Edukira joan

Larruazaleko flora

Wikipedia, Entziklopedia askea
Josu (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 17:23, 17 abuztua 2024
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Larruazalean dauden bakterio nagusiak eta haien kokapena

Larruazaleko flora edo larruazaleko mikrobiota larruazalean bizi den mikroorganismoen multzoari deritzo. Mikrobio horiek harreman sinbiotiko edo komentsalista mantendu ohi dute ostalariarekin. Bakterioak, onddoak eta akaro batzuk bizi dira larruazalean [1].

Orokorrean, larruazaleko flora aldakorra da gorputzeko tokiaren arabera. Ugariagoa da izerdi-guruinak dituzten eremuetan (besapeetan, genitaletan, ilean...); sebo- eta izerdi-guruinek mikrobioek behar dituzten hezetasun eta elikagaiak sortzen dituzte (gatzak, lipidoak, aminoazidoak, azido organikoak...). Besazpiko usaina, hain zuzen, bakterio-metabolismoaren ondorioa da, eta izerdi-guruinek jariatzen dituzten substantziak bakterioek eraldatzen dituztenean agertu ohi da (jariakin horiek berez usainik gabekoak dira, baina bakterioen jarduerak usain gogorreko metabolitoak sortzen ditu [2]).

Izerdiak azidotasun puntu bat duenez (pH=4-6), larruazalean bizi diren mikroorganismoak azidofiloak izan ohi dira.

Larruazaleko zentimetro karratu batean mikrobio asko daude: 10.000 inguru larruazaleko toki lehorretan, eta milioi bat inguru toki hezeetan [3].

Larruazaleko mikrobiotak onura oso garrantzitsu bat dakarkigu: mikrobio patogeno askoren hazkuntza saihesten du. Larruazalean mikrobiotarik ez balego, askoz infekzio gehiago pairatuko genituzke bertan [4]. Larruazaleko mikrobio onuragarriek gantz-azidoak ekoizten dituzte, esaterako, mikrobio patogenoen hazkuntza inhibitzen dutenak.

Onura hori ekartzeaz gain, ordea, larruazaleko mikrobio batzuek ere komentsal edo sinbionte modura ez ezik, patogeno modura ere jardun dezakete. Adibidez, Pseudomonas aeruginosa. Larruazalean dagoen bakterio honek pertsona immunogutxituengan noiz-behinkako infekzioak sor ditzake.

Larruazaleko mikrobioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bakterio hauek daude larruazaleko gizabanako gehienengan:

Larruazalean dauden bakterio gehienak Gram positiboak dira, hauek hobeto moldatzen direlako larruazaleko lehortasunera Gram negatiboak baino [5]

Onddoen artean Candida albicans, Pytirosporum ovale, Turolopsis, Trichophyton rubrum eta Trichosporum cutaneum dira aipagarrienak. Orpoak eta azazkalek onddo asko dituzte [6]

Demodex folliculorum ugaria da aurpegian, sebo-guruinen eta ile-folikuluen inguruan. Komentsal ez-kaltegarria da.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Grice EA, Kong HH, Conlan S. (2009). Topographical and Temporal Diversity of the Human Skin Microbiome, Science, 324: 1190 - 1192 Testu osoa
  2. Albero, Josu: Mikrobioen Mundu Liliragarria, EHUak (2019), 62 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
  3. Ingraham, J., Ingraham, C.: Introducción a la microbiología Vol. II, Ed. Reverté (1998), 340 orr. ISBN: 84-291-1871-3
  4. Albero, Josu: Mikrobioen Mundu Liliragarria, EHUak (2019), 60-61 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
  5. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:779 orr. ISBN: 978-84-9860-026-1
  6. BBC news

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]