Palestinarren mugimendu askatasuna
Israelek palestinarren mugimendu askatasuna murriztu egiten du Palestinar Lurralde Okupatuetan, eta hori Israel-Palestina gatazkaren arazoetako bat da. B'Tselem erakundearen arabera, Sei Egunako Gerraren ondoren, lurralde okupatuak militarki itxi egin ziren. 1972an, bertako biztanleei irteera-baimen orokorrak eman zitzaizkien askatasunez Zisjordania, Israel eta Gazako Zerrendaren artean mugitzeko. Lehenengo Intifadaren ondoren, 1991n, baimen orokorrak baliogabetu egin ziren eta biztanleek bakarkako irteera-baimenak lortu behar izan zituzten.
1990eko hamarkadaren erdialdean, Osloko Akordioak sinatu eta Zisjordania eta Gazako Zerrenda hiru administrazio-dibisiotan banatu zirenean, ia ez zen aldaketarik izan murrizketa horietan. Bigarren Intifadaren leherketaren ondorengo lurraldearen itxieraren ondorioz, ia erabat debekatu ziren palestinarrak Israelera eta Zisjordania eta Gazako Zerrendaren arteko joan-etorriak. Beranduago, Israelek egoera jakin batzuetan (osasun-tratamenduak, merkataritza eta bestelako beharrak) palestinarrak bertara joatea baimendu zuen, eta langile gutxi batzuk baimena jaso zuten Israelen lan egiteko. Gaur egun, Israelek batzuetan haren mugak ixten eta bidai-baimenak baliogabetzen jarraitzen du. Israelek dioenez, murrizketak beharrezkoak dira Israelen eta Israelen kontrolpe zuzenean dauden Palestinako lurraldeetan bizi diren israeldarrak babesteko.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1967ko Sei Eguneko Gerraren ondoren, Israelek Zisjordania eta Gazako zerrenda militarki itxi zituen. 1972an, irteera-baimen orokorrak igortzen hasi zen; horiei esker, Zisjordanian eta Gazako zerrendan bizi zirenek muga askatasun osoz gurutza zezaketen, eta baita lurralde batetik bestera joan ere. Israelera bidaiatzeko baimena bazeukaten, gainera; honen barne zegoen Ekialdeko Jerusalem. Hala ere, palestinarrek ezin zuten goizeko 01:00etik 05:00etara Israelen egon. Irteera-baimen horiek lehen aldiz 1989ko ekainean murriztu ziren, Lehenengo Intifada hasi eta gutxira. Israelek txartel magnetikoetan oinarritutako sistema bat eratu zuen eta Gazako zerrendatik Israelera joateko horietako bat edukitzea derrigorrezkoa zen. Txartel hauek ez zitzaizkien igortzen kartzelean egondako presoei eta noizbait atxilotutakoei, deliturik aitortu ez bazitzaien ere.
1991n, Golkoko Gerra gertatu bitartean, irteera-baimen orokorrak bertan behera geratu ziren eta irteera-baimen indibidualak ezarri ziren. Hasiera batean, palestinarrek ez zuten arazo handirik izan Israelera sartzeko, eta Israelek denbora luzerako baimen asko igorri zituen. Pixkanaka, hala ere, Israel geroz eta zorrotzagoa bihurtu zen. Behin-betiko itxiera ezarri eta gero, Gazako biztanleek Zisjordaniara edo Israelera joateko irteera-baimen indibidual bat edukitzera behartu ziren.
1993ko maiatzean, Israelek Gazako zerrenda erabat itxi zuen eta kontrol-puntu berriak eraiki zituen. Hori Palestinako Lurralde Okupatuetan bizi ziren herritar palestinar batzuek bederatzi israeldar zibil eta segurtasun-indarretako sei langile israeldar hil eta gero ezarri zen. Israelek esan zuen hartutako neurri horiek israeldarrei segurtasuna ematen zietela eta Palestinako indarkeria politikoa apaltzen zutela. Amal Jamalek (Tel Aviveko unibertsitateko zientzia politikoetako irakasle batek) esan zuen Israelek itxiera arma politiko gisa erabili nahi zuela, palestinarrek epe laburreko hobekuntza ekonomikoak hobetsi zitzaten epe luzeko konponbide politikoak baino.
Zisjordanian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]B'Tselem taldeak Zisjordanian ezarritako kontrol-puntuak eta oztopo fisikoak legez-kanpokoak eta denak zigortzeko modu bat zirela esan zuen. Taldearen arabera, hasierako helburua "segurtasunari mehatxu espezifikoei" erantzutea bazen ere, gaur egun helburu gehiago daude: adibidez, israeldarrek palestinarrei mugatutako errepideak erabili ahal izatea. Israelek hartutako neurri asko ez dira proportzionalak eta, beraz, legez kanpo daude. Errepideetan kokatutako oztopoek Zisjordania elkarren artean lotura kaskarrak dituzten sei zatitan banatzen dute; ondorioz, palestinarrentzat zaila da osasun-arreta jasotzea, lantokira joatea, objektuak garraiatzea eta senideei bisita egitea. Israelgo Justizia Ministerioak esan zuen oztopoak israeldarrak babesteko ezarri zirela, palestinar batzuek egindako indarkeria-erasoen ondoren; gainera, neurriek halako ehundaka eraso ekiditea lortu dutela azpimarratu zuen.
Errepide-oztopoak eta lur-pilaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errepide-oztopoak eta lur-pilaketak zirkulazioa eteteko tresnak dira, eta normalean palestinarrak israeldarren kontrol-puntuetara bideratzeko erabiltzen dira. Errepideak oztopatzeko hormigoizko kuboak erabiltzen dira, metro kubiko bat ingurukoak; gainera, lur-pilaketak egiten dira.
Kontrol-puntuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2012. urtearen amaieran hilabetero 532 oztopo fisiko inguru zeuden: errepideetan ezarritako oztopoak, lur-pilaketak, lurrez egindako hormak eta hesiak, adibidez. 2013ko abuztuan, 288 "kontrol-puntu hegalari" zeuden, eta urte bereko irailean 99 kontrol-puntu finko eta 174 kontrol-puntu hegalari zeuden Zisjordanian, B'Tselemen arabera.
Zisjordania barruko kontrol-puntuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Israelek kontrol-puntu gehienak palestinarren joan-etorriak kontrolatzeko erabiltzen ditu. Helburu nagusia israeldarren segurtasuna hobetzea eta kalteak eragin nahi dituzten pertsonak bertara ez joatea da. B'Tselemen arabera, 2009ko abuztuaren 31n, Israeleko armadak behin-betiko 60 kontrol-puntu zituen Zisjordanian (horietako 18, Hebron hirian). 28 kontrol-puntuk langileak zituzten: batzuek eguneko 24 orduetan, beste batzuek egunean zehar soilik, eta beste batzuek ordu jakin batzuetan soilik. Behin-betiko kontrol-puntuak zorrotzenak dira: ohikoa izaten da palestinarrek denbora luzez itxaron behar izatea egin beharreko ikuskapenen ondorioz, eta puntu jakin batzuetan soldadu israeldarrek baimen berezirik ez duten palestinarrei gurutzatzeko eskubidea ukatzen diete.
Askotan, genero- eta adin-irizpide zehatz batzuk betetzen dituzten palestinarrek soilik dute gurutzatzeko eskubidea. NBEren arabera, 2008ko irailaren eta 2009ko martxoaren artean, astero batez beste 65 ausazko kontrol-puntu egon ziren.
Israelen eta Zisjordaniaren arteko kontrol-puntuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, 39 kontrol-puntu finko daude Israelen eta Zisjordaniaren arteko mugan. Puntu hauek langileak dituzte eta eguneko 24 orduetan lan egiten dute. Berez Israelek "lerro berdea" deitzen zaion eremua soilik kontrolatu beharko lukeen arren, kontrol-puntu asko Zisjordanian bertan kokatuta daude, lerro berdetik kilometro ugaritara.
Zisjordaniako israeldar harresian 63 ate daude, eta horietatik erdia palestinarrei irekita dago. Hala ere, palestinarrek baimen bereziak behar dituzte ateak gurutzatu ahal izateko. B'Tselemek dio ateak ordu jakin batzuetan soilik daudela irekita.