Txikipedia:Bizi itxaropen
Bizi-itxaropena halako toki batean biztanleak batez beste bizitzen diren urte-kopuruari deitzen zaio. Adibidez, Euskal Herrian pertsona baten bizi-itxaropena 84 urtekoa dela esaten dugunean, hildako euskal herritarren adinen batezbestekoa 84 urtekoa dela esan nahi du.
Azken mendean, munduko biztanleriaren bizi-itxaropena dexente igo da, bizi-baldintzak asko hobetu direlako, oro har: elikadura, higienea eta osasuna, bereziki. Hala ere, diferentzia handiak daude herrialde garatuetatik herrialde garatugabeetara, ondoko taulak erakusten duen bezala:
2000 - 2005 | Bizi-itxaropena |
Europa | 78,4 |
Ipar Amerika | 77,6 |
Ozeania | 74,0 |
Latinoamerika | 71,5 |
Asia | 67,3 |
Afrika | 49,1 |
Mapan eta grafikoan ikusten den bezala, garapen-bidean dauden herrialdeetan, bizi-itxaropena apurtxo bat igo da, baina, hala ere, haur asko hiltzen dira (hots, haurren heriotza-tasa oso handia da), eta horrek eragin handia du leku horietako biztanleen bizi-itxaropenean. Garapen-bidean dauden herrialdeetan, pobreziak, hondamendi naturalek, gizakien arteko gatazkek (gerrek) eta elikadura-arazoek edo ur-faltak nutrizio-arazoak dakartzate, eta, horregatik, jendeak gaixotasunei aurre egiteko defentsa gutxiago izaten ditu; gainera, herrialde horietan osasun-sistema egokirik ez dute izaten eta parasito eta intsektu ugari dagoenez, izurriak (batera jende askok harrapatzen dituen gaixotasunak) nahiko erraz zabaltzen dira. Horrek ere asko igotzen du leku horietako heriotza-tasa. Adibide bat ipintzearren, Afrikan milioi bat pertsona hiltzen omen dira urtero malaria izeneko gaixotasunaren ondorioz. Bestalde, herrialde azpigaratuetan, heriotza guztien %46 estatu garatuetan sendatzeko arazorik ez duten gaixotasunen eraginez gertatzen dira.