Edukira joan

Prusia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aosbot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 12:10, 27 azaroa 2019
Prusia
Preußen
1525 – 1947
Monarkia (1918 arte), errepublika
Prusiako bandera

Prusiako armarria

Goiburua
Suum cuique
(Bakoitzari berea)
Prusiaren lurraldeak, urdinez, Alemaniar Inperioan (1871 – 1918).
Geografia
HiriburuaKönigsberg, gero Berlin
Biztanleria10.349.000 (1816)
41.915.040 (1939)
Kultura
Hizkuntza(k)Alemana
ErlijioaProtestantea, Erromatar Katolikoa
Historia
Prusiako dukerriaren sorrera1525
Prusiako Erresumaren sorrera1701
Prusiako Estatu Askearen sorrera1918
Ezeztatzea (De iure)1947

Prusia (alemanez: Preuße; latinez: Borussia, Prutenia; letonieraz: Prūsija; lituanieraz: Prūsija; polonieraz: Prusy; antzinako prusieraz: Prūsa) Erdialdeko eta Ekialdeko Europako estatua izan zen, 1525ean sortu eta Bigarren Mundu Gerraren amaieran (1947) desegin zena. Eragin handia izan zuen Alemaniako eta Europako historian. Hasieran Königsberg eta ondoren Berlin izan zituen hiriburu.

Historia

Antzinako prusiarrak Baltiko itsaso ondoan bizi ziren, Oder eta Niemen ibaien artean. Baltikoko herrietako hizkuntza bat hitz egiten zuten, prusiera zaharra deritzana. XIII. mendean germaniarrek (Ordena Teutonikoak) prusiarrak kristautu eta menderatu zituzten. Aitonen seme germaniarrek gazteluak eraiki zituzten Prusian eta nekazari germaniar asko iritsi ziren lurra lantzera. XIV. menderako, Prusiako biztanle gehienek alemanez hitz egiten zuten, antzinako prusiar hizkuntzak XVII. mendea arte iraun bazuen ere.

1525ean, Prusia Hohenzollern familiaren mendeko dukerri bilakatu zen; 1618an, Hohenzollern-Brandenburg etxea iritsi zen aginpidera; Brandenburgoko margraverria eta Prusiako dukerria batzean Europako lurralde indartsuenetako bat eratu zen: Brandeburgo-Prusia. Frederiko Gilen Handiak (1640-1688) Prusiako gudaroste ahaltsua eratu zuen; Frederiko I.a (1688-1713) Prusiako errege izendatu zuten. Frederiko II.ak (1740-1786) Silesia eta Poloniako mendebaldeko lurraldeak bereganatu zituen, eta Prusia Europako botere nagusietakoa bilakatu zen.

1807an, Napoleonen kontrako borroken ondoren, Prusiak lurralde batzuk galdu zituen, baina 1815eko Vienako Batzarrean horietako asko berreskuratu zituen. Handik aurrera, Austriarekin lehian egon zen germaniar elkartearen buru nor izango. 1871n, Otto von Bismarck kantzilerrari esker, Bigarren Reicheko lurralde nagusia bihurtu zen politika, ekonomia eta populazioari zegokienez.

Lehen Mundu Gerra bukatu zenean, Hohenzollern dinastiaren amaierarekin batera, Silesia, Posen, Mendebaldeko Prusia, Danzig, Memel, Schleswigeko iparraldea, Belgikako mugako lurraldeak eta Sarre eskualdea galduta, Prusia inoiz izandako lurralderik txikienera mugatua zegoen, eta, egoera ahul horretan, Weimarko Errepublikako land bihurtu zen (Prusiako Estatu Askea). 1933an, Hitlerrek Prusiako konstituzioa eta hango legeak indargabetu zituen. Bigarren Mundu Gerraren amaieran Alemania aliatuen mende geratu zen eta, horrenbestez, Prusiari geratzen zitzaizkion lurralde eskasak ere bai; izan ere, Sobietar Batasunak hartu zuen ipar-ekialdeko Prusia eta Poloniak, berriz, Prusiako ekialdeko zenbait lurralde.

Hortik aurrera, Prusia izena historian, kulturan edo geografian baino ez da erabili. Esaterako, etikan bertute prusiarrez mintzatzen da, hau da, antolakuntza hobezina, sakrifizioa, legearen agintea, autoritateari men egitea edo militarismoa, baina aldi berean, tolerantzia, puntualitatea, apaltasuna etab.

Erreferentziak

Kanpo estekak