Nutrizio
Nutrizioa organismoek hazteko, funtzionamendu egokirako eta bizi-funtzioak mantentzeko beharrezko elikagai solidoak eta likidoak eskuratzeko prozesu biologikoa da. Era berean, elikagaien, osasunaren eta elikadura-piramidean oinarritutako dieta orekatu baten arteko orekaren azterketa da nutrizioa.
Nutrizioa organismoen (autotrofo zein heterotrofo) materia eta energia organismoan sartu eta bertan eraldatzean datza, funtsezko hiru prozesu gauzatu ahal izateko: barne-baldintzak mantentzea, garapena aurrera eramatea eta mugimendua ahalbidetzea, beti ere, organismoaren oreka homeostatikoa mantenduz maila molekular zein mikroskopikoan[1].
Prozesu mikroskopikoak absortzioarekin, digestioarekin, metabolismoarekin eta iraizketarekin erlazionatuta daude. Prozesu molekularrak, aldiz, entzimen, bitaminen, mineralen, aminoazidoen, glukosaren, garraiatzaile zein bitartekari kimikoen, hormonen eta bestelakoen arteko orekarekin dute zerikusia.
Zientziarekin duen lotura aztertuz, nutrizioak organismoan gertatzen diren prozesu biokimiko eta fisiologiko guztiak aztertzen ditu.
Nutrizio on bat elikagai aniztasuna kontsumitzea, elikagai zein edari jakin batzuen kontsumoa murriztea eta ingeritutako kaloria zein elikagai kantitatea kontrolatzean datza. Elikadura orekatuak arrisku kardiobaskularra murrizten laguntzen du, kolesterola eta presio arteriala zein pisua murrizten laguntzen duelako.
Kontrara, behar adina elikagai ez lortzeak, malnutrizioa eragiten du.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiaren sorreratik gaur egunera arte, bizirauteko eta organismoaren mantenurako kontsumitu behar izan dituen elikagaiak aldatu dira denboran zehar. Horren arrazoiak, eskuragarritasunera, hurbiltasunera eta eskura zituen tresnetara egokitu behar izana dira.
Cavalli-Sforza-ren (1981) eta Trowell-en (1981) arabera, duela 12.000 urte inguru lehen nekazaritza-iraultza gertatu zen. Ondorioz, proteinen iturri finko bat eskuragarri zuten. Klimak eragin handia izan zuen uzta bilketen emaitzetan, horren aurka borrokatzea oso zaila baitzen. Ekoizpen urte onetan soberakinak biltegiratzea ere ez zen aukerarik eraginkorrena.
Gizakiak ehiztari eta uzta-biltzaile orojale gisa eboluzionatu du aurreko 250.000 urteetan zehar. Gizaki moderno goiztiarraren dieta klimaren eta kokalekuaren arabera aldatzen zen. Tropikoetako dieta landare-jatorriko elikagaietan oinarritzen zen, eta latitude altuetako dietak, aldiz, animalia-jatorriko produktuetan.
Nekazaritza duela 10.000 urte inguru garatu zen munduan zehar leku askotan, garia, arroza eta artoa bezalako zerealak landuz (ogia eta pasta bezalako oinarrizko elikagaiak zabaldu ziren). Horrez gain, nekazaritzak esnea eta esnekiak ere eman zituen, haragiaren eskuragarritasuna eta begetalen aniztasuna nabarmen handituz. Elikagaien garbitasunari garrantzia eman zitzaion biltegiratze masiboak ekarritako kutsadura kasuak agertu zirenean.
Data zehatzik ez dagoen arren, suaren aurkikuntzarekin batera, sukaldaritza (janari eta edarien prestaketa) edo kozinatzea jarduera erritualista gisa garatzen hasi zen, elikagaien eraginkortasunarekiko eta fidagarritasunarekiko kezka zirela eta. Gauzak horrela, errezeta eta prozedura zorrotzekiko atxikimendua beharrezkoak izan ziren elikagaien garbitasun eta iraunkortasuna bermatzeko.
Elikagaien eta nutrienteen azterketa zientifikoa iraultza kimikoan hasi zen, hain zuzen ere XVII. mendean[2]. XVIII. eta XIX. mendeetako kimikariek elikadura-elementu eta elikadura-iturri desberdinekin esperimentuak egin zituzten teoriak garatzeko. Elikaduraren zientzia modernoa 1920ko hamarkadan hasi zen, banakako mikronutrienteak identifikatzen hasi zirenean. Kimikoki identifikatu zen lehen bitamina tiamina izan zen, 1926an, eta C bitamina eskorbutoaren aurkako babes gisa lehen aldiz 1932an aurkitu zuten[3]. Bitaminek nutrizioan duten eginkizuna hurrengo hamarkadetan aztertu zen. Gizakientzako lehen elikadura-gomendioak “Depresio Handia”-ren eta Bigarren Mundu Gerraren garaian garatu ziren, elikadura-urritasunak eragindako gaixotasunek sortutako beldurraren ondorioz[4]. Giza osasunean duen garrantzia dela eta, gaur egunera arte, nutrizioaren inguruko azterketa zientifikoak garrantzi handia eman dio giza elikadurari eta nekazaritzari, baita ekologiari ere[5].
Nutrizio motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nutrizio autotrofoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beren elikagaiak ekoizten dituzten organismoek egiten dutena da. Izaki autotrofoak substantzia ez-organikoetatik abiatuta, beraien metabolismorako beharrezko substantziak sintetizatzeko gai dira. Auto “norbera” eta trofo “elikatzen dena” terminoetatik dator autotrofo hitza, beraz, “bere kabuz elikatzen dela” esan nahi du. Landare gehienen nutrizio mota da.
Organismo autotrofoek beraien masa zelularra eta materia organikoa karbono dioxidotik (CO2) abiatuta sortzen dute, energia-iturri gisa argia edo substantzia kimikoak erabiliz.
Nutrizio heterotrofoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizi ahal izateko besteen beharra duten organismoen gauzatzen dutena da. Heterotrofo terminoa hetero “beste bat”, “desberdina” eta trofo “elikatzen dena” terminoetatik dator, beraz, “beste batzuez elikatzen dela” esan nahi du. Beraz, organismo heterotrofoak beste organismo batzuek sintetizatutako materia organikoz elikatzen direnak dira, autotrofoek zein heterotrofoek sortutakoak. Animalia, onddo eta bakterio eta protozoo gehienen nutrizio mota da.
Izaki heterotrofoak autotrofoen menpe daude, izan ere, izaki autotrofoen eta hauek sortutako materiaren energia erabiltzen dutelako molekula organiko konplexuak sintetizatzeko. Izaki heterotrofoek, autotrofoek jandako molekulak hautsiz eskuratzen dute energia. Animalia haragijaleak ere izaki autotrofoen menpe daude hein batean, harrapakinetatik lortutako energia eta konposizio organikoa, hauek aurretik jandako izaki autotrofoetatik datorrelako.
Organismo autotrofoek eta heterotrofoek elkarren beharra dute existitu ahal izateko.
Nutrienteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Organismoak behar dituen sei mantenugai edo nutriente mota daude: karbohidratoak, proteinak, lipidoak, bitaminak, mineralak eta ura. Egunero sei mantenugai multzoak kontsumitzea garrantzitsua da, gorputz funtzio osasuntsua eraiki zein mantentzeko eta aldi berean osasun egoera ezin hobea bermatzeko.
Nutrienteak eguneko beharrizanak kontuan hartuta sailka daitezke, makronutrienteen gomendio dietetikoetan oinarrituta, hau da, eguneko ekarpenik handiena behar dugun mantenugaiak dira, hala nola, karbohidratoak, proteinak, lipidoak eta ura. Mikronutrienteak, aldiz, neurri txikiagoan behar ditugunak dira, esaterako, bitaminak eta mineralak.
Gure organismoan mantenugaiek betetzen dituzten funtzio nagusiak hauek dira: funtzio energetikoa (energia lortzea), funtzio egituratzailea (egiturak prestatzea) eta funtzio erregulatzailea (prozesu metabolikoak erregulatzea).
Elikaduran, organismo baten dieta, jaten dituen elikagaien batura da. Dieta osasungarri batek hobetu egiten du organismo baten osasun fisikoa eta mentala. Horretarako, nutrienteak, hau da, bitaminak, mineralak, proteinen aminoazidoak eta koipearen gantz-azidoak xurgatu behar dira. Dieta orekatua funtsezko eta ez-funtsezko nutriente guztien kantitate egokien batura da. Hala ere, adinaren, pisuaren, sexuaren, jarduera fisikoaren mailaren eta gehiagoren arabera alda daiteke.
Mantenugaien orekarik ezak, gehiegikeriaren edo eskasiaren ondoriozko osasun eskas batera eraman dezake, hain zuzen ere malnutriziora. Izan ere, nutrienteen gehiegikeriak edo eskasiak eragin zuzena du hormonen funtzioan. Gainera, hormonek neurri handi batean geneen espresioa arautzen dutenez, elikaduraren eta geneen arteko erlazioa adierazten dute, gure fenotipoan adieraziz. Behaketa askok erakutsi dute gainera, nutrizioak funtsezko papera betetzen duela hormonen jardueran zein funtzioan, eta beraz, osasunean.
Erlazionatutako gaixotasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, gosea baino gehiago, gaur egungo arazoa mikronutrienteen eskasia da, hau da, bitamina eta mineralena. Mikronutriente hauek, organismoari hazkuntza bermatzeaz gain, bere bizi-funtzioak mantentzea ahalbidetzen baitute.
Honen harira, elikadura desegokiaren ondorio diren gaixotasun ugari daude; elikadura gehiegikeriagatik, eskasiagatik edota kalitate txarragatik garatutakoak. Esaterako: anemia eta ateroesklerosia, minbizi mota batzuk, diabetes mellitusa, obesitatea, hipertentsio arteriala, desnutrizioa, abitaminosia, bozio endemikoa, bulimia edota anorexia nerbiosoak, bigorexia, etab. Gaixotasun hauez gain, heste meharrari eragiten dioten hainbat gaixotasunek nutrienteen xurgapen okerra eragin dezakete, besteak beste tratatu edota diagnostikatu gabeko zeliakia eta Crohnen gaixotasuna[6][7].
Nutrizioa prozesu fisiologiko bat da, nahi gabekoa eta inkontzientea, organismoan aurrera eramaten dena eta eguneroko eskakizunekin zuzenki erlazionatuta dagoena. Nutrizio egokia (dieta orekatua ariketa fisiko erregularrarekin uztartuta) osasun ezin hobea bermatzeko ezinbesteko elementua da.
Elikadura piramidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dietari dagokionez parametro bat ezartzeko, kontsumitu beharreko elikagai nagusiak grafikoki irudikatzeko modu bat dago. Normalki, piramide baten bidez egiten da, nutrizio-piramide deritzona, nahiz eta bestelako eredu batzuk ere badauden.
Piramidearen oinarrian, eremurik handienean, zerealak edo aleak (batez ere integralak) agertzen dira, gure dietaren oinarria osatzen dutenak. Piramidearen erdian, aldiz, begetalak eta frutak[8] ageri dira, energia naturalagoa eta bigarren mailako efekturik gabekoa izaten laguntzen dutenak. Gure energiaren %50a baino gehiago karbohidratoetatik datorrela ziurtatzeko, talde honetan iradokitako zatiak kontsumitzea beharrezkoa da.
Piramidearen erpinerantz hurbildu ahala, elikagai taldeak txikitzen doaz, talde horietan irudikatutako elikagai kopurua osasun egoki baterako behar dena baino txikiagoa baita. Azkenik, piramidearen erpinak elikagai talderik txikiena adierazten du, besteak beste, koipeak,olioak eta azukreak irudikatuz bertan, neurri txikiagoan kontsumitu behar baitira hauek.
Oso garrantzitsua da eredu hauek elikagaien baliokidetasun taulekin indartzea, horrela, kontsumitu beharreko elikagai talde bakoitzaren ikuspegi argiagoa izanik. Elikagaien pisua edo tamaina berdina izateak, ez du baliokidetasun harremanik erakusten. Izan ere, ekarpen energetiko berdina duten elikagaiak alderatuz gero, bolumenak oso desberdinak izan daitezkeelako[9].
Oreka energetikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oreka energetikoa, energia-kontsumoaren eta energia-gastuaren arteko erlazioa da.
Elikagai bat irensten dugunean energia lortzen dugu; egunean kontsumitzen dugun energia kopuru bera gastatzen dugunean, oreka bat lortuko dugu. Egunean kontsumitzen duguna baino energia kopuru txikiagoa gastatzen badugu, aldiz, oreka edo balantze positiboa lortuko dugu, eta azkenik, egunean kontsumitutakoa baino energia gehiago gastatzen badugu, balantze negatiboa lortuko dugu. Egoera fisiologiko batzuetan beharrezkoa da balantze positiboa edukitzea, adibidez, haurdunaldian, edoskitzaroan, haurtzaroan, nerabezaroan edo gaixotasun batengatik pisua nabarmen galtzerakoan. Kontrara, balantze negatiboa eragitea komeni da, osasungarriak ez diren pisu igoeratara irits daitekeenean.
Erlazionatutako kontzeptuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Begetarianismoa
- Dietetika: Dietetika elikaduraz osasuna nola zaindu aztertzen duen jakintza-arloa da, pertsona bakoitzaren ezaugarriak eta egoera kontuan harturik, bakoitzarentzat dieta egokia ezartzeko.
- Dietista-nutrizionista: Dietista edo nutrizionista elikaduran, nutrizioan eta dietetikan aditua den osasun-profesionala da.
- Elikadura-piramidea
- Elikagaien azterketa
- Sukaldaritza edo kozinatzea: elikagaiak aukeratu, prestatu eta kozinatzeko teknika eta praktika kulturalen multzoa da.
- Egunean gomendatutako kantitatea: Populazio batentzako erreferentziazko nutrizio-ingestek, nutrizio-ekarpen orekatua ziurtatuko duten gomendio dietetikoak prestatzeko aukera ematen dute, osasun-egoera on bati eusteko eta gaixotasun kronikoak saihesteko.
- Ingestioa
- Kirol nutrizioa
- Mirarizko produktuak
- Nutriologia: Elikadura-prozesuak eta hauek metabolismoan, osasun-egoeran eta gorputz-osaeran eta prozesu kimikoekin duen erlazioa aztertzen dituen zientzia da.
- Nutrigenomika: Elikadura- eta genetika-faktoreen arteko, eta horiek metabolismoan, osasun-egoeran eta gaixotasunen arriskuan dituzten ondorioen arteko elkarreraginaren azterketa.
- Trofologia: Elikagaien generoa aztertzen duen zientzia da. Elikagaien konbinazioan eta azidotasunean oinarritutako elikadura-gomendioen multzoa adierazteko ere erabiltzen da termino hau.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Cabrera Padilla; Sanz Esteban; Bárcena Rodríguez,, Antonio María; Miguel; Jesús. (2011). La organización del cuerpo de un ser vivo. San Fernando de Henares: Oxford University Press, 5 or. ISBN 9788467364446..
- ↑ (Ingelesez) Carpenter, Kenneth J.. (2003-03). «A Short History of Nutritional Science: Part 1 (1785–1885)» The Journal of Nutrition 133 (3): 638–645. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) Stafford, Ned. (2010-12). «History: The changing notion of food» Nature 468 (7327): S16–S17. doi: . ISSN 0028-0836. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) Mozaffarian, Dariush; Rosenberg, Irwin; Uauy, Ricardo. (2018-06-13). «History of modern nutrition science—implications for current research, dietary guidelines, and food policy» BMJ: k2392. doi: . ISSN 0959-8138. PMID 29899124. PMC PMC5998735. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ Simpson, Stephen J.; Raubenheimer, David. (2012-07-22). «Perspectives» The Nature of Nutrition (Princeton University Press) (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) James, Stephen P.. (2005-04). «National Institutes of Health Consensus Development Conference statement on Celiac Disease, June 28–30, 2004» Gastroenterology 128 (4): S1–S9. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ (Ingelesez) Papadia, Cinzia; Sabatino, Antonio Di; Corazza, Gino Roberto; Forbes, Alastair. (2014-02). «Diagnosing small bowel malabsorption: a review» Internal and Emergency Medicine 9 (1): 3–8. doi: . ISSN 1828-0447. (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ «Beneficios de la fruta para el organismo» Patrimonio Radial del Tolima Ecos del Combeima Ibagué 2020-09-13 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
- ↑ Pérez, Marván Laborde, Ana Berta, Leticia. (2005). Dietas normales y terapéuticas: los alimentos en la salud y en la enfermedad.. La Prensa Médica Mexicana, México.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- https://www.aesan.gob.es/AECOSAN/docs/documentos/seguridad_alimentaria/evaluacion_riesgos/informes_comite/INR.pdf
- https://www.cancer.gov/espanol/publicaciones/diccionarios/diccionario-genetica/def/nutrigenomica#:~:text=Estudio%20de%20la%20interacci%C3%B3n%20entre,y%20el%20riesgo%20de%20enfermedad