Linux
Linux ordenagailurako nukleo[1] libre baten izena da. Software librearen nahiz kode irekizko garapenaren adibiderik entzutetsuena da. Beste alde batetik GNU/Linux deritzoguna dago, honek nukleoari eta bere aplikazioei egiten die erreferentzia eta hau da izen egokia sistema eragile osorako.[2]
Linux | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Linus Torvalds |
Sorrera-urtea | 1991 |
Banatze bidea | banaketa digital, diskete, CD-ROM (en) eta DVD-ROM |
Azken bertsioa | 6.7.6 |
Honen izena darama | Linux kernel (en) , Linus Torvalds eta Unix |
Ezaugarriak | |
Euskarria | DEC Alpha, x86 (mul) , x86-64 (en) , ARM arkitektura, PowerPC (mul) , RISC-V eta MIPS (mul) |
Programazio-lengoaia | C, Mihiztadura-lengoaia eta Rust |
Deskribapena | |
Oinarritua | Linux kernel (en) |
Honen eragina jaso du | MINIX (en) eta Unix |
Maskota | Tuxa |
kernel.org |
"Linux" hitza zehazki Linux nukleoari dagokio, baina ohikoa da oro har sistema eragileari buruz hitz egitean erabiltzea, nahiz eta GNU/Linux izena egokiagoa den. Unix antzeko sistema eragilea da, bi osagai nagusirekin, Linus Torvaldsek idatzitako Linux muina batetik, eta GNU liburutegi eta tresnak bestetik. Beste hainbat programa (web zerbitzariak, programazio lengoaiak, datu-baseak, GNOME edo KDE bezalako Mahaigain inguruneak eta LibreOffice bezalako bulegotika-suiteak) barne hartzen dituzten Linux banaketa osoei buruz hitz egitean ere maiz erabiltzen da terminoa.
GNU/Linux sistema eragileak hainbat distribuzio edo banaketa ditu, adibidez: Ubuntu (Linux banaketa ezagunena), Linux Mint (Linux banaketa erabilienetako bat), Slackware (aktiboan dagoen linux banaketarik zaharrena), Debian [3] (guztiz askea dena), OpenSuSE (SuSEren bertsio askea), eta "SuSE" (bertsio komertziala, ez guztiz askea), Mandriva [4](Free bertsioa guztiz askea, eta Powerpack, guztiz askea ez den bertsioa) , Fedora Core (Red Hat-en SE askea, euskaraz lokalizatzeko hobetsi den banaketetako bat[5]), Red Hat (enpresek eskaintzen duten GNU/Linuxetatik erabiliena), etab.
Distroen (distribuzioen edo banaketen) arteko desberdintasunak instalatzeko era, softwarea paketatzeko modua eta gutxi gehiago izan ohi da. Adibidez Mint oso erraza da instalatzeko Debianen aldean.
Hasiera batean programatzaile kartsu bakar batzuk garatu eta erabiltzen zuten arren, Linuxek IBM edo Hewlett Packard bezalako erraldoien laguntza bereganatu du, eta gainera milaka dira SE honetan lan egiten ari direnak boluntarioki, Unix sistemaren bertsio komertzial askoren gainetik, eta Microsoft Windows sistemak hainbat eremutan zuen nagusitasunari gogor eginez. Analisten esanetan, arrakasta hori Unix komertzialen ondoan Linuxek duen hardware kostu baxuari eta abiadura handiagoari zor zaio, hala nola Windowsen aldean duen segurtasun eta fidagarritasunari, eta orobat merkea izateaz gain enpresekiko independentea delako. Berezitasun hori kode irekizko garapen-ereduari zor zaiola diote. Linux sistema eragile nagusia da superkonputagailutan eta zerbitzari handitan.[6]
Historia
aldatuAurrekariak
aldatu1969an, Ken Thompsonek, Dennis Ritchiek, Douglas Mcllroyk eta Joe Ossanak Unix sistema eragilea asmatu eta garatu zuten Ameriketako Estatu Batuetako AT&T Bell Laborategian.
Lehenengoz argitaratu zenean, 1971. urtean, garai hartan ohikoa zenez, mihiztatzaile lengoaian idatzita zegoen. Baina, bi urte beranduago, ikuspuntu aurrerakoi bat eman nahian Dennis Ritchiek C lengoaian berridatzi zuen. Horrela, goi mailako hizkuntza batean idatzirik, Unixek ordenagailu desberdinetara eramateko erraztasunak izango zituen.[7]
Ordenagailuen negozioan auzi antimonopolistek izan zuten eragin bizkorraren ondorioz, AT&T behartuta egon zen sistemaren kodea eskatzen zuen edonori kodea erakustera. Horregatik, Unixeko kideak negozio eta hezkuntza erakundeetan hartu zituzten. Geroago, 1984an, AT&T Bell laborategitik banandu eta Bell laborategiak Unix saltzen hasi ziren beraien produktu gisa, jabetzako produktu bat bihurtuz. Ondorioz erabiltzaileek ezin zuten aldaketarik egin.
Beste alde batetik, 1983. urtean Richard Stallmanek GNU proiektua hasi zuen. Urte bete beranduago Software Askeko Fundazioa sortu zuen eta GNU GPLa (GNU General Public License) idatzi zuen. 90. hamarkadaren hasierarako, sistema askeak eskatzen zituen programa ugari bukatuta zeuden, hala nola, fitxategiak eta testu editoreak. Baina, sistemaren nukleoa (GNU/Hurd izan behar zena) eta gailuekin lotutako oinarrizko softwarea (kontrolatzaileak eta demonioak) oraindik amaitu gabe zeuden.
Linus Torvalds-en ustetan, berak ez zuen bere kernela idatzi izango 1991. urtean GNU kernela eskuragarri egon izan balitz.[8] Era berean, uste zuen ez zuela Linux sortu izango 386BSDa (Berkley unibertsitateko Unix banaketa) eskuragarri egon izan bazen.[9]
Gainera Andrew S. Tanenbaum irakasleak MINIX sortu zuen, gerora Unix-like sistema eragilearen eredu minimalista bihurtu zen. Izan ere, MINIX sistema aske baten oinarrizko printzipioak ikasi nahi zituenarentzat begira sortu zen. Nahiz eta, MINIXen kode osoa era askean eskuragarri egon, lizentziek ez zioten 2000. urtera arte software askea izatea utzi.[10]
Sorrera eta izena
aldatu1991n, Helsinkiko unibertsitatera joaten zen garaian, Torvalds-i sistema askeekiko interesa piztu zitzaion. MINIXen lizentzia, heziketarako baino ez zena, zela eta, bere sistema eragileko nukleoan lanean hastea erabaki zuen, gaur egun Linuxen kernela dena.
MINIX sistema askearen osotasunaz, kodeaz baita aplikazioez ere, baliatu zuen Linux kernela garatzeko. Beranduago, Linux garrantzia hartzen joan zen eta kernelak Linux sistemaren garapenean lagundu zuen. Pixkanaka, MINIXen osagai guztiak GNU osagaietatik aldatzen joan ziren, konturatu baitziren GNU proiektuko kode askea erabiltzeak abantaila ugari zituela. Izan ere, GNU GPLa edozein kodetan erabil daiteke, baldin eta kode horrek ere lizentzia bera mantentzen badu. Horregatik, Torvaldsek hasierako lizentzia, hau da, salmenta debekatzen zuena, GNU GPLra aldatu egin behar izan zuen. Software garatzaileak GNU osagaiak Linux nukleoan txertatzeko lanean aritu ziren, guztiz erabilgarria eta askea izango zen sistema eragilea sortzeko helburuarekin.
Linus Torvaldsek bere asmakizunari “Freax” deitu nahi zion. Lanaren hasierako karpeta batzuek izen hori eraman zuten. Hala ere, “Linux” deitzeko burutazioa izan bazuen ere, baztertu egin zuen berekoiegia iruditu baitzitzaion.[11]
1991. urtean, proiektuaren garapena errazteko, fitxategiak FUNETeko FTP zerbitzarietara igo ziren. Prozesu horretan parte hartu zuen Ari Lemmker-ek, Torvaldsen Helsinkiko Unibertsitate Politeknikoko (HUT) lankideak, eta FTP zerbitzaria kudeatzen boluntarioa zela, Freax izena egokia iruditu ez eta Torvaldsi ezer esan gabe proiektuari izena aldatu eta Linux izena jarri zion.
Bilakaera
aldatuLinuxen erabilera 90. hamarkadaren lehenengo erdian hasi zen, NASA eta beste erakunde batzuek ordura arte erabiltzen zuten ekipamendu garestia ordezkatu zutenean Linux sistema eragile askea eta doakoa erabiltzen zuten ordenagailuekin.
Erabilera komertzialari dagokionez, aldiz, Dell eta IBM, geroago gehituko zen Hewlett-Packard-ekin batera, Linux eskaintzen hasi ziren Microsoftek mahaigaineko ekipoetan zuen monopolioari ihes egiteko.[12]
Gaur egun, Linux sistema ordenagailu guztietan erabiltzen da, sistema txertatuetatik hasi eta ia superordenagailu guztietara. Gainera, etxeko eta enpresetako ordenagailuetan ere erabilera hazten joan da. Netbook merkatuan ere gero eta hedatuago dago.
Hala ere, Linuxen erabilera komertzialaren arrakasta bultzatu duena, gaur egun mugikorrek duten garrantzia dela medio, smartphonetan gehien erabiltzen den Android sistema eragileak Linuxen du oinarria. Horrez gain, hainbat gobernu, Brasilekoa esaterako, Linuxen oinarritutako programak martxan jartzen ari dira eta arrakasta lortzen.[13]
Gaur egungo garapena
aldatuGreg Kroah-Hartman Linux nukleoaren mantenuaren nagusia izateaz gain, bere garapenaren arduraduna ere bada.[14] Bestalde, Software Askeko Fundazioak (Free Software Foundation) GNU osagaien hornikuntzaren ardura du. GNUko osagaiak ez diren zatiak, aldiz, banakakoek edota erakundeek garatzen dituzte.
Diseinua
aldatuLinuxen oinarritutako sistema batean Unix moduko (Unix-Like) sistemetako osagai guztiak daude, 1970. eta 1980. urteen bitartean Unixen diseinurako ezarritako printzipioetatik eratorria. Hasierako asmoa ez bazen ere, kernel monolitikoa du, hau da, Linux nukleoan funtzio guztiak daude barneratuta: prozesuen eta memoriaren kontrola, sarea, periferikoen kontrola eta fitxategi sistemaren kudeaketa. Dena den, malgutasuna handitzearren gailuen kontrolatzaileak (driverrak) zuzenean nukleoan txertatuta egon daitezke edo sistema abiarazten denean kargatu daitezke.[15]
Linux nukleoa erabiltzen duten sistema gehienetan erabiltzailearen zatiak garrantzi handia duen arren, Androiden ez da horrela gertatzen. Erabiltzailearen zonaldea eta nukleoaren arteko eragiketak diren sistema deiak erabiltzeko C liburutegietako funtzioak inplementatu dira Linuxen. Softwarearen garapenerako beharrezkoak diren erremintak (konpiladoreak adibidez) GNU toolchain izeneko bilduman biltzen ditu eta oinarrizko komandoak GNU coreutils-en. Gainera, proiektuak ere komando lerroko interfaze (CLI) bat garatu du.
Erabiltzailearen interfazea
aldatuErabiltzailearen interfazea aipatutako komando lerroko interfazea (shell izena duena Unix sistemetan) edo erabiltzailearen interfaze grafikoa (GUI) izan daiteke. Mahaigaineko sistemetan interfaze grafikoa lehenetsita badator ere, terminaleko leihoa erabiliz shell komandoak erabil daitezke. Azken aukera hori da zerbitzarietan eta konputagailu handietan lehenetsitakoa, baliabideak aurreztearren. Komandoak oso erabilgarriak dira errepikakorrak diren eginkizunetarako, batez ere sistemaren administraziorako. Shell desberdinen artean Linuxen gehien erabiltzen dena bash izenekoa da, jatorrian GNU proiekturako garatutako Bourne-Again Shell. Dena den badu eragozpen bat, garraiagarriak ez izatea, izan ere sortutako komando fitxategiak ez baitira erabilgarriak Unix guztietan. Horretarako oinarrizkoa (sh izenekoa) erabiltzea gomendatzen da.
Interfaze grafikoei dagokienez GNOME eta KDE dira erabilienak. Garapen handia izan dute eta Microsoft zein Apple sistemetako interfazeekin lehiatzeko modukoak dira.
Garapena
aldatuLinuxen alde handiena gaur egungo beste sistema eragileekiko lizentziaren izaera da, kernela eta beste osagaiak libreak eta kode irekikoak baitira. Kernelean eta GNU osagaietan erabiltzen den lizentzia GPL lizentzia da. Linux ez da lizentzia horietan oinarritutako sistema bakarra, baina alde handiz erabiliena da libreen artean.
Linuxen oinarritutako banaketak diseinatuta daude interoperabilitateari begira daude diseinatuta, ezarritako estandarrak betez. POSIX (Portable Operating System Interface), SUS (Single UNIX Specification), LSB (Linux Standard Base), ISO eta ANSI estandarrak betetzen dira ahal den neurrian. Momentuz banaketa bakar batek, Linux-FT izenekoak, lortu du POSIX.1 agiria.
Erabilerak
aldatuZenbat eta betebehar intentsiboagoa eta teknikoago izan orduan eta gehiago erabiltzen da Linux. Gainera, aske izateak ematen dion moldagarritasunari esker sistema berezituetan (txertatuak, seguruak...) zein sortu berrietan (telefonoetako teknologia berriak) jartzeko aukera areagotzen da.
- Zerbitzariak, mainframe-ordenagailuak eta superkonputagailuak: Linux banaketak aspalditik erabiltzen dira sistema eragile gisa eta arlo horretan garrantzi handia hartu dute. Linux banaketen zerbitzariek LAMP konbinazioa dute ardatz (Linux, Apache, MariaDB / MySQL, Perl / PHP / Python), eta horrek ospea eman dio garatzaileen artean.
- Mahaigainekoak eta eramangarriak: mahaigain ordenagailuetan azken urteotan handituz joan arren oraindik erabilera mugatua da. Edozein kasutan erabiltzailearen interfaze grafikoetan egon den bilakaerarekin Microsoft eta Appleko sistemekin lehiakorra da.
- Tabletak eta smartphoneak: Bere kostu baxuarengatik eta pertsonalizatzeko erraztasunarengatik, Linux asko erabiltzen da gailu hauetan. Linuxetik eratorria den Android sistema eragile nagusia bihurtu da telefonoetan, 2013ko bigarren hiruhilekoan, saldutako smartphonetatik %79,3k Android zuten.
Erreferentziak
aldatu- ↑ http://www.kernel.org/
- ↑ Alegria, Iñaki.. (2008). Linux : sistemaren eta sarearen administrazioa. (2. argit. (Debian eta Ubuntu). argitaraldia) Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-178-5. PMC 863209419. (Noiz kontsultatua: 2020-04-16).
- ↑ http://www.debian.org/
- ↑ https://web.archive.org/web/20150524002157/http://www.mandriva.com/en/
- ↑ https://web.archive.org/web/20160918212334/http://librezale.eus/2012/12/15/fedora-firebug-xnoise-razor-qt-cryptocat-eta-exelearning-euskaraz/
- ↑ SLU, Herritar Berri. (2015-03-13). «Munduko konputagailurik azkarrenak: txutxu-mutxuak» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2020-04-11).
- ↑ (Ingelesez) comments, 21 Sep 2017 Heather Meeker Feed 652up 4. «Open source licensing: What every technologist should know» Opensource.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ «Linus vs. Tanenbaum» web.archive.org 2012-10-03 (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ «Linus Torvalds Interview - November 1993 - Meta Magazine» gondwanaland.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ «MINIX is now available under the BSD license» minix1.woodhull.com (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ Torvalds, Linus, 1969-. (2001). Just for fun : the story of an accidental revolutionary. (1st ed. argitaraldia) HarperBusiness ISBN 0066620724. PMC 45610395. (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ Garfinkel, Simson, author.. Practical UNIX and Internet Security, 3rd Edition. PMC 1100828800. (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ (Ingelesez) McMillan, Robert. (2003-10-10). «IBM, Brazilian government launch Linux effort» InfoWorld (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ (Ingelesez) «About Us» The Linux Foundation (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
- ↑ «architecture - Why is Linux called a monolithic kernel?» Stack Overflow (Noiz kontsultatua: 2019-11-19).
Bibliografia
aldatu- Alegria Loinaz, I. eta Cortiñas Rodriguez, R.. Linux: Sistemaren eta sarearen administrazioa 2. argitaraldia (Debian eta Ubuntu) Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) 2008. ISBN: 978-84-8438-178-5
- Torvalds, Linus; Diamond, David (2001). Just for Fun: The Story of an Accidental Revolutionary. New York City, United States: HarperCollins. ISBN 0-06-662072-4.[84]
- Himanen, Pekka (2001). The Hacker Ethic and the Spirit of the Information Age. Random House. ISBN 951-0-25417-7. "Prologue: Linus Torvalds; Epilogue: Manuel Castells"
- Moody, Glyn: Rebel Code. Engl. the beginning of work: Rebel Code. Eng. Riikka Toivanen and Heikki Karjalainen. In January 2001. ISBN 951-31-2003-1.
- Nikkanen, Tuula: The Linux story. Satku, 2000. ISBN 951-762-990-7.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Linux: Sistemaren eta sarearen administrazioa 2. argitaraldia (Debian eta Ubuntu) Deskargatu
- Zientzia.eus atariko artikulua: "GNU/Linux, sistema eragileen artean lehiakide ahaltsua eta librea" (2007/04/01)
- Zientzia.eus atariko artikulua: "Linux-ek 10 urte bete ditu" (2001/10/01)
- (Ingelesez) distrowatch.com atarian, eskuineko zutabean, behean, hainbat Linux banaketa ikus daitezke ranking zerrenda batean.
- Linux nukleoa GitHub-en, bertatik, nukleoa konpilatu gabe deskargatu daiteke, baita kodearen aldaketak proposatu ere.
- A Brief History of Linux
- Linux Britaniar entxiklopedian