Izaskun Arrue

irakasle eta erizaina

Izaskun Arrue Goikoetxea (Arribe, Nafarroa Garaia, 1927ko abuztuaren 28a - Gasteiz, Araba, 2016ko azaroaren 10a) irakaslea eta erizaina izan zen. Arabako ikastoletako lehenengo andereñotzat jotzen da. Gerraondoko Gasteizko giroan lehenengo ikastolaren sortzailetariko bat izan zen, Olabide ikastolarena alegia.[1]

Izaskun Arrue

Bizitza
JaiotzaArribe1927ko abuztuaren 28a
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaGasteiz2016ko azaroaren 10a (89 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakirakaslea eta erizaina

Bizitza

aldatu

Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldean, Arriben jaioa, Izaskun Arruek Donostian Irakasletza eta Erizaintza ikasi zituen. Ondoren, Lezaetan (Arribetik kilometro gutxira) aritu zen lanean, maistra eta erizain.[2]

1959ko azaroan ezkondu zen. Senarra Gasteizen ari zen lanean. Hala, bada, 1960ean, ikasturtea amaitzean, Arrue ere Gasteiza joan zen bizitzera. Han, San Prudentzio Arte eta Lanbide eskolan lanean aritu zen.

 
Izaskun Arrueren ikasleak, Gasteizko Zerkabarren kaleko ikastolan, 1964ko otsailean.

1963an Gasteizko guraso talde bat, erbestean zegoen Andoni Karmelo Urrestarazu "Umandi"ren ikasleak izanak, euskal irakasle bat ari zen bilatzen beren seme-alabeei euskaraz irakasteko. Izaskun Arruek aukera onartu zuen, eta aurretik Donostiara joan zen, han Karmele Esnalekin metodologia ikasteko. Horrela, 1963ko abenduaren 4an hasi zen haur talde batekin lanean. Eskola bere etxean sortu zuen, Zerkabarren kaleko 9. zenbakian, 4. solairuan. Horretarako, nahiz eta etxe txikia izan, ikasgelatzat gela handiena moldatu zuen; hasiera hartan, 13 ume ziren, lurrean bata bestearen ondoan eserita.[2] Urtez urte, ikasle taldea handituz joan zen. Eskola berriak, frankisten aurrean, Estibalizko santutegiaren babesa izan zuen, batez ere Ixidro Bastarrikaren laguntzaz.

Baina haur taldea handia zen eta beste lokal bat behar zuen; orduan, Afrikan zebilen moja batek txalet txiki bat alokairuan eskaini zien. Horrela, 1967an, Estibalitz hiribidera eraman zuten ikastola. 1969an, legea zela eta, eskolari izena jarri behar izan zioten; ikastola hitza aipatu gabe, jakina. Izen berria Colegio Padre Raimundo Olabide izan zen, gaur egun Olabide ikastola izenez ezaguna. Dena dela, txalet hori ere txiki gelditu zitzaien, eta ondoko beste txalet batzuk hasi ziren hartzen. Sei urtez egon zen han ikastola.

1973an, gurasoek Lasarteko eraikuntza sortu zuten. Ondoren, euskararen batasunaren inguruko eztabaida sortu zen; eta Izaskun Arruek, euskara batuaren proposamenarekin ados ez eta, irakaskuntza utzi zuen.[3]

Ikastola utzi ondoren, hamasei urtez erizain aritu zen Izaskun Arrue Gasteizen, Abetxuku auzoko osasun-etxean, erretreta hartu arte. Ez zuen euskarazko irakaskuntza alboratu; eta, erizain lana amaitzen zuenean, besteak beste Irakasle Eskolan, Seminarioan, Peritu eskolan, Samaniego eskolan zein Udaberria euskaltegian jarduten zen.[3]

Sariak eta aintzatespenak

aldatu
  • 2009 Durangoko azokako Argizaiola saria jaso zuen, Euskal Herriko andereñoak ordezkatuz.
  • 2013 Ikastolaren ibilbidearen 50. urteurrena, 1963ko abenduaren 4an hasi zena, 14 haurrekin, Izaskun Arrue andereñoaren eskutik.[4]
  • 2018 Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak Izaskun Arrueren urratsen atzetik liburua argitaratu dute, Miel A. Elustondok idatzia.[5]
  • 2022 Izaskun Arrue Kulturunea izango du izena Gasteiz Antzokiak.[6]
  • 2024an Izaskun Arrue izeneko kulturgunea sortu zuten.[7][8][9]

Erreferentziak

aldatu

Bibliografia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu