1871ko Alemaniaren bateratzea

Alemaniaren bateratzea» orritik birbideratua)

1871ko Alemaniaren bateratzea prozesu politiko bat izan zen, herrialde alemandunak egitura politiko eta administratibo bakarreko nazio-estatu batean batzea ekarri zuena. Prozesua XIX. mendean zehar garatu zen, eta 1871ko urtarrilaren 18an amaitu, Frantzia-Prusia Gerraren ondoren, alemaniar estatuetako agintariek, Versaillesko jauregian bildurik, Gilen Prusiakoa Alemaniako enperadore izendatu zutenean.

Political map of central Europe showing dozens of states that were unified into Germany. Prussia in the northeast is by far the largest, occupying about 40% of the unified area.
Alemaniar Inperioa (1871–1918). Hizkuntza anitzeko Austriar Inperioko zati alemanduna baztertua, Alemania Txikiko konponbidearen alde egin zen.

Germaniako Erromatar Inperio Santua 1806an desegin zen Franz II.ak tronua utzi zuenean Napoleondar Gerretan. Lege, administrazio eta politika arloetan Inperioa desegiteak sortu zituen gorabeherak albo batean utzita, aurreko Inperioko eskualde alemanieradunek amankomunean zeukaten hizkuntza, kultura eta lege tradizio luzea, Frantziaren kontrako gerretan areagotua. Liberalismoak oinarri intelektualak eman zituen, antolamendu politiko eta sozial zaharrak zalantzan jarri baitzituen. Ekonomiari dagokionez, 1818an Zollverein izeneko salerosteko batasunari esker, estatuen arteko lehia apaldu zen, eta garraiatzeko sistema berriekin batera, negozioak eta bidaiak ugaldu ziren.

Vienako Batzarrean (1814-1815) sortutako eredu politikoak Austriaren nagusitasuna Erdialdeko Europan azpimarratu zuen, baina alemaniar estatuen artean Prusiak gero eta botere handiagoa zeukala ez zen kontuan hartu, eta ezin zen aurreikusi Prusiaren eta Austriaren arteko lehia nagusitasunarengatik. Gatazka horrek Alemaniako dualismoa, bi konponbide alegia, ekarri zituen batasunaren auzian: Alemania Txikiarena (Kleindeutsche Lösung), hau da Alemania Austriarik gabe, eta Alemania Handiarena (Großdeutsche Lösung), Alemania Austria hartuta.

Bateratze prozesua Prusiak, eta zehatzago esanda Prusiako ministroburua zen Otto von Bismarckek, gidatu zuen. Hala ere, historialariak ez datoz bat esaterakoan zein zen Bismarcken asmoa: 1867ko Iparraldeko Alemaniako Konfederazioa zabaltzea eta gainerako alemaniar estatu independienteak bilduta inperio bat sortzea, edo, besterik gabe, Prusiako boterea handitzea. Azkenean, Austriarik gabeko Alemania sortzean, 1871ko bateratzeak dualismoaren auzia konpondu zuen, behin-behinekoz behintzat.

Alemaniar nazionalismoaren sorrera

aldatu

Erdi Aroan, Germaniako Erromatar Inperio Santua zatiturik eta ahuldurik suertatu zen, eta ez ziren eman estatu-nazioaren lehenengo urratsak, Ingalaterra edo Frantziaren kasuan ez bezala. Westfaliako hitzarmenetan (1648) Hogeita Hamar Urteko Gerrari bukaera emateaz gain, Inperio Santuaren ahuldadea areagotu zen, printzerri txiki-txikien boterea berretsi baitzen (ikus Kleinstaaterei). Honela, alemaniarren estatu nazionalik eta baturik ez zen garatu.

Alemaniarren sentimendu nazionala XVIII. mendean jaio zen Akademiker delakoen artean (unibertsitateko diplomadunak, goi mailako funtzionarioak eta artzain luthertarrak). Hori dela eta, alemaniar nazionalismoak kutsu protestantea zeukan hastapenean, Habsburgotarren Austriar Inperioa etsai zuela, ilunkeria leporatuta. Frantziako Iraultzarekin batera, sentimendu nazionala herrikoi bilakatu zen.

Frantziar inbasioaren aurka

aldatu
 
Fichte filosofoa.

Frantziako Iraultzako gobernuak Rhin aldea okupatzea alemaniar nazioari berezko lurraldearen zati bat kentzea balitz bazala hartu zuten alemaniar ugarik. 1803an, Napoleon Bonapartek Inperio Santua berrantolatu zuen, eta hein handi batean elizaren printzerriak kentzeagatik, 300 estatu baino gehiago izatetik 100 bat izatera igaro zen inperioa. Dena dela, 1806ko abuztuaren 6an, Inperio Santua desegin zuen Napoleonek.

Alemaniar lurraldeetan, frantziar armadak herritarrei elikadurak kentzetik bizi ziren, eta Ingalaterraren kontrako blokeoak sal-erosketak murriztu zituen, nahiz eta Ruhr aldeko ikatza areagotu zuen, Ingalaterrakoa ordezkatzeko.

Garai honetan nazionalismoaren molde berri bat sortu zen, Erdi Aroko lehenaldia eta alemaniarren arima zintzoa gorestea oinarri duena. Johann Gottlieb Fichte filosofoaren hitzetan:

« Antzinako germaniarren ustez, askatasuna alemaniar jarraitzea zen (...). Haiei, haien hizkuntzari eta pentsamoldeari, gu oraindik alemaniar izateagatik ematen dizkiegu eskerrak, haien arimaren ondorengoak garen guk (...). Haiei ematen dizkiegu eskerrak gure iragan nazionalarengatik, eta, haien odolaren azken tanta gure zainetan geratzen den bitartean, haiei esker izanen gara etorkizunean izanen garena. »

Errusiara bidalitako Armada Handiak atzera egiteak askapenerako gerra eragin zuen Alemanian, eta Leipzigeko guduaren ondoren, 1813ko azaroan, frantziarrak aterarazi zituen. Batik bat unibertsitateko ikasleak ziren bolondresez osatu zuen armada bat Lützowko baroiak. Napoleonen aginte atzerritarraren aurka eta Alemania batuaren alde borrokatu ziren. Haien uniformea saia beltz bat zen, atzeko aldea gorria eta botoiak urre kolorekoak zituena. Horrez geroztik, beltza, gorria eta urrezkoa Alemaniako batasunaren koloreak bihurtuko ziren. Batera, Volkstum delakoaren ideia sortu zen, hau da hizkuntza eta kultura alemaniarra dituzten gizaki ororen batasuna.

Sentimendu nazionala Vienako Batzarraren ondoren

aldatu
 
Alemaniar Konfederazioaren mugak. Urdinez, Prusia. Horiz, Austria.

Vienako Batzarra 1815eko ekainean amaitutzat eman ondoren, Inperio Santu ohia 39 estatuko Alemaniar Konfederazioak (Deutscher Bund) ordeztu zuen, Austriako enperadorearen titulua besterik ez zeramaten Habsburgotarren ohorezko zuzendaritzapean. Frankfurteko Dietan bilduriko ordezkariek, ordea, ezin zuten deus erabaki haien kabuz, Konfederazioa ahalmenik gabe utziz.

Baina Prusia, Austriako Inperioa baino batuagoa hizkuntzari dagokionez, berehala agertu zen alemaniarren sentimendu nazionalaren sustatzaile gisa, alemanieradunak gutxiengo dituen Austriaren aurrean. Alemaniaren batasunaren aldekoek Konfederazioaren ahuldadea kritikatzen zuten, nazioarteko mailan pisurik ez baitzuen eta haren barneko bi botereen aldarte onaren menpean baitzegoen.

Unibertsitateko ikasleen artean hasi bazen ere, mugimendu nazionalista beste esparruetara hedatu zen, eta Alemaniaren batasuna askatasunekin batera aldarrikatzen hasi zen. Parisko 1830eko uztaileko iraultzarekin batera, Palatinatuan gizarte maila guztietako 30.000 laguneko manifestaldian Alemaniako bateratzea ez ezik, adierazpen, biltzearen edo prentsa askearen eskubideak ere aldarrikatu ziren.

1840ko hamarkadan, areagotu zen sentimendu nazionala, Adolphe Thiers-en garaiko Frantzian muga naturalen teoria suspertzen zen bezainbatean. Erakunde politikoak debekaturik egonda, kultur erakundeen inguruan biltzen ziren batasunaren eta askatasunen gaineko nahiak. Sängerbünde delako abesbatzak dira sentimendu nazionalak adierazteko lekuak. Hala, 1847an, Lübecken alemaniar kantuzaleen festa unibertsala ospatu zen, Alemaniako bateratzearen aldeko festa bihurtuta.

1848ko Iraultzak

aldatu
 
Martxoaren Iraultza Berlinen.

Iraultzen beste olatu bat gertatu zen 1848an, Herrien Udaberria hain zuzen ere. Paristik eta Vienatik Alemaniara hedatu ziren matxinadak: Martxoaren Iraultza. Iraultzaileek batasun nazionala, askatasuna eta demokrazia aldarrikatzen zituzten. Zenbait abertzale (liberalak edo demokratak, Friedrich Hecker bezalakoak) Heidelbergen bidurik, batzar konstituziogilea eratu nahi izan zuten, bozka unibertsalaren bidez alemaniar guztiek hautatua.

Frankfurteko Dietak, 1849ko urtarrilean, erabaki zuen Konfederazioa estatu federal bihurtzea, enperadore bat buru zuela. Orobat, beltza, gorria eta urrezkoa Alemaniako banderaren kolore ofizialtzat hartu zituen. Bildutakoen ustez, Austriako alemanieradunek batasunean parte hartzeko beharra zeukaten. Nolanahi ere, Alemania Txikiaren aldeko talde bat ere bazegoen.

Hala ere, Frederiko Gilen IV.a Prusiakoak ez zuen enperadorearen boterea hala lortu nahi, berak edo gerraren bidez eskuratuta baizik. Frankfurteko parlamentuak eskainitako koroari uko egin zion:

« Koroa hau ez da koroa. Hohenzollern batek har lezakeen koroa ez da hazi iraultzailea duen biltzar batek sortutakoa, baizik eta Jainkoaren aztarna daraman koroa, eramailea Jainkoaren Graziaren bidez subirano bihurtzen duen koroa, edo Jaunak hautatutako antzinako leinuari, eramailearen aurrekoari, atxikitzen zaion koroa. Otondarrek, Hohenstaufendarrek, Habsburgotarrek eramandako koroa eraman dezake Hohenzollern batek, ez dago ukatzerik; ohorearen oparotasuna da berarentzat, mila urteko izpiaren distira. Aitzitik, 1848ko iraultza babuen, ergelen eta txatxuenak emandako koroaren sarraski usaina dela-eta, ohorerik gabe geratzen da. »

Bere aldetik, Frederiko-Gilen IV.ak alferrik proposatu zuen bi zati izanen zituen batasuna: alde batetik Austriako Inperioa, eta, bestetik, bera buru izanen zuen Alemaniako Inperioa. Austriak hura zein Prusiaren eta estatu txikien arteko batasuna arbuiatu zituen. Herrien udaberriak, beraz, ezin izan zuen Alemaniaren batasuna lortu herrien borondatearen bidez. Iraultzaren porrotarekin, beltza, gorria eta urrezkoa den bandera ez da gehiagorik batasunaren ikurra, Alemaniako mugimendu demokratikoarena baizik. Beraz, Weimarko Errepublikan eta Bigarren Mundu Gerraren ondorengo alemanietan hartu zen ikur nazionaltzat.

Prusiaren lidergopean

aldatu

Alemaniar Konfederazioko industria handituz joan zen 1850eko hamarkadan. Horrekin batera, hainbat aldaketa ekonomiko gertatu ziren konfederazioaren barruan, batasunari bide egin ziotenak: estatuen arteko mugak kendu ziren merkataritzarako (Zollverein), burdinbideen bitartez lotu ziren estatuak, eta moneta bakarra hartu zuten ia estatu guztiek. Prusiaren inguruan eraikiko zen batasuna baino lehenago eman ziren urrats hauek ekonomiaren bidean.

Frankfurteko dietan, batasunaren aldeko korrontea suspertu zen 1859an, porrotaren ondoren lozorroan egon ondoren. Hezkuntzaren garapenak ere paper garrantzitsua jokatu zuen batasunaren ideia zabaltzean. Lehen mailakoa ohikoa zen dagoeneko lurralde guztietan, eta bigarren mailakoa hedatzen hasi zen. 1848an garatutako zenbait ideia berreskuratu ziren. Beste batzuk, ordea, berriak izan ziren, Realpolitik besteak beste, 1853an idazki liberal batean lehen aldiz agertua.

 
Bismarck

Edonola ere, Otto von Bismarcken Realpolitik delakoaren aplikazioarekin, 1848ko pangermanismo liberal eta demokratikotik, burdin eta odolaren politikara igaro zen. Izan ere, Alemaniaren bateratzea, neurri handi batean, Bismarcken politiken emaitza da. Frankfurteko parlamentuan Prusiaren ordezkari 1851tik 1859ra aritu ondoren, 1862an Gilen I.a Prusiakoak ministroburu izendatu zuen, Landstag (Prusiako parlamentua) eta erregearen arteko tirabira (armada zela-eta) konpon zezan. Bismarckek dekretuen bitartez agintzen zuen gobernu autoritarioa osatuta, armada handia, eraginkorra eta ongi hornitua antolatu zuen. Izan ere, "burdina eta odola" ziren bitartekoa, kantzilerraren irudikoz, Alemaniaren baterantzea lortzeko. Halaber, iritzi konterbatzaileko politikari honek uste zuen Alemania eraiki ahal izateko botere nagusi bakar batek baino ez zeukala tokirik, eta lehenago edo geroago bi estatuen arteko talka etorriko zela:

« Alemanian ez dago tokirik biontzat. Mendekua nahi dut Olmützen atzera egiteagatik, Austria gailendu nahi dut. Prusia altxarazi nahi dut eta Alemanian eskubidez behar duen toki nabarmena eman. »

Bismarcken diplomaziari eta lidergo politikoari, Albrecht von Roonen antolamendu militar berriari eta Helmuth von Moltkeren estrategia militarrari esker, Alemaniako dualismoaren garaitik Prusia alemaniarren babesle eta ordezkari atera zen. Prusiaren lidergopean Alemaniaren bateratzearen bidean hiru mugarri garrantzitsu badaude:

Danimarkaren auzia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Dukerrien arteko Gerra»

Prusiaren lidergoa erakusteko estreinako abagunea Danimarkak eman zion. Izan ere, 1863ko azaroaren 18an, Kristian IX.a Danimarkakoak konstituzio berria izenpetu zuen, eta Schleswigko dukerria Danimarkakoa zela aldarrikatu zuen.

Alemaniar Konfederazioak ekintza hori 1852ko Londresko Protokoloa urratzen zela uste zuen, Schleswig zein Holsteingo dukerriak Danimarkatik independenteak zirela azpimarratzen baitzuen hark. Are gehiago, Schleswig eta Holsteingo populazioek ere nahiago zuten status bereizia izan: Holsteingo lagun gehienek jatorri germaniarra zeukaten eta alemanieraz hitz egiten zuten. Schleswigen populazioa nahasiagoa zen, daniarrek gutxiengo handi samar bat osatzen zutela.

Konstituzio hori bertan behera uzteko hasi ziren ahalegin diplomatikoak. Baina porrot egindakoan Prusiako eta Austriako tropek Schleswigeko muga zeharkatu zuten 1864ko otsailaren 1ean. Hastapenean, Danimarka Danewerk izeneko lurrezko harresi zaharraren bidez saiatu zen herrialdea defendatzen, baina alferrik. Danimarkaren armada eta defentsak ezgauza ziren Prusiako eta Austriako armada batuen aurrean. Gainera, Eskandinaviako beste estatuen laguntzarik ez zuen jaso. Hortaz, garaipena Prusiak eta Austriak erdietsi zuten, eta Vienan sinatutako bake hitzarmenaren arabera, bi herrialde horiek Schleswig eta Holsteingo dukerrien gaineko kontrola irabazi zuten.

Austria eta Prusiaren arteko gerra, 1866

aldatu
 
Prusia eta aliatuak (urdinez) eta Austria eta aliatuak (gorriz). Prusiak lortutakoa urdin argiz dago.
Sakontzeko, irakurri: «Austria-Prusia Gerra»

1866ko apirilean, Prusiak Florentzian zeukan ordezkariak itun isilgordea sinatu zuen italiarrekin elkarri laguntza emateko Austriaren kontrako gerra izanez gero. Biharamunean, prusiar ordezkariak Frankfurteko dietan plan bat aurkeztu zuen konstituzio eta parlamentu nazionala hauteskunde zuzenen eta boto unibertsalen bidez eratzeko. Alemaniar liberalek mesfidati hartu zuten proposamena, Prusiaren boterea handitzeko estrategia zelakoan.

Apirilaren 21ean, italiar tropak Tirol aldean eta Veneziako mugan hasi ziren mugitzen. Austriako gobernuak armadaren zati bat mobilizatu zuen hegoaldeko eskualdeetan. Italiak, orduan, armada osoa mobilizatu zuen. Maiatzaren 2an Prusiak ere mobilizatu zuen berea.

Alemaniako zenbait estatu hasieran Austriarekin lerrokatu ziren eta Frantziak ere laguntza agindu zion Austriari, berandu eta eskas etorri bazen ere. Italia eta Prusiaren alde Saxoniak besterik ez zuen egin. Baina bi fronteko gerra horretan, Königgrätzeko guduan Austriak porrot erabakigarria izan zuen.

Napoleon III.aren bitartekaritza onartu zuten prusiarrek, bakea azkar lortu ezean Errusiak Austriaren alde egin zezakeen beldurrez. Prusiak Hanover, Hesse-Kassel, Nassau eta Frankfurt eskuratu zituen. Hesse Darmstadt estatuak lurraldea galdu zuen, baina ez burujabetza. Baden, Württemberg eta Bavaria estatuek banan-banan bake itunak sinatuta, Prusiaren agindupeko aliantzak osatu zituzten. Austria, eta haren aldeko estatu gehienak, Iparraldeko Alemaniar Konfederaziotik at geratu ziren.

Alemaniar estatuetan nagusitasuna galdu eta Italiari Venezia eman ondoren, Balkanetara so egin zuen Austriak: 1867an Franz Joseph enperadoreak hitzarmen bat sinatu zuen Hungariari Austriaren maila bera emateko, Austria-Hungariako Inperioa sortuz. Frantzia, bere aldetik, sumindurik geratu zen porrota militarrarengatik, eta sentimendu horrek bide emanen zion etortzekoa zen gerrari.

Frantziaren aurkako gerra

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Frantzia-Prusia Gerra»
 
Napoleon III.a eta Bismarck.

Austria eta Prusiaren gerraren ondoren, argi geratu zen Prusiaren botere militarra. Botere horri esker, Bismarcken Europako afera diplomatikoen manipulazioez gain, Prusia alemaniarren eskubideen eta askatasunen babesle gisa agertu zen, Frantziak erasotzailearen papera jokatzen zuen bitartean.

Espainiako tronua, Elisabet II.a kanporatu ondoren, nork beteko zuen auziagatik sortu zen gatazka Frantzia eta Prusiaren artean. Izan ere, koroa Leopold von Hohenzollern-Sigmaringen printze katolikoari eskaini zioten, Gilen I.a Prusiakoaren leinu berekoa. Baina Napoleon III.ak ez zuen oso gustoko hegoaldeko mugan ere Hohenzollern-en etxeko beste errege bat edukitzea. Hortaz, Gilen I.ari ultimatuma igorri zion, Espainiako koroa Hohenzollern batek onartuz gero Frantziako gobernua erantzungo zuela ohartaraziz. Erantzun hori nolakoa izango zen ez zen guztiz argitu, ordea. Leopoldek tronuari uko egin bazion ere, frantziarrek Gilen I.a adierazpen publiko bat egin zezan nahi zuten. Erregeak telegrama bat bidali zion Bismarcki. Honek prentsaurreko laburra eta zorrotza eman ondoren, itzulpen eraldatuaren berri izan zuten frantziarrek, eta, lehengo porrotak sumindurik oraindik ere, gerra eskatu zuten.

Napoleon III.ak espero zuen Austriak eta beste estatu alemaniar batzuek berarekin bat egitea. Baina estatu alemaniarrak baturik zeuden arlo militarrean, eta, horrenbestez, Frantziaren aurka egin behar izan zuten, nahitaez. Hala, alemaniar estatu guztien aurka egin behar izan zuen Frantziak, inor alde ez zuela.

Prusiaren mobilizazioaren bizkortasunak txunditu zituen frantziarrak. Burdinbidearen sare trinkoari esker, prusiar tropak atseden hartuta iristen ziren borrokara, eta frantziarrak, aldiz, distantzia luzeak zeharkatu ondoren. Zenbait gudu batzuen ostean (batik bat Spicheren, Wörth, Mars la Tour, eta Gravelotte), alemaniarrek frantziar armada garaitu zuten. Metz hartu ondoren, Paris etorri zen. Enperadorea atxilotu eta Sedanen, 1870eko irailaren 1ean, frantziar armada osoa bere esku geratu zen.

Porrot umilgarri horrek aldaketak ekarri zituen. Napoleon III.a kargutik bota eta III. Errepublika aldarrikatu zen. Frantziak Alsazia eta Lorena galdu zituen, eta Versaillesko jauregian Gilen I.a Alemaniako enperadore izendatu zuten 1871ko urtarrilaren 18an.

Egoera politikoa inperioan

aldatu

Politikoki, inperioa erregimen erdi-konstituzional gisa definitu dezakegu, alderdi-politikaren ezaugarriak zituena, non industrializazioak beheko eta goiko klaseen arteko borrokak gero eta argiago argitaratzen ari zituen (“demokraziarik gabeko modernizazioa” dei genezake). Botere exekutiboaren (puntu bateraino parlamentuaren babesa behar zuena) eta alderdi-koalizio aldakorren arteko talkak esanguratsuak ziren baita ere. Bismarck-ek exekutiboaren politikak aurrera eraman ahal izateko kontzesioak eskaintzen zizkien alderdi politikoei (sozialdemokratei ez), hauek bere epe luzeko aspirazioak etetearen truke. Demokrazia faltaren arrazoitzat gizartearen politizazio eza kontsideratu da, alderdien jarrera ordez. Gainera, egitura sozialen atzerapenak (nekazaritzako populazioa industriakoaren parekoa zen oraindik 80ko hamarkadako hasieran) politizatu gabeko populazioaren artean ideia kontserbadoreak hedatzea ekartzen zuen. Berez, alderdi liberalek 1871ko konstituzioan alderdi politikoen eragina kontutan hartzekoa izatea lortu zuten. Egia da, hala ere, sistema politikoak puntu bateraino liberalen eta alderdien arreta arlo ekonomikora eta nazioaren batasunera desbideratzea lortu zuela, politika gordina exekutiboaren eskutan utziz (ez guztiz, konstituzioaren adibideak argi utzitako moduan). Laburbilduz, Reichstag-aren boterea mugatuta zegoen arren, Bismarck-ek hasiera batean nahi zuena baino botere gehiago eduki zuen[1].

Konstituzioak, berez, hainbat norabidetatik zetozen presioak hartu behar izan zituen kontutan, zeinen arteko botere balantza ez zen berdina izan konstituzioaren bi garai nagusietan (1871, aurretik, Ipar Alemaniako Konfederazioari zegokionean soilik, eta 1871tik aurrera, Reich-aren konstituzio izan zenean). Presio hauek lautan banandu ditzakegu[2]:

  1. Klase ertainen mugimendu liberala, momentuko mugimendu politiko nagusienetarikoa, herrialde konstituzional bateratu bat nahi zuena. Hau, haien ustetan, derrigorrezkoa zen klase ertainek gidatutako kapitalismoa alemaniar estatuetan zabaltzeko eta Reich-aren nazioarteko egoera indartzeko. Bismarck kontzesioak egiteko prest agertu zen, mugimendu liberalaren aurrean ez ikusiarena egiteko edo errepresio gogorrena haien aurka erabiltzeko bezain indartsua ez zelako. Behe-klaseekin (nekazariekin bereziki) aliantzan aritzea ez zen nahikoa izango klase-ertainei aurre egiteko.
  2. Elite tradizionalek estatu monarkiko autoritarioaren jarraipena nahi zuten. Hau derrigorrezkoa zen, bere ustez, industrializazio garaian haien lehentasunezko egoera mantentzeko. Liberalizazio prozesuari eta konstituzionalistei kontzesio txikiak egiteko prest baino ez zeuden. Elite tradizional hauek Prusian zirenez nagusi, beharrezkoa zitzaien, 3. presioaren antzera, Prusia sistemako zutabe nagusian bihurtzea (parlamentuaren gehiegizko boterearen aurka kontrapisua egin zezakeen bakarra).
  3. Prusiak hegemonia osoa lortu nahi zuen Alemanian, Austriaren influentzia murriztuz edo erabat deuseztatuz. Liberalei egindako kontzesioak, puntu bateraino, “Alemania txikia”-ren influentzia liberalen artean zabaltzeko eta Austria kanpo uzteko egin ziren, Prusiak atzerriko politikan eta barneko gai erabakigarrietan buruzagi izango zelarik. Eraikitako sisteman, Prusia ardatza zenez gero, inperioko kantzilerrak (botere exekutiboa zuenak) boterea edukiko zuen soilik Prusiaren burokraziaren babesa bazuen. Hau arazoa izango zen Bismarck-en ondoren iritsiko ziren kantzilerrentzat, inperioaren eta Prusiaren arteko desadostasunak azaleratzean.
  4. Batasunerako nahia zegoen arren, estatu askok bere subiranotasuna mantendu nahi zuten (ezin ahaztu hegoaldeko estatuetan 1871ra arte joera hauek edukitako garrantzia) eta printze horien babesa beharrezkoa zen. Bi joerak uztartzeko, konstituzioan bai termino federalak eta termino konfederalak nahastu ziren, amalgama baten modura. Herrialde bakoitzaren eskubideak babesteari esker, Prusiaren boterea mantendu zen (3. presioa).

Konstituzioak erabaki gabeko hutsune ugari utzi zituen; honek Bismarck-i bere botera handitzeko aukera ugari eman zizkion arren, arazo bilakatu zen, hain kontrajarriak ziren joerak konstituzioan elkarrekin sartzearekin batera. Mugimendu liberala eta parlamentuaren aurreko erantzukizuna sistema erdi-autokratiko batean preso uztea lortu zuen arren, konstituzioak ez zuen bermatu hori horrela jarraituko zuenik epe luzean, bereziki aristokraziari kalte egiten zion orduko modernizazio joerari oztoporik gabe jarraitzen utzi zuelako. Izatez, modernizazioa baimendu arren ez zion hedatzen zihoan biztanleria politizatuari sisteman parte hartzen utzi, ezegonkortasuna ekarriz[3].

Europa mailan, inperioko konstituzioa mendebaldeko eta hegoaldeko zenbait herrialdeetako konstituzio aurreratuenen eta ekialdeko konstituzio autoritarioen artean zegoen. Zentzu batzuetan kontinenteko aurreratuenen artean zegoen, gizonezkoen sufragio unibertsal, sekretua eta zuzena onartzen zituelako (ez zen hala Erresuma Batuan ezta Frantzian, non aberatsek abantailaz gozatzen zuten). Beste alde batetik, parlamentuaren boterea mendebaldean baino mugatuagoa zen eta, ekialdeko herrialdeen modura, egitura edo erakunde autoritario ugari mantendu ziren (agian sufragio unibertsalaren eragina murrizteko). Enperadorea eta kantzilerrak ez zuten kasik erantzukizunik parlamentuaren aurrean, botere exekutiboa (non aristokrazia zen nagusi) eta parlamentua oso banandurik zeuden. Armada eta burokraziari, gainera, botere handia eman zitzaien[4].

Liberal Nazionalen alderdiak (alderdi liberal garrantzitsuenak) Bismarck-en hainbat neurri onartu behar izan zituen bere oinarri soziala murriztua izateagatik, baina parlamentuan zuen botereak bere zenbait ideia inposatzea baimendu zion[5].

Orokorrean, garaiko talde progresistek ez zuten botere handirik eduki 1860-1880 epean, gizartearen egitura tradizionala (non langile ugarik nekazaritza sektorean jarduten zuten) nahiko egonkor mantendu zelako. Izan ere, aurretik aipatu izan den moduan, urte hauetan industrializazioak ez zuen eragin handirik eduki populazioaren gehiengoaren bizi-maila materialean. Berez, Liberal Nazionalen boterea hein bateraino biztanleriaren pasibotasun politikotik zetorren, hau bukatzean langile ugarik sozialdemokraziara edo Zentro alderdira jo zutelako. Kontserbadoreek, gainera, arrakasta handia zuten landa-eremuetan; non lurjabeetan oinarritutako egitura sozial paternalistak aurki zitezkeen, eta modernizazioari eta bere estatusa galtzeari beldurra zion erdi- eta behe-mailako biztanleriaren artean. Liberalen kalterako, gainera, 1880tik aurrera industrializazioak ez zituen bere aurreikuspenak jarraitu, banku handi gutxi batzuekin elkarlan sakonean aritzen ziren enpresa handiek gidatu zutelako[6]. Hori gutxi balitz, 70ko hamarkada hasierako susperraldiaren ondoren etorriko zen krisiak protekzionismoa mahai gainean jarriko zuen berriro herrialde germaniarrean.

Geroago hazkundea biziko zuen SPD-aren aurka, exekutiboaren bi neurri azpimarra daitezke: alderdi sozialistaren aurkako legedia aurrera eramatea eta ondoren ikusiko ditugun politika sozialak garatzea (ongizate estatu baten oinarriak jarriz: pentsioak eta bajak) sozialdemokratak beren eremuan garaitzeko[7].

Naziogintza

aldatu

Frantziaren gaineko garaipenaren ondoren alemaniarrek hitzaldiak, banderak, jendetza txalokariak, konstituzio berria eta egitura inperiala bazituzten ere, horrek guztiak ez du berez nazio bat egiten.

Nazio-estatu batek funtsezko osagarria du kultura nazionala, maiz -baina ez halabeharrez- politika nazional baten bidez berariaz gidatua. Alemania berrian Kulturkampf izeneko politika jarri zen abian (1872-1878), batik bat hizkuntza, hezkuntza eta erlijioa batzeko. Inperioko alemaniarrak ez zirenak, tartean poloniar eta daniar gutxiengoak, alemaniartu nahi izan ziren alemanieraren eta derrigorrezko hezkuntzaren bidez.

Alemaniar ugariren iritziz, nazioaren barruan aniztasunarentzat tokia bazegoen ere, beste batzuek, Bismarckek batik bat, uste zuten katolikoen Aita Santuarekiko lotura zela medio, nazioarekin hain fidelak ez zirela izanen. Hortaz, kantzilerra zelarik, Bismarck saiatu zen Erromako Eliza Katolikoaren eta haren beso politikoaren eragina murrizten, bai eskoletan bai hezkuntza eta erlijio arloetako politiketan. 1875ean ordena erlijiosoak desagerrarazi zituzten eta Eliza Katolikoarentzako diru-laguntzak bukatu.

Judu alemaniartuak ere beste arazo bat ziren. Napoleondar garaietan judu eta kristauen arteko muga andana ezabatu ziren. Frantzian bezala, judu aberatsek kultura babesten zuten. Horretaz haratago, juduak alemaniartu ziren hitz egiterakoan eta janzterakoan, eta XIX. mendeko eszenatoki publikoan sartzen ahalegindu ziren. Horren seinale Alemaniako juduek burututako erreforma erlijiosoa.

Bateratu orduko, juduek paper garrantzitsua jokatzen zuten Alemaniako bizitza profesional, intelektual eta sozialean. Alabaina, juduak Errusiatik 1880 eta 1890eko hamarkadetan kaporatzeak eta Alemaniara miliaka eta miliaka etortzeak integrazioa korapilatu zuten. Txiroagoak eta hezibide gutxiagokoak izanik (eta horrek dakartzan gaixotasunak, langabezia, eskolara ez joatea, alemaniera ikasteari uko egitea zela eta) desberdindu egin ziren, alemaniar kristauen alden ez ezik, jatorrizko juduen aldean ere bai.

Integrazioa

aldatu

1871ko herrialdea integratua izatetik urrun zebilen. Ezberdintasun kulturalak (katolikoen eta protestanteen artean), etnikoak (frantsesak hego-mendebaldean eta poloniarrak ekialdean) eta geografikoak (lehengai dotazioak eta merkataritza-bide naturalak) soma zitezkeen. Izatez, inperioa sortu aurretik aurki litezkeen estatu arteko mugek inperioa sortu eta hurrengo 15-20 urteetan merkataritza oztopatu zutela esan izan da. Honek mugen eragina arantzeletatik haratago doala pentsatzera eraman gaitzake[8].

Alemaniako geografiak (bereziki ibaiei dagokienez) bi area ekonomiko ezberdin sortzeko aukera ikertu izan da[9]:

1. Mendebaldeko eremua, non ibai nagusiak Rhin, Ems eta Weser ziren. Bertan aurki genitzake meatzaritzan hain garrantzitsu ziren Rhur, Saar eta Lorrena eskualdeak, iparraldeko portu handiekin konektaturik (Rotterdam, Emden, Wilhelmshaven eta Bremerhaven).

2. Ekialdeko eremua, non ibai nagusiak Elba eta Oder ziren, Baltikoko portuekin lotuta (Hamburgo, Stettin eta Lübeck). Eremu honetako eskualde nagusia Silesia Garaia zen. Thuringia, Saxonia, Lübeck, Schleswig-Holstein eta Hamburgo kokatu genitzake eremu honetan.

Bi eremu hauek ez ziren kanalen bidez urez konektatu 1938. urtera arte. Trenbide sistema, hala ere, oso dentsoa zen eta herrialde osoan zehar zabaltzen zen, bi eremuak elkartzeko aukera emanez. Alta, distantzia luzeko garraioa garestia zen oraindik. Hori dela eta, eremu batetik bestera zihoazen zenbait produktuk ezin zuten hurbilago ekoiztutakoekin lehiatu, bien arteko integrazioa oztopatuz. Adibide gisa, 1911an Berlinen kontsumitzen zen ikatzaren 2/3 ekialdeko eremutik (Silesia Garaitik) zetorren eta %7,9 Ruhr-etik (Britania Handitik %24a zetorren). Honetaz gain, lehen aipatutako ezberdintasun kultural eta etnikoek ere merkataritza oztopatzen zutela argudiatu da.[10]

Banatutako bi eremu geografiko honen existentziak eragin handia eduki zuen merkataritza oztopatzeko orduan, hala ere, 1885etik aurrera murriztuz joan zen. Alabaina, Alemaniako benetako integrazio ekonomikoa ez zen Lehen Mundu Gerra igaro arte emango[11]

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  1. Mommsen, W. J. (1995) Imperial Germany 1867-1918. Politics, Culture and Society in an Authoritarian State, Londres, Erresuma Batua: Arnold (4-7, 9 orriak)
  2. Mommsen, W. J. (1995) Imperial Germany 1867-1918. Politics, Culture and Society in an Authoritarian State, Londres, Erresuma Batua: Arnold (23-26, 31 orriak)
  3. Mommsen, W. J. (1995) Imperial Germany 1867-1918. Politics, Culture and Society in an Authoritarian State, Londres, Erresuma Batua: Arnold (34-36 orriak)
  4. Mommsen, W. J. (1995) Imperial Germany 1867-1918. Politics, Culture and Society in an Authoritarian State, Londres, Erresuma Batua: Arnold (36-38 orriak)
  5. Mommsen, W. J. (1995) Imperial Germany 1867-1918. Politics, Culture and Society in an Authoritarian State, Londres, Erresuma Batua: Arnold (8. orria)
  6. Mommsen, W. J. (1995) Imperial Germany 1867-1918. Politics, Culture and Society in an Authoritarian State, Londres, Erresuma Batua: Arnold (10, 12 eta 16 orriak)
  7. Henderson, W. O. (1975) The Rise of German Industrial Power 1834-1914¸ Berkeley, Amerikatako Estatu Batuak: University of California Press (175. orria)
  8. Wolf, N. (2009). Was Germany Ever United? Evidence from Intra- and International Trade, 1885-1933. The Journal of Economic History, 69(3), 846-881. Retrieved April 26, 2020, from www.jstor.org/stable/40263945 (2-3 orriak)
  9. Wolf, N. (2009). Was Germany Ever United? Evidence from Intra- and International Trade, 1885-1933. The Journal of Economic History, 69(3), 846-881. Retrieved April 26, 2020, from www.jstor.org/stable/40263945 (7-8 orriak)
  10. Wolf, N. (2009). Was Germany Ever United? Evidence from Intra- and International Trade, 1885-1933. The Journal of Economic History, 69(3), 846-881. Retrieved April 26, 2020, from www.jstor.org/stable/40263945 (7-9 orriak)
  11. Wolf, N. (2009). Was Germany Ever United? Evidence from Intra- and International Trade, 1885-1933. The Journal of Economic History, 69(3), 846-881. Retrieved April 26, 2020, from www.jstor.org/stable/40263945 (23. orria)