Edukira joan

Serge Smulevic

Wikipedia, Entziklopedia askea
Serge Smulevic
Bizitza
JaiotzaVarsovia1921eko apirilaren 6a
Herrialdea Polonia
 Frantzia
HeriotzaAngelu2010eko otsailaren 15a (88 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakkarikaturagilea
Izengoitia(k)Georges Dupayard
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioajudaismoa

Serge Smulevic[1] (Varsovia, 1921eko apirilaren 6a[2] - Angelu, 2010eko otsailaren 15a) nazien kontrako erresistentziako kide judua izan zen. Oświęcim / Auschwitzeko sarraski-esparruan egon eta Akitanian[3] bizirik geratu den azkena izan da. 2010ean hil zenean oraindik zuen besoan grabatutako eremuan egokitu zitzaion zenbakia: 169922.

Varsovian jaioa, bere gurasoen familiak giro erlijiosoko juduak ziren.

1923an Lorrenara lekualdatu ziren, lehen Klän Rosslera[4] eta gero Diddenuewenera[5] 1925ean.

Diddenuewengo lizeoan ikasi eta gero Estrasburgoko (Alsazia) Arte Ederretako Eskolan egon zen 1935etik 1939ra.

Gerra garaia hurbiltzen ari zela eta familia Vichyra mugitu zen; lehen momentuetan ez zen arazo larririk egon baina 1941ean juduen kontrako jazarpena hasi zenez Dordoinara joan ziren. Lanik izan ez zuen denboran juduak biltzen zituzten esparru batean egon zen. Behin naziak familiaren etxera joan ziren eta berak ihes egin zuen.

1942ko urrian sartu zen nazien kontrako erresistentzian Grenoblen, FTPn[6]. 1943an Nizara bidali zuten eta hor erresistenteen sarean infiltratutako andre baten salaketagatik atxilotu zuten abuztuaren 24an; abenduaren 3an Paris aldeko Drancyko esparrurantz bidali zuten.

Hiru egun oso gogor iraun zuen bidaiaren ostean abenduaren 20an "Monowitz" edo "Auschwitz III" esparrura heldu zen. Bertan Buna lantegian ibili zen behartutako lanean, Primo Leviren eraikin berean. Hogei hilabete hor egon eta gero 1945eko urtarrilaren 18an 9.000 bat preso mugiarazi zituzten Alemaniarantz. Gleiwitzeko esparruan egon zen eta apirilaren 29an Dachaukoan zegoela AEBetako tropek liberatu zituzten; orduan 38 kg pisatzen zuen.

1947an Bruselara joan zen lan eta bizi izatera; bertan ezkondu zen eta hiru seme-alaba izan zituzten. Karikaturagile moduan Le Soir, La Libre Belgique eta beste agerkari batzuetan aritu zen eta diskoetarako azalak marraztu zituen.

1979an itzuli zen frantses estatura.

Nurenbergeko epaiketetan eta Maurice Paponen kontrakoan kolaboratu zuen. 2009an Mémoire & Vigilance, association Serge Smulevic izeneko elkartea sortu zen; bera ohorezko presidentea izan da.

Familia sarraskitua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere aitaren hiru neba-arrebak eta beren familiak deportatu eta hil egin zituzten, Paris zein Bruselatik.

Bere amaren partetiko aitona-amonak Varsoviako ghettoan hil zituzten. Amaren lau neba-arreba eta beren familiak ere deportatu eta hil zituzten, Varsovia eta Holandatik; oro har 17 lagun.

Gurasoak salbatu egin ziren; gerran Suitzara joan ziren. Zenbait urtez berriro Diddenuewenen bizi eta gero 1979an Belfortera; hortxe hil ziren 1982 eta 1983an.

Smulevic Angelun bizi izan da 1989tik hil arte. 1997an Steven Spielbergek burutu zuen testigantza bilketan parte hartu zuen.

2005ean sarraski-esparruen liberazioaren 60. urteurrena bete zenez bai TF1ek bai France 3k elkarrizketa luzeak egin zizkioten. Urte horretatik hil arte[7] oso aktiboa izan da bere bizitzaren nondik-norakoak kontatzen; bere Angeluko etxean ikasle-taldeak hartzen zituen eta interneten webgune bat martxan jarri zuen.

2008ko apirilaren 27an Angeluko "Ohorezko Hiritar" izendatu zuten[8]. Herriko Etxeko Anglet magazine aldizkariak elkarrizketa bat egin zion bere 94. alean (2008ko abendua-2009ko urtarrila, 30-31. or.)[9].

2010eko apirilaren 8tik 25era Lapurdiko hiri honetako Beatrix Enean bere marrazkien erakusketa antolatu da, Zoran Music eta Jean-Louis Pocheurenekin batera[10].

Marrazki eta poemak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berak bizi izandakoan oinarritutako marrazkiak egin zituen. Myriam bere alaba txikia margolaria da; bere izen artistikoa Sala[11] da; aitaren historia ezagutarazten lagundu du.

Poemak ere egin zituen bere esperientziez[12].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Horrela idatzi zuen bere izena zenbait urtez; agiriren batean Salomon Szmulewicz ere ageri da.
  2. Agiri ofizialek apirilaren 20a dakarte, aitak beranduago inskribatu zuelako.
  3. Seguru asko Euskal Herriko azkena ere izan da.
  4. Lorrenako Platt hizkuntzan; frantsesez Petite-Rosselle.
  5. Frantsesez Thionville.
  6. Francs-tireurs et partisans Frantziako Alderdi Komunistak sortutako taldeak izan ziren.
  7. Bere heriotzaren berri Angeluko Herriko Etxeko webgunean.
  8. Berria eitb.comen.
  9. Aldizkari hori[Betiko hautsitako esteka] pdf.n.
  10. Berria[Betiko hautsitako esteka] Anglet Scope hiriko agenda kulturalean.
  11. Serge eta Salaren marrazkiak.
  12. Olerkiak irakurgai.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]