Edukira joan

Terminologia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Inprimatzeko bertsioa dagoeneko ez dago onartuta, eta baliteke errepresentazio erroreak izatea. Egunera itzazu zure nabigatzaileko laster-markak, eta horren ordez erabil ezazu nabigatzaileko inprimatze funtzio lehenetsia.

Terminologia giza-jardueraren esparru jakin bateko hizkera espezializatuan erabiltzen diren terminoen multzoa aztertzen ditu. Terminologia funtsezkoa da zientziaren eta teknologiaren garapenerako, alegia, giza-jardueraren esparru jakin bateko kontzeptuak zein terminorekin (zein hitzekin) erreferentziatuko diren zehaztea ezinbesteko oinarria da, gero hizkera espezializatu horretan testu zehatzak idatzi ahal izateko.[1]

1977an hasita UZEIk 24tik gora hiztegi terminologiko sortu ditu: Fisika, Estatistika, Informatika eta Internet...[2]

Gainera, hizkera espezializatu horietako terminoak, euren osaketa, garapena, funtzionamendua, erabilera eta bilakaera aztertzen dituen disziplina zientifiko teorikoa ere bada. Azkenik, hizkera espezializatu bateko (adibidez, medikuntzako, informatikako, etab.) terminoak biltzen, definitzen eta aurkezten dituen jarduera praktikoa da terminologia; azken kasu honetarako, terminografia hitza ere erabiltzen da, eta hiztegi edo glosario espezializatuak dira haren emaitza praktikoa.

Terminologia–bildumak edo terminologia-bankuak tresna interesgarri bilakatu dira hizkuntzalaritzan. Itzulpen automatikoak, esaterako, terminologia-bankuak behar ditu oinarri moduan. Hala ere, terminologia ez da hizkuntza ezberdinen arteko aplikazio edota itzulpenetarako bakarrik erabiltzen: hizkuntza baten terminologia hizkuntza horren beraren onurarako ere kudeatu ahal da.

Ikuspegi Orokorra

Terminologiaren funtzio nagusiak honakoak dira:

  • Jakintza-arlo edo testuinguru zehatz batean erabiltzen diren kontzeptuak eta horien egiturak aztertzea
  • Kontzeptuei esleitutako terminoak identifikatzea
  • Terminologia elebidun edo eleaniztuna eginez gero, hizkuntza bakoitzeko termino baliokideak parekatzea
  • Terminoak zerrendatzea, baliabide lexikografiko baterako (hiztegi, datu-base terminologikoak)
  • Beharrezkoa denean termino berriak sortzea

Terminologia diziplina moduan

Terminologo baten helburua kategorizazio antolamendua areagotzea da, horretarako bere terminologiaren zehaztasuna eta edukia hobetuz. Industria tekniko eta estandarizazio-institutuek beraien glosategiak osatzen dituzte; honek, testuinguru batzuetan beharrezkoa den  fidagarritasuna ematen dio— eremu eta adar, mugimendu eta espezialitateetan— funtsezkoa den terminologiarekin lan egiteko, ondoren diziplina horretako literatura-material tradizional eta doktrinala eskaini ahal izateko.

Terminologia testuinguruez gaindiko arazoetarako ere funtsezkoa da, zubi lana egitea ahalbidetzen baitu eremu desberdinen artean. Itzultzaileei adibidez, itzulpengintza ikasketetan zehar terminologia irakasten zaie. Itzultzaile horiek etorkizunean erabiltzen dituzten hizkuntzen terminologiaren azterketa egin beharko baitute beraien egunerokoan. Itzulpengintza sailak dituzten enpresek eta itzulpengintza bulegoek ere terminologian espezializatutako departamentuak dauzkate.

Terminoak eta terminologia

Terminoak balio semantikoa duten hizkuntza espezializatuko unitate semantikoak dira. Terminologia hizkuntza orokorreko lexikoa litzateke, baina kasu honetan hizkuntza espezializatuari dagokionean; beste hitz batzuetan esanda terminologia hizkuntza espezializatuaren lexikoa litzateke; jakintza-arlo espezifiko baten lexikoa, medikuntzako lexikoa esate baterako.

Terminologiak ezagutza espezializatuari lotutako bi funtzio betetzen ditu. Ezagutza horren errepresentazioa alde batetik, egitura kontzeptual baten barruan alor bateko kontzeptuak errepresentatzen ditu; eta bestetik ezagutza horren komunikazioa ahalbidetzen du. Adituak zehaztasunez komunikatu ahal izateko, bai beraien artean, eta baita bestelako hartzaileekin (ikasleak, alor espezializatu horretan aditua ez den publikoa…)

Terminologiaren erabiltzaileak

Badaude terminologia komunikazio-ekintza barruan tresna gisa erabiltzen dutenak, zuzeneko erabiltzaileak direnak eta baita erabiltzaile bitartekariak direnak ere.

Zuzeneko erabiltzaileen helburua elkarren artean ulertu ahal izatea da. Erabiltzaile hauek alor espezializatuko kideak dira, zientzialariak eta teknikariak, alegia.

Erabiltzaile bitartekariak ordea ezagutza zabaltzea dute helburu; hauek dira itzultzaile eta interpreteak, irakasleak eta informazioaren profesionalak.

Beste batzuk terminologiarekin lan egiten dute. Lan teorikoa batzuk eta lan praktikoa beste batzuk. Lan teorikoa egiten dutenei terminologo eta lexikologo esaten zaie. Terminologoek alor bateko testu-corpus batetik terminoak atera, hauek zerrendatu eta baliabide lexikografiko batean biltzen dituzte, hots hiztegi edo datu-base terminologikoetan. Terminologia elebidun edo eleaniztuna eginez gero, hizkuntza bakoitzeko termino baliokideak parekatzen dituzte eta hutsuneak badaude, proposamenak egin, definizioak erantsi eta termino berriak sortzen dituzte baita ere.

Lan praktikoa egiten dutenak hiztegigile edo lexikografoak, dokumentatzaileak, hizkuntza-ingeniaritzako adituak edo hizkuntza-plangintzako adituak dira; euskararen kasuan Eusko Jaurlaritzak badu Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordea bezala ezagutzen dena.

Azkenik publiko orokorra dago, azken finean guztiok erabiltzen baitugu terminologia eguneroko bizitzan eta esparru desberdinetan konturatu gabe baldin bada ere.

Terminografia

Terminologiaren jarduera praktikoari terminografia esaten zaio. Ikerketa terminologikoen emaitzak bildu, antolatu eta aurkezten ditu, hots hiztegiak egiteaz arduratzen da. Hiztegi terminologikoak bi motakoak izan daitezke:

Hiztegi deskriptiboak edo azalpenezkoak

Testu-corpusetatik ateratakoak izaten dira, eta hauek ez dituzte lehentasun edo arauak adierazten. Euskaraz duela gutxira arte ez da hiztegi deskriptibo edo azalpenezkorik existitu. Askotan testuinguru bat ematen digute termino hauek zein kasutan erabiltzen diren ikusi ahal izateko. Erabilera erreala jasotzen dute, eta beraz, erabileran oinarritzen dira. Euskararen kasuan gehienak testu itzuliak izan ohi dira, euskararen egoera dela eta. Euskararen kasuan Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegia izango litzateke hiztegi mota honen adibidea.

Hiztegi preskriptiboak edo arauemaileak

Hiztegi deskriptiboetan oinarritu beharko lirateke, eta hauen helburu nagusia terminoak finkatzea da, hau da, hiztegi mota honek adierazten ditu lehenetsitako formak esate baterako. Euskararen kasuan hiztegi mota hau da erabiliena, duela gutxira arte ez zegoelako testu edo baliabide nahikorik azalpenezko hiztegiak sortu ahal izateko. Terminologoek eta adituek egiten dituzte mota honetako hiztegiak eta terminoen normalizazioa da beraien helburu nagusietako bat. Irizpide filologiko hutsak erabili ohi dira, intuiziozkoak askotan; forma bat modu batera erabili izan bada, horrela jarraitzeari eusten diote terminologo eta adituek askotan esate baterako. Askotan baliokidetasun ugari eta desberdinak erakusten dituzte, eta esan beharra dago gaur egun egoera hobetzen ari dela, baina oraindik bide luzea dagoela aurretik. Euskarazko hiztegi arauemaileak dira Euskalterm eta Zehazki adibidez.

Erabilpenean oinarritutako hiztegiak sortzea izango litzateke ideala, azken finean gure hiztegiak egunerokotasunean erabiltzen dena bildu beharko bait lukete eta ez hizkuntza artifiziala edo ez-naturala. Gaur egun, azalpenezko hiztegiak geroz eta ugariagoak dira eta beraz, bide onetik goazela esan daiteke.

Euskarazko terminologia

Terminologiaren teorizazioa euskaraz ez da apenas landu historian zehar, eta diglosia izan daiteke horren arrazoi nagusietako bat. Euskara hizkuntza gutxitua da, eta duela gutxira arte ez da arlo espezializatuetan erabili ere egin, zientzia munduan esaterako. Terminologia teorizatu eta normalizatu ahal izateko beste hizkuntza-baldintza batzuk izan beharko genituzke eta egoera desberdina izan beharko litzateke. Koordinazio-gune bat, metodologia eta irizpide bateratuak, terminologia berrikusiko duen jendea eta terminologia-zentro ofizial bat beharko lirateke besteak beste. Bide luzea dugun arren, horrela jarraituz eta pixkanaka gure hizkuntza espezializatua garatuz, euskararen terminologia normalizatzea lortuko dugu.

Lan terminologikoa

Lan terminologiko bat egitea ez da erraza eta lan handia eskatzen du. Eman beharreko urrats asko daude benetan baliozkoa eta etorkizunean erabilgarria eta aplikagarria den lan bat sortzeko. Benetako lan terminologikoa egiten hasi aurretik, lana prestatu behar da, eremua egituratu eta kontzeptuak zedarritu behar dira eta helburuak eta garrantzizkoa den lan-plana zehaztu behar dira. Ondoren, mamiarekin hasteko hustuketa egin behar da, fitxa terminologikoak sortu behar dira, lana aurkeztu egin behar da, eta azkenik eta garrantzitsuena, baina aldi berean zailena dena, lana berrikusi eta honen normalizazioa sustatu behar da.

Erreferentziak

Kanpo estekak