Bill Rowling
Sir Wallace Edward "Bill" Rowling (Motueka, Tasman eskualdea, 1927ko azaroaren 15a - Nelson, 1995eko urriaren 31) zeelandaberritar politikaria izan zen. Zeelanda Berriko 30. lehen ministroa izan zen 1974tik 1975era.
Ekonomia eta hezkuntza ikasi zituen Canterburyko Unibertsitatean eta irakasle aritu zen hainbat herritan. 1958an utzi zuen irakaskuntza, armadan sartzeko, eta Singapurren eta Malaysian egon zen, Malaysiako larrialdian. Alderdi Laboristako kidea izan zen eta diputatua izan zen 1962tik 1984ra. 1972an, Norman Kirk lehen ministroak bere gobernuko Finantza ministro izendatu zuen. Kirk ustekabean hil ondoren, 1974ko irailaren 6an lehen ministro izendatu zuten eta Atzerri ministro kargua gehitu zion. Oposizioaren aurrean galdu zituen 1975eko azaroko hauteskundeak eta kargua Robert Muldooni eman zion. 1983an, David Langek ordezkatu zuen Alderdi Laboristako presidentetzan. Bere azken postua enbaxadore izan zen Estatu Batuetan, 1985etik 1988ra.