Ennio Morricone
Ennio Morricone (Erroma, 1928ko azaroaren 10a - ib., 2020ko uztailaren 6a) italiar musikagilea izan zen, sei hamarkadan zinemarako eta telebistarako 500 soinu-banda baino gehiago ondu zituena. Haren filmografian daude, besteak beste, Per un pugno di dollari eta Il buono, il brutto, il cattivo spaghetti westernak eta Days of Heaven, The Mission, Cinema Paradiso, The Untouchables edota In the Line of Fire film klasikoak.[1] Ohorezko Oscar saria jaso zuen 2007an,[2] eta soinu banda onenaren Oscar saria 2016an The Hateful Eight filmagatik.[3]
Bizitza
aldatuErromako Trastevere barrutian hazi zen, eta sei urterekin ekin zion konposatzeari, irratian entzuten zituen pieza zatiak kopiatuz. Aita tronpeta jotzailea zuen: jazz klubetan aritzen zen, baita filmetako musika grabatzen ere. Semeak aise gainditu zituen haren urratsak: hamar urterekin, Santa Ceciliako Akademia Nazionalean sartu zen tronpeta ikasteko, eta konposizioa ikasi zuen gero. Tronpetak berak ez zuen aitaren bizimodutik askorik urrundu, jazz klubetan aritu baitzen bera ere, aita gaixo zegoela hura zaindu bitartean. Urte haietan ikasi zuen musikak balio ziola garai gogorrak arintzeko.[1]
1961ean hasi zen zinemarako lanean. Gelditu ere egin gabe sortu zuen garai hartan, baina, halako batean, Peter Tevis estatubatuar folk kantariaren kanta batekin egindako moldaketak aldatu zuen dena. Pastures of Plenty singleak txunditu zuen Sergio Leone zinemagilea, eskolan Morriconeren ikaskidea izandakoa. Orduan sortu zuten lehen lana elkarrekin: Per un pugno di dollari (1964).[1] Horren arrakastaren ondoren, Per qualche dollaro in più (1965), Il buono, il brutto, il cattivo (1966), Once Upon a Time in the West (1968) eta Once Upon A Time In America (1984) filmeetan ere lan egin zuen Leonerekin.
Lan egiteko modu berezia izan zuen: filmatutako irudien gainean giro soinu bat sortu beharrean, musika egiten hasten zen, beste ezer eduki baino lehen. Are gehiago, Leonek musika hori bera erabiltzen zuen estudioan, aktoreek filmaren giroarekin bat egin zezaten. Mozart eta Bach entzun ohi zituen Morriconek, ez zuen besterik behar. Musika bilatu zuen beste guztiaren gainetik: osoa eta trinkoa zen zerbait, beste ezeren zerbitzura jarri gabe. Perkusioarekin eta instrumentu gutxirekin sortutako soinu xumeak, gitarra elektrikoekin egindako rockaren bueltako doinuak eta orkestrazio osoak: denarekin ausartu izan zen. Inprobisazio askeko Nuova Consonanza taldeko kidea izan zen 1960ko hamarkadatik aurrera, musika eta zaratarekin jolasean.[1]
Zinemagile handiekin lan egin zuen, eta film gogoangarri askotako musika hark sortua da. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, italiar zinemagile garrantzitsuenekin aritu zen, haien lan izarretan: Gillo Pontecorvoren La battaglia di Algerin (1966), Pier Paolo Pasoliniren Salò o le 120 giornate di Sodoman (1975) eta Bernardo Bertolucciren Novecenton (1976), besteak beste. Italian bertan, Leonerekin ez ezik, ezaguna da Giuseppe Tornatorerekin egin zuen lan guztia. Nuovo Cinema Paradiso filmean (1988) hasi zen harekin lanean, eta zuzendariaren lan guztietako musika sortu zuen ordutik.[1]
Hollywoodeko film handi askori ere jarri zien musika, baina Erromatik lan egin zuen beti. Sekula ez zuen AEBetara joateko asmorik adierazi, nahiz eta etxebizitza ere eskaini izan zioten. Ingelesik ere ez zuen ikasi nahi izan. Horren beharrik gabe egin zuen lan Terrence Malick, John Carpenter, Brian De Palma, Roman Polanski, Roland Joffé eta Oliver Stonerekin, besteak beste.[1]
Bizitzaren azken urteetan eginiko lanik ezagunenak Quentin Tarantinoren filmetarako izan ziren: estatubatuarrak erabilia zuen Morriconeren musika Kill Bill (2003), Inglourious Basterds (2009) eta Django Unchained (2012) filmetan, baina harentzako propio musika sor zezan tematu zen zuzendaria, eta Erromara joan zitzaion bisitan horretarako, italierara itzulitako The Hateful Eight filmaren gidoiarekin. "Nahi duzuna egin dezakezu" esan zion zuzendariak konpositoreari eta, hain zuzen, askatasun horrek eraman zuen Morricone baiezkoa ematera. Lan hari esker eskuratu zuen musikagileak merezitako Oscar saria 2016an, aurrez bost aldiz finalisten artean egon ostean. Aurretik ere jasoa zuen beste Oscar sari bat, ohorezkoa, 2007an. Horiez gain, Urrezko hiru Globo, lau Grammy eta sei BAFTA sari ere irabazi zituen, besteak beste.[4]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f Imaz, Andoni. Bazen behin musikari bat. Berria egunkaria, 2019ko urtarrilak 20, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
- ↑ Martin Scorsese nagusi Oscar sarietan. Bizkaie, 2007ko otsailak 26, bizkaie.biz (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
- ↑ Ennio Morricone musikagilea hil da, 91 urte zituela. eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
- ↑ Astiz, Iñigo. Ennio Morricone konpositorea hil da. Berria egunkaria, 2020ko uztailak 6, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-6).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Astiz, Iñigo Izar bat, zinemaren itzaleko aldean, Berria egunkaria, 2020ko uztailak 7, berria.eus