Edukira joan

Erbi (animalia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Erbi (animalia)
Sailkapen zientifikoa
FilumaChordata
KlaseaMammalia
OrdenaLagomorpha
FamiliaLeporidae
Generoa Lepus
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakhare meat (en) Itzuli

Lepus edo Erbi lagomorfoen ordenako generoetako bat da. Oso azkarrak dira, belarri handiak dituzte eta untxiek ez bezala ez dituzte zuloak egiten euren kumeak hazteko.

Ezaugarriak

Erbiak atzeko hankak eta belarriak luzeak dituzten animalia lirainak dira, korrikarako eta salto luzeak emateko moldatuak. Genero honek orokorrean belarriak luzeak baditu ere, luzera edo tamaina hori espeziearen arabera asko alda daiteke eta normalean klima beroko (basamortuetako) espezieek belarri askoz luzeagoak dituzte; Lepus californicus horren adibide litzateke. Kontrakoa gertatzen da klima eta eremu hotzetan bizi direnekin, klima hotzetan belarriak proportzionalki txikiagoak dira eta untxien belarrien tamainakoak izatera hel daitezke, erbi artikoa horren adibide da. Erbi espezie guztiek entzumen zorrotza dute eta hau da harrapariengandik ihes egiteko erabiltzen duten zentzumen nagusia; horrez gain, usaimena eta ikusmena ere fina dute. Harrapari bat sumatzean ihesaldi bizkorra egiten dute bere antzeko hanka luze eta indartsuen laguntzaz. Abiadura handian korrika egiteaz aparte lasterketan daudenean uste gabeko erritmo eta noranzko aldaketa bizkorrak egiteko gai dira, bere harraparia nahasteko asmoz.

Erbien tamaina eta ilaje-kolorea espeziearen araberakoa da baina espezie guztiak daude kamuflajerako moldatuta. Hori horrela izanik, adibidez erbi artikoak bere ilajearen kolorea urtaroari lotuta dauka; udaberri eta udan arre kolorekoa, udazkenean grisaxka eta neguan zuria duelarik.

Belarjalea da eta bere dieta untxiaren antzekoa da.

Abiadura

Erbiak animalia bizkorrak dira, 80 km/h-ko abiadura har dezakete distantzia laburretan espezie azkarrenek[1]. Distantzia luzeagoetan abiadura murriztu egiten da baina bizkorrak izaten jarraitzen dute, batez ere bere tamaina txikia kontutan hartuz gero. Erbi arruntek 55 km/h-ra lasterka egin dezake distantzia luzeetan[2], distantzia laburretan 70 km/h-ko maximoak hartuz[3]. Ipar Amerikako erdialdean eta mendebaldean dauden 5 erbi espezieek 65 km/h-ra lasterka egin dezakete eta prozesuan 3 metroko jauziak eman[4].

Biologia eta ekologia

Erbiak animalia bakartiak dira baina beste aleen presentzia onartzen dute eta indibiduoen arteko borrokak araldian bakarrik ematen dira.

Araldian arrek ia ez dute ezer jaten eta ugaltzeko aukera izateko borrokan ibiltzen dira gehienbat, borroka horietan aurreko hankekin elkarri kolpatu egiten diote "boxeo erritual" antzeko batean. Emeak ere borrokatzen dira arren kontra hauei uko egiten badiete.

Erbi espezie guztiak oso emankorrak dira eta kume goiztiarrez erditzen dira. Kumaldi bakoitzean 3 eta 8 kume bitarte izaten dituzte eta normalean eme bakoitza urtean zehar 4 kumaldi baino gehiago izatera heltzen da. Ozeaniatik eta Antartikatik izan ezik gainontzeko kontinente guztietatik zabalduta dago genero hau modu natural batean. Aipatu beharra dago gizakiak berriki erbiak sartu dituela Australian, nahiz eta bere banaketa naturala ez izan.

Erbiek harrapari natural asko dituzte, beren harrapari natural nagusiak ugaztun karniboroak (kanidoak, felidoak eta mustelidoak) eta hegazti harrapariak (arrano handiak, hontz handiak, aztoreak...) dira. Horrez gain genero zinegetikoa da mundu osoan eta beraz gizakiak ere ehizatu egiten ditu espezie gehienak.

Espezieak

Lepus generoak 34 espezie ditu:

Erreferentziak

  1. (Ingelesez) Chapman, Joseph; Flux, John (1990). Rabbits, Hares and Pikas : Status Survey and Conservation Action Plan. IUCN Species Survival Commission (SSC), Lagomorph Specialist Group. p. 2. ISBN 2831700191.. .
  2. McGhee, Karen; McKay, George. (2007). Encyclopedia of animals. Washington, DC : National Geographic ISBN 978-0-7922-5937-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  3. «Liebre europea» test.mammalweb.org (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  4. "Jackrabbits, Jackrabbit Pictures, Jackrabbit Facts - National Geographic". Animals.nationalgeographic.com. 11 April 2010. 2010/02/7-an originaletik artxibatua. (Noiz kontsultatua: 2013/01/12).. .
Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.