Richard Dawkins
Clinton Richard Dawkins (Nairobi, Kenya, 1941eko martxoaren 26a - ) idazle, biologo ebolutibo, dibulgatzaile eta etologo britainiarra da.
1976. urtean argitaratutako Gene Berekoia da haren liburu ospetsuena, eta, bertan, geneetan oinarritutako eboluzioa defendatzen du, meme eta memetika bezalako kontzeptuak erabiliz.
Dawkins ateoa da, eta erlijioaren aurkari sutsua izateagatik da ezaguna. Jainkoaren Irudikeria best-sellerrean erlijioaren kritika zorrotza egin zuen, eta 1986. urtean argitaratutako Erlojugile Itsua liburuan jainko batek sortutako diseinu inteligentea mespretxatzen du.
Oxfordeko Unibertsitateko Charles Simony Katedrako titularra izan zen 2008. urtera arte. Richard Dawkins Foundation for Reason and Science (Richard Dawkins Arrazoia eta Zientziaren Fundazioa) delakoa sortu zuen, eboluzioaren ikasketa bultzatu eta ikastetxeetan eboluzioa irakastearen kontrako programei aurka egiteko.
Bizitza
aldatuNairobin jaio zen arren, guraso britainiarrak ditu. Aita soldadu izandako baserritarra zuen, eta gurasoek, natur zientziekiko zuten interesa zela medio, zientziekiko interesa sustatu zioten, erlijioz anglikanoak ziren arren. Familiarekin Britainia Handira itzuli zen 1949. urtean, Oxfordeko Unibertsitatean ikasi, eta doktoratu egin zen, Nikolaas Tinbergen Nobel sariduna irakasle zuelarik.
1967tik 1969ra irakaslea izan zen Kaliforniako Unibertsitatea Berkeleyn.
Gene Berekoiarekin, 1975ean argitaratutako liburuarekin, ospea eskuratu zuen. Genei buruzko ikuspegi ebolutiboa ezagutarazi zuen lan horretan, eta "memetika" eta "meme" bezalako kontzeptuak aurkeztu zituen. 1982an zientzia ebolutiboari ekarpen bat eskaini zion, Fenotipo Zabalduan. Handik aurrera, eboluzioari buruzko hainbat liburu ospetsu idatzi ditu, eta zenbait telesaiotan agertu da, biologia ebolutiboa, erlijioa edo kreazionismoa bezalako gaiez hitz egiteko.
Lana
aldatuBiologia ebolutiboa
aldatuDawkinsek ikuspegi genozentrikoa defendatzen du. Zeinaren arabera, genea eboluzioaren unitate garrantzitsu eta oinarrizkoena den, nahiz eta eboluzioa indibiduo eta poblazioetan azter daitekeen. Altruismoaren zergatia ere geneen ikuspegitik azaltzen du. Izan ere, altruismoa eboluzioaren paradoxatzat hartu izan da, indibiduoak bere biziraupena arriskuan jarriz beste indibiduo bati laguntzeak ez baitu zentzurik, bakoitzaren biziraupena biologia ebolutiboaren oinarri bada. Dawkinsek eta William Donald Hamiltonek berriz, ikuspegi genezentrista batetik altruismoa aztertuz, ahaidetasun hautespena terminoa erabiltzen dute. Hau da, indibiduoek bere antzeko indibiduoenganako jarrera altruista dute, gene asko partekatzen dituztelako. Ondorioz, eboluzioaren helburua ez da egokien prestaturiko indibiduoen biziraupena, geneena baizik.
Kritikoen arabera, baina, genea ez da hautespenaren oinarria, eboluzioarena baizik. Gainera, gene batek beste gene batzuen beharra du bizirauteko eta organismo bat sortzeko. Dawkinsek, ordea, errekonbinazio genetikoa eta ugalketa sexualaren ondorioz, gene baten ikuspuntutik gainerako geneak bera egokituta dagoen ingurua besterik ez direla dio.
Eboluzioaren interpretazioak egiterakoan, aipatu beharra dago Dawkinsen arerio ospetsua: Stephen Jay Gould, oreka taidunaren teoriaren egilea.
Memetika
aldatuRichard Dawkinsek meme (genearen analogoa) kontzeptua erabiltzen du, Darwinen printzipioak ideia eta fenomeno kulturalen difusioa azaltzeko erabil daitezkeela azaltzeko. Horrek memetikaren teoria deritzona sortu zuen. Ideia hori Gene Berekoia liburuan azaldu zuen, baina Mary Midgley filosofoaren kritika zorrotzak jaso ditu erredukzionistegia dela esanez.
Kreazionismoa
aldatuLehen esan bezala, Dawkins krezionismoaren aurkako kritiko ezaguna da; izan ere, kreazionismoa "faltsukeria barregarri eta memelogarria" dela dio.
Bere liburu askotan hitz egiten du gai honi buruz, eta, orokorrean, kreazionistekin debateak egiteari uko egiten badio ere (horrek errekonozimendua emango liekeelako eta eboluzionismoaren malia berean ipini), 1986.urtean Oxford Unioneko Huxley Memorial Debatean hartu zuen parte John Maynard Smithekin batera, eta kreazionistak garaitu zituzten 198 boto lortu zituztelarik 115en kontra.
Idatzitako liburuak
aldatu- The Selfish Gene (1976) ISBN 0-19-286092-5
- The Extended Phenotype (1982) ISBN 0-19-288051-9
- The Blind Watchmaker (1986) ISBN 0-393-31570-3
- River Out of Eden (1995) ISBN 0-465-06990-8; Audio (2000) ISBN 0-7528-3985-3
- Climbing Mount Improbable (1996) ISBN 0-393-31682-3
- Unweaving the Rainbow (1998) ISBN 0-618-05673-4
- A Devil's Chaplain (2003) ISBN 0-618-33540-4
- The Ancestor's Tale (2004) ISBN 0-618-00583-8; Audio (2005) ISBN 0-7528-7321-0
- The God Delusion (2006) ISBN 0-618-68000-4; Audio (2006) ISBN 1-84657-037-9
- The Greatest Show on Earth: The Evidence for Evolution (2009) ISBN 978-1-4165-9478-9
Euskaratutako liburuak
aldatu- Gene berekoia (2008) ISBN 9788496455313
Bibliografia
aldatu- Azurmendi, Joxe 2016: "Gene berekoiaz" in Gizabere kooperatiboaz, Donostia: Jakin ISBN 978-84-95234-96-4
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) Webgune ofiziala