Virginia Bolten
Virginia Bolten | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | San Luis, 1876ko abendua |
Herrialdea | Argentina |
Heriotza | Montevideo, 1960 (83/84 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kazetaria, sindikalista eta editorea |
Mugimendua | anarkofeminismoa Komunismo libertarioa |
Virginia Bolten ( San Luis, 1876ko abenduaren 26a - Montevideo, 1960 ) [1] [2] Argentinako aktibista anarkista, sindikalista eta feminista izan zen, Buenos Aires, Rosario eta Montevideo hirietan ekintzaile ibilbide luzea izan zuena. 1899an Argentinako La Voz de la Mujer egunkari anarkofeministaren Rosarioko edizioa zuzendu zuen, eta Montevideoko La Nueva Senda, Juana Rouco Buelak ezkutatu behar izan zuenean poliziaren jazarpenaren ondorioz. [3] La Protesta Humana egunkari anarkistan erredaktore eta berriemaile aktiboa izan zen. [4] Argentinako Langileen Federazioaren, geroago FORA izango zenaren, ordezkaria eta sustatzailea izan zen. 1910eko hamarkadan Virginia Bolten anarkobatllismora hurbildu zen, José Batlle y Ordóñez Uruguaiko presidentearen (1903-1907 eta 1911-1915) lan legeak onartzen zituen joerara,. [5]
Historia eta mitoaren artean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Virginia Bolten emakume feminista, sindikalista eta anarkistaren bizitza, garai bereko beste emakume militante batzuekin alderatuta, oso ezaguna izan da. [6] Duela gutxi, Agustina Prieto (Rosario), Laura Fernández Cordero (Buenos Aires) eta Pascual Muñoz (Montevideo) ikerlariek Virginia Boltenen bizitzarekin lotutako dokumentu historikoen ikerketa hasi zuten, eta 2014ean, Tras los pasos de Virginia Bolten, hau da, Virginia Boltenen urratseen atzetik, izenburupean argitaratu zuten. [5] Aztertu zuten dokumentazioaren artean aurkitutako jaiotza agiriak Bolten 1876ko abenduaren 26an San Luisen jaio zela adierazten du, beraz, nekez izango zuen parte hartze nabarmenik 1890ean Rosarioko langileen manifestazioan. Bere lehen alabaren bataio katolikoaren agiriaren arabera, umea 1896an izan zen bataiatua, María Milagra Zulema izenarekin. [7] Bere lehen alabari emandako izenak, eta bataioak berak, aldaketa esanguratsu baten berri ematen dute hurrengo seme-alabez jakin izan denarekin konparatzean: bataio agiririk ez dago eta haien izenak Urano Líber, ziurrenik 1898an jaiotakoa, eta Acracia, data zehaztugabean jaiotakoa, dira. [8]
Dokumentuetan aurkitutakoen ondorioz, lanaren egileek zalantzan jartzen dute Virginia Bolteni 1890eko hamarkadan egotzitako gertakizunen egiazkotasuna, hala nola,1890eko maiatzaren 1eko ekintzetan parte hartu edo liburuxkak banatzeagatik atxilotu izana. Honetaz guztiaz, egileek ondoko hau diote:
...hainbeste zalantzaren artean, ziurtasun bat: Virginia Bolten mito indartsua da, lan talde honek ez du horretaz dudarik. Baina atzera egin nahi dugu irudi mitiko haiek eraikitzeko bidean eginiko urratsetan, Boltenen biografia politikoaren beste dimentsio batzuk berreskuratzeko. Ibilbide horretan, prentsan eginiko lana eta haren idatziak ere errekuperatu egingo dira.[5]
Biografía
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1850. urte inguruan, Virginia Boltenen aitak ―Alemaniako erregimen militaristaren kontrako ideiak zituen ikaslea― Txilera emigratu zuen. Handik Andeetako mendikatea zeharkatu eta San Luis probintziara iritsi zen. San Luisen, Sánchez familiaren ganadu estantzia handian lortu zuen lana. Han, jabearen alabarekin maitemindu zen. Ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Dominga, Enrique, Virginia eta Manuel. [9] Nora Usenky eta Mariana Fontana Rosarioko historiako irakasle eta ikerlariek gauza bera baieztatu dute: Virginia Bolten San Luis probintzian jaio zen. [10] Plácido Grela ikerlariaren arabera, ordea, litekeena da Virginia Bolten San Juan hirian jaio izana. [11] Beste bertsio batek Uruguaiko Ekialdeko Errepublikan jaio zelako iritziari eusten dio (seguru asko helduaroan bertan erbesteratu zelako). [12][13]
Haurrak nerabeak zirela, senar-emazteek banatzea erabaki zuten. Ganadutegia nork bere aldetik utzi —alemaniarrak kale saltzaile gisa lan egingo zuen— eta lau seme-alabak bakarrik utzi zituzten estantzian. Bolten anaia-arrebek denbora batez San Luisen egon ondoren, emigratzea erabaki zuten. Manuel eta Dominga zuzenean joan ziren Rosariora bizitzera, eta Enrique eta Virginia "bizimodu bohemioari atxiki zitzaizkion eta hainbat toki korritu zituzten".[9]
Virginia, azkenean Rosario hiriaren iparraldean (Santa Fe probintzia) errotu zen, 1889an inauguraturiko Argentinako Azukre Findegiaren industria gune handiaren ondoan altxatutako langile auzoan, egungo Refinería auzoa. [10] Aipatu findegian lana lortu zuen eta zapatarien sindikatuko ekintzailea zen Márquez (edo Manrique) izeneko anarkista uruguaitar batekin ezkondu zen.
Izeba findegian hasi zen lanean, eta patronalari aurre egin zion langileek pairatzen zituzten bidegabekeriengatik. Izarretik izarrera lan egiten zuten, eta bera hasi zen lankideei harenga egiten bidegabeko egoera hori aldatzeko. Oso zaila zen sindikatuez eta eskubideen defentsaz hitz egitea. Zerbaitengatik protesta egiten zuena anarkistatzat hartzen zuten eta preso hartu behar zen. Uste dut Virginiaren ideiak aurreratuak zirela bere garaian, baina ez zen anarkista, langileentzako askatasun handiagoaren alde borrokatu besterik ez zuen egin. Virgilio Británico Bolten, Virginia Boltenen loba.[9]
1890eko apirilean Virginia Bolten atxilotu zuten findegiko langileen artean "propaganda anarkista" banatzeagatik.[9] 1890eko maiatzaren 2ko La Capital egunkariak dioenez, langile-zutabe bat, Virginia Bolten buru zuela, joan zen lehen aldiz Lopez Plazara (Rosario hiriko hego-erdialdean) Maiatzaren lehena, Lanaren eguna, Chicago Martyrs-en omenez ospatzera. [10] Boltenek zeraman bandera beltzak, letra gorriz idatziak, honela zioen: «Maiatzaren 1a, Anaitasun Unibertsala. Rosarioko langileek Parisko Langileen Nazioarteko Batzordeak xedatutakoa beteko dugu». Hitzaldi iraultzailea eskaini eta bertaratutako langileen artean propaganda anarkista zabaldu ondoren, orden sozialari eraso egitea leporatuta atxilotu zuten. Langile-elkarretaratze batean hizlari aritu zen lehen emakumea izan zen. [9] Atxilotu egin zuten, baina uruguaitar gisa aurkeztu zenez, Egoitza Legea aplikatu zitzaion eta Uruguaira kanporatu zuten. Montevideon bere familiarekin, Márquez (edo Manrique) eta haien seme-alabekin, elkartu zen. Montevideon, Buenos Airesen 1909ko maiatzaren 1eko errepresio basatiaren aurka egingo ziren protestak antolatu zituen; ekintza haietan, Ramón Falconen polizia indarrek dozena bat langile hil zuten. 1911n Emantzipazio Emakumeen Elkartean lan egin zuen emakume antiklerikalak eta telefono operadoreak (gehienak emakumeak) antolatzen. Emakumezko sufragisten aurka ere jardun zuen. 1923an Gizarte Zientzien Nazioarteko Zentroan, Montevideoko elkarte libertarioan, parte hartu zuen. [14] Geroago, 1950ean, adinekoa zela, Argentinara itzuli zen. Argentinan, Eva Duarterekin elkartu zen, emakumeei sufragio femeninoa emateko proiektuari bere elkartasuna emanez. [15] [16]
Rosarion bada hitz kementsu eta menderatzailea duen neska puritano bat, jendetza erakartzen duena; Louise Michel (Parisko Komunako heroina) baino kementsuagoa izanik, zalantzarik gabe berak baino manera hobeak ditu.Juan Bialet Massék adierazia bere Barnealdeko langileriaren egoerari buruzko txostenean (1904) [9][12]
Kazetaritza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1896ko urtarrilaren 8tik 1897ko urtarrilaren 1era arte La Voz de la Mujer egunkari anarkofeministaren bederatzi zenbakiak argitaratu zituen. Argentinako lehen egunkari anarkofeminista izan zen eta bere lema "Ez Jainkorik, ez nagusirik, ezta senarrik ere". [4] Zapata fabrika batean operadore gisa irabazten zuen soldata apurrarekin finantzatu zuen. Egunkariak berak ohartarazten zuen: "Ahal denean argitaratzen da".
Egunkari hartan komunismo libertarioaren idealak, langileen aurkako injustiziak, batez ere emakumeen kontrakoak, zabaldu ziren. La Protesta egunkariaren orrialdeetan ere kolaboratu zuen. [10]
Militantzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hizlari gisa parte hartu zuen hainbat hiritan, hala nola, San Nicolás de los Arroyos, Campana, Tandil eta Mendozan, ekitaldi anarkistetan. [10] Emakumeentzako lan baldintza hobeak eskatzeagatik kaleratu zuten findegitik. [10] 1900eko azaroan Rosarion atxilotu zuten, Teresa Marchisio eta beste lau anarkistarekin batera, "Harkaitzaren Ama Birjinaren" prozesio katolikoa gaitzesteko kontra-martxa antolatzeagatik. Herriaren Etxea ere antolatu zuen beste anarkista batzuekin batera; bertan, ekitaldi politiko-kulturalak, eztabaidak, debateak, poesia irakurketak eta antzerkia antolatzen zituzten langileentzat.
1901eko urriaren 20an atxilo hartu zuten Argentinako Findegiaren aurrean (Rosario iparraldean) propaganda anarkista banatzeagatik. Poliziak langileei eraso egin eta haietako bat hil zuen, Cosme Budislavich anarkista. Bolten hilketaren lekuko izan zen.
1902an Uruguain errefuxiatu zen. 1902ko maiatzaren 1ean Montevideon Langilearen Eguna ospatzeko egindako manifestazioan parte hartu zuen, eta hizlari gisa, Argentinan ezarritakoEgoitza Legea eta langile mugimenduaren errepresioa salatu zituen. Urte berean, San Martin antzokian (Montevideo) Portuko Sindikatuaren ekintzetan ere parte hartu zuen.
1902an, Rosarion, tranbietako gidarien greban liderra izan zen. [9]
1904an Buenos Airesera itzuli zen. Han, FORAk (Argentinako Langileen Federazioa) antolatutako Emakumezkoen Greba Batzordeko kide izan zen eta Buenos Aireseko Fruta Merkatuko langileak mobilizatu zituen. Boltenen osasuna ahuldu egin zen jarduera nekagarri horien guztien ondorioz. Horregatik, Germinal antzerki taldeko bere lankideak dirua biltzen hasi ziren Bolteni laguntzeko.
Manuel Quintana presidenteak Alderdi Erradikalak 1905ean burututako altxamendu zibil-militarra aitzakiatzat hartu zuen langileen arteko sektorerik engaiatuenak erreprimitzeko. Anarkismoak matxinadan parte hartu ez zuen arren, haren buruzagiak atxilotu, jazarri eta deportatu ere egin zituzten. Bolten eta bere bikotekide Márquez (edo Manrique) berriro atxilotu zituzten. Márquezi Egoitza Legea aplikatu eta Uruguaira deportatu zuten, bere seme-alaba txikiekin batera. Bolten Buenos Airesen gelditu zen.
1907an, Boltenek, Emakumeen Zentro Anarkistaren kide zela, maizterren greban hartu zuen parte. Berriro axilotu zuten, eta uruguaitar gisa aurkeztu zenez, Egoitza Legea aplikatu zitzaion eta Uruguaira kanporatu zuten. Montevideon bere familiarekin, Márquez (edo Manrique) eta haien seme-alaba txikiekin, elkartu zen. Uruguaiko hiriburuan finkatu zen behin betiko. Bere etxea Argentinatik deportatutako anarkisten ekintza-gunea bihurtu zen.
1909an Juana Rouco Buelak zuzendutako La Nueva Senda egunkari anarkofeministarekin (1909 -1910) kolaboratu zuen. Montevideon, Buenos Airesen 1909ko maiatzaren 1ean izan zen errepresio basatiaren aurkako protestak antolatu zituen, protesta horietan Ramón Falcónen polizia indarrek dozena bat langile hil zuten. Urte berean, Montjuichen fusilatutako Francisco Ferrer Guardia hezitzaile libertarioaren aldeko kanpainan ere parte hartu zuen. 1911n, Emakumeen Emantzipaziorako Elkartean lan egin zuen emakume antiklerikalen eta telefono operadoreen (gehienak emakumeak) antolaketa bultzatzen, eta emakume sufragisten aurka jardun zuen.
Francisco Berri, Adrián Zamboni eta Orsini Bertanirekin batera, anarkobatlismoa deituriko mugimenduan parte hartu zuen. Anarkista horiek Uruguaiko presidente erreformista José Batlle y Ordóñezen (1856-1929) erregimenaren alde egin zuten, bere bigarren agintaldian hasi zen erreforma programa erraldoiagatik:
- Eliza bereizi zuen Estatu eta sektore publikotik,
- ospitaleetan gurutzeak kendu zituen,
- funtzionario publikoek zin egitean Jainkoari eta Bibliari buruzko aipamen guztiak kendu zituen,
- sindikatuei eta alderdi politikoei hainbat eskubide eman zizkien,
- zortzi orduko lanaldia ezarri zuen,
- emakumeen sufragioa eman zuen (Amerikan, Kanada ondoren, bigarrena izan zen, [1917]),
- langabezia prestazioa ezarri zuen,
- dibortzioa legeztatu zuen,
- bigarren hezkuntzako ikastetxeen kopurua emendatu zuen,
- Uruguaiko egoitza Legeak ezabatu zituen (Argentinatik erbesteratutako anarkisten aurka aplikatu zirenak),
- kanpaina bat burutu zuen industria eta lurren gainean atzerriko kapitalek, batez ere britaniarrek, zuten kontrola murrizteko.
- atzerriko kapitalez osaturiko hainbat enpresa nazionalizatu zituen eta
- Uruguaiko hainbat monopolio pribatu nazionalizatu zituen.
Prozesu horretan, anarkismoak protagonismoa galdu zuen, 1916 eta 1917 urteetan, bizimoduaren garestitzeak eta Errusiako Iraultzaren eraginak mugimendua berriz ere suspertu zuen arte. 1913ko uztailean, El Socialistak (alderdiaren egunkari ofiziala) gogor eraso zien Bolten eta bere taldeari, langile mugimendua traizionatu izana leporatuta.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oso ezezagunak dira bere bizitzaren azken urteak. 1923an, Gizarte Zientzien Nazioarteko Zentroan, Montevideoko elkarte libertarioa, parte hartu zuen. Antza denez, Manga auzoan (Montevideon) bizi izan zen, 1960 inguran hil zen arte. [17]
Rosario (Santa Fe) hiriko Lopez plazan plaka bat jarri dute bere omenez. [18]
Bere bizitzari buruzko filma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Esther Goris aktoreak (1963-) Nora Usenky eta Mariana Fontanaren (Rosarioko historiako irakasleak eta ikerlariak) lana hartu zuen erreferentziatzat Ez jainkoa, ez patroia, ezta senarra ere filmaren (2009) gidoia Graciela Maglie-rekin batera idazteko. Pelikula horretan, Eugenia Tobal aktoreak antzezten du Virginia Boltenen papera. [10][19] [20]
Virginia Bolten saria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Santa Fe udalbatzak, 2018ko martxoaren 7an, Virginia Bolten saria ezarri zuen Genero ikuspegia duten kazetaritza lanak balioesteko. [21] [22] [23]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Fabbri, Luce: «Anarquismo y utopías libertarias y autogestionarias en Uruguay», web Acratie webguneko artikulua. Egileak adierazten du 1870 edo 1876ko abenduaren 26an jaio zela, eta 1960an edo 1969an hil zela. Halaber, bikotekidea Manuel Manrique izan zuela esaten du..
- ↑ Smiles, Lisy (27 de abril de 2014). «El mito y su construcción». La Capital. Rosario.
- ↑ «Quién fue Virginia Bolten, la feminista en cuyo honor se nombró al nuevo colectivo de actrices». Infobae. 2019ko abuztuaren 1a .
- ↑ a b «No god, no boss, no husband. The world's first anarcha-feminist group», Infoshop News webgunea, 2009ko martxoaren 11.
- ↑ a b c Prieto, Agustina; Fernández Cordero, Laura; Muñoz, Pascual (2013). «Biografías anarquistas. Tras los pasos de Virginia Bolten». Políticas de la Memoria (Buenos Aires: CeDInCI). 2013/2014ko uda (14. zk.): 207-234. or.. ISSN 1668-4885.
- ↑ Spaccavento, Vanesa (2014ko azaroaren 1a). «Virginia Bolten, un pedazo de lucha hecha mujer». La Izquierda Diario. p. https://www.laizquierdadiario.com .
- ↑ «Virginia Bolten: Preguntas y respuestas». LatFem. 2018ko azaroaren 17a .
- ↑ «El primer acto del 1° de mayo en Rosario y Virginia Bolten | IADE». www.iade.org.ar .
- ↑ a b c d e f g «Virginia Bolten, esa mujer de palabra enérgica», Diego Veigak Virgilio Británico Bolteni, Virginia Boltenen ilobari (1922-2003) eginiko elkarrizketa. La Capital egunkaria (Rosario) 2003ko urriaren 5a.
- ↑ a b c d e f g «Una mujer luchadora, la voz de la mujer: Virginia Bolten» (2009), Nora Usenky eta Mariana Fontanari (Rosarioko Historia irakasle eta ikerlariak) eginiko elkarrizketa. Anarcha Library webgunea.
- ↑ «Bolten, Virginia 1870-1960?», libcom.org webgunea
- ↑ a b Bellucci, Mabel. «Virginia Bolten, la comunera libertaria» 2003
- ↑ «Feminismo y lucha de clases en el legado de Virginia Bolten». FM La Patriada. 2019ko maiatzaren 13a .
- ↑ "Virginia Bolten". Revista Mistura .
- ↑ Molyneux, Maxine. "Ni Dios, ni Patrón, ni marido: El feminismo anarquista en la Argentina del siglo XIX"
- ↑ Cervantes, Erika. «Biografía de Virginia Bolten, la Louise Michel argentina». Portal Libertario Oaca. 2018ko maiatzaren 6a. www.portaloaca.com .
- ↑ «Cine Obrero: Ni dios, ni patrón, ni marido». Agencia Paco Urondo. 08/032014. p. agenciapacourondo.com.a .
- ↑ «La militante anarquista y feminista Virginia Bolten fue homenajeada». El Ciudadano Web. 8 de marzo de 2017ko martxoaren 8a. https://www.elciudadanoweb.com. .
- ↑ Ficha de la película «Ni dios, ni patrón, ni marido» Cine Nacional webgunea.
- ↑ Simeoni, Alicia. «En San Luis se filmará la película de las anarquistas rosarinas». Página 12. 2007ko urriaren 3a. www.pagina12.com.ar. .
- ↑ «Convocan a artistas plásticas y periodistas a participar del premio Virginia Bolten». Uno Santa Fe. 3 de abril de 2018ko apirilaren 3a. www.unosantafe.com.ar.
- ↑ «“Como periodistas podemos cambiar la vida de las mujeres”, dijo Mariana Carbajal». Agencia Textual. 2018ko martxoaren 26a. http://www.agenciatextual.com.ar. .
- ↑ «Distinguieron a tres mujeres rafaelinas». Diario La Opinión. 9 de marzo de 2018. p. http://diariolaopinion.com.ar. .
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Ehrick, Christine: The shield of the weak: feminism and the state in Uruguay 1903-1933 .
- Molyneux, Maxime: Movimientos de mujeres en América Latina.
- Rama, Carlos M. eta Ángel J. Cappelletti: El anarquismo en América Latina.