Kaskoa, burua erasoetatik babesteko erabiltzen den janzki gogorra da, orokorrean metalez edo beste material gogorren batez egina, burua erortzen ari diren objektuetatik edo abiada handian gertatzen diren talken aurka babesteko. Kaskoak kopeta, buru gaina eta belarrondoak babesten ditu. Industrian, suhiltzaileen artean, paraxutismoan, abiada handiko kirol leihaketetan (txirrindularitza, irristaketa, automobilismoa, motoziklismoa...) eta talka egiteko edo kolpeak jasotzeko arrisku handia duten beste kirol batzuetan (amerikar futbola, beisbola, hockeya, eskalada) erabiltzen da. Poliziak, militarrek, segurtasun indarretako jendeak, eraikuntzan, meatzaritzan... ere bai.

Kasko militarra

Moto eta bizikletako kaskoak derrigorrezkoak dira jurisdikzio gehienetan. Kaskoak babes forma antzinakoenen artean daudeː Antzinako Grezian bazeuden, baita ondoren Erdi Aroan ere. Garai haietan ekipamendu militarraren zati zen, burua ezpatek eta geziek eragiten dituzten zaurietatik babesteko asmoz. Hasiera batean larruz egin ziren, baina ondoren erabat burdinezkoak eragin ziren.

Kaskoen erabilera militarra beherantz joaten hasi zen suzko armak hedatzen zihoazen heinean, distantzia luzetik botatako tiroetan ez baitzuten babes handirik ematen. Alabaina, artileria astunaren erabilera gorantz hasi zenean, altzairuzko kaskoa berriz agertu zen XX. mendean, burua metrailaren aurka babesteko.

Kaskoak oso ezberdinak dira, asmoaren arabera. Adibidez, txirrindulari baten kaskoa, nagusiki, talka indarren aurka babesteko behar da, ohi, kopetan eta buruaren alboetan. Eskaladarako diseinaturiko kasko batek, berriz, goitik eror litezkeen objektuen aurka babestu behar du (harri txikiak eta igotzen ari den ekipamendua), baina ez du buru alboetan jasan litezkeen kolpeetatik babesteko behar handirik. Beraz, txirrindularitzan eta eskaladan erabilitakoek, ez dute antz handirik. Praktikotasunak ere badu bere eragina kaskoaren diseinuan. Txirrindulari batentzako kaskoa, formari dagokionez, aerodinamikoa eta ondo aireztatua izan beharko luke, eskaladako bat, arina eta eskalatzairen teknikan eragin handirik ez izateko hainako tamainakoa izan beharko lukeen bitartean.

Kaskoak ematen duen babes mota, egiten denaren araberakoa da. Adibidez, automobilismo eta motoziklismoko pilotuek, buru osoa babesten duten kaskoak erabiltzen dituzte, eta aurregal garden eta estuak daramatzate. Kasko militarrek ez dute aurpegia babesten, eta matxinaden aurkako kaskoak, kasko militarren antzerakoak dira, baina mugi daitekeen aurregal bat daramate, gardena eta zabala, aurpegia babesteko.

Kaskoaren materiala ere, egin beharreko aktibitatearen araberakoa da.

Antzinatean, gerlariak ziren kaskoak erabiltzen zituzten bakarrak. Antzinako kasko mota batzuk:

Kasketa
  • Kasketa: Zaldun eta arma gizonen Erdi Aroko kasko handia
  • Almetea: Burua eta lepoa oso-osorik estaltzen zituen armajantzietako kaskoa. Aurregala zeraman. XV eta XVII. mende artean erabili zen.
  • Zelada: Kanpai formako kaskoa, ikusteko zulo batzuk zituena. Burua estaltzen zuen, aurpegiaren behealdea izan ezik.
  • Morrioia: XVI eta XVII. mendeetan erabilitako infanteriako kaskoa, ertzak, ontzi eran hagatuak eta gandor bat gainean.
  • Borgoinota: Hau ere, XVI eta XVII. mendean erabilitako kaskoa, oso borobila, masailbabes, gandor, garondo babeslea eta aurregalarekin.

Kanpo estekak

aldatu