Eduardo García Máynez
Eduardo García Máynez (Mexiko Hiria, 1908ko urtarrilaren 11 - ib., 1993ko irailaren 2a) mexikar filosofo eta legegizona izan zen.
Eduardo García Máynez | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mexiko Hiria, 1908ko urtarrilaren 11 |
Herrialdea | Mexiko |
Heriotza | Mexiko Hiria, 1993ko irailaren 2a (85 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | filosofoa eta abokatua |
Enplegatzailea(k) | Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Colegio Nacional (en) |
Zuzenbide-ikasketak Mexikoko Unibertsitate Autonomoan egin zituen (UNAM), eta Berlinen eta Vienan osatu zituen. 1939. urtean UNAMeko irakasle izendatu zuten, eta 1953tik aurrera, bertako Filosofia eta Letretako Fakultateko zuzendari izan zen. Hego Ameriketako zenbait unibertsitatetan honoris causa doktore izendatu zuten. Zuzenbidearen filosofiari buruz egindako lanarengatik da, batez ere, ezaguna. Hasierako lanetan alemaniar tradizioko egile objektibisten joerari jarraitu zion, oro har, eta axiologia juridiko, objektibo eta antiformalista finkatzearen alde agertu zen. Axiomatika modernoari jarraituz, García Máynezek askatasuna oinarri juridikotzat hartzen duen eta betebehar juridikoaren logikan oinarritzen den teoria bat osatu zuen, zuzenbidea printzipio ontologikoez eta ontologiko-juridikoez osaturiko sistema gisa egituratzeko. Bere ekarpenek eragin handia izan dute, Latinoamerikan bereziki. Lan aipagarriak ditu, besteak beste, Libertad como derecho y poder (1940, Askatasuna, eskubide eta ahalmen gisa), Introducción a la lógica jurídica (1951, Logika juridikoaren sarrera), Los principios de la ontología formal en el derecho (1953, Ontologia formalaren printzipioak zuzenbidean), Ensayos filosófico-jurídicos (1959, Saiakera filosofiko-juridikoak), Lógica del raciocinio jurídico (1964, Arrazoimen juridikoaren logika), El problema de la objetividad de los valores (1969, Balioen objektibotasunaren arazoa), Semblanzas, discursos y últimos ensayos filosófico-jurídicos (1989, Azalpen biografikoa, hitzaldiak eta azken saiakera filosofiko-juridikoak).
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.