Edukira joan

Galba

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rei-bot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 19:40, 12 apirila 2008

Galba (latinez Servius Sulpicius Galba) (K. a. 3ko abenduaren 24a - K. o. urtarrilaren 15a) Lau enperadoretako urtean lehen enperadorea izan zen, 68ko ekainetik hil zen arte.

Botererako bidea

Familia noble zein aberats batean jaioa, ez zuen inolako harremanik lehen bost enperadoreekin. 20an pretor eta 33an kontsul izendaturik, eta Galia, Germania, Afrika eta Hispaniako probintzien buruan, eskarmentu handia eskuratu zuen. Kaligularen heriotzean, boterea bereganatzeko proposamenei muzin egin zien eta leial zerbitzatu zuen Klaudio. Neronen lehenengo urteetan, erretiroa hartu zuen, baina enperadoreak Hispania Tarraconensisen gobernua eman zion.

68ko udaberrian, Galba jabetu zen Neronek erahiltzeko asmoa zuela. Julio Vindex Galian matxinatu zenean, haren alde egin nahi zuen, baina Vindexen porrotak Galbaren ezbaiak areagotu zituen. Pretoriarren prefektua matxinatu zen orduan. Galbaren aginduetara zegoela adierazitakoan, Galbak Senatu eta erromataren legatua izendatu zuen bere burua. Neronen heriotzarekin, Zesar titulua hartu zuen eta Erromara abiatu zen.

Agintean

Galbaren kezka nagusia estatuaren ahalmen ekonomikoa berreskuratzea izan zen. Horretarako, gogokoak ez ziren neurriak hartu zituen. Arriskutsuena Pretoriar Goardiari haren izenean agindutako ordainsaria ez ematea izan zen. Ez zuen uste soldaduen leialtasuna erosi behar zela. Haren zuhurtziak eta arrandi ezak ere herritar xumeen kontrako iritzia areagotu zuten. Halaber, jendeak uste zuen adinak lehengo kemena agortu ziola, eta laguntzaileen menpe zegoela Galba.

69ko urtarrilaren 1ean, Germania Superiorko bi legioek ez zioten Galbari zin egin. Haren estatuak lurrera botata, enperadore berri bat eskatu zuten. Hurrengo egunean Germania Inferiorko soldaduak ere matxinotu ziren, eta enperadorea haiek hautatuko zutela erabaki zuten: Vitelio, probintziako gobernaria. Ekaitza atertu nahian, Luzio Kalpurnio Pison oinordekotzat hartu zuen Galbak. Pretoriar Goardia sutan jarri zen, ohiko ordainketa eman ez zitzaiolako.

Oton Lusitaniako gobernaria ere haserretu zen Galbaren hautaketarengatik. Galbaren hasierako babesle sutsua izan arren, Pretoriar Goardiaren borondatea erosi zuen, bera enperadore izenda dezaten. Galba, ohatze batean eramana, hain zegoen ahulduta, matxinoen kontrako bataila batean hil zuten.


Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Galba