Edukira joan

Maule-Lextarre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Zuberoako hiriburuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Maule (argipena)».
Maule-Lextarre
 Zuberoa, Euskal Herria
Maule-Lextarreren ikuspegia Mauleko gaztelutik.


Armarria


Map
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Lurraldea Zuberoa
Administrazioa
Estatua Frantzia
Eskualdea Akitania Berria
Departamendua Pirinio Atlantikoak
ElkargoaEuskal Hirigune Elkargoa
BarrutiaOloroe-Donamaria
KantonamenduaEuskal Mendialdea
Izen ofiziala  Mauléon-Licharre
AuzapezaLouis Labadot (PCF)
(2020-2026)
Posta kodea64130
INSEE kodea64371
Herritarramauletar-lextarrar
Geografia
Azalera12.8
Garaiera214
Demografia
Biztanleria2.950 (2018:  1)
Dentsitatea239,77 biztanle/km²
Zahartzea[1]% 17,92
Ugalkortasuna[1]‰ 46,53
Ekonomia
Jarduera[1]% 70,94 (2011)
Desberdintasuna[1]% 3,33 (2011)
Langabezia[1]% 5,22 (2013)
Euskara
Euskaldunak% 57,41 (2010)
Erabilera% 25,04 (2011)
Datu gehigarriak
Sorrera1841. urtea
Webguneahttp://www.mauleon-licharre.fr/eu.html


Maule-Lextarre ([maule leʃtaʁe]) Zuberoako hiriburua da, 1841ean Maule eta Lextarre herriek bat egin zutenean sortua.

Maule, gaztelu-gotorleku bat zuen muino baten magalean garatu zen. Hasiera batean, Akitaniako bizkonderriaren menpe egon zen, eta Maule izenaz 1050-1070. urteen bitartean sortu zen.

"Maule" toponimoa[2] XII. mendeko erdialdean aipatua izan zen (Baionako kartularioa[3]), eta itxura hauek ditu: Malleon (1276, paper gaskoniarrak), lo marcadiu et bastide de Mauleoo (1387, Nabarrengoseko notarioek[4]), Malus-Leo (1454, Baionako kapitulua[5]), Mauleo eta Mauleon de Sole (1460, Ohixen kontratuak[6]) eta, azkenekoz, Mauleon (1650).

"Lextarre" toponimoa,[2] berriz, itxura hauek ditu: lo noguer de Lixarre, hau da lieu d'assemblée judiciaire sous un noyer edo "intxaurrondo baten menpean egiten zen batzar judizialaren lekua" (1385, Duchesne Bilduma CXIV Liburukia[7]), Sent-Johan de Lixare eta la font de Sent-Johan de Lixare edo "Donibane-Lextarreko iturria" (1470 eta 1481 hurrenez hurren, Ohixen kontratuak[6]), Lixarra (1508, Baionako kapitulua[5]) eta Lixarre (1650).

Frantsesez Mauléon-Licharre eta okzitanieraz Maulion-Lextarre ditu izenak.

Maule

Uhaitzandi ibaiak, Oloroeko ibaiaren ibaiadar nagusia dena, udalerria zeharkatzen du.[8] Bere ibaiadarrak diren Urgorri, Lako eta Manga errekek ere gauza bera egiten dute.

Halaber, Oloroeko uhaitzaren ibaiadar den Auzetek ere Zuberoako hiriburua zeharkatzen du.

Udalerri mugakideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingelesen okupazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. mendean, Zuberoa Akitaniako bizkonderriaren menpe zela. 1261an, Edward I.a Ingalaterrakoa, orduan printzea zela, bere indarrak erakutsi nahi eta Zuberoako bizkondeak meneratzera behartu eta bizkonde bihurtu zen. Bere boterea finkatzeko, eskualdean zenbait hiribildu gotortzea eta Atharratzen (egungo Atharratze-Sorholüze) eta Maulen gotorlekuak eraikitzea erabaki zuen. Erdi Aroko harresiak, orain galduta, hiribildua babesten zuen. Barnealdean angeluzuzeneko enparantza handia etxez inguratuta zegoen. Akitania Ingalaterraren agindupean egon zen 1307-1449 artean, Zuberoa barne.

1449 urtean Gaston IV.a Foixkoak herria setiatu eta harrapatu zuen. Hala ere, hogei urte geroago mauletarrak altxatu eta gainditu egin zuten, aske geratuz. XVI. mendean Beltzuntze familia egon zen agintean.

Maule, Zuberoako hiriburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mauleko gaztelua.

Paul Raymondek[2] Maule gazteluzainak, erregearen baile eta Zuberoako administrazioa zituela aipatu zuen.

1790ean, Maule Barkoxe, Domintxaine, Maule, Zünharreta eta Atharratze herriek sortutako kantonamenduaren hiriburu bihurtu zen. Orduko Mauleko Kantonamenduak egungoak dituen udalerriak zituen, Barkoxe, Ospitalepea eta Arrokiaga kenduta eta Doneztebe gehituta.

1841ko martxoaren 19an Maule eta Lextarre herriak batu eta Maule-Lextarre udalerria osatu zuten.

Lextarreko Gortea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lextarren Zuberoa osoko epaitegi gorena zegoen, "Lextarreko Gortea" izenekoa.[2] Epaitegi honen erabakiak Akizeko Auzitegietan eta Guianako sénéchal aurrean apelatu zitezkeen.

"Lextarreko Gortea" osatzen zuten epaileak Mauleko gazteluzaina, Zuberoako hamar ahaldunak edo potestats eta kapareak ziren. Zuberoako ohituraren arabera,[9] 1520an hauek ziren hamar ahaldunak:

« au pays de Sole son dets potestats, es assaver : lo senhor deu Domec de Lacarri, lo senhor de Bimeinh de Domasanh, lo senhor deu Domec de Sibas, lo senhor de Olhaibi, lo senhor deu Domec d'Ossas, lo senhor d'Amichalgun de Charri, lo senhor de Genteynh, lo senhor de la Sala de Charrite, lo senhor d'Espes et lo senhor deu Domec de Cheraute. Los quoaus son tenguts de venir a tout le menhs de oeitene a oeitene a la Cort de Lixare tenir cort ab lo Capitaine Castellan. »


Aro Garaikidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria estatu osoan argindarra izan zuen lehenetakoa izan zen; horretarako Uhaitzandiko eihera eta zentral elektrikoak erabili zituzten[10].

Maule-Lextarreko espartingileak 1909an.

Maule-Lextarre espartinaren hiriburua da. Hala ere, oraindino badaude nekazaritzarekin lotura estua duten jarduerak (abelazkuntza, belardiak).

Baiona-Euskal Herriko Merkataritza Ganbarak egoitza ere badu bertan.

1840 hamarkadan, Maulek eta Lextarrek bat egin zutenean, 1.500 biztanle ingurukoa zen bertako populazioa. Goranzko joera izan zuen XX. mendearen bigarren erdialdera arte eta 4.500 biztanleen maila gainditu zuen. 1960ko hamarkadatik aurrera, ordea, biztanle galera hasi zen eta XXI. mendearen bigarren hamarkadan 3.000 biztanle zituen.

Maule-Lextarreko biztanleria
Datuen iturburua: INSEE

Politika eta administrazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Agintaldia Auzapeza Alderdia Lanbidea
1977-2001 Jean Lougarot PS Irakaslea
2001-2008 Denis Barbé-Labarthe PS Mekanikaria
2008-2020 Mixel Etxebest Independentea Enpresaria
2020- Louis Labadot PCF Irakaslea

Maulek hiru haur hezkuntza, eskola publiko bat (Argia), eskola pribatu bat (Saint-François), lizeo pribatu bat (Saint-François), lizeo publiko bat (Champo[11]) eta nekazaritza eskola pribatu bat (Zuberoako Laborantza Lizeoa) ditu.

Mauleko kirol kluba 1905ean sortutako Sport Athlétique Mauléonais da, bere errugbi sailak egun Fédérale 1 mailan aritzen duena.

Mauletik 2007ko Frantziako Tourraren 16. etapa igaro zuen, uztailaren 25ean egindakoa eta Orthezetik Aubisquera zihoana.

Sweven taldearen kontzertua Zinka ostatuan.

Mauleko jaiak uztailaren 14an ospatzen dira. Festa hauei Pierre Bordazarrek ospea eman zien "Les Fêtes de Mauléon" bere abestiari esker[12]. Lau egunez, hainbat ekintza egiten dute: pilota, musika, dantza, fanfarreak, zezensuzkoak, gaztelutik botatako su artifizialak, eta abar.

Zinka Bizirik Elkartea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinka ostatuan zuzeneko kontzertuak izaten dira asteburu askotan. Talde ez hain ezagunak eta ezagunak txandakatzen dituzte, musika estilo anitzekoak. Urtean zehar taldeen erdiak euskaldunak izatea dute helburu[13].

Bertsolaritza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bertso Txapelketetako saioak ohikoak izaten dira Maulen. Iparraldeko hainbat txapelketa desberdinetako kanporaketak bertan izateaz gain Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak ere jokatu izan dira 2013 eta 2017an.

Ondasun nabarmenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mauletar-lextarrar ospetsuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiri senidetuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Maule ondorengo hiri eta herriekin senidetuta dago:

Argazki galeria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. a b c d Paul Raymond: "Dictionnaire topographique Béarn-Pays Basque"
  3. XIV. mendeko Baionako kartularioa edo "Livre d'Or" - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  4. Nabarrengoseko notarioek - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  5. a b Baionako kapitulua - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  6. a b XV. mendeko Zuberoako notarioa zen Ohixen kontratuak - Archives départementales des Pyrénées-Atlantiques
  7. Duchesne Bilduma, 99 - 114. Liburukiak, Oihenarten paperak, - Bibliothèque nationale de France
  8. Sandre datu-basea: Uhaitzandi
  9. "Coutume de Soule de 1520", 1760ean Pauen argitaratua
  10. Lehenago, Xiberoa, Ikerzaleak elkartea.
  11. Lizeo Champo
  12. Banda Follet
  13. Ubeda, Garbine. «Garai bateko ospearen bila» Berria (Noiz kontsultatua: 2017-11-05).
  14. Mérimée datu-basea
  15. «Informazio orokorra - Hiri senidetuak - Tuterako Udala» www.tudela.es (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).
  16. (Gaztelaniaz) Noticias, Diario de. «Burgi eta Maule | Iraganaren batasuna etorkizun handiarekin» www.noticiasdenavarra.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-05).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa