Euskal abeslaria edo euskal kantaria euskaraz kantatzen duen abeslaria da.

Historia

aldatu

XIX. mendea

aldatu
 
Bilintx bertsolaria

XIX. mendekoak ditugu lehenengo euskal abeslari ezagunak. Euskal abeslari ere badiren bertsolariak lehenago ere izan zirela erakusten duten aztarnak baditugu, baina XIX. mendean loratu zen bertsolaritza, eta ordukoxea dugu aspaldiko euskal abeslarien artetik ospetsuena, Jose Maria Iparragirre (1820 - 1881). Musikaren eta poesiaren ikuspegitik haren lanek balio handirik ez duten arren, sentimenduen aldetik Iparragirrek eragin itzela izan du euskal kulturan. Honela dio Natxo de Felipek:

« Beno, garai hartako kronikak kontutan hartuta eta zintzo jokatuz, nik uste dut zera esan daitekeela: Iparragirre ez zela abeslari handi bat izan, ez zela konpositore eta berritzaile nabarmenik izan, ez eta poeta sakon bat ere. Hala ere, herriaren sentipenen itzultzaile izugarria da. Badago zerbait, ez dakit zehazki zer den, Iparragirre erakargarri eta betirako egiten duena. Horrek deitu izan digu beti atentzioa. Beraz, ikuspuntu kritiko batetik, ez zen bere aurrean txapela kentzeko moduko egilea izan, baina, hil zela 118 urte bete direnean, gaur egun balioa duten sentimenduak igortzen jakin izan zuen gizona izan zela esan daiteke. »
Natxo de Felipe[1]

Mende hartako bertsolari zaharrenen artean Xenpelar errenteriarra dugu ospetsuena. Haren bertso sorta askok bizirik diraute euskal kantutegian: Betroiarenak, Pasaiako zezenarenak edo Ia guriak egin du, esaterako. Jose Mari Iparragirreren abestiak eta Bilintxen bertsoak ere aipagarriak dira. Lehenaren Ume eder bat eta Gernikako arbola edo bigarrenaren Bein batian Loiolan eta Loriak udan intza bezela, oso ezagunak dira. Nabarmen ageri dira Iparraldeko koblakariak ere, hala nola Zuberoako Piarres Topet Etxahun barkoxtarra (Ürx'aphal bat badügü, Maria Solt eta Kastero...) eta Nafarroa Behereko Joanes Otsalde bidarraitarra (Lurreko ene bizia, Iruiñeko ferietan...).

XX. mendea, 1950eko hamarkadaren bukaera arte: «kantagintza tradizionala»

aldatu

XIX. mendearen bukaeraz geroztiko kantagintza tradizionalean, abestaldeen kantu polifonikoa zen nagusi: abesbatzak, zortzikoteak, kantutegi tradizionaleko abestiak, musika klasikoaren ildoari jarraitzen zioten zenbait tenorino eta opera abeslari...[2]

1960ko eta 1970eko hamarkadak: Euskal Kantagintza Berria

aldatu
 
Lourdes Iriondo
Artikulu nagusia: «Euskal Kantagintza Berria»

Kantagintza Berriak, ideologia berriak sartzeaz gain, kantautorearen irudia ekarriko du agertokira. Taldeetan abesteko ohituraren aurrean, kantautoreak «bakardadearen aroa» hasiko du, JosAnton Artzeren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean, munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantatzen.[2]

Espainiako Gerra Zibilaren atzetik etorritako gerraondo luzean euskal kultura agertoki nagusietatik baztertuta ibili ondoren, 1960ko hamarkadan euskal abeslariak loratzen hasi ziren Euskal Kantagintza Berriarekin. Klandestinitatean eta diskoak isilpeka banatuz hasitako mugimendu hark eredutzat hartu zituen Europako eta Ameriketako hainbat egile abeslari (Georges Brassens, Bob Dylan, Joan Baez, Violeta Parra, Atahualpa Yupanqui, Victor Jara...). Haiek bezala, gizarte protesta egiten zuten, baina, gainera, Euskal Herriaren eta euskal kulturaren galeraren aurkako erreakzioa zenez gero, helburu nagusitzat zuten kultura berreskuratzea. Hala, euskal kantu zaharrak ahanzturatik ateratzea izan zen Euskal Kantagintza Berrian ibili zirenek egindako lan garrantzitsuenetako bat.

Mugimenduaren aita izan zen Mixel Labéguerie, 1961. eta 1963. urteen artean argitaratutako bi diskoekin. Gero, dagoeneko abian zen mugimendu horren eztanda ekarri zuten Ez Dok Amairu kolektibokoek: abeslari gisa, Mikel Laboak, Lourdes Iriondok, Benito Lertxundik, Xabier Letek eta Oskarbi taldekoek; ideologo gisa, Jorge Oteizak; eta, beste hainbat zereginetan, beste hainbat jendek. Euskal kantagintzaren eztanda horren lagungarri izan zen euskal kulturagintza osoa bizi zuen borborra ere.[3]

Ez Dok Amairuz haratago, Euskal Kantagintza Berriaren olatua norabide guztietan zabaldu zen:[3] Maite Idirin, Oskorri taldea (Natxo de Felipe abeslariarekin), Gontzal Mendibil, Estitxu, Ipar Euskal Herriko kantaldien loraldia, Ortziken kolektiboa, Pantxoa eta Peio, Etxamendi eta Larralde, Antton Valverde, eta abar.

1970eko eta 1980ko hamarkadak: euskal rocka, euskal folk berria eta beste

aldatu
 
Fermin Muguruza euskal abeslaria, Kortatu taldearekin, Egiako gaztetxean (1987)

Euskal kulturan, lehendabizi, rock progresiboa sartuko zen: Errobi, Itoiz, Izukaitz. Musika estilo horretan euskal abeslari aritu ziren Anje Duhalde (Errobi), Niko Etxart, Odile Kruzeta (Izukaitz), Fran Lasuen (Izukaitz), Juan Carlos Perez (Itoiz).

Geroxeago, Eusko Rock Erradikala etorriko zen: askotariko estiloetan (punka, rocka, ska, reggaea), batzuek euskaraz, eta beste batzuek gaztelaniaz. Ezaugarri bat besterik ez zuten guztiek berdin: kritika soziala eta politikoa. Mugimendu horretan, euskal abeslari aritu ziren Eneko Abrego (BAP!!), Andoni Basterretxea (Delirium Tremens), Kandi Fernandez (Baldin Bada), Iñaki Garitaonandia Gari (Hertzainak), Xabier Montoia (Hertzainak), Roberto Moso (Zarama), Daniel Riaño Buitraker (Baldin Bada), Pablo Susperregi Katu (Baldin Bada), Fermin Muguruza (Kortatu, Negu Gorriak) eta abar.

1970eko hamarkadan bestelako folka ere etorri zen euskal musikara, euskal folk berria, Haizearekin adibidez. Talde horretan euskal abeslari aritu ziren Txomin Artola eta Amaia Zubiria; gerora talde horretatik at jarraituko zuten biek, elkarrekin hasieran.

Geroztikoak

aldatu
 
Mikel Urdangarin

1980ko hamarkadaren hasieratik aurrera, pixkanaka, euskarak inoiz bereganatuak ez zituen esparruak bereganatzeari ekin zion: hezkuntza publikoa (baita unibertsitatea ere), Administrazio publikoa, telebista... Euskara hain zokoratua ez zegoenez militantziaren premia lehen bezain gorria ez zelako-edo, kantari euskaldun asko, euskara hutsean kantatzeari utzita, bai euskal bai erdal abeslari izaten dira: (Ines Osinaga, Muguruza anaiak, Anari...). Baina badira huts-hutsik euskal abeslari izateari eusten diotenak ere, zaharrak (Txomin Artola, Benito Lertxundi, Niko Etxart...) nahiz berriak (Mikel Markez, Mikel Urdangarin...). Euskaraz inoiz baino musika estilo gehiagotan entzuteko aukera dugu gaur egun.

Erreferentziak

aldatu

Erreferentzia orokorrak

aldatu
  • Lourdes Otaegi: «Xabier Lete. Bigarren poema liburua (1974)», Euskal Literaturaren Hiztegia I. Idazleak. ISBN 978-84-691-8604-6.
  • Erreferentzia zehatzak

    aldatu

    Ikus, gainera

    aldatu

    Kanpo estekak

    aldatu


      Artikulu hau kulturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.