Maritxu Gaztelumendi Urruzola
Maritxu Gaztelumendi Urruzola | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oiartzun, 1938ko uztailaren 17a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | 2020ko abuztuaren 12a (82 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta irakaslea |
Maritxu Gaztelumendi Urruzola (Oiartzun, Gipuzkoa, 1938ko uztailaren 17a – ib. 2020ko abuztuaren 12a)[1] Euskaltzalea, irakaslea eta idazlea da. Karrika auzoko Artaso euskal dantza taldearen sortzailea da.
Biografia
Oiartzungo Karrika auzoko Aroxkene baserrian jaio zen, 1938ko uztailaren 17an. Aroxkene baserrikoa bertakoa zuen aita, eta Errenteriako Egiburu baserrikoa ama. Ahizpa zaharragoa eta bi anaia gazteago izan zituen Maritxuk. 22 urte inguru zituela kalera joan zen bizitzera familia guztia, Karrika auzoan bertan.[2]
Lanbideak
Lan klase ugari probatu eta langintza askotan jardundakoa da Maritxu. Eskola garaian, etxeko lanetan laguntzen eta esne partitzen ibili zen. Zerbitzari lanetan jardun zuen gaztetan, Gurutze auzoko jatetxe batean hasi eta Errenteriako Panier Fleuryn, Donostiako Maria Cristinan, Igeldon, Fagollagan zein Epeleko Etxeberrin ere aritzeraino.
Zerbitzari lanetan zebilela, beso bateko ukalondoa eta besteko eskumuturra batera hautsi zituen Maritxuk. 24 urte zituen orduan, eta ikasketei ekin zien, unean sortu zitzaizkion beldur eta lotsa guztiei aurre eginez. Administrari Ikasketak egin bitartean, irakasle lanetan ere aritu zen, bai Errenterian, eta baita Oiartzungo Karrika auzoan ere. Eskola partikularrak ematen ere ibili zen, eta baita bere bokazioa aurkitu ere.
Hiru urtez-edo aritu zen Maritxu Aroxkene-Berrin eskolak ematen. Garai hartan amaitu zituen administrari ikasketak, eta irakasle izateko praktikak ere orduantxe egin zituen. Ikastolan lan egiteko aukera sortu zitzaionerako, ordea, Donostiako San Migel Patronatuan lanean hasia zen.
Karrikako Artaso dantza taldea
Garai hartan, Maritxuk hezkuntza munduarekin harreman handia zuen, bai eta haurren aisialdi munduarekin ere: udalekuak... Eta bere gogo eta jakintza guztia bideratu zituen Karrika auzoko haurrekin aisialdian lan egitera. Auzoko Dantza Taldeari Artaso izena jarri zion. [3] Maritxu Karrikako hainbat haurrekin aritzen zen dantzak irakasten. Entseatzeko tokirik ez zutela eta, egun batean erabaki zuten "eskaria" egitea. Karrika auzoko Bidasoro baserriko Joakin Arozenak txabola bat egiteko lur-saila utzi zien auzoko gazteei, dantza taldea aurrera ateratzeko entseatzeko tokia izan zezaten.
Maritxu Villabonara ezkontzera zihoan, eta txabola altxako zuten tokian berean agurtu zituen auzoko gazteak, eta txabola izango zenaren lehendabiziko harria jarri zuen, egun hartan bertan. Maritxu Villabonara ezkondu eta berehala desegin zen dantzari txikien taldea.
Dantzari txikiek hasiera batean mesede truke lortutako lur-sailean berean altxa zuten gero Artaso Elkartea.
70. hamarkadaren amaiera aldera, Yon Oñatibiak Oiartzunen pospoliñak berpiztea proposatu zion Maritxuri. Ontzat hartu zuen proposamena, baina handik hamabost bat egunera istripuz hil zen Oñatibia. Hortaz, bakarrik egin behar izan zuen aurrera pospoliñ taldeak aurrera ateratzeko egitasmoarekin. 36ko altxamendu militarraren aurretik batzokietan sortutako dantza eta kantu errepresentazio moldea zen poxpoliñena, eta haur eta gaztetxoek hartzen zuten parte halakoetan. Maritxu Barriola donostiarraren laguntza izan zuen Maritxuk.
Maritxu, idazle
2004. urtea oparoa izan zen Maritxu Gaztelumendi Urruzolarentzat. Izan ere bi liburu plazaratu zituen, 'Karrika Xabaleko aritz-ondotik' eta 'Poxpolinak'. [4]
Lehendabizikoan, Karrika Xabaleko haritzondoa protagonista gisa hartuta, Maritxuk, aroxkenetarrak, bere gazte denboran (1967-1972 bosturtekoan) Karrika auzoan izan zituen bizipenak bildu zituen. Liburua tiraldi batean irakurtzeko modukoa, oso atsegina, irribarre bat baino gehiago sortzen dituzten kontu eta pasadizo polit ugarirekin, eta auzoan iragana orokorrean ondo jasotzen duena, garai bateko bizimodu baten erretratua da.[5]
Bigarren liburua, berriz, Yon Oñatibiarekin lotua dago. Haren heriotzaren 25. urteurrena zela-eta Oiartzungo herrian egin zioten hainbat ekintza kultural, eta Gaztelumendi Urruzolak ere parte hartu nahi izan zuen eta 'Poxpolinak 1980-1985' bosturteko pasadizoak kontatzen dituen liburua plazaratu zuen.[6]
Hamar urte beranduago, 2014an, hirugarren liburua, Aitona sutondoan ipuin kontari´ argitaratu zuen. Oiartzunen 1940ko hamarkadan aitonari entzundako ipuin, kantu labur eta gertaerak liburu euskarrian jaso zituen Maritxuk. Transmisio eta memoria ariketa eskerga egin zuen Maritxuk autoedizioaren bidetik plazaratu zuen liburuarekin.[7] [8][9]
Herritar aitortza
"Oiartzuar emakumeak udalekuetan" egitasmoaren barruan, bere izena eraman zuen haur talde batek 2018an.[10]
Erreferentziak
- ↑ «Esquelas y Necrologicas | OIARTZUN | Maria Gaztelumendi Urruzola | diariovasco.com» canales.diariovasco.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
- ↑ «Gaztelumendi Urruzola, Maritxu - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-13).
- ↑ (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2021 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2021-09-15 (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ (Gaztelaniaz) «'Aitona sutondoan ipuin kontari' liburua plazaratu du Maritxu Gaztelumendik» El Diario Vasco 2014-10-15 (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ «Zabalegi Lazkanotegi, Joxepa (1916 - 2009) | Oiartzuarren Baitan» www.oiartzuarrenbaitan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ «karrika xabaleko aritz-ondotik. oiartzun 1967-1 - Compra venta en todocoleccion» www.todocoleccion.net (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ [https://old.uberan.eus/?kaia/item/aitona-sutondoan-ipuin-kontari-liburua-plazaratu-du-maritxu-gaztelumendi-urruzolak «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - �Aitona sutondoan ipuin kontari� liburua plazaratu du Maritxu Gaztelumendi Urruzolak»] old.uberan.eus (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ (Ingelesez) «Aitona sutondoan ipuin kontari Oiartzunen, 1940ko amarkadan, nere aitonari entzundako ipuin, kantu eta gertaerak / testua eta marrazkiak Maritxu Gaztelumendi U…» Pinterest (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ Olaziregi, Mari Jose. (2009-02-01). «Testuak mugimenduan. Iruzkin laburrak egungo euskal literatur lan zenbaitez» Lapurdum (13): 289–295. doi: . ISSN 1273-3830. (Noiz kontsultatua: 2023-06-14).
- ↑ (Ingelesez) «Oiartzun urtekaria 2019 by Oiartzungo Udala - Issuu» issuu.com 2019-09-11 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).