Lankide:Gotzon/Proba orria
Qing dinastia (txinera tradizionalez: 清朝; pinyinez: Qīng Cháo; mantxueraz: ᡩᠠᡳᠴᡳᠩ ᡤᡠᡵᡠᠨ) 1644tik 1911 arte Txinan agintean izan zen dinastia da; haien agindupeko estatuak Txina, Txinako Inperioa edo Quing Handien Inperioa zuen izena. Txinan agintea izan zuen azken dinastia inperiala izan zen, txinatar jatorriko azkena, Ming dinastiaren ondorengoa. Jatorriz mantxuak ziren, eta jurchendarrekin lotuak zeuden, XIII. mendean Txina konkistatu zutenak Jin dinastia ezarrita; horregatik, hartu zuten lehen izena izan zen «Jin Ondorengoak».
Dinastia Mantxuriako Aisin Giorio klaneko Nurhaci (1559-1626) lehen enperadoreak sortu zuen. 1644an, Ming dinastiako indar militarrek eragindako barne matxinaden ondorioz, herrialdearen barne anabasa aprobetxatuz, mantxuek boterea hartu zuten Txinan, inperio berri bat ezarriz, Qing Handiaren Inperioa. 1616an sortuta Jin Ondorengoak dinastia izenarekin, izen horren ordez 1636tik aurrera «Qing» izena jarri zioten, «argia» edo «purua» esan nahi duena.[1] 1644an Pekin konkistatu ondoren, mantxuek boterea zabaldu zuten Txinako gaur egungo lurraldearen zati handiena menderatzeraino. Hala eta guztiz ere, erabateko baketzea ez zuten 1683. urtera arte lortu.
Mendetan zehar, Qing dinastia Txinako kulturarekin estuki lotu zen arren, dinastiaren botere militarra ahuldu egin zen XIX. mendean, eta, nazioarteko presioei eta barne matxinadei aurre eginez, zenbait porrot militar jasan zituzten. Horren ondorioz, dinastia gainbeheran sartu zen XIX. mendearen bigarren erditik aurrera. Daoguang enperadorearen erregealdian (1820-1850), Txinak Opioaren Gerra (1840) jasan zuen: Estatu Batuek eta Erresuma Batuak opioaren trafikoa mendean hartu zuten, aurrez enperadoreak debekatua baitzeukan, eta pribilegio komertzialekin kontzesioak lortu zituzten. Handik gutxira, herri matxinada batzuk sortu ziren, hala nola Taiping matxinada (1851-1864), herritarren nahigabearen erakusgarri. Cixi enperatriza, Xianfeng (1850-1861) enperadorearen ohaidea, izan zen herrialdea de facto gobernatu zuena 47 urtez. Qing dinastia Xinhai Iraultzaren ondorioz eraitsia izan zen, 1912ko otsailaren 12an, Puyi azken enperadoreak, zazpi urte zituelarik, abdikatu zuenean.[2]
Historia
Mantxuen estatuaren eraketa
Mantxuriatik etorrita, Qingtarrek herrialdearen barnealdea konkistatu zuten eta txinatar jatorriko Ming dinastia amaiarazi zuten 1644an, agerian utziz ez zela ezinezkoa Txina kanpotik inbaditzea. Dinastiaren sortzaileak jurchendarren parte ziren, Liao haranean bizi zen herri nomada bat, egungo Mantxurian,[3] eta hauek, izatez, ez zuten multzo bat osatzen, baizik eta tribu edo klan multzo zabal batean banatzen ziren, tribu bakoitzak bere auzokideekin harremanak ezartzen zituelarik, izan jurchendar edo mongolekin, izan Ming dinastiaren Txinarekin edo Joseon dinastiaren Korearekin.
XVI. mendean, Mantxuria hegoaldeko mugak harriduraz bizi izan zuen txinatarrak nekazaritza intentsiboa egiten hasi zirela. Gainera, muga egiten zuen herrialdea zenez gero, Mingtarrek barruti militarretan antolatua zuten, ez zibiletan, herri nomaden erasoetatik babesteko.[4]
1570eko eta 1580ko hamarkadetan, eskualdeko hegoaldeko nekazaritza eskualdean, buruzagi bat nabarmentzen hasi zen tribu guztien artean: Nurhaci. Aisin Gioro klaneko kide zela zioen[5] eta bere boterea zabaldu nahi zuen armen indarrez estatu boteretsu bat sortzeko.[6] Horretarako, bere kokapen geografiko pribilegiatuaz baliatu zen, eta mugan bizi ziren txinatarrengandik ahal zuen bezainbat ikasi zuen.[4]
1583an, bere aitaren hilketaren ondorioz sortutako gatazka baten ondorioz, Nurhacik jurchendarren khan izenda zezaten eskatu zien Mingtarrei, baina bere eskaera ez zuten aintzat hartu, eta titulua Nikan Wailan jurchendar buruzagiari eskaini zioten; hurrengo urteetan Txinan babes hartuta bizi izan behar izan zuen. Hala ere, Nurhaciren ospearen ondorioz, Mingtarrek beraren eskaerak onartu behar izan zituzten pixkanaka eta 1586an Nikan hil egin zuten. Nurhaci ez zen horrekin konformatu, eta jurchendarren tribu eta klan guztiak menderatzera iritsi zen; gainera, Ming dinastiarekin harremanak hasi zituen, bere lankidetza eskainiz Korearen inbasioa gauzatu zuen Toyotomi Hideyoshi japoniar buruzagiari aurre egiteko.[7]
1593an, Gureko guduan, Nurhacik beste jurchen tribuen aliantza garaitu zuen: Yehe, Hada, Ula, Hoifa, Khorchin, Sibe, Guwalca, Jušeri eta Neyen.[8] Haren botereak Ming eta Yi bizilagunen kezkak piztu zituen. 1613tik aurrera, Nurhacik hurbilketa bilatu zuen klan mongoliarrekin, Mingtarrei aurre egiteko prestaketak hasi nahirik, eta klan txiki batzuk lortu zituen beraren aliatu gisa. Horrekin batera, bere estatua boteretsuago bilakatu ahala, txinatarrekiko muga gatazkak ugaritu egin ziren. Mongoliarrek 1606an «Kundulun Khan» titulua eman zioten eta 1616an bere burua khan izendatu zuen. Horrela, «Jin ondorengoen» dinastia sortu zuen,[9] nolabaiteko lotura egin nahirik XII. mendean Txina iparraldeko zati bat konkistatu eta gobernatu zuen jurchen dinastiarekin.
1618an, Nurhacik Zazpi Irain Handiak[10] izeneko dokumentu bat idatzi zuen, non Ming dinastiako gobernarien aurka matxinatzeko arrazoiak aldarrikatzen zituen.[11] 1618an Fushun konkistatu zuen,[12] eta 1621eko hasieran Liaodong penintsula inbaditu ondoren, Shen-Liaoko guduaren ostean Mingtarren Shenyang eta Liaoyang hiriak hartu zituen mendean. Hiriburua Liaoyangera eraman zuen 1621ean, eta Shenyangera 1625ean, izena Mukden aldatuta.[13]
1626an bere lehen porrot militar garrantzitsua jasan zuen Ningyuaneko guduan, Ming armadako jeneral Yuan Chonghuanen aurka, eta handik gutxira, urte berean, Nurhaci hil egin zen. Beraren arrakastarik handienetako bat izan zen zortzi banderako sistema sortzea: bandera bakoitzak unitate zibil eta militar bana ordezten zuen, eta mantxu orok zuen unitate horietako kide izateko beharkizuna.[14]
Erreferentziak
- ↑ Tucker 2011, 203. orr. .
- ↑ Wakeman 2012, 52-54. orr. .
- ↑ Twitchett & Fairbank 2019, 10. orr. .
- ↑ a b Fairbank & Goldman 2006, 146. orr. .
- ↑ Jerr 2017, 152. orr. .
- ↑ Twitchett & Fairbank 2019, 27. orr. .
- ↑ Twitchett & Fairbank 2019, 29. orr. .
- ↑ Hölzl & Payne 2022, 300. orr. .
- ↑ Parker 2020, 195. orr. .
- ↑ (Txineraz) «七大恨 - 维基文库,自由的图书馆» Wikisource (zh.wikisource.org) (Noiz kontsultatua: 2025-01-01).
- ↑ Keliher 2020, 27. orr. .
- ↑ Swope 2016, 13. orr. .
- ↑ Hummel 2010, 302-303. orr. .
- ↑ abizena & urtea, orrialdea(k) orr. .
Bibliografia
- (Ingelesez) Fairbank, John King; Goldman, Merle. (2006). China: a new history. Cambridge: Belknap Press of Harvard University Press (web.archive.org) ISBN 978-0674018280. OCLC .61821937.
- (Ingelesez) Hölzl, Andreas; Payne, Thomas E.. (2022). Tungusic languages: past and present. Berlin: Language Science Press ISBN 978-3961103959. OCLC .1356978751.
- (Ingelesez) Hummel, Arthur W.. (2010). Eminent Chinese of the Ch'ing period, 1644-1912. Folkestone: Global Oriental ISBN 978-9004218017. OCLC .833765540.
- (Ingelesez) Jerr, Nicole, ed.. (2017). The Scaffolding of Sovereignty: Global and Aesthetic Perspectives on the History of a Concept. Columbia University Press doi: . ISBN 978-0231171878. OCLC .993122694 (Noiz kontsultatua: 2025-01-01).
- (Ingelesez) Keliher, Macabe. (2020). The Board of Rites and the making of Qing China. California: University of California Press ISBN 978-0520971769. OCLC .1090283580.
- (Ingelesez) Parker, Philip. (2020). World history: from the ancient world to the information age. London: Dorling Kindersley Limited ISBN 978-0241484029. OCLC .1200842835.
- (Ingelesez) Swope, Kenneth. (2016). The military collapse of China's Ming Dynasty, 1618-44. London: Routledge, Taylor & Francis Group ISBN 978-1138652330. OCLC .982418653.
- (Ingelesez) Tucker, Spencer. (2011). Battles that changed history: an encyclopedia of world conflict. Santa Barbara: ABC-CLIO ISBN 978-1598844306. OCLC .693771794.
- (Ingelesez) Twitchett, Denis Crispin, ed.; Fairbank, John King, ed.. (2019). The Cambridge history of China. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 978-0521243278. OCLC .2424772.
- (Ingelesez) Wakeman, Frederic. (2012). The great enterprise: the Manchu reconstruction of imperial order in seventeenth-century China. Berkley: University of California Press ISBN 978-0520048041. OCLC .825038126.