen, masen jokoan, materialen kontrastean.

Donostiako Klub Nautikoaren eraikina. Estetika ikusgarria du, Le Corbusierren estiloan oinarritua, badian ainguraturiko itsasontzi bat itxuratzen duela. Aizpurua eta Labaien arkitektoen lana da.
Donostiako Klub Nautikoaren eraikinaren beste ikuspegi bat. Estetika ikusgarria du, Le Corbusierren estiloan oinarritua, badian ainguraturiko itsasontzi bat itxuratzen duela. Aizpurua eta Labaien arkitektoen lana da.

Egoera historiko berriak, eta nazioarteko arte modernoak, eragin handia izan zuten Euskal Herriko arkitekturan 1930. urte inguruan. Goian aipaturiko Martín Domínguezek hitzaldi-sail bat antolatu zuen Bilbon 1928an; abangoardiei buruz mintzatu ziren han Sánchez Arcas, Luis Lacasa eta García Mercadal. Honela zioen Mercadalek hango saio batean: “arkitektura-ikusmolde orok, ezer mereziko badu, ikusmolde soziala ere berekin du… Munduko Neguri guztiak daude, egon, mehatxu bikoitz baten pean. Badirudi estetika berri batek eta ordena sozial batek mehatxatzen dituztela”. Abangoardiari buruzko interesa handia zela Euskal Herrian garbi adierazten du Bauhauseko sortzaileak, W. Gropiusek, arkitekturaren irakaskuntzaz eta funtzioaz mintzatzeko 1930ean Bilboko Carltonen eman zuen hitzaldiak. Urte horretan bertan, Gipuzkoako Ateneoak arkitektura eta pintura modernoko erakusketa bat antolatu zuen Kasinoan; arkitekto arrazionalista handiek hartu zuten parte hartan, hala nola García Mercadal, Churruca, Aizpurua eta Labayenek. Azken bi horiek, donostiarrak biak, Vallejo bizkaitarrarekin batera, izan ziren Espainiako GATEPAC arkitektura modernoko elkartea sortu zuten euskal herritar arkitektoak, talde katalan eta madrildarrekin batera. Era horretan areagotu zen abangoardia arrazionalistak Euskal Herrian zuen garrantzia. Mugimendu horren aitzindari nagusia donostiar bat izan zen, José Manuel Aizpurua; zoritxarrez, ordea, oso lan gutxi egin ahal izan zuen, gerran hil baitzuten 32 urte besterik ez zuela. Beste arkitekto handi bat izan zuen lankide, Joaquín Labaien.

Bulego bat zuten biek, Donostiako Prim kalean, fatxada modu abangoardistaz apaindu zutena. Aizpuruaren arrazionalismoa, Le Corbusierren pentsamoldeari jarraiki, Ibarreko eskoletan ageri da batez ere: pilote gainean dago eraikia, aterpeduna izan dadin jolaslekua; aipagarriak dira orobat bere soiltasun arrazionalistagatik, Donostian, Madril Kafetegia, Yacaré Cluba eta Sacha aretoa, zoritxarrez desagertuak hirurak. Nolanahi ere, Aizpuruaren lan garrantzitsuena eta ezagunena, hau ere Labaienekin lankidetzan egina, Donostiako Klub Nautikoa da (1929). Nautikoa da, izan ere, orduan “arkitektura moderno” zeritzanaren adibide argienetako bat, arkitektura hark erreferentzia nagusietako batzuk itsas eraikuntzan baitzituen.

Eraikin horren kokalekua, itsasbazterrean ainguratutako itsasontzi bat dirudiela, ezin hobea zen arrazionalismoaren ezaugarriak gauzatzeko: lerro horizontalak, terraza mailakatuak, leiho jarraitua, hegalak, forma biribilduak, etab.

Donostian badira beste eraikin batzuk ere ezaugarri horien arabera eginak; interesgarrienetako bat Kontserbatorioaren egoitza da (1931), J. R. Aldairena; ideia klasikozale baten barnean, oso argi ageri ditu honek ere lehen aipatutako ezaugarri arrazionalistak.

Aipagarri dira orobat ere La Equitativako etxea (Fernando Arzadún, 1933), eta Gros eta Ondarreta aldeko beste zenbait eraikin.

Araban bada eraikuntza arrazionalista bat garrantzi handikoa, Lezako Erietxe Antituberkulosoa, 1935ean Pablo Zabalo donostiar arkitektoak bukatua. Kutxa laukizuzen baten forma du, batere apaingarririk gabe, eta hegoalderantz dago osorik begira, eguzkia zuzenean sar dadin.

Beti ere Bauhausen eta Le Corbusierren helburuei jarraiki, guztiz funtzionala gertatzen da, terraza bakandu eta babestuen bitartez haize garbia eta eguzkia erosotasunez eskaintzen baitzien gaixoei.

Gasteizen, bestalde, aipagarriak dira José Luis de Uralde arkitektoa, besteak beste Goyako gasolindegia eta San Antonio kaleko etxebizitza-sail bat egin zituena, eta Enrique Guinea, kale horretan bertan hainbat eraikuntza diseinatu zituena. Nolanahi dela ere, arrazionalismoak ez zuen oihartzun handirik izan Gasteizen, hiriburuaren hazkundea eten egin baitzen gerra zibilaren aurreko urteetan.

Bizkaian ere bada erietxe arrazionalista bat, Gorlizkoa (Mario Camiña, 1910-1919). Baina Bizkaiko arkitekto arrazionalista nagusiak Teodoro Anasagasti eta Secundino Zuazo dira. Anasagastik teorialari gisa lan handia egin zuen, ideia berriak zabalduz, eta hormigoiaren teknika bultzatu zuen batez ere; Euskal Herritik kanpo lan asko egin zuen zuen arren, bere jaioterrian, Bermeon, San Jose ikastetxea (1909), Itsasoko eskola (1917), eta beste eraikin batzuk egin zituen.

Zuazok, berriz, Bilbon egin zituen lan garrantzitsuenak, Bilboko postaetxea adibidez (1927). Bermeotarrak ziren halaber Pedro de Ispizua eta Fernando Arzadún, Donostiako La Equitativaren egilea; lehenak, besteak beste, Bilboko Luis Briñas eskolak eta Bermeoko batzokia (1933) egin zituen; bigarrenak, Bermeoko “Kikunbera” etxea du ezagunena. Bilboko arrazionalismoan Luis Vallejo eta Juan de Madariaga ere aipagarriak dira; bien artean egin zuten Bilboko S.S.L.ren eraikuntza.

Madariagarenak dira, bestalde, Tomás Meabe eskolak (1933).

Lan garrantzitsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudi-galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]