Suezko kanala
Suezko kanala[1] (arabieraz: ق ناةالسويس, Qanāt al-Sūwais) Afrika eta Asia banatzen eta Mediterraneoa eta Itsaso Gorria batzen dituen ubide artifiziala da. Egipton dago, Mediterraneoko Port Said eta Itsaso Gorriko Suez lotzen ditu. 163km luzera duen kanal hau Europatik Asiara doazen itsasontzientzako laguntza handia da, ez baitute Hegoafrikatik pasa beharrik.
Suezko kanala | |
---|---|
قناة السويس | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Egipto |
Egiptoko gobernadore-herria | Suez Governorate |
Kokapen fisikoa | Isthmus of Suez (en) |
Koordenatuak | 30°42′18″N 32°20′39″E / 30.705°N 32.344166666667°E |
Altitudea | 0 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1859ko apirilaren 25a - 1869 |
Sei Eguneko Gerra | |
Yom Kippurreko Gerra | |
Suezko krisialdia | |
Suezko kanalaren blokeoa 2021eana | 2021eko martxoaren 23a - 2021eko martxoaren 29a |
Suez Canal Area Development Project | |
Egiptoko konkista musulmana | |
Inaugurazioa | 1869ko azaroaren 17a |
Kudeatzailea | Suez Canal Authority |
Izenaren jatorria | Suez |
Arkitektura | |
Arkitektoa | Ferdinand Marie Lesseps Alois Negrelli (en) |
Dimentsioak | 193,3 () km |
Webgune ofiziala | |
Historia
aldatuAurrekariak
aldatuAntzina mendebalde-ekialde norabideko kanalak eraiki ziren Nilotik Itsaso Gorrirako pasabidea errazteko. Uste da kanal txikiago bat eraiki zela Sesostris II.aren edo Ramses II.aren babespean. Beste kanal bat, ziur aski lehenengoaren zati bat probesten zuena, Nekao II.aren erregealdian eraiki zen (610–595 k.a.), baina Dario I.ak (522–486 k.a.) diseinatu eta osatu zuen erabat funtzionala zen kanal bakarra.[2][3][4]
K.a. lehen bi mila urtekoa
aldatuJames Henry Breasteden arabera, Egiptoko VI. dinastiaren eta Egiptoko XII. dinastiako Sesostris III.aren amaiera artea (1878 – 1839 k.a.), kanal bat eraikitzeko saiakera egin zen lehen ur-jauzian, Aswandik gertu.[5]
Baliteke Sesostris ospetsuak (ziurrenik Sesostris III.ak, Egiptoko Hamabigarren Dinastiakoa) antzinako kanala eraiki izana, Faraoien kanala deiturikoa, Nilo eta Itsaso Gorria lotzen zituena (1897 – 1839 k.a.).[6] Ureztapen kanala egin zenean, nabigagarria izaten zen uhaldi garaian eta Niloko deltaren ekialdean zegoen Wadi Tumilat izeneko bailara idorrera eramaten zuen (uste da, halaber, antzina Itsaso Gorria Timsah lakura arte eta Laku Mikatzetara arte iristen zela).[7][4][2]
XX. mendean, Dario I.aren kanalaren iparraldeko hedadura aurkitu zen, Timsah lakutik Ballah lakuetaraino. Egiptoko Inperio Ertainaren garaikoa zela egotzi zitzaion inguruan topatutako beste aztarnei kasu eginda.[8]
Hatshepsut garaian Puntera egindako espedizioko k.a. 1470 urteko erliebeek erakusten dute Puntetik itzultzen ari diren armada itsasontzi batzuk. Horrek esan nahi du bazegoela nabigaziorako lotura Itsaso Gorria eta Niloaren artean. Wadi Gawasisen egindako indusketek iradokitzen dute Egiptoko itsas merkataritza Itsaso Gorrian hasi zela, kanalen beharrik gabe. Aurkikuntzen arabera, badirudi kanala k.a. XIII. mendean agertzen dela, Ramses II.aren garaian.[9][10]
Nekaok, Dariok eta Tolomeok induskatutako kanalak
aldatuBubastis, Pi-Rameses eta Pithom antzinako Egiptoko hiriak lotzen zituen mendebalde-ekialdeko noranzko antzinako kanal baten hondakinak aurkitu zituzten Napoleon Bonapartek eta haren ingeniari eta kartografoek 1799an.[4][11][12]
Herodoto greziar historialaren Historiak lanaren arabera, K.a. 600 urtearen inguruan, Nekao II.ak ekialde-mendebalde noranzko kanal bat egitea bultzatu zuen Wadi Tumilaten zehar eta Bubastis eta Herópolis hirien artean,[4] eta agian, Heroopolite Golkoaraino eta Itsaso Gorriraino jarraituko ahal zuen. Hala ere, jakina da Nekaok ez zuela inoiz bere proiektua burutu.[9]
Herodotori kontatu ziotenaren arabera, lan horretan 120.000 gizon hil ziren, baina kopuru hori, zalantzarik gabe, neurriz kanpokoa da.[4] Plinio Zaharraren arabera, Nekaoren kanalak 92 kilometro inguru zituen, Bubastisen eta Aintzira Mikatz Handiaren arteko distantzia bera, eta horrek ibarretan zehar bokalea izatea ahalbidetzen du. Herodotok aipatutako 1.000 estadiotik gorako luzera (183 kilometro baino gehiago), ulertu behar da une horretan Niloren eta Itsaso Gorriaren arteko distantzia osoa zela.[4]
Suezko kanala
aldatuEraikuntza 1859ko apirilaren 25ean hasi zen, Ferdinand de Lesseps arkitektoaren agindupean eta 1863ko abenduaren 29an inauguratu zuten; Giuseppe Verdik Aida opera prestatu zuen egun hartarako. Garaiko agintari egiptoarren oniritzia izan zuen eta Egiptok akzioen % 40 zuen, geratzen zena 21.000 frantses artean banatzen zelarik.
Kanalak lurralde egiptoarra zeharkatzen zuen eta Lesseps-ek Egiptoko gobernadorea zen Said Bajaren kontzesioa lortu zuen. Lurrak, harrobiak eta edateko ura emateaz gain, langileriaren lau bostenak emango zituen Egiptok eta milaka fellah behartu zituen horretarako. Lan bortitza izan zen hura, hasieran behintzat makinaria falta handia baitzegoen eta eskuz egin behar zen asko. Miloi bat langilek hartu omen zuen parte eta 125.000 hil omen ziren, ofizialki 20 baino ez esan bazuten ere. Frantziak bere interesei begira eraiki zuen arren, Erresuma Batuari ederki etorri zitzaion, metropolia eta Indiako koloniak batzen baitzituen.
1875ean, Egiptoren kanpo zorra arindu nahian, akzioen gehiengoaren salmenta egin zuen. Ingalaterrako Lehen Ministroa bizkor ibili zen eta Viktoria erreginari erosketaren komenientzia erakutsi zion, Ingalaterrako kolonia zen Indiarako bidean oso egokia izango zela-eta. Rothschild bankuen maileguek erraztu zuten ingelesen kanalaren gaineko agintea.
1888an Konstantinopoliseko Itunak kanalaren britainiarren babespeko neutraltasuna aldarrikatu zuen eta Otomandar Inperioak, nola bake, hala gerra garaian, nazioarteko nabigazio librea ziurtatu zuen.
Bigarren mundu gerran zehar, bere garrantzi estrategikoa zela eta, Adolf Hitlerrek garrantzi itzela eman zien bereganatzeari. Hala ere, El Alameingo guduan izandako arrakastaren ondoren, aliatuek kanala haien eskuetan mantentzea lortu zuten.
1956ko uztailaren 26an Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidenteak nazionalizatu egin zuen, Asuango urtegia egiteko dirua behar baitzuen. Frantzia eta Erresuma Batuak akzionista handienak ziren eta onura handiak ateratzen zituzten petrolio ustiapenetik. Horregatik, suminduta, eskualdea inbaditzen saiatu ziren Israel inguruan, porrot handia jasanez. Egiptoren zigorrak ez zuen itxaron eta 40 ontzi hondoratu zizkien, kanalean blokeoa ezarriz.
1957an NBEk Israel eta potentzia europarrak atzera egitera lortu zuen eta kanala berriro ireki zuten. Orduz gero, Nasserrek administratu zuen Egipto eta Israelen arteko 1967ko Sei Eguneko Gerrara arte. 1956an itxi zen eran blokeatu zen oraingoan ere, ontziak hondoratuz.
1975eko ekainean ireki zuten berriro eta gaur egun horrelaxe dago.
2014ko azaroaren 6an, polemikaz josita hasi ziren Suezko kanal berriko lanak. Proiektuak bikoiztu egin nahi zuen itsasartea pasatzen duten barkuen kopurua. Bigarren ubideak Egiptoren finantzaketa zeukan soilik. Dozena bat herri hustu zituzten, lanak egiteko[13].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Euskaltzaindia. Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako toponimia. .
- ↑ a b (Ingelesez) Entziklopedia Britanikoa. (1911). (Noiz kontsultatua: 2024-02-25).
- ↑ web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2024-02-25).
- ↑ a b c d e f (Ingelesez) Rappoport, S. (Doctor of Philosophy, Basel). History of Egypt (undated, early 20th century), Volume 12, Part B, Chapter V: "The Waterways of Egypt", pp. 248–257. London: The Grolier Society.
- ↑ (Ingelesez) Breasted, James Henry. (1906). Ancient records of Egypt; historical documents from the earliest times to the Persian conquest. Chicago, The University of Chicago Press; [etc., etc.] (Noiz kontsultatua: 2024-02-26).
- ↑ (Ingelesez) «Suez Canal | History, Map, Importance, Length, Depth, & Facts | Britannica» www.britannica.com 2024-03-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-07).
- ↑ (Ingelesez) .
- ↑ (Ingelesez) Shea, William H. "A Date for the Recently Discovered Eastern Canal of Egypt", in Bulletin of the American Schools of Oriental Research, 226 zki. (1977, apirila), 31–38 orr.
- ↑ a b (Ingelesez) «1911 Encyclopædia Britannica/Suez Canal - Wikisource, the free online library» en.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- ↑ «Denver Journal - 1:0114» web.archive.org 2005-04-29 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- ↑ «Description de l'Égypte: ou, Recueil des observations et des recherches qui ... - Google Books» web.archive.org 2020-08-19 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- ↑ «ANCIENT ECONOMIES II» web.archive.org 2015-10-21 (Noiz kontsultatua: 2024-03-20).
- ↑ Irazabal, Ane. (2014-11-07). «Al-Sisiren egitasmo faraonikoa» Berria.