Greziar mitologian, Hermes[1] (antzinako grezieraz: Ἑρμῆς) olinpiar jainkoen mezularia izan zen. Horrez gain, mugen eta hauek zeharkatzen dituzten bidaiarien jainkoa da, ingenioa eta merkataritzarena; azkartasuna, lapur eta gezurtiena ere bai. Arimak inframundura gidatzen ditu, Hadesera[2].

Hermes
Antzinako Greziako erlijioa eta Greziar mitologia
Ezaugarriak
Sexuagizonezkoa
Ikonografiakaduzeoa, winged sandals (en) Itzuli eta Petasoa
BaliokideakMerkurio, Mercury (en) Itzuli, Tir (en) Itzuli, Lug, Tot eta Malakbel (en) Itzuli
Domeinuathief (en) Itzuli, Merkataritza eta bidaiaria
Ogibideamezularia
Familia
AitaZeus
AmaMaia
Ezkontidea(k)Antianeira (en) Itzuli eta Daeira (en) Itzuli
Bikotekidea(k)Afrodita, Chione (en) Itzuli, Acacallis (en) Itzuli, Alcidamea (en) Itzuli, Chthonophyle (en) Itzuli, Eupolemeia (en) Itzuli, Eritia, Herse (en) Itzuli, Issa (en) Itzuli, Dryope (en) Itzuli, Penelope (en) Itzuli, Philonis (en) Itzuli, Creusa (en) Itzuli, Cleobule (en) Itzuli eta Iphthime (en) Itzuli
Seme-alabakHermafrodita, Echion (en) Itzuli, Cephalus (en) Itzuli, Autoliko, Eurytus (en) Itzuli, Angelia, Abderus (en) Itzuli, Pan, Myrtilus (en) Itzuli, Eleusis (mitologia), Cydon (en) Itzuli, Bounos (en) Itzuli, Polybus of Sicyon (en) Itzuli, Etalides, Norax (en) Itzuli, Damascus (en) Itzuli, Prylis (en) Itzuli, Ceryx (en) Itzuli, Pharis (en) Itzuli, Eudoros (en) Itzuli, Arabos (en) Itzuli, Daphnis (en) Itzuli, Priapo, Silenus (en) Itzuli, Tryphon (en) Itzuli, Tyche (en) Itzuli, Antias (en) Itzuli, Aptale (en) Itzuli, Cynosurus (en) Itzuli, Dolops (en) Itzuli, Eurymachus (en) Itzuli, Eurestus (en) Itzuli, Samon son of Hermes (en) Itzuli, Damascus (en) Itzuli eta Palaestra (en) Itzuli
Familia
Artikulu hau greziar jainkoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Hermes (argipena)».

Zeus eta Maiaren semea, erromatar mitologian Merkurio zuen baliokidea. Bere ikurrak oilarra eta dortoka ziren. Hermesi eskeinitako himno homerikoetan "ingenio multiformeko, pentsamendu azkar, lapur, idi-lapur, ametsen nagusi, gaueko espioi, ateen zaintzaile" bezala deskribatzen da "laster jainko inmortalen aurrean lorpen miresgarriak erakutsiko zituena"[3]. Hermes mito askotako protagonista da, esate baterako Filemon eta Baucisena[4].

Dortoka batez lehen lira egin zuen. Hego zabaletako burukoaz jantzita, eskuan makila zuela, eta espartin hegodunekin irudikatzen zuten.[5]

Etimologia

aldatu

Müllerren demostraziotik[6], "Hermes" izena grezierazko "herma" ἕρμα hitzetik datorrela sinetsi da, erreferentzia Hermesen burua duen pilare karratu edo laukizuzen bati egiten diolarik.

"Hermes"-etik eratorritako hitzak

aldatu

Hermetiko: zeharkaezina denari lotuta dago, hau da, airea pasatzen uzten ez duen horri. "Hermes" ere egipziar mitologiako Tot-i erreferentzia egiteko erabiltzen zen, alkimiaren jainkoa zena. Jainko hau jarraitzen zuten alkimistek "hermetiko" izena hartu zuten, euren ezagutza guztiak ezkutuan mantentzen zituztelako. Gauzak horrela, hitz hori elementu ezkutu edo ezagutezinak izendatzeko erabiltzen hasi ziren[7]. Beste iturri batzuen arabera, hitz hori Hermes Trismegistosekoarengandik dator, greziar Hermes eta egipziar Toten arteko nahasketa dena. Mitologiaren arabera, airezko ontzi guztiz seilatu bat sortu zuen, hortik hermetiko hitza eratorriz[8].

Jaiotza eta haurtzaroa

aldatu

Hermes Zeus eta Maiaren, Atlasen alaba eta Pleiadeetako baten, semea izan zen. Zilene mendiko kobazulo batean jaio zen, Arkadian. Dena den, tradizio batzuk Olinpon kokatzen dute bere jaiotza.

Bere bizitzako lehen orduetan, bere sehaskatik ihes egin zuen eta Pieriara joan zen (eztabaita dago Akaiako leku bat zen edo Tesaliakoa) eta Apoloren idi batzuk lapurtu zituen. Iliada eta Odisean, tradizio honetaz hitz egiten ez den arren, Hermes lapur azkar bat bezala irudikatzen da. Beste bertsio batzuen arabera, idien lapurketa hau zaharragoa zenean geratatu zela diote, ez jaioberritan. Bere aztarna jarrai ez zezaten, Hermesek sandalia batzuk jantzi zituen eta idiak Pilosera gidatu zituen, non bi hil zituen eta gainerakoak kobazuloan giltzapetu zituen. Hildako animalien larruazalak harri batean josi zituen eta euren haragiaren zati bat sukaldatua eta kontsumitua izan zen, soberakinak erre egin zituen. Aldi berean, sakrifizioak jainko olimpikoei eskeini zizkien, horregatik esaten da adorazioaren eta sakrifizioen sortzailea izan zela.

Honen ondoren, Zilenera itzuli zen laster batean, non dordoka bat aurkitu zuen jaio zen kobazuloaren sarreran. Hermesek animaliaren oskola hartu zuen, barnetik soka batzuk pasa zizkion eta lira eta plektroa asmatu zituen. Batzuk diote hiru soka zituela, beste batzuk, aldiz, zazpi; idi edo ardi erraiekin eginda zeudela esaten da.

Apolok, bere botere profetikoari esker, idiak Hermesek lapurut zizkiola ikusi zuen eta Zileneraino joan zen bere ama Maiaren aurrean hura erruduntzeko. Amak bere haurra sehaskan erakutsi zion, baina Apolok haurra Zeusengana eraban zuen eta bere idiak itzultzeko exijitu zion. Zeusek Apoloren nahiak betetzeko esan zion bere semeari, baina Hermesek idiak lapurtu izana ukatu zuen. Bere baieztapenak sinesten ez zituztela ikusi zuenean, Apolo Pilosera eraman zuen eta bere animaliak itzuli zizkion. Hala ere, Apolok liraren soinua entzun zuenean txoratuta geratu zen eta Hermesi animaliak gordetzen utzi zion. Hermesek orduan siringa asmatu zuen eta Apolori erakutsi zionean biak lagunak egin ziren.

Apolok bere urrezko artzain makila oparitu zion gazteari, dadoen bitartez profetizatzen erakutsi ziolarik. Zeusek bere heraldo egin zuen eta azpiagoko munduko jainkoena ere bai. Apolok Hermesi profeziaren artea erakustea ezeztatu zion eta Parnasoko hiru ahizpengana bidali zuen; hala ere, abereak eta lurrak zaintzeko lana eman zion.

Hermesen eta Hadesen arteko negoziazioaren mitoa

aldatu

Mitologia grekoan, Hermesek Hadesekin negoziatu zuela esaten da, urtaroen aldaketa azaltzeko. Hades, inframunduko jainkoa, oso bakarrik sentitzen zenez, Lurreko Pertsefone harrapatu zuen ete bere emazte egin zuen. Ondorioz, bere ama Demeter (urtaroen eta lur emankorraren jainkosa), tristetu egin zen eta Lurra madarikatu zuen bere alaba berriro ikusi arte, lurrean agonia sortuz. Orduan, Zeusek Hermes bidali zuen inframundura Hadesekin negoziatzera, Pertsefone itzul zezan. Azkenean, Pertsefonek sei hilabete berarekin eta beste sei hilabete bere amarekin igaroko zituela adostu zuten. Alaba inframunduan dagoenean, Demeter triste jartzen da, udazkena eta negua eraginez; Lurrera itzultzen denean, aldiz, poztu egiten da eta udaberria eta uda etortzen dira.

 
Merkurio, Hermesen jainko erromatar baliokidea, irudikatzen duen pintura.

Hermesen gurtza

aldatu

Hermesi eskainitako tenpluak Antzinako Grezia osoan zeuden arren, zentro nagusi bat Feneon (Arkadia) zegoen, non bere omenez egindako festak "Hermeas" (Ἔρμαια; latinez, Hermaea) deitzen ziren. mito baten arabera, Likaonek, Pelasgoren semeak, agindu zuen lehen tenplua eraikitzeko.

Muga gainditzaile gisa, Hermes Psikopomporen lana hildako arimak inframundura eta Hadesera eramatea zen. Demeterri eskainitako himno homerikoan, Hermesek Pertsefone Demeterrenganaino gidatu zuela esaten da. Bizirik zeuden gizakiei ametsak eramaten zizkien baita ere.

Hermesen beste funtzio bat grekoen joko gimnastikoen patroi izatea zen. Ideia honen jatorria berantiarra da; izan ere, poema homerikoetan ez da agertzen eta jainko haren deskribapenak ez dauka gimnasiaren jainkoak izango lukeen itxuraren antzik hasiera batean. Hala ere, bere irudiak leku askotan aurki daitezke, horien artean gimnasioen sarreratan. Horregatik, Heraklesen eta Dioskuroen moduan, gazteen eta lehiaketa gimnastikoen babesletzat hartu zen.

Atenasek ematen du jainko hau gurtu zen lehen lekua. Hermesi eskainitako inskripzio asko aurkitu dira Atenasko agoran, bereziki merkataritzaren patroiaren paperari lotuta[9]. Aipagarria da jainkoaren funtzio desberdinen ondorioz pentsatu dela jainko askok izen bera zutela. Zizeronek, adibidez, bost jainko desberdintzen ditu[10]; Serviok lau. Hala ere, zifra hauek atzerriko jainkoak barne hartzen dituzte, greziarrek euren jainko Hermesekin identifikatu zituztenak.

Hermes heraldo eta jainkoen mezulari gisa ulertzeak, gizakien arteko truke sozial eta merkataritzaren bultzatzailea zela esan nahi du, beraz, jator eta lagunkoi agertzen zela eurekin. Horrela, bakea mantentzeko lan handia egiten zuen eta, bideen jainko bezala, bidaiariak babesten zituen eta erratzen zirenak laguntzen ez zituen pertsonak zigortzen zituen. Atenastarren artean, espedizio bat antolatzerako garaian, Hermesi sakrifizioak eskaintzen zizkioten. Horrez gain, ate eta bideetan bere estatua asko eraiki ziren. Merkataritzaren jainko moduan, Hermes aberastasunaren jainkoa ere bada, bereziki espero ez diren bat-bateko aberastasunena. Esan bezala, Hermes sakrifizioaren asmatzailetzat hartzen da, horregatik, sakrifikatzen ziren animaliak ere babesten zituen eta ardien ugalkortasuna handitzen zuela ere sinesten zen. Horregatik, artzainek bereziki begiko zuten Hermes.

Heleniarren artean, bidegurutzea edo gurutzaketa bat suposatzen duen edozein ekintza pertsonifikatzen zuen: trukea, aldaketa, traszendentzia, trantsizioa, trabesia... Honek merkataritzan, oratorian eta idazmenean zerikusia duten zortea, ondasun trukea edo hitz eta informazio trukea bezalako elementuekiko lotura azaltzen du. Bestalde, haizeak objektuak alde batetik bestera eraman ditzakeela ere bai.

Originalki, Hermes jainko faliko, adineko eta bizardun bat bezala irudikatzen zen, baina K.a. VI. mendean bere irudia berriro imaginatu zen gazte atletiko baten moduan. Greziako gimnasio eta estadio guztiak Hermes gazte eta kirolari berriaren irudiarekin bete ziren. Eskaintzen zitzaizkion sakrifizioen artean, intsentsua, eztia, pastelak, txerriak eta, bereziki, antxume eta akerkoak daude.

 
Hermes, hegodun kapelaz, sugedun makila eramaten. Apolok liraren truke oparitu omen zion kaduzeoa.

Ikonografia

aldatu

Hermes hegal zabaleko txapela jantzita irudikatu ohi da, bidaiariek eguzkia eta euriagandik babesteko jartzen zutena edo hegodun kapelarekin. Beranduagoko garaietan, ezaugarri hau bi hego txikirekin agertzen zen, batzuetan iletik ateratzen zaizkion arren. Horrez gain, hegodun sandaliak jantzita ere irudikatzen da, Homerok hau esaten ez duen arren.

Bere beste ezaugarrietako bat kaduzeoa da (ῥάϐδος edo σκἣπτρον), poema homerikoetan gizakien begiak ireki eta isteko erabiltzen duen makila magikoa, zein pertsona edo jainkorengandik jaso zuen esaten ez den arren. Esaten ez den beste elementuetako bat obra batzuetan makilari korapilatuta ipini dizkioten sugeak dira. Hermesi eta Apolodori eskainitako himno homerikoen arabera, Apolorengandik jaso zuen. Hasiera batean bi makila desberdin zirela esaten da, gero batu egin zirenak. Hasieran heraldoa apaintzen zuen bi lazo zuriak sugeengatik aldatu zituzten artista desberdinek. Beranduago, bi hego ere erantsi zizkioten, mezularia alde batetik bestera mugitzen zen abiadura azkarra irudikatzeko.

Iruditegia

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Euskaltzaindiaren 82. araua: Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak
  2. (Ingelesez) «Encyclopedia Mythica» pantheon.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  3. Himno homerikoak. 2022-04-21 (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  4. (Gaztelaniaz) «Las metamorfosis: Libro VIII - Wikisource» es.wikisource.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  5. Lur entziklopedietatik hartua.
  6. Müller, Karl Otfried. (1848). Handbuch der Archäologie der Kunst. Breslau : J. Max (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  7. (Gaztelaniaz) «HERMÉTICO» Etimologías de Chile - Diccionario que explica el origen de las palabras (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  8. (Gaztelaniaz) Coromines, Joan. (1973). [https://www.worldcat.org/title/breve-diccionario-etimologico-de-la-lengua-castellana/oclc/2856630 Breve diccionario etimolo��gico de la lengua castellana. ] Gredos ISBN 978-84-249-1332-8. PMC 2856630. (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  9. (Ingelesez) Lang, Mabel. (1988). «Graffiti in the Athenian Agora» web.archive.org (American School of Classical Studies at Atherns Princeton, New Jersey) ISBN 87661-633-3. (Noiz kontsultatua: 2022-04-22).
  10. De Natura Deorum. , III, 56 or..

Kanpo estekak

aldatu