Anoeta estadioa
- Artikulu hau Donostiako estadioari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Anoeta (argipena)».
Anoeta estadioa, egun Reale Arena,[1] Gipuzkoako Donostia hiriburuan dagoen estadio bat da. Bertan Real Sociedad gipuzkoar futbol taldeak jokatzen du, aldiz zelaiaren jabegoa Donostiako Udalarena da. 2005az geroztik, Biarritz Olympique euskal errugbi taldeak Europako Errugbi Kopa edo Heineken Kopako etxeko partiduak ere bertan jokatzen ditu, 2009tik aurrera Aviron Bayonnais euskal errugbi taldeak ere bertan pare bat partidu jokatu ditu. 2006ko Beteranoen Atletismoko Mundialak ere bertan ospatu ziren.
Anoeta estadioa | |
---|---|
Goian: Anoeta estadioaren iparraldeko kanpoaldeko ikuspegia. Behean: Barnealdea eta zelaia. Irudi gehiago | |
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Udalerria | Donostia |
Koordenatuak | 43°18′05″N 1°58′25″W / 43.3014°N 1.9736°W |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1991 |
Inaugurazioa | 1993ko uztailaren 29a |
Jabea | Donostiako Udala |
Kudeatzailea | Donostiako Udala |
Kirola | hamabosteko errugbia atletismoa futbola |
Erabiltzailea | Real Sociedad |
Edukiera | 39.313 |
Kontaktua | |
Helbidea | Anoeta Pasalekua 1, E-20014 San Sebastián |
Webgune ofiziala | |
1993ko uztailaren 29an inauguratu eta aurreko Atotxa (1913-1993) zelai txuri urdin mitikoa ordeztu zuen. 2017-2018 denboraldian Izaskun Larzabal[2] arkitektoaren zuzendaritzapean estadio berriaren eraldaketa lanei ekin zitzaien eta 2019-2020ko denboraldian amaitu ziren.
Kokapena
aldatuAnoeta estadioa Donostiako hegoaldeko Amara Berri auzoko Anoeta Pasealekuaren 1. zenbakian dago, Anoetako kirolgunean, antzinako atletismo estadioa zegoen solairu berdinean.
Bere kokapen zehatza honakoa da: Anoetako dorrea, Anoetako geltokia, Josean Gasca pabiloia, Txuri Urdin izotz jauregia eta Anoeta miniestadioa artean.
Gainera, eraikinean futbol zelaiaz gain, Errealaren egoitza, Errealaren denda eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren egoitza ere badaude. Bestalde, etorkizunean Errealaren museoa ere bertan egotea aurreikusi da.
2017-2019ko eraldaketa aurretik Ipar Harmailaren kanpoaldean Aitor Zabaleta eta Alberto Ormaetxearen omenezko monumentuak ere bazeuden.
Garraiobideei dagkionez, estadiotik metro gutxira, Ipar Harmailaren kanpoaldean Donostialdeko Metroaren Anoetako geltokia du, horrek zaletuei Anoeta estadioa eta gainontzeko hiriko auzoak nahiz Gipuzkoako udalerri asko azkar elkarkonektatzea errazten die. Ipar Euskal Herriko Lapurdiko zalego txuri urdinak ere Hendaiako geltokiaren bidez Anoeta estadiora bertaratzeko aukera dute.
Gainera, ia bertan, Miramon-Zorroaga barrutian, Donostia Arena 2016 edo Ilunbe erabilera anitzeko pabilioia ere badago, bai eta Ilunbeko aparkalekua ere.
Eraikina
aldatuKanpoaldea
aldatuEgunez |
---|
|
Gauez |
|
Barnealdea
aldatuIkuspegi panoramikoa |
---|
|
Harmailak |
|
Bideoak |
|
Historia
aldatuAurrekariak
aldatuAurrez, jada 1970eko hamarkadaren amaieraldera Atotxa estadioa zaharkitua eta txikiegia gelditzen ari zela eta, Errealaren zuzendaritzak estadio berria eraikitzeko asmoa azaldu zuen, nahiz eta azkenean asmo hori gauzatu ez izan. Jatorriz, gaur egun Zubietako kirol instalakuntzak dauden lursailak ideia horrekin erosi ziren eta leku horretantxe estadio berria eraikitzeko proiektua ere hausnartu zen, 1982ko Munduko Futbol Txapelketarako amaitua egon eta egoitzetako bat izan zedin, baina Donostiako erdigunetik urruti zegoela eta bertan behera utzi zen, gaur egungo entrenamendurako kirol-instalakuntzak eraikiz.
1980ko hamarkadaren amaieraldera estadio berria eraikitzeko proiektua berreskuratu zen, oraingoan Amara Berri auzoan, gaur egun Anoeta kirolgunean dagoen lekuan, Erreala eta Donostiako Udala adostasun batera iritsi eta estadioa eraikitzeko proiektua onartu zen. Udalak futbol estadioa izateaz gain atletismo estadioa izatekoeta kirol horretarako pistak izateko baldintza jarri zuen, garai hartan modan zeuden atletismo pistadun estadioen joera eta 1992ko Olinpiar Jokoetako Montjuïceko Olinpiar Estadioaren eraginpean.
1990-1993: Anoeta estadioaren eraikuntza
aldatu1990ean estadio berriaren eraikuntza lanak hasi ziren, 47 milioi euroko aurrekontuarekin, eta 1993ko uztailaren 29an inaugurazioa egin zen, Atletismoko Europako Junior Txapelketa egiteko. Inaugurazio ekitaldi horretako musika emanaldian Oskorri, Javier Gurrutxaga eta Orquesta Mondragón eta Luz Casal musikariek parte hartu zuten. Orduan, estadioak 29.350 lagunentzako lekua zuen.
Inaugurazio partidua
aldatuHalere, inaugurazio ofiziala 1993ko abuztuaren 13an egin zuten, "Kaixo Anoeta" izeneko ekitaldipean. Egun honetan, beste zenbait ekintza batzuez gain, Real Sociedad eta Real Madrilen arteko lagunarteko lehia bat ere jokatu zen, 2-2 emaitzarekin amaitu zelarik. Lorenzo Loren Juarros jokalari txuri-urdina estadioan lehen gola sartu zuen futbolaria izan zen.
- Erreala: Alberto López; Miguel Fuentes, Iñaki Alaba, Jokin Uria, Jose Antonio Pikabea; Carlos Xavier (Jose Maria Lumbreras), Oceano da Cruz (Alberto Albistegi), Andoni Imaz (Juan Antonio Larrañaga), Bittor Alkiza (Xabier Gurutzeta); Loren Juarros, Meho Kodro. Entrenatzailea: John Benjamin Toshack.
- Real Madrid: Paco Buyo; Paco Llorente, Manuel Sanchís (Nando Muñoz), Rafael Alkorta, Mikel Lasa; Míchel Gonzalez, Fernando Hierro, Robert Prosinečki (Luis Milla), Luis Enrique; Emilio Butragueño (Alfonso Pérez), Iván Zamorano (Peter Dubovský). Entrenatzailea: Benito Floro.
- Golak: 1-0, 26. min.: Loren; 1-1, 53. min.: Butragueño, 2-1, 54. min.: Oceano, 60. min.: Butragueño.
- Epailea: Joaquín Urio Velázquez (Gipuzkoako Federazioa). Bi txartel hori atera zituen: Real Madrideko Hierro eta Alkortari.
- Ikusleak: Betekada.
Bestelako ekitaldiak
aldatuMusikari dagokionez, Anoeta estadioan kontzertua eskeini zuen lehenbiziko taldea, 1994ko uztailaren 25ean Pink Floyd ingeles rock talde ospetsua izan zen. Orduz geroztik, mundu mailako musika talde ugarik jo izan dute bertan, tartean U2, The Rolling Stones, Bruce Springsteen eta Bon Jovik.
Ordutik, norgehiagoka ugari jokatu dira bertan, besteak beste, UEFA txapelketa eta Txapeldunen Ligakoak.
1998an iparreko eta hegoko hondoak handitzeari ekin zitzaion eta, tarteko oin bat eraikiz, edukiera 32.076 eserlekukoa izatera igaro zen.
2015eko ekainaren 21a Gure Esku Dagoren erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldia ospatu zen.
1993-2014 Atletismoko pisten auzia eta estadioaren eraldatzea eztabaidagai
aldatu1990eko hamarkadaren erdialderako jada Anoetak estadio hotza eta girorik gabearen ospea bereganatu zuen, atletismoko pistek harmailen eta zelaiaren arteko distantzia futbol estadio baterako erraldoi bilakatzen baizuten, adibidez, hondoetako harmailak eta ateen arteko distantzia 44 metrokoa zen, horrek futbol estadio gehienetan ikusleek talde arerioko jokalariengan burutzen duten presioa ezerezean uzten zuen, talde bisitariak etxean bezain eroso jokatuz. Gainera, Atotxako hurbiltasuna bizitako belaunaldi txuri-urdinek ere estadio mitiko horretako giro bikaina faltan botatzen zuten, izan ere, estadio hartan zelaitik lehen eserleku lerrora 2 metro besterik ez zeuden, eta aterkiarekin hesiaren artetik alboko epaileak nahiz talde bisitariaren jokalariak ukitu zituen ikusleen anekdotarik ere bada.
Halere, 1990eko hamarkada nahiz 2000ko hamarkadan zehar, Udalak eta orduko PSE-PSOEko Odon Elorza alkateak atletismoko pistak kentzeko eskaerei behin eta berriz muzin egin eta ezezkoa eman zieten.
Ikuspegiak |
---|
|
XXI. mendearen hasiera atletismoko pistak kentzearen eskaerak oraindik eta gehiago ozenagoak izan ziren. 2004ean garaiko Errealeko Jose Luis Astiazaran presidenteak Gipuzkoa Arena estadioaren proiektua aurkeztu zuen. 2007an amaitua egoteko aurreikusia, estadioaren edukiera 42.000 ikusleetara handitu eta atletismo pistak kentzeko asmoa zuen. Gainera, proiektuak eraikinak hotel bat eta dendak izatea ere aurreikusten zuen, beste batzuen artean. Baina berehala Donostiako Udala eta Odon Elorza alkatearen ezezkoa jasan zuen.
2007, orduko Iñaki Badiola presidentegaiak Errealak estadioa erostea proposatu zuen. Donostiako Udalak berehala proposamne honi ezezkoa eman zion. 2008an, jada Badiola presidentea zela, estadioarentzako beste bi proposamen egin zituen, bata Gipuzkoarenaren antzekoa. Udalak proposamenak aztertzera zihoan, baina urte horretako abenduaren 20ean Badiolak bere agintaldia amaitu zuen.
Azkenik, 2011eko maitzean, Donostiako Udalera EH Bilduko Juan Karlos Izagirre alkate berria ailegatzean eta jada Errealeko presidentea Jokin Aperribay zela, Anoeta Berria proiektua aurkeztu zuen, eta Udalak Anoeta estadioaren eraldatzea eta atletismoko pistak kentzeko proiektuari argi berdea eman zion. 2012ko apirilean Donostiako Udalak eta berau osatzen zuten alderdi guztiek estadioaren eraldaketa burutzea onartu zuten[3].
Dena dela, Aperribairen Anoeta Berria proiektuak jada Donostiako Udalaren baiezkoa izan arren, gauzatzeko beste hainbat oztopo gainditu behar izan zituen, Auzitegiek Javier Olaverri abokatuak proiektuaren bultzatzaileak diru publikoa helburu pribatuetarako desbideratzea leporatzeko helegiteak onartu baizituzten[4][5], horrek berez 2015ean hastea aurreikusia zegoen proiektuaren hasiera atzeratu egin zuen, eraldatze lanak ekiteko Auzitegietako aldeko edo aurkako epaien zain egon behar zen.
Eraldaketa
aldatu2016ko abenduaren 12an EAJko Eneko Goia alkateak prentsaurrekoan[6] Anoetaren eraldaketa lana gauzatzeko lizentzia onartua zegoela eta eraldaketa lanei 2017ko martxoan ekingo zitzaiela adierazi zuen.[7] Eraldaketa lanak etenik gabe burutzea erabaki zen, honela Errealak Anoetan ahal bezainbeste partidu jokatu zitzan. Eraldaketa lanen arduraduna Izaskun Larzabal arkitektoa zen.[2]
Larzabalen hitzetan, "proiektu erronka nagusia bi arkitektura ezberdin elkartzea eta ez nabarmentzea da. Bi hondoak botako ditugun arren, egitutaren zatirik handiena hobetuagoa matenduko dugu"[8], "Anoeta oso irekia zen, bazkideek ohiukatu edo abestu soinuak ihes egiten zuen, dena zerua baitzen. Orain sarituak sentituko dira entzunak izango baidira, askoz ere Bombonera antzekoagoa izango da, baina balorea gehitzen dion estadioaren argia galdu gabe"[8]. Bestalde, Larzabalen lantaldeak kirol instalakuntzak eta futbol estadioak ikertzen urteak igaro zituen, "ziur aski Munich hiriko Allianz Arena erreferente nagusia izan da"[8], eta hark bezala Anoetak kanpo estaldura bat du, Erreala eta hiriaren ikur den urdin kolorekoa, "estaldura hau zeharrargizkoa izango da. Eraikin irekia egin dugu, Ikus gaitzaten nahi dugu eta barnean daudenek hiria ikus dezaten"[8].
Hasiera batean Anoeta berriak 42.000 lagunantzeko edukiera izango zuela iragarri bazen ere, azkenean 38.500 ikusleetara murriztu zen. Hortaz, dena ondo bidean, 2019ko abuztuan eraldaketa lanak amaitu, eta 2019-2020 denboraldirako Anoeta berria 38.500 lagunentzako edukierarekin prest egongo zela iragarri zen.
Azkenean, 2019ko urriaren 14an, Errealak Atlético de Madriden aurka, 2-0ko aldeko emaitzaz, estadioa eraldatua eta jada 38.500 edukiera berriarekin estreinatu zuen.
Eraldaketa |
---|
|
Faseak
aldatuEraldaketa lanak onako fasetan banatuta burutuko direla aurreiragarri da:
Fasea | Lanak |
---|---|
0. fasea | 2017ko martxotik uztailera: kanpoaldeko egokitze lanak burutu ziren. |
1. fasea | 2017ko abuztutik 2018ko abuztura: hegoaldeko armailaren eraisketa eta berreraikitzeari ekin zitzaion, orduan jasango zuten zaleek eragozpen bakarra, 2017-2018 denboraldian zehar edukiera 25.000 izatera jaitsiko baitzen. |
2. fasea | 2018ko maiatzetik abuztura: zelaia jaitsi eta atlestismoko pistak kentzeko lanak egin ziren, baita alboko harmailak handitzeko lanak ere. |
3. fasea | 2018ko abuztutik 2019ko abuztura: Iparraldeko harmailaren bota eta berria egingo da. |
4. fasea | 2019ko maiatzean kanpoaldeko bilgarri urdin berria ezartzeaz amaitua egongo da. |
Data garrantzitsuak
aldatuData | Lanak |
---|---|
2017ko maiatzaren 23a | Eraldaketa lanak ofizialki hasi ziren, 0 faseari ekinez. Irailean 1 faseari ekitea aurreikusia dago, hegoaldeko harmailaren eraisketa eta berreraikitzea. |
2017ko urriaren 11tik azaroaren 19ra | Hego Hondoaren erausketa burutu zen. |
2018ko otsailaren 18a | Hego Hondo berriak Aitor Zabaleta Harmaila izena izango zuela iragarri zen, Aitor Zabaleta jarraitzaile txuri urdinaren omenez. |
2018ko irailaren 15a |
Estadioaren 3/4 kasik amaituak zeudela eta Espainiako Futbol Ligako Lehen Mailako 5. jardunaldiko Futbol Club Barcelonaren aurkako partiduan berrinauguraketa ospatu zen. Gainera, partidu hastapenean Imanol Agirretxe usurbildar jokalariari agur omenaldia egin zitzaion. |
2019ko irailaren 14a |
Estadioaren barnealdea jada amaituta eta Ipar Hondo berria eraikita, Espainiako Futbol Ligako Lehen Mailako 4. jardunaldiko Atlético de Madriden aurkako partidua jokatu zen, Errealak 2-0ko emaitzaz irabaziz. Golak: Martin Ödegaard eta Natxo Monreal. |
Lehen partidua estadioaren 3/4 eraldatuan
aldatu2019ko irailaren 15ean, larunbatez, arratsaldeko 16:15etan, Anoeta estadio guztiz eraldatuan Erreala eta Barça artean estreineko futbol partidua jokatu zen, 1-2ko emaitzaz katalanak nagusitu zirelarik. Estadio honetako lehen gola bigarren denborako 12. minutuan Errealeko Aritz Elustondo donostiarrak sartu zuen, eta 63. minutuan Luis Suárez uruguaiarrak eta 66. minutuan Ousmane Dembélé frantziarrak behin-behineko blaugranen aldeko 1-2ko emaitza ipini zuen.
Bestalde, Imanol Agirretxe usurbildar aurrelari erretiratu berriari omenaldia egin zitzaion.
- Erreala: Gerónimo Rulli; Héctor Moreno, Aritz Elustondo, Theo Hernández, Igor Zubeldia; Joseba Zaldua, Rubén Pardo (Luca Sangalli, 23. min.), David Zurutuza (Jon Bautista, 21. min.), Asier Illarramendi (Mikel Merino, 8. min.); Juanmi Jiménez, Mikel Oyarzabal. Entrenatzailea: Asier Garitano.
- Barça: Marc-André ter Stegen; Samuel Umtiti, Gerard Piqué, Jordi Alba, Nélson Semedo (Philippe Coutinho, 7. min.); Ivan Rakitić, Rafinha Alcántara (Sergio Busquets , 5. min.), Sergi Roberto, Luis Suárez; Ousmane Dembélé (Arturo Vidal, 22. min.), Lionel Messi. Entrenatzailea: Ernesto Valverde.
- Golak: 1-2, 12. min.: Elustondo; 1-1, 63. min.: Suaárez, 1-2, 66. min.: Ousmane Dembélé.
- Epailea: Carlos Del Cerro Grande (Madril Erkidegoko Federazioa). Bi txartel hori atera zituen: Errealeko Illarramnedi eta Barçako Umtiti.
- Ikusleak: 26.482 ikusle.
Lehen partidua estadio osoki eraldatuan
aldatu2019ko irailaren 14an, larunbatez, arratsaldeko 18:30etan, Anoeta estadio guztiz eraldatuan Erreala eta Atlético de Madrid artean estreineko futbol partidua jokatu zen, 2-0ko emaitzaz euskaldunak nagusitu zirelarik. Estadio honetako lehen gola bigarren denborako 57. minutuan Errealeko Martin Ödegaard norvegiarrak sartu zuen, eta 60. minutuan Natxo Monreal nafarrak bigarren gola sartu eta behin-behineko txuri urdinen aldeko 2-0ko emaitza ipini zuen.
- Erreala: Miguel Ángel Moyà; Joseba Zaldua, Natxo Monreal, Diego Llorente, Igor Zubeldia; Aritz Elustondo, Mikel Merino (David Zurutuza, 82. min.), Cristian Portu (Adnan Januzaj, 82. min.), ; Mikel Oyarzabal; Martin Ödegaard eta Alexander Isak (Willian José, 73. m.). Entrenatzailea: Imanol Alguacil.
- Atlético de Madrid: Jan Oblak (Antonio Adán, 65. min.); Kieran Trippier, José María Giménez, Stefan Savić, Renan Lodi; Koke Resurrección , Saúl Ñíguez, Vitolo Machín, Thomas Lemar (Marcos Llorente, 45. min.); João Félix (Ángel Correa, 56. min.) eta Diego Costa. Entrenatzailea Cholo Simeone.
- Golak: 1-0, 57. min.: Ödegaard; 2-0, 60. min.: Natxo Monreal.
- Epailea: Antonio Mateu Lahoz (Valentzia Erkidegoko Federazioa). VAR: Guillermo Cuadra Fernández. Lau txartel hori atera zituen: Errealeko Igor Zubeldia, eta Atlético de Madrileko Trippier, Lemar eta Diego Costari.
- Ikusleak: 34.719 ikusle.
Euskal Selekzioaren partiduak Anoetan
aldatuEtxekoa | Emaitza | Kanpokoa | Data | Tokia | Goleatzaileak |
---|---|---|---|---|---|
Euskadi | 3 - 1 | Bolivia | 1993-12-22 | Anoeta (EH) | Guerrero, Julio Salinas (2) |
Euskadi | 5 - 1 | Uruguai | 1998-12-22 | Anoeta (EH) | Urrutia, De Paula, Ziganda (2), Idiakez |
Euskadi | 2 - 0 | Honduras | 2004-12-29 | Anoeta (EH) | Yeste (2) |
Euskal Selekzioa | 6 - 1 | Bolivia | 2012-12-29 | Anoeta (EH) | Aduriz (2), Toquero (2), Ibai eta Agirretxe |
Ezaugarriak
aldatuOrokorrak
aldatu- Estadioak 39.500 ikusleentzako edukiera du, guztiak teilatupean: 27.000 inguru (beheko eraztunak) eta 13.000 inguru (goiko eraztunak).
- Zelaiak 105 metro luze eta 70 metro zabal dauzka.
- Harmailetako lehenbiziko eserleku lerrotik zelairako distantzia: 8 metro hondoetan.
- Futbolean nahiz errugbian jokatzeko egokitua.
- 21 sarbide eta 126 tornu.
- 350 aparkaleku.
- 35.024 bazkide (2020ko abuztuaren 27an).
Oinplanoa
aldatuAnoeta estadioaren oinplanoa |
---|
Hego Hondoa: Aitor Zabaleta Harmaila
aldatuJada, 2014an Anoeta estadioaren proiektu berria aurkeztu zenetik, zaletu txuri urdinen taldeen artean Premier League eta Bundesligako estadio batzuetan zeuden zutikako animazio harmaila baten beharra azpimarratu eta bultzarazi zuten. Honela, Errealarekin Anoeta berriaren Hego Hondoan animazio harmaila bat egitea adostu zen.
2018ko otsailean Aitor Zabaleta Harmaila izena jasoko zuela iragarri zen, Aitor Zabaleta txuri urdin zaletu eraildakoaren omenez.
Aitor Zabaleta Harmaila |
---|
|
Ipar Hondoa: Familientzako Harmaila
aldatuIpar Hondoko ate atzean Familientzako Harmaila dago, honetan nagusiki gurasoak eta haurrak daude. Honetan familiek txuri urdin sentimendua belaunaldiz-belaunaldi pasatzea helburu da. Eremu honetan eseritzen direnek familia ordain kuota bereziak dituzte[9].
2019ko irailaren 14n estreinatu zen eta 2.800 eserlekuz osatua dago[9].
Errealaren denda
aldatuErrealaren denda estadioaren hego-ekialdeko izkinan dago, Anoetako geltokia eta Atano III.a pilotalekura begira. Bertan, Errealaren ekipamendua nahiz taldearekin zerikusia duen edozer salgai dago.
VIP eremua
aldatuVIP edo Hospitality eremua nagusiki zelairaren inguru osoan beheko eta goiko harmailen arteko eraztunean dago, baina baita zelaiaren lau korner-izkina banatan, eta ekialdeko Tribuna Nagusiko Palkoan eta harmaila horretako zelaiaren alboko lehenbiziko eserleku iladen eremuan ere.
Bestalde, Premier Leagueko hainbat estadioetan ebzala, jokalariak zelaira ateratzen diren irteerako tunelaren alde banatan jokalariak zelairatu nahiz aldageletara joaten ikus daitezke kristalezko behatokiak daude, hauek ere VIP eremuan.
Bisitarien eremua
aldatuZalego bisitariaren eremua Anoetako ipar-ekialdeko korner-izkinaren goiko harmaila edo bigarren eraztunean dago, Familientzako Harmaila (Ipar Ondoa) eta Ekialdeko Harmaila artean. Segurtasun arauen arabera polikarbonatozko kristal-hesituaz dago.
Ohorezko palkoa
aldatuAnoetako ohorezko palkoa 120 laguneko edukiera duen palko zabal eta moderno bat da. Partiduak jokatu ohi diren egunetan erakunde ezberdinen arteko harreman gunea izan ohi da. Bertan Gipuzkoako futbola, politika, ekonomia nahiz kultura mailako pertsonaiak bildu ohi dira.
Eremu honetan jendaurreko ekitaldiak ere ospatzen dira, adibidez 50 urte baino gehiago daramatzaten bazkideei eginiriko klubaren urrezko dominaren eskeintza, denboraldiko taldearen poster ofizialaren aurkezpena edota pertsonaia nabarmenen jendaurreko harrerak, etab.
Aldagelak
aldatuAnoetako estadioko aldagelek beste estadio askoetakoek ez bezala ezaugarri garrantzitsu bat dute: etxeko nahiz kanpoko taldeen aldagelak berdin-berdinak direla. Orokorrean estadio gehientsuenetan hau ez da horrela izaten. Aldagela hauetako ezaugarri nagusia handiak eta erosoak izatean datza. Jazteko eremu handia, masaia gune ezberdindua, baita garbigela ezberdindua ere, eta azkenik dutxa erosoak. Beroketa gune handi bat ere badago. Honen guztiaren ondorioz, Espainiako Lehen Mailako futbolarien artean burututako inkesta baten ondorioz Anoeta estadioko aldagelak futbol maila horretako onenak zirelako emaitza atera zen.[10]
Aldagela, inongo ezbairik gabe, estadioko gune mugatu edo itxienetakoa da. Partidu egunetan taldetik at dagoen inor ezin da haietarara sartu.
Finantzaketa
aldatuEraikuntzaren finantzazioa Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Errealarena izan zen, eta "Anoetako Kiroldegia" izeneko elkarte pribatuak kudeatzen du.
Errugbi partiduak
aldatuBestalde, Anoetako estadioa maiz Biarritz Olympique eta Aviron Bayonnais Euskal Herriko errugbi taldeen partiduen jokolekua ere izan da.
Biarritz Olympique etxeko talde gisa
aldatu- 2005ko apirilaren 3a: Heineken Cup txapelketako finalaurdena, Biarritz Olympique - Munster Rugby 19 - 10
- 2006ko apirilaren 2a: Heineken Cup txapelketako finalaurdena, Biarritz Olympique - Sale Sharks 11 - 6
- 2006ko apirilaren 22a: Heineken Cup txapelketako finalaurdena, Biarritz Olympique - Bath Rugby 18 - 9
- 2007ko apirilaren 1a: Heineken Cup txapelketako finalaurdena, Biarritz Olympique - Northampton Saints 6 - 7
- 2009ko irailaren 12a: Top 14 Ligako partidua, Biarritz Olympique - Aviron Bayonnais 12 - 6
- 2010eko martxoaren 27a: Top 14 Ligako partidua, Biarritz Olympique - Stade Toulousain 26 - 10
- 2010eko apirilaren 10a: Heineken Cup txapelketako finalaurdena, Biarritz Olympique - Ospreys Rugby 29 - 28
- 2010eko maiatzaren 2a: Heineken Cup txapelketako finalerdia, Biarritz Olympique - Munster Rugby 18 - 7
- 2011ko martxoaren 26a: Top 14 Ligako partidua, Biarritz Olympique - Aviron Bayonnais 40 - 10
- 2011ko apirilaren 10a: Heineken Cup txapelketako finalaurdena, Biarritz Olympique - Stade Toulousain 20 - 27 (luzapena)
- 2012ko abuztuaren 3a: I. Euskal Herriko Errugbi Kopa, Biarritz Olympique - Aviron Bayonnais 10 - 0
Aviron Bayonnais etxeko talde gisa
aldatu- 2009ko abuztuaren 15a: Top 14 Ligako partidua, Aviron Bayonnais - Stade Français 38 - 24
- 2011ko martxoaren 5a: Top 14 Ligako partidua, Aviron Bayonnais - Stade Toulousain 19 - 13
Nazioartekoak
aldatu- 2016ko azaroaren 19a: AEB 17 - Tonga 20
- 2018ko azaroaren 10a: AEB 30 - Samoa 29
Errugbia Anoetan |
---|
|
Kirolaz kanpoko ekitaldiak
aldatuNoizbehinka musika kontzertu zein ekitaldi erraldoien lekuko ere izan da.
- 1994ko uztailaren 25a: Pink Floyd taldearen kontzertua - The Division Bell Tour.
- 1995eko ekainaren 17a: Bakearen kontzertua.
- 1997ko abuztuaren 9a: Donostiako Orfeoiaren Ehungarren Urteurrena.
- 1998ko abenduaren 26a: Bai Euskarari ekitaldia.
- 2005eko abuztuaren 9a: U2 taldearen kontzertua - Vertigo Tour.
- 2006ko uztailaren 22a: Depeche Mode taldearen kontzertua - Touring the Angel.
- 2007ko ekainaren 23a: The Rolling Stones taldearen kontzertua - A Bigger Bang Tour.
- 2008ko uztailaren 15a: Bruce Springsteen & The E Street Band taldearen kontzertua- Magic Tour.
- 2010eko irailaren 26a: U2 taldearen kontzertua - U2 360° Tour.
- 2011ko uztailaren 29a: Bon Joviren kontzertua - Circle Tour.
- 2012ko ekainaren 2a: Bruce Springsteen & The E Street Band taldearen kontzertua - Wrecking Ball Tour.
- 2015eko ekainaren 21a: Gure Esku Dagoren erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldia.
- 2016ko maiatzaren 15a: Bruce Springsteen & The E Street Band - The River Tour 2016
Garraiobideak
aldatuZerbitzua | Geltokia | Distantzia estadiotik | |
---|---|---|---|
Topo | Anoetako geltokia; lineak: | Ipar harmailaren kanpoaldean | |
Dbus | Errondo-Anoeta; lineak: 21, 43 | 115 metro | |
Anoeta; lineak: 17, 28, 31, 37; gautxoriak: B4, B9 | 200 metro | ||
Madrid,28; lineak: 24, 26 | 240 metro | ||
Hiri arteko autobus | Donostiako autobus geltokia | 2,1 kilometro | |
Lurraldebus | Anoeta Dorrea; lineak: E03, E07, E08 | 200 metro | |
Madrid,28-30; lineak: E50, E51, E52, E55, E59 | 240 metro | ||
Madrid,19; lineak: BU12; gautxoriak: BU40G | 240 metro | ||
Errondo; lineak: BU50B, BU54B, BU55B, BU56B, BU57B | 250 metro | ||
Donostiako Renfe Aldiriak | Loiolako geralekua; linea | 2 kilometro | |
Donostiako geltokia; linea | 2,2 kilometro | ||
Renfe (MD y Alvia) | Donostiako geltokia; Madril-Hendaia burdinbidea | 2,2 kilometro | |
SNCF (TER, Intercités, TGV) | Hendaiako geltokia | 22 kilometro | |
Donostia-Hondarribia aireportua | Hondarribia | 21,8 kilometro | |
Taxi Donosti | Errondo-Anoeta (bus) | 115 metro | |
Aparkalekua | Ilunbeko aparkalekua | 350 metro | |
Dbizi | 28 geltokia (Isabel II.a Etorbidea, 15) | 400 metro |
Iruditegia
aldatu1993-2018
aldatu-
Kanpoko ikurrak.
-
Mendebaldeko armailak.
-
Biarritz Olympique taldeko zaletuak.
-
Biarritz Olympique taldeko zaletuak.
-
Anoeta.
-
Kanpokaldeko iparraldeko ikuspegia.
2019tik aurrera
aldatu-
Ipar Hondoa.
-
Zelaiaren ikuspegi panoramikoa.
-
Iparraldeko ikuspegia.
-
Mendebaldeko ikuspegia.
-
Iparraldeko ikuspegia.
Bideoak
aldatu-
Txuri-urdin ereserkia entzungai.
-
Partidu aurreko futbolarien beroketa.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Anoeta berritu dute eta izena aldatu diote: Reale Arena. Bihar Zabalduko ditu ateak. 2019ko irailaren 12a, Berria.eus
- ↑ a b Izaskun Larzabal: “Hubiera firmado este escenario el 14 de mayo”. 2018ko irailaren 13a. Mundodeportivo.com
- ↑ Donostia aprueba la remodelación de Anoeta. 2012ko apirilaren 12a, As.com (Gaztelaniaz)
- ↑ Olaverri también intenta frenar el tercer Plan para remodelar Anoeta, 2015eko urriaren 31, Naiz.eus (Gaztelaniaz)
- ↑ El abogado que regateó a la Real, 2014ko apirilaren 13a, Elpais.com (Gaztelaniaz)
- ↑ Anoeta berria gertuago. 2016ko abenduaren 12a. Berria.info
- ↑ Anoetako lanak martxoan hasiko dira. 2016ko abenduaren 12a. Eitb.com
- ↑ a b c d Anoeta una joya para San Sebastian. 2018ko irailaren 17a. Elpais.com (Gaztelaniaz)
- ↑ a b Los fondos de Anoeta se ampliarán para recibir a más socios, 2019ko maiatzaren 28a, Eldesmarque.com (Gaztelaniaz)
- ↑ http://www.realsociedad.com/euskera/home/real.asp?menu=040104 Horri guztiari esker, orain dela urte batzuk Lehen Mailako jokalari guztien artean egindako galdeketa batean, Anoetako aldagelak hautatu zituzten Lehen Mailako aldagela hoberen.
Kanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Donostia |
- Anoeta estadioaren webgunea
- Anoeta berriaren egitasmoa, irudiak eta bideoak Errealaren webgunean ikusgai (Gaztelaniaz)