Indigenismo
Indigenismoa kultura indigenetan oinarritutako korronte kultural eta antropologikoari deritzo. Europarrek konkistatutako herri indigenak eta haien kulturak aztertzeaz gain, kultura amerindiarra defendatzen duen mugimendu politiko eta kulturala da.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Latinoamerikako mugimendu indigenista azken 500 urteetan herri indigenek pairaturiko diskriminazioari eta bereizketari aurre egiteko proiektu sozial eta politiko gisa sortu zen XX. mendean. Jatorrizko herrialde bakoitzeko erabakitze-prozesuetan, garapen ekonomiko eta sozialeko ereduetan parte hartzeko helburuarekin.
Hasiera batean, mugimendua tokiko protesta-mobilizazioen multzo hutsa baino ez zen; gaur egun, ordea, nazioko zein eskualdeetako erakunde politiko bihurtu da. Helburuak, herriak ordezkaritza politiko handiagoa duten zonaldeko garapen-politiketan integratzea, lurraren gainean dituzten eskubideak aitortzea eta autonomia kolektibo handiagoa lortzea dira besteak beste.
1970eko hamarkadatik aurrera, herri indigenen eta estatuen arteko tentsioak hazten hasi ziren. Izan ere, ekonomiaren neoliberalizazioak, eskualdeetako diktaduren errepresio politikoak eta azken urteetako politika indigenisten eragingortasunik ezak biztanleria indigenaren atsekabe eta haserrea sustatu zuten.
1980ko hamarkadan eskualde latinoamerikarretan indigenen mobilizazioak ugaritu ziren, ondorioz, herri indigenek euren estatuarekiko izandako harremana erabat eraldatu zen. Hamarkada horretan ere, indigenen lurra, ordezkaritza politikoa, kultura eta nortasunaren errespetuarekiko eskubideak onartu ziren eta horren bitartez, eskualde zein nazio mailako erakundeak sortu ziren.
Hala ere, egia da, mugimendu indigena modu bereizian garatu izan dela herrialde latinoamerikarretan. Hau biztanleria indigenaren proportzioari eta estatu ezberdinen artean dagoen heterogeneotasun-mailari dagokio. Hots, Bolivian, adibidez, biztanleriaren % 60 da natiboa, Argentina, bestalde, indigenen ehunekoa ez da % 2ra iristen, horrek mugimendu indigenak herrialde bakoitzean duen pisua zehazten du. Mugimendu indigenaren garapeneko herrialde garrantzitsuenak Bolivia, Ekuador eta Mexiko izan dira.
Politika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Politika indigenista denborarekin aldatzen joan da. Politika hau historikoki jasana izan den diskriminazio eta marjinazioari aurre egitearen ildotik garatu da. Maiz komunitate indigenek haien lurraldeak utzi behar izan dituzte eta kulturak eta tradizioak galdu dituzte kolonizazioa eta globalizazioaren eraginez.
XX. mendean gobernua komunitate indigenen arazoengana hurbiltzeko tresna moduan ikusi zen. Arazo hauei aurre egiteko, mekanismo nagusi bat ezarri zen: jatorrizko herriak herrialde bakoitzeko merkatu eta garapen ereduetan sartzea. Honen aurrean, politika indigenista hauek “kolonizazio baketsuen politika” moduan ikusi zuten. Haien ikuspuntutik, asimilazio politikak estatuen tresnak ziren identitate kulturalak apurtzen zituenak, saiatzen herri hauek integratzen alde batera uzten herri bakoitzaren desberdintasunak eta haien kulturak, erlijioak eta hizkuntzak.
Indigenismo honen kontra egiteko, indianismoa sortu zen. Indianismoak herri indigenen autodeterminazioaren aldeko ideologia moduan sortu zen. Ideologia honek “indio” hitza berreskuratu zuen, modu gutxiesgarri batean erabilia izan den hitza, eta herri indigena guztien sinboloa bilakatu zuten, aldarrikatuz bakoitzaren politikak, identitateak eta kulturak babesteko eskubidea. Fausto Reinaga kitxuentzat, indigenismoa indioaren etsaia zen, eta indianismoa askatasuna lortzeko ideologia zen.
Beranduago, politika indigenistak birformulatu zituzten. Herrien kulturak eta identitateen errespetua lortu nahi zuten. 1989an Nazioarteko Lan Erakundeak Herri Indigenak eta Tribalak Herrialde Independenteei buruzko 169 Hitzarmena onartu zuen, haien balore sozial eta erlijiosoei errekonozimendua emanez eta autoidentifikazioaren garrantzia nabarmenduz.
Amerikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mexiko
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mexikon indingeismoa Mexikoko Iraultzaren ostean hasi zen XX. mendean. Iraultzaren ondoren, herrialdea ikusi zuten Mexiko kulturalki mestizo moduan, eta, horren ondorioz, asimilazio politikak martxan jarri zituzten, kultura desberdinen murrizketak sorraraziz.
1994ko urtarrilak 1ean indarrean sartuko zen Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna, Mexiko, Kanada eta Estatu Batuak merkatu integratu batean bilakatuz. Horrek agerian utzi zuen Mexikoren interes nagusia beste bi herrialdeetan zela eta ez herrialdea bera. Egun berean, Nazio Askapenerako Armada Zapatistak (EZLN) publikoki gerra deklaratu zion Mexikoko gobernuari. 12an bakea lortu zuten. Indigenek haien alde borrokatu zuten, haien kulturek eta identitateek ikusgarritasun maila bat lor zezaten.
Peru
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Perun mugimendua kulturalagoa izan da. Erreferentea izan da XIX. mendeko amaierako korronte literarioa. Korrontearen erdigunean zeuden paisaiak, jendea, bertakoak diren gauzak eta Peruko gizartearen ezaugarriak. Paisaien eta perutarren bizitzen deskripzioak literatura obretan mugimendu indigenista bultzatu zuten. Hala ere, Perun literatura ez zen izan indigenismoarekin lotuta zegoen mugimendu bakarra.
Ideia sozialistekin lotuta, hainbat aldarrikapen politiko margolanetan islatu ziren, eskubide indigenistak aldarrikatuz. Munduan gertatzen ari ziren gertakari batzuen eraginez, adibidez Mexikoko Iraultza edota Errusiar Iraultza, indigenaren inguruko hausnarketak hasi ziren. Honekin batera, hasi ziren eztabaidak eskualde eta nazioarteko mailan nazioaren inklusioaren inguruan. Intelektualek, gehien bat sozialistak, lortu zuten Peruko elite intelektual eta politikoengan eragina izatea. Mariátegui intelektualaren ikuspuntutik, ideia hispanikoak ezabatu behar dira, Peruren kasuan bistakoak zirenak XX. mendean, indigena errepublikaren erdigunean jartzeko. Mariáteguirentzako iragan prehispanikoa gizarte modernoa osatzeko motora zen. Gizarte honetan indigenak lehentasuna dira eta babes politikoa dute. Ez zuen gehiegi goraipatu nahi indigenaren figura.
Ekuador
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ekuadorren laurogeiko hamarkadan eskualdeko hainbat erakunde indigena sortu ziren herrialdean zehar; hala nola, la Confederación de Pueblos de la Nacionalidad Kichwa, la Confederación de Nacionalidades Indígenas de la Amazonía Ecuatoriana eta el Consejo de Coordinación de las Nacionalidades Indígenas. Horiek guztiak 1986an elkartu ziren Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioa (Conaie) osatzeko. Ordutik aurrera, Conaie herrialdeko erakunde indigena nagusia da, eta datozen hamarkadetako altxamendu indigenen buru izango da.
1990eko nekazaritzari eta lurren arira emandako matxinada indigenek Gobernu nazionala herri indigenekin negoziatzera behartu zuten. Honek herri indigenaren esku-hartzea sustatu zuen herrialdeko ordezkaritza eta parte-hartze politikoko prozesuetan. 1998an Movimiento de Unidad Plurinacional Pachakutik mugimendu politiko indigenistak lortu zuen 1998ko batzar konstituziogilean Ekuadorko Konstituzioan lehen aldiz, Estatuaren izaera kulturanitza eta multietnikoa eta Ekuadorko herri eta nazionalitate indigenen eskubide kolektiboen aitorpena ezartzea. Ordutik aurrera, Ekuadorko mugimendu indigena herrialdeko eragile politiko garrantzitsuenetako bat da.
Bolivia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boliviako mugimendu indigenaren goraldia 2000-2005 urteetan izan zen, eta bere garapenaren ezaugarri nagusiak barne zatiketak eta gatazkak izan ziren; kitxuen eta aimarasen artekoa hain zuzen ere (herrialdeko bi talde indigena handienak).
Politika indigena boliviarra pentsamendu indianistan zein sindikalismo kataristan oinarritu zen eta mugimenduaren ideia nagusien artean kontzientzia etnikoa eta nekazari klaseko kontzientzia aurki daitezke. Mugimenduak 1952ko Iraultza nazionalean antolatu ziren nekazarien erakundeetan du jatorria, eta horren emaitza nagusia Mugimendu Nazional Iraultzailea boterera iristea izan zen. Hala ere, hirurogeita hamarreko hamarkadara arte ez ziren mobilizazioetan herri indigenen eskubide etniko, kultural eta identitarioekin lotutako gaiak sartu.
2005ean mugimenduak nortasun kultural eta etnikoa Boliviako politikaren elementu nagusietako bat bihurtzea lortu zuen. Laurogeiko hamarkadan estatu plurinazionalaren nozioa artikulatzen hasi bazen ere, 2000ko hamarkadaren hasieran uraren gerra eta gasaren gerraren bidez, identitate indigenak aitortzeko eskaerak erakunde politikoetan erantzun zituzten. Mobilizazio sozialak 2005ean amaitu ziren Evo Moralesen aukeraketarekin, Hego Amerikako lehen presidente indigena. 2007an, batzar konstituziogilea deitu zen, eta bertan Boliviako Estatuaren nazio aniztasuna aitortu zen.
Indigenismoaren ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hasteko, indigenismoak izan duen ondorio nagusietako bat herri indigenen eskubideak onartzea izan da, bai nazio mailan, bai nazioartean. Horri esker, herri indigenek parte-hartze handiagoa izan dute beren komunitateei eragiten dieten erabakiak hartzen eta politika publikoak formulatzen. Bestalde, indigenismoak kultura indigenak balioesten eta Latinoamerikako herrialdeen nazio-nortasunean sartzen lagundu du. Horri esker, eskualdeko kultura-aniztasuna gehiago ikusi eta aitortu ahal izan da. Kultura-aniztasunari dagokionez, indigenismoak herri indigenekiko diskriminazioaren eta arrazakeriaren aurkako kontzientzia eta borroka handiagoa ahalbidetu du. Horren ondorioz, herri indigenen eskubideak babestea eta sustatzea helburu duten politika publikoak eta legegintza-neurriak hartu dira. Azkenik, indigenismoak gatazka eta tentsio sozialak ere sortu ditu, batez ere biztanle gehienak indigenak ez diren herrialdeetan; kasu batzuetan, indigenismoak komunitate indigenen autonomiaren eta independentziaren aldeko borrokara eraman ditu.
Lorpen guztien eskutik 2000. urtetik aurrera, desberdintasun sozial eta ekonomikoei aurre egiteko helburuarekin prozesu bat sortu zen Latinoamerikan, eta ondorioz, 70 milioi pertsona baino gehiago pobreziatik ateratzea lortu dute. Haatik, garapen-prozesu hori desberdina izan da indigenentzat: azken hamarkadetan Latinoamerikako herri indigenen ikusgarritasunaren, parte-hartze politikoaren eta errekonozimenduaren aldaketa esanguratsua izan bada ere, latinoamerikako familia indigena batek hiru aldiz aukera gehiago ditu muturreko pobrezia-egoeran bizitzeko, familia ez indigena batekin alderatuta.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Bedoya Molina, S. (2015). Lo Andino: el indigenismo peruano y sus iniciativas por establecer una sociedad moderna. TEMPUS, (2), or. 95-113. https://revistas.udea.edu.co/index.php/tempus/article/download/26571/20779995/104866
- Máiz Suárez, R. (2004). El indigenismo político en América latina. Revista de estudios políticos, (123), or. 129-174. https://dialnet.unirioja.es/descarga/articulo/904725.pdf
- Miranda, E. (2023). El movimiento zapatista: la lucha contra el neoliberalismo mundial - El Orden Mundial - EOM. El Orden Mundial - EOM. https://elordenmundial.com/el-movimiento-zapatista/
- Jacaranda Jasso Martínez, I. (2008). Los movimientos indígenas, un marco para el análisis de las construcciones identitarias. La Organización Nación Purépecha (Michoacán) y Servicios del Pueblo Mixe (Oaxaca) [doktorego tesia]. El Colegio de Michoacán A. C. Centro de Estudios Rurales, Mexiko. https://colmich.repositorioinstitucional.mx/jspui/bitstream/1016/544/3/JassoMart%C3%ADnezIvyJacaranda2008Tesis.pdf
- Ontiveros, V. (2021). El indigenismo latinoamericano: la construcción moderna de Abya Yala - El Orden Mundial - EOM. El Orden Mundial - EOM. https://elordenmundial.com/el-indigenismo-latinoamericano/