Ke-seinale
Ke-seinalea distantzia luzeetan komunikatzeko modurik zaharrena da eta ikusmenezko komunikazioa da. Ke-seinalearen bidez, besteren artean berriak edo arriskuak igor daitezke.
Historiako kasuak
Grezia
K. a. 150. urtean, Megalopolisen (Antzinako Grezia), Polibio historialariak (K.a. 200-118) informazio konplexua distantzia handitan oso azkar zabaltzea ahalbidetzen zuen komunikazio sistema asmatu zuen. Grezierazko karaktere alfabetiko bakoitzari zenbaki bat esleitu zion eta zenbaki horiek urrutira transmititzeko hainbat su edo zuzi erabili zituen. Hots, kearen bidez zenbaki multzoak igorri zitezkeen, eta Polibioren kodea jakinez gero, zenbaki multzoak hitz bihurtzen ziren. Zenbakiak hizkietan itzultzeko kode horri Polibioaren Karratua deritzo, eta historian zehar kriptografian oso sistema ezagun eta erabilia izan da[1].
Txina
Greziarrak ez ziren Antzinaroan ke-seinaleak erabili zituzten bakarrak izan. Txinatar Inperioan ere komunikazio sistema azkar eta eraginkorra behar zuten, eta bide bikaina eraikia zuten horretarako: Txinako Harresi Handia. Etsaien erasoen berri emateko, harresiko soldaduek ke seinaleak bidaltzen zituzten. Dorrez dorre, mezuak ehunka kilometro egin zitzakeen ordu gutxitan[1].
Ipar Amerikako indioak
Filmeetan Iparramerikako indioak izan ziren ke seinaleen erabiltzaile nagusiak. Haien sistemek ez zuten Polibioren kodearen sofistikaziorik. Jatorrian, tribu bakoitzak bere seinale sistema zuen, ziurrenik, arerioak igorri nahi zituzten mezuak uler ez zitzan. Baina kolonizazioak etsai komuna ekarri zien, eta oinarrizko seinale batzuk behintzat bateratu zituzten: ke bola batek adi egoteko esan nahi zuen, bi bolek dena lasai zegoela adierazten zuten, eta hiruk arazoak eta arriskuak iragartzen zituzten[1].
Australia
Oro har, kezko seinaleak arrotzen presentzia jakinarazteko erabili izan diren arren, Australiako aborigenek alderantzizko metodoa erabiltzen zuten: lurralde arrotzean sartzen zenak bidaltzen zituen ke seinaleak, bertakoei han zegoela eta arazorik nahi ez zuela jakinarazteko[1].
Vatikanoa
Gaur egun, Vatikanoak oraindik ke seinalea erabiltzen du, ke zuriak Habemus Papam esan nahi du[1].