Antzerki epiko
Antzerki epikoa (alemanez: episches Theater) XX. mendearen lehen erdialdean Alemanian sortutako antzerki-mugimendua da. Bertolt Brecht antzerkigile alemanaren lanei eta teoriei loturik da bereziki ezagun, baina haren aurrekariak eta ondorengoak ere kontuan hartu beharrekoak dira hartaz aritzean; aipagarrienak Max Reinhardt and Erwin Piscator. Antzerki epikoak berezkoa du izaera politikoa, Lehenengo Mundu Gerra osteko egoera politikoari zuzenki erantzuteko sortu baitzen, hain zuzen, eta izaera politiko hari zor dizkio antzerkigintzari buruz eginiko teoriak eta hari eginiko ekarpenak.
Antzerki epikoak denboraren, lekuaren eta ekintzaren unitate aristotelikoekin apurtu zuen, baita antzerki errealistaren konbentzioekin ere. Antzerki epikoaren helburu nagusienetako bat istorioa modu sinple batean kontatzea da eta, hala, publikoari oholtzan ikusitako gertakariek izan ditzaketen ondorioen gainean pentsaraztea. Horretarako, langile-klasearentzat ulergarriak eta identifikagarriak ziren antzezlanak bilatzen zituzten.[1]
Mugimenduaren izaera “epikoa” urrun dago heroikoaren baliokide izatetik –hain zuzen ere, Brechten antzerkian ukatu egiten da heroi klasikoaren figura–; “epiko” hitzak genero-bereizketa aristoteldarrari egiten dio erreferentzia: Brecht eta enparauek antzerki epikoa (edo narratiboa) bilatzen zuten –denbora jakin bati ez datxekiona–, dramatikoa beharrean. Kontzeptuak sortzen zuen anbiguetatea zela-eta, Brechtek antzerki dialektikoa ere deitu izan zion azken urteetan, baina ez zen epikoa izena bezain ezaguna egin.[2]
Brechtek bere antzerkigintza teorizatzerakoan, honela azaltzen zituen bere nahiak:
« | Behar dugun antzerki motak ez ditu soilik ekintza gertatzen den giza harremanen eremu historiko jakin batean posible diren sentimenduak, iritziak eta bulkadak sorraraziko, baizik eta iritzi eta sentimendu horiek erabiliko eta bultzatuko ditu eremu hori bera aldaraztera. | » |
Bertolt Brecht, Organum labur bat antzerkiarentzat[3] |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo Mundu Gerraren amaierak etsipen-giroa sortu zuen Alemanian. Gerra galdua zuen, eta horrek eragindako egoera psikologikoak espazio berri bat zabaldu zuen, non sortu baitzen espresionismoa. Espresionistek espazio estetiko berri bat sortu zuten eta gerraosteko Alemanian sentimendu patriotikoa indartzen lagundu zuten. Garai bertsuan ikusi zuen argia Feuchtwangerren Thomas Wendtek, zeinak poeta lider iraultzaile gisara irudikatzen baitu eta bat-bateko eragina izan baitzuen Brechtengan. Garai hartan, ordea, antzezlanetarako publikoa langile-mugimendutik zetorren eta hark ere arestian aipaturikoak besteko eragina izan zuen antzerki epikoan. Langile-mugimenduak urteetan antolatu izan zituen hezkuntza-programen barruan, commedia dell’arte modu bat egon ohi zen. Langileak, lerro gutxiko gidoi laburrekin, autobus-geltokietako eta okindegietako lerroetan edo jende-multzoen inguruan jarri ohi ziren eta arazo sozial jakinei aurre egiteko beharra aldarrikatzen zuten. Lan labur formalago batzuk ere antzeztu ohi ziren langileen bilera ohikoetan. Langile-antzerkia sortu zen mugimendu hartatik guztitik, zeinak Brechten antzerkigintzaren aurrekari zuzena zen Erwin Piscator baitzuen buru.[4]
Lehenengo Mundu Gerran mediku aritu izanak, eta garai hartan ikusitako gertakariek eragin nabarmena izan zuten Brecht gaztearengan. Orduan sortu zitzaion patriotismo itsuari eta sistema kapitalistari zion gorrotoa, eta langile-mugimendura eta marxismora hurbildu zen. Brechtek zutabetzat hartu zituen materialismo dialektikoa eta klaseen arteko egiturazko borroka, zeina gaindituko baitu langileriak eta handik garaile atera. Marxismotik ikasi zuen, halaber, gizakia bere patua aktiboki aldatzeko gai dela, eta alde horretatik dago antzerki epikoa naturalismoaren, errealismoaren eta baita Absurdoaren Antzerkiarengandik urrun. Marxismoak dio kausa, ondorio eta harreman historiko guztiak prozesu dinamikoak direla eta, hortaz, alda daitezkeela.[5] Brechtek ideia hau ere bereganatu zuen:
« | [Gure antzerkiaren] Jarrera kritikoa da. Errekaren aurrean, erreka erregulatzean datza; fruitu-arbola baten aurrean, hura ureztatzean; mugimendu baten aurrean, ibilgailuak eta hegazkinak eraikitzean datza; eta gizartearen aurrean, hura hankaz gora ipintzean. Gure bizitza sozialen errepresentazioak errekak igarotzen dituztenentzat dira, fruitu-biltzaileentzat, ibilgailu- eta hegazkin-eraikitzaileentzat eta gizartea hankaz gora jartzen dutenentzat, eta denei luzatzen diegu gure antzokietara etortzeko gonbita eta eskatzen diegu ez ditzatela euren ogibideak ahaztu guk mundua haien buru-bihotzetara eramaten diegunean, haiek komeni zaien eran alda dezaten. | » |
Bertolt Brecht, Organum labur bat antzerkiarentzat[3] |
Brechtek dialektika marxista erabili zuen testuan egitura eta forma bateratu eta integratu bat sortzeko. Hain zuzen ere, Brechtek ez zuen edukiaren eta formaren edo egituraren arteko bereizketarik egiten, batak bestea determinatzen zuela uste baitzuen; horregatik, Brechten izaera politikoa haren lanen forman eta egituran datza, batez ere. Halaber, dialektika marxistan oin hartuta, ezein ilusio-modu baztertu nahi izan zuen Brechtek, zeina antzerki aristoteldarrean ikusten baitzuen. Ilusioa eragingo zuen antzerkiaren kontrara, Brechtek izaera didaktikoa eman nahi izan zien bere lanei.[5]
Teknikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzerki epikoak hasieratik apurtu zuen edukiaren eta formaren arteko bereizketarekin. Brechtek eduki berriak kontatzeko nahiak behartuta teorizatu zituen bere antzerkigintzaren berrikuntza teknikoak.
Verfremdungseffekt
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Verfremdungseffekt, urruntze-efektua edo alienazio-efektua –soilik V-effekt gisa ere ezaguna– Brechtek egin zuen ezagun bere teorien bitartez, eta antzerki epikoaren teknika garrantzitsuenetako bat da.
Idazketa- eta antzezpen-teknika honek egunerokoa harrigarri bihurtu nahi du, eta, hala, publikoari antzezlaneko gertakari bakoitzari buruz pentsarazi, haiek ordena natural baten baitan ulertarazi baino. Sistema sozialaren injustiziak, desorekak eta korrupzioak, ohiko gertakari gisa beharrean, antzezlanetan gertakari arbitrario gisa erakustean, antzerki epikoak haiek irauli eta alda daitezkeela erakutsi nahi du.[6] Brechtek berak azaldu zuen bere Organum labur bat antzerkiarentzat lanean: “Alienazioa bilatzen duen antzezpenak bere gaiaz jabetzea ahalbidetzen digu, baina, era berean, ezohikoa balitz bezala erakusten digu”. Eta horrek helburu argia du, “sozialki kondizionatutako fenomenoak beren izaera familiarretik askatzea, zeinak esku-hartzea galarazten baitigu”.[3]
Hasierako lanetan, Brechtek ez zuen bere produkzioan publikoari emozionalki eragiterik bilatzen. Beranduagoko lanetan hori aldatu egin zuen, ordea: ohartu zen ez dela posiblea pentsamendu kritikoa piztea erantzun emozionalik bilatu gabe.
Historizazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzerki epikoak antzezlaneko gertakari bakoitza bere horretan ulertu ahal izatea bilatzen du haiek urrunduz edo alienatuz, eta, horretarako, iraganeko gertakariak kontatzea hobestu izan du sarri.[7]
Historizazioaren teknika alienazio-teknika gisa erabiltzen da antzerki epikoan. Historizazioak, iragana eta oraina alderatzearen bitartez, gertakarien izaera historikoa eta, ondorioz, aldagarria erakutsi nahi du; esan nahi baita, antzeztutako gertakari bakoitza egoera historiko jakin baten erantzun zehatz gisa erakutsi nahi da antzerki epikoan.[6] Publikoa gai izan behar da ikusteko bere egoera ez dela iraganeko bera, eta iragana irakasgai gisa ikusi behar luke, gizartea hobera aldatzeko aukera gisa.[5]
Brechtek bere Mutter Courage und ihre Kinder antzezlanean, esaterako, egoera historikoen eta garaikideen arteko konparazioa egiten du: antzezlana XVII. mendeko Hogeita Hamar Urteko Gerran kokatuta, gerra hura sorrarazi zuten kondizio materialen inguruan historikoki pentsatzera bultzatu nahi izan zuen publikoa.[6]
Antzerki dramatikoaren eta epikoaren arteko aldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizio aristoteldarreko antzerki dramatikoari ilusioa eragitea egotzita, harekin apurtu zuen Brechtek. Taula honek adierazten ditu bien arteko aldeak.[5]
Antzerki dramatikoa | Antzerki epikoa |
---|---|
Trama | Narrazioa |
Ikuslea antzeztutakoaren baitan | Ikuslea begirale bihurtu |
Ekintzarako gaitasuna agortu | Ekintzarako gaitasuna piztu |
Sentipenak eman | Erabakiak hartzera behartu |
Esperientzia | Munduaren irudia |
Ikuslea zerbaiten baitan | Ikuslea zerbaitekin parez pare |
Senezko sentipenak mantendu | Errekonozimendua bilatu |
Ikusleak esperientzia partekatzen du | Ikuslea kanpoan kokatzen du |
Gizakia jakintzat ematen da | Gizakia aztertzen da |
Gizakia izate aldagaitz gisa | Gizakia izate gisa aldagarria eta aldatzeko gai da |
Amaierak garrantzia | Garapenak garrantzia |
Eszenen interdependentzia | Eszenen independentzia |
Eszenen hazkundea | Eszenen pilaketa |
Gizakia izate estatiko gisa | Gizakia prozesu gisa |
Pentsamenduak izatea determinatzen du | Izate sozialek pentsamendua determinatzen dute |
Sentimendua | Arrazoia |
Euskarari ekarritako antzerki epikoa[8]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Brecht, B. Bertolt Brechten teatro hautatua (Hiria, 2009) (itzul.: Mario Onaindia).
- Brecht, B. Kaukasiar kreazko borobila (Artezblai, 2006) (itzul.: Itxaro Borda).
- Brecht, B. Galileoren bizitza (Egan, 2004) (itzul.: Miren Billelabeitia).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Epic Theatre and Brecht. Mother Courage and Her Children and The Caucasian Chalk Circle. https://www.ru.ac.za/media/rhodesuniversity/content/facultyofeducation/creativearts/documents/Epic%20Theatre%20and%20Brecht.pdf[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Levy -Daniel, H. (2003). Teoría del teatro épico: elementos para pensar una poética. Nota I. Los Rabdomantes, 3 (3). pp. 61-75. ISSN 1666-0854 https://es.wikibooks.org/wiki/Teatro_e_Interpretaci%C3%B3n/Teatro_%C3%89pico
- ↑ a b c Brecht, B. (1949). A Short Organum for the Theatre. https://web.archive.org/web/20171215105054/http://www.tenstakonsthall.se/uploads/139-Brecht_A_Short_Organum_for_the_Theatre.pdf
- ↑ Lewis, A. (1971). The Contemporary Theatre. The Significant Playwrights of Our Time. New York: Crown Publishers.
- ↑ a b c d Epic Theatre and Brecht. Mother Courage and Her Children and The Caucasian Chalk Circle. https://www.ru.ac.za/media/rhodesuniversity/content/facultyofeducation/creativearts/documents/Epic%20Theatre%20and%20Brecht.pdf[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c Gordon, R. (2017). Brecht, interruptions and epic theatre. https://web.archive.org/web/20220809111642/http://www.bl.uk/20th-century-literature/articles/brecht-interruptions-and-epic-theatre
- ↑ Benjamin, W. (1998). What is Epic Theatre? (Second Version). In Understanding Brecht (15-23. or.). Londres, New York: Verso.
- ↑ Bertolt Brecht Armiarmako Euskarari Ekarriak sailean. «euskarari ekarriak» ekarriak.armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-05).
Iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Benjamin, W. (1966). Understanding Brecht. (ed. 1998). Londres, New York: Verso. ISBN 1-85984-418-9
- Brecht, B. (1949). A Short Organum for the Theatre. https://web.archive.org/web/20171215105054/http://www.tenstakonsthall.se/uploads/139-Brecht_A_Short_Organum_for_the_Theatre.pdf
- Brecht, B. (2004). Escritos sobre teatro. Bartzelona: Alba Editorial. {{ISBN|9-78848428-212-9}}
- Gordon, R. (2017). Brecht, interruptions and epic theatre. Londres: The British Library. https://web.archive.org/web/20220809111642/http://www.bl.uk/20th-century-literature/articles/brecht-interruptions-and-epic-theatre
- Levy-Daniel, H. (2003). Theoría del teatro épico: elementos para pensar una poética. Nota I. Los Rabdomantes, 3 (3). 61-75 or. ISSN 1666-0854 https://es.wikibooks.org/wiki/Teatro_e_Interpretaci%C3%B3n/Teatro_%C3%89pico
- Lewis, A. (1971). The Epic Theatre – Bertolt Brecht. In The Contemporary Theatre. The Significant Playwrights of Our Time. (218-242 or.). New York: Crown Publishers.
- Willet, J. (1959). The Theatre of Bertolt Brecht. London: University Paperbacks.