Bakezaletasuna edo pazifismoa bakea sustatu eta gerra eta indarkeriaren erabilera gaitzetsi eta ukatzen duen ideologia eta ekintza da. Bakezaletasunez jokatzen duten eta horren alde dauden pertsonei bakezale edo pazifista deritze. Gatazkak eta injustiziak gainditzeko elkarrizketa, diplomazia, desobedientzia zibila, boikota eta beste protesta modu baketsuak proposatzen ditu. Mohandas Karamchand Gandhi jo ohi da bakezaletasunaren eredu eta ikurtzat.

Bakezaletasuna adierazteko erabili ohi den ikurra.
Bakearen aldeko erlijio arteko otoitz eguna, aita santuak deitua, Asisen (Italia), 2011n.

Mugimendua bakezalea

aldatu

Nazioarteko iritzi-mugimendua da, desarmearen eta bakezaletasunarekin lotutako beste helburu batzuen aldekoa. Egungo bake-mugimendua ezkerreko organizazio monolitiko gisa agertzen da sarritan, baina zuzenago litzateke gizabanako, gobernuz kanpoko organizazio, presio-talde, propaganda-organizazio eta hezkuntza-erakundeen elkarretaratze heterogeneotzat hartzea. Ikuspegi politiko eta erlijioso desberdinetatik begiratuta, egungo bakezaletasuna era askotako arazoez arduratzen da: gerraren prebentzioa, gatazken konponbidea, armen nazioarteko kontrola, desarmea, gizartearen desmilitarizazioa, gastu militarren murrizketa.

Bake-mugimenduaren historia

aldatu

Mendeetan zehar, erlijio-pentsalariak eta filosofoak gerrak eragozteko bitartekoen bila ibili izan dira. Europan, XVII. eta XVIII. mendeetan, William Penn, Jacques Henri Bernardin de Saint-Pierre, Jean-Jacques Rousseau eta Immanuel Kant bake iraunkor baterako bideak nondik nora egin beharko zuen zehazten ahalegindu ziren. Baina egunotako bake-mugimenduaren benetako aurrekariak XIX. mendearen hasieran, Britainia Handian, sortu ziren. 1816an, Adiskideen (edo kuakeroen) Elkarteak Bake Unibertsal Iraunkorra Sustatzeko Elkartea sortu zuen. Britainia Handia eta Estatu Batuetako lehen bake-elkarteak bat zetozen kuakeroekin kristau-bakezaletasun erabatekoari eta gizakiaren berezko ontasunari buruzko ideian. Bakearen aldeko elkarteek garrantzi handiko lekua izan zuten estatuen arteko harremanei eta gerraren erabilerari buruzko eztabaida sortu berrian, baina, mugimendu espiritualak izanik politikoak bainoago, bakarturik geratu ziren. Bazen, ordea, hasierako bake-mugimenduaren alderdi laikoago bat, gero eta bizitasun handiagoa hartu zuena.

Jeremy Bentham eta John Stuart Mill politikariek bestelako gizarte eraberritu eta zibilizatua aldarrikatzen zuten, handik sortuko zen munduak gerraren beharrik izango ez zuelakoan. Ideia hori XIX. mendearen erdiko merkatu libreko mugimenduak eta «merkataritzak gerra zaharkitua utzi duelako» (John Stuar Mill) usteak sendotu zuten. Beste pentsalari ingeles batek, Richard Cobdenek, areago eraman zuen kontzeptua, bakeak merkatu librearen helburu, ez ezaugarri huts, izan behar zuela adierazi zuenean. Ikuspegi horretatik begiratuta, estatuen arteko gatazkak oso bakanak izango ziren, eta epaitze-sistema bat aski izango zen tirabira horiek konpontzeko.

XIX. mendea aurrera, kristau-bakezaletasuna ospea galduz joan zen, utopikotzat eta are iraultzailetzat ere harturik. Aldi berean, nazio-interesek eragindako gerra-kopuruak argi utzi zuen merkatu libreak nahi eta uste zena baino askoz bake gutxiago ekarriko zuela. XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, Europa begi onez ikusten hasi zen bakeari eusteko nazioarteko mekanismo edo herrialde arteko federazioren baten beharra aldarrikatzen zuten aurreko ideiak.

XIX. mendean Europan izan ziren gerrek, bestalde, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen sorrera eragin zuten, 1863an. Gerra-denboran ere gizatasunez jokatzearen alde Gurutze Gorriak bultzatu zuen kanpaina Genevan 1864tik aurrera egin ziren biltzarretan eta Hagako itunean (1899, 1907) gauzatu zen. XIX. mendearen bukaeran, bakearen aldeko mugimendu laikoa nazioarteko legearen, arbitratzearen eta nazio-parlamentuen arteko lankidetzaren kontzeptuen mendean zegoen. Parlamentu arteko Batasuna 1892an sortu zen.

Lehen Mundu Gerrak eragin handia izan zuen bake-mugimenduan. Bakean sinesten zutelako, kuakeroek, Fabian Elkarteko sozialista askok eta beste batzuek uko egin zioten soldadutzari kontzientzia-eragozle gisa. Gerraren beste ondorio batzuk zenbait poeta eta idazleren obrak izan ziren (Wilfred Owen, Siegfried Sassoon eta Erich Maria Remarquerenak, besteak beste), eta bake bidean aurrera egiteko ahalegin filantropikoak. 1918an, estatubatuar industrialari batek, Andrew Carnegiek, Nazioarteko Bakerako Fundazioa sortu zuen, eta fundazioa bakearen aldeko ikerkuntzen babesle izan da harrezkero.

Zenbait bakezaleren arabera, estatuen burujabetasun mugagabea zen Europan eta mundu osoan bakea lortzeko eragozpen nagusia. Europan eta are munduan ere federazio-sistemak sortzeko proposamenek ez zuten aurrera egin. 1920ko urtarrilean Nazioen Elkartea sortu zen, bakearen eta talde-segurtasunaren aldeko lehen nazioarteko erakundea. Bi Mundu gerren arteko aldian, gerra-denboran gizatasunez jokatzeko lege berriak sortu ziren, arma kimiko eta biologikoen aurkako 1925eko Genevako Protokoloarekin batez ere. Halaber, gobernuek armen salerosketa mugatzeko eta esportazioak kontrolatzeko neurri bereziak onartu zituzten.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren beste saio bat egin zen, eta Nazio Batuen Erakundea sortu zen. Baina urte gutxiren buruan, Gerra hotza zela, batetik, eta Sortaldearen eta Sartaldearen arteko arma-lasterketa, bestetik, bertan behera geratu ziren bakezko mundu ordena berria sortzeko esperantza guztiak. Hiroshima eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti izanak jende asko hunkitu eta haserrarazi bazuen ere, bakearen aldeko mugimenduaren bilakaera ez zen askorik azkartu. Dena dela, mugimendu gerra hotz guztian nabarmendu zen. Bakearen aldeko mugimenduaren fakzio batzuek nazioarteko sistema bakezale ideala formulatzen ahalegindu baziren ere, gerra hotzak iraun zuen bitartean mugimenduak gobernuen jokabidea zaindu zuen, arma atomikoekin zer jokabide zuten batez ere.

1957an, Windscaleko zentraleko (Britainia Handia) plutonio-ihesak Arma Nuklearren Aurkako Kanpaina piztu zuen, Britainia Handiaren defentsa-politikak arma nuklearren abantailak goraipatzen zituen une berean. Handik aurrera, bake-mugimendua arma nuklearren aurkako mugimenduarekin estuki lotu zen. Estatu Batuek Vietnamgo gerran izandako parte-hartzea oso eztabaidatua izan zen, 1960ko hamarraldiko azken urteetako ikasle-matxinadetan batez ere. Sobietar Batasuna Afganistanen sartzeak ere (1979) Sortalde eta Sartalde arteko harremanak gaiztotu zituen.

 
Gerraren aurkako ekintzailea, San Frantziskon (Ameriketako Estatu Batuak) atxilotua, Irakeko gerraren aurkako 2003ko martxoko protestetan.

Laurogeiko hamarraldian, Estatu Batuetako lehendakari Ronald Reaganek proposaturiko Defentsa Estrategikorako Ekimenak ere (Izarretako Gerra deitua) eztabaida handiak piztu zituen, eraso nuklearren aurkako babesa bilatu beharraz eta hartarako beharko ziren diru- eta teknologia-baliabideez. 1989ko azaroan Berlingo harresia eraitsia izan zen. Gerra hotzaren amaieraren hasierako bake higikundeak aurrerantzean termino zabalagoetan definitu beharko zirela esan nahi zuen. Varsoviako itunak, gero eta kide gutxiagorekin, bere lekua defendatu zuen 1991ko uztailaren 1a arte. Handik sei hilabetera gauza bera gertatu zen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunarekin. Bai etsaiak bai mehatxu militarrak zehazten zailagoak izanik, Europako bake-mugimendua berriro ere helbururik gabe zegoela zirudien. Aitzitik, mugimenduak bere interes-eremua zabaldu zuen eta ideia asko eta gai berriak bereganatu zituen, ordu arte bazter utzitako beste gai batzuk ere aztertzen hastearekin batera. Adibidez, erasorik gabeko defentsaren gaiari arreta handiagoa eman zitzaion ikerkuntza akademikoaren eta politikoaren aldetik. Arma-salerosketaz eta atzerrirako diru-laguntzen eta arma-salmentaren arteko harremanaz bake-mugimenduaren beste alderdi batzuk kezkatu dira gehiago. Minen desagerpena, adibidez, berariaz antolatu den nazioarteko kanpaina baten helburu nagusia bilakatu da.

Egungo bake-mugimenduaren beste eztabaidagai nagusietako bat defentsa eta segurtasuna gaur egun, gerra hotzaren ondoren, zertan diren eta nola hartu behar diren jakitea da. Izan ere, gaur egun, aho batez onartzen da segurtasuna ez dagoela irizpide militar tradizionalen arabera aztertzerik, eta kontuan hartu behar direla, baita ere, alderdi ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu